☉ Basauri
Ariz auzoan esku-hartze txikiak egiteko herritarren iradokizunak jasoko ditu Basauriko Udalak
Auzoetan esku-hartze edo obra txikiak egiteko prozesu parte-hartzailea abirazi du Basauriko Udalak. Arizen hasiko dute lehen esperientzia
Basauriko Udalak herritarren parte-hartze prozesu berria jarriko du martxan: Auzoegin. Auzoetan esku-hartze edo obra txikiak egiteko proposamenak egingo dituzte herritarrek.
Hasteko, lehen prozesu parte-hartzailea Arizen egingo du Udalak, baina udal ordezkarien asmoa da gainerako auzoetara zabaltzea: “Auzo batetatik hasi behar genuen eta Arizen izango da lehen esperientzia hau. Prozesuak herritarren onarpen ona badu, beste auzo batzuetara zabalduko dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.
“Proposamenek Ariz auzoko hobekuntza zehatzei buruzkoak izan behar dute, neurri txikikoak, udal-langileek, hau da, obretako brigadakoek egiteko modukoak”, dio Iragorrik.
Hala nola, espaloiak konpontzea eta beheratzea, bankuak jartzea eta margotzea, loreontziak jartzea edo kentzea, argiztapena… “Gauza txikiak izan behar dira, herritarren egunerokotasuna errazten dutenak”, dio alkateak.
Errepide bat asfaltatzea proposatzea, esaterako, ez lukete onartuko udal teknikariek: “Prozesua ez da obra edo ekipamendu handiak proposatzeko. Garrantzia txikiagoko hobekuntzez ari gara, Udalak egin ditzakeen obra handiagoekin batera, gure kaleak erosoagoak eta atseginagoak izan daitezen”, zehaztu du Iragorrik.
Zelan parte hartu?
Herritarrek proposamenak egiteko epea zabalik dago maiatzaren 5era arte, eta prozesuan 16 urtetik gorako basauriarrek parte har dezakete. Udalak galdetegia bidaliko du Arizko etxeetara.
Iradokizunak helarazteko hainbat bide erraztu ditu Udalak:
- Arizen jarriko dituzte postontzien bidez. Postontziak egongo dira: Arizko Dorretxean, Agirre Lehendakaria kaleko Arizko autobus geltokian, Valencia kaleko metro geltokiaren sarreran, Katalunia kaleko 52. zenbakian, Leon kalean (metroko igogailuaren ondoan) eta udaletxeko Herritaren Arretarako Gunean
- Karpa informatiboan. Apirilaren 29an, astelehenez, jarriko dute Arizko eliza aurreko plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
- Ados Basauri online plataformaren bidez
“Proposamenak jaso ondoren, Udalak adostutako jarduerak baloratu, zehaztu eta gauzatuko ditu. Onartutako esku-hartzeak ahalik eta arinen gauzatuko ditugu. Balorazioa egin eta lanari ekin”, dio Berta Montes Partaidetza arloko zinegotziak.
Azkenik, egin diren ekintzen laburpen bat bidaliko du Udalak auzokoen etxeetara: “Zer egin dugun jakinaraziko diegu bizilagunei, bi helbururekin: Udala gardena izateko eta herritarrek ikusteko euren proposamenak ez direla alferrik galtzen”, dio Montesek.
“Gobernu taldeak oso argi du basauriarren parte-hartzea sustatzen bada, herritarrek gaitasuna sentituko dute Udalaren ekintzetan eragiteko. Horrek udal gaietan inplikatzea bultzatzen du eta komunitate sentimendua indartzen du”, dio Montesek.
Auzoegin: 20 urte
2013an aktibatu zuen Basauriko Udalak Auzoegin Auzoetako Ekintza Plana. “Plan horren helburua udalerriko hainbat puntutan hirigintza hobetzeko, modernizatzeko eta berroneratzeko ekintzak gauzatzea da, auzotarrek, elkarteek eta kolektiboek hainbat partaidetza-kanalen bidez egindako eskaerei erantzuteko”, dio Iragorrik.
“Orain, plan honek ekimen berri bat jarri du abian auzoetan edo udalerriko ingurune jakin batzuetan herritarren parte-hartze prozesu espezifikoak bultzatzeko, auzotarren lankidetza aktiboaren bidez”, dio Iragorrik.
☉ Basauri
Etxe Maitiako EPE azterketa egiteko aukera emango diote proba egunean erditu zuen emakume basauriarrari
Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu zuen duela aste batzuk basauriar batek LABen bitartez, eta kexa Arartekoari aurkeztu zion sindikatuak.
GEURIArekin harremanetan jarri ziren emakumea eta bere bikotea eta gertatutakoaren berri eman zuten. “Zuzeneko diskriminazio” kasu bat izan zela adierazi zuten sindikatutik, sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola, haurdunaldiagatik edo amatasunagatik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako 1/2023 Legeak jasotzen duen bezala.
Basauriko Udalak esan zuen prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela, baina orain LABek jakinarazi duenez, azterketa beste egun batean egiteko aukera eman diote Z.G.G. basauriarrari: “LAB sindikatuak Arartekoari aurkeztutako kexaren ondoren, Basauriko Etxe Maitia egoitzak aukera emango dio kaltetutako emakumeari, erditzeko programatutako egunean enplegua egonkortzeko hautaketa-prozesuan azterketarekin bat zetorren proba beste data batzuetan egiteko”. Azterketa urriaren 21ean egingo du basauriarrak Basauriko udaletxean.
