☉ Basauri
Basatiak koadrilak Herriko Taldeak elkartearen familia handitu du

Herriko Taldeak elkarteak familia handitu du eta aurrerantzean 16 koadrilek osatuko dute batzordea, Basatiak koadrila onartuaz. Otsailaren 1ean bozkaketa egin dute Herriko Taldeaken eta orain arteko hamabost koadrilek aho batez onartu dute Basatiak batzordean sartzeko. “Elkartea 16 koadrilek osatuko dugu eta buru belarri egingo dugu lan 50 urte hauetan egindako lan guztia manten dadin eta historia egiten jarrai dezagun“, diote Herriko Taldeaketik.
Urteak daramatza Basatiak koadrilak Basauriko jaietan parte hartzen eta hainbat jarduera antolatzen (besteak beste, motorren kontzentrazioa,kuadrillen arteko esku pilota txapelketa,heavy eguna, muskuilu-jana eta partxis azkarra), baina orain arte ez da Herriko Taldeakeko parte izan. 2017ko sanfaustoetan froga saioak egin ditu Basatiakek jai batzordearen filosofaren barruan sartu edo ez adosteko.
Zuzendaritza batzorderako hauteskundeak
Urtero bezala, 2018ko jaiak antolatzeko zuzendaritza batzorde berria osatzeko deia zabaldu du Herriko Taldeakek. Modu horretan, kandidaturak aurkezteko epea zabaldu dute: “Kandidatura osatzen duten pertsonek, 18 urte baino gehiago izan behar dituzte eta Herriko Taldeak osatzen duten koadrila bateko kide izan behar dira. Kandidaturak, lehendakaria, lehendakari-ordea, idazkaria, diruzaina eta bokal bat gutxienez izan behar ditu“, diote Herriko Taldeaketik.
Kandidaturak posta kutxa bidez bidali beharko dira (Posta Kutxa 84, 48970 Basauri) eta horretarako azken eguna otsailaren 15a da (19:00ak baino lehen). Kandidaturak Herriko Taldeak osatzen duen bi koadrilen abala eduki behar ditu. Zuzendaritza batzordeak aurkezteko batzarra, Herriko Taldeken lokalean izango da otsailaren 15ean 19:30ean.
☉ Basauri
Fede Saiz basauriarra eta Basconiako futbol jokalari ohia hil da
1957tik 1963ra bitartean jokatu zuen Saizek Basconian, taldeak bere urrezko garaia bizi izan zuen garaian

Fede Saiz Goiria basauriarra eta CD Basconiako futbol jokalari ohia hil da. Urtarrilaren 14an zendu zen Galdakao-Usansolo ospitalean 91 urte zituela.
Hileta gaur, urtarrilak 20, izango da 18:30ean Arizko elizan.
Saiz ezaguna da Basaurin, batez ere, Basconia Futbol Taldeko jokalaria izan zelako 1957tik 1963ra bitartean, 22 eta 27 urte bitartean zituenean.
Garai haietan, hain zuzen, Basconiak bere urrezko garaia bizi izan zuen: Bigarren Mailara igo zen eta 1957tik 1963ra bitartean mailari eustea lortu zuen. Hori gutxi, eta zale basauriarren artean arrasto ahaztezina utzi zuten kopa kanporaketetan parte hartu zuen, Atletico de Madriden eta Bartzelonaren aurka.
Besteak beste, 1961-1962 denboraldian Jose Angel Iribarrekin jokatu zuen Saizek.
CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen Saizek. Dokumentala 2014an publikatu zuen Basconia Ehun Urte batzordeak: Jon Villapun Arbide izan zen dokumentalaren zuzendaria eta Maider Ibañez Espinosaren laguntza izan zuen. Hau da dokumentalaren trailerra, Bidebietak publikatutakoa:
☉ Basauri
Zurrumurruen aurkako urteko topaketa egingo dute larunbatean Basaurin
Urtarrilaren 24an izango da topaketa San Migeleko Taberna Nagusian. “Gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote antolatzaileek