“Pozik gaude, alde batetik, Arartekoak azkar aztertu duelako kasua eta bere gomendioa egin duelako. Bestalde, sindikatu hau pozik agertzen da ere Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren Epaimahai Kalifikatzaileak hartutako erabaki berriagatik; izan ere, Arartekoak egindako gomendioa onartu duenez, oposizio-aldiko ariketako bi probak urrian bertan egiteko aukera emango dio kaltetutako emakumeari. Era berean, Z.G.G izangaiari edoskitzea egin ahal izateko beharrezko espazioa eta denbora emango diote proba egin bitartean”, adierazi dute LABetik.
☉ Basauri
Gizon bat atxilotu dute Basauriko Urbi auzoan, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatuta
Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, bere etxean indarrez gotortu eta etxebizitza-bloke berean sutea eragitea egotzita. Gainera, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote
Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, bere etxean indarrez gotortu eta etxebizitza-bloke berean sutea eragitea egotzita. Gainera, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote.
Gertaerak atzo, urriak 13, jazo ziren Urbi auzoan 20:30ak aldera. Herritar batzuek jakinarazi zioten Ertzaintzari gizon bat zegoela bere etxebizitza barrutik objektuak bide publikora jaurtitzen.
Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, gizona bere etxean gotortuta zegoen, eta, “bere onetik aterata, oso aztoratuta eta oihuka”. Ertzainak iritsi zirenean, irainka eta mehatxuka hartu zituen, eta leihotik kristalak eta altzariak jaurtitzen hasi zitzaien.
Berehalako Erantzuneko (PRI) patruilak bertaratu ziren eta negoziazio-taldea behin baino gehiagotan saiatu zen pertsona hori lasaitzen, baina ezin izan zuten ulertu gizona zein egoera psikofisikotan zegoen. Jarraian, ertzainek kea antzeman zuten eskaileran, eta gotortutakoak etxean sutea eragin zezakeelakoan, Larrialdi Zerbitzuek prebentzio-gisa etxebizitzen blokea hustu zuten, baina inor ez zen kaltetu eta ez zuten artatu behar izan.
Ondoren, Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta Bizkaiko suhiltzaileen arteko elkarlanaren ondoren, PRIko patruila bat etxe barrura sartu zen, eta sarreran eraso egin zien gizonak, objektuak eta arma zuriak botata. “Berehala neutralizatu zuten”, diote.
Akusatua osasun-langileek artatu zuten, eta, ondoren, atxilotu gisa, Usansoloko Ospitalera eraman zuten; izan ere, zauri larriak zituen, kasu honetan, berak eragindako autolesioak.
Atxilotuak jarrera bera izan du beste batzuetan, eta oraingoan ustezko atentatu-delitu bat eta agintaritza-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote. Epailearen esku jarriko dute dagozkion eginbideak amaituta ostean.
☉ Basauri
Bideoa / Laguntasuna irabazle, eta Ontzaken garaipena airean, Basauriko jaietako Sokatiran
Sokatira lehiaketa izan zen atzo, San Fausto egunean, Basauriko jaietan. Aurten Laguntasuna izan da garaile emakumezkoetan eta gizonezkoetan Ontzakek irabazi zuen.
Hala eta guztiz ere, airean dago mozoloen garaipena; izan ere, emakumezkoen finala baino lehen, Ontzaken gizonezkoen garaipena ospatzeko sokatira-esparrua inbaditu zuten kuadrillako kideek, emakumezkoen soka eta zorua erabat bustiz.
Txapeldunorde izan dira aurten Mozkorrak emakumezkoetan eta Urbiko Lagunak gizonezkoetan.
☉ Basauri
Argazkiak / Jo eta su aritu dira herriko taldeak sanfaustoetako sokatira txapelketan
Aurten espazio txikiagoa, jendea inoiz baino gertuago eta berotasuna eta tentsioa, inoiz baino handiagoak izan dira soka artean
Atzo bertan jokatu zuten Basauriko sanfaustoetako sokatira txapelketa, kuadrillen bazkaria eta irrintzi txapelketaren ostean. Aurten, trintxeretako obrak direla eta, jarduera Arizgoiti plazara lekualdatu dute eta jaietako txapelketa mitiko honen paisaia erabat aldatu du: espazio txikiagoa, jendea inoiz baino gertuago eta berotasuna eta tentsioa, inoiz baino handiagoa soka artean.
Plazaren bihotzean izan gara eta gertutik bizi izan ditugu aurtengo momentu erabakigarrienak.
☉ Basauri
Argazkiak / 4.600 lagun elkartu dira Basauriko kuadrillen bazkarian, eguzkipean
Herritarrek aterkinak, eguzkitakoak eta pergolak erabili dituzte eguerdiko 28ºetatik ihes egiteko
Aurten inoiz baino jende gehiago elkartu da Basauriko jaietako kuadrillen bazkarian. Guztira 4.600 pertsonek bazkaldu dute Bizkotxalde parkean 28ºko tenperaturarekin. Udako azken eguna eman du gaurkoak eta herritarrek aterkinak, eguzkitakoak eta pergolak erabili dituzte eguzki izpietatik ihes egiteko, baita ur pistolak ere.
Bazkaltzen egon zara bertan?