Zurrumurruen Aurkako Topaketa antolatu dute urtarrilean Basaurin. Hilaren 24an, larunbatez, izango da San Migeleko Taberna Nagusian, 10:00etatik 13:30era.
‘Nola bizi gara kulturarteko taldeetan?’ izango da topaketaren gai nagusia: “Inoiz pentsatu al duzu nola erlazionatzen garen kulturarteko espazioetan? Zer egin dezakegu ahalik eta berdintasunezkoenak izan daitezen? Nola ekidin dezakegu dinamika diskriminatzaileak sortzea?”, galdegin dute Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareko arduradunek.
Topaketa Rosario Schmidt eta Leticia Urretabizkaia formatzaileek gidatuko dute, eta gai horien inguruan hausnartuko dute parte hartzaileek.
“Topaketa hau gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote, eta gaineratu dute: “Basauri abegitsuago baterantz elkarrekin bidaiatzen jarraitu nahi dugu”. Amaieran luntxa egongo da.
Topaketan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 606 050 662 telefono zenbakira deituz.
Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareak antolatzen du topaketa, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
☉ Basauri
Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri
Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri, Zarautzen atzetik. Zehazki, Basaurik 243,98 euro bideratzen ditu biztanle bakoitzeko arlo horretara, Estatuan batezbestekoa den 106,48 euroko kopurua nabarmen gaindituz. Aztertutako 404 udalerrietatik, 27k bakarrik betetzen dituzte finkatutako gizarte-arloko bikaintasun irizpideak.
Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute. Kalifikazio hau lortzeko, elkarteak hiru baldintza tekniko aztertzen ditu: gizarte-gastua biztanleko 100 eurotik gorakoa izatea, aurrekontu osoaren %10 baino gehiago ordezkatzea eta aurreko urteko partidarekiko murrizketarik ez egitea.
2026rako aurrekontuaren banaketa
Datu ekonomiko horiei jarraipena eman die Udalak 2026ko aurrekontu-proiektuan. Urte honetarako, 10,8 milioi euroko partida onartu da Gizarte Zerbitzuen arlorako. Inbertsioei dagokienez, honako proiektu hauek jasotzen dira:
Adinekoak eta Berdintasuna: Arlo hauetako partidek %5eko igoera izango dute, etxez etxeko laguntza eta prebentzio programak indartzeko asmoz.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak: Gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako zuzeneko laguntzak bere horretan mantenduko dira.
Gizarte-politikara bideratutako kopuru horrekin, Basauriko Udalak “bikaintasun” kalifikazioa jaso duten estatuko 37 udalerrien taldean jarraitzen du.
Udal gobernuaren arabera, inbertsio horren helburua zerbitzuen kalitatea bermatzea eta gizarte-kohesioa sustatzea da. Asier Iragorri Basauriko alkatearen hitzetan, “adinekoak, kolektibo zaurgarriak, babesgabetasun-egoeran dauden adin txikikoak, indarkeria matxistaren biktimak eta emakumeak dira aurrekontuaren jasotzaileak, eta inbertsio errekorra da”.
☉ Basauri
Mikel Karrillo eta Mikel Ulibarri: esku pilotako Bizkaiko kluben arteko txapeldunak
Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian. Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian

Bi hilabeteko txapelketa eta gero, joan den urtarrilaren 17an Bizkaiko kluben arteko txapelketako buruz buruko finalak jokatu zituzten Iurretako frontoian eta Basauriko Bidebieta Pilota Klubeko Mikel Karrillok eta Mikel Ulibarrik irabazi zuten sari nagusia.
Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian (3.maila). Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian (2. maila).
☉ Basauri
Segurtasun Saila: “Istripu baten ondorioz erori da Basauriko zubitik ibaira gaztea”
Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean

Joan den larunbatean, urtarrilaren 17an, 21 urteko gazte bat Basauriko Arizko zubitik erori zen 13:15ak aldera.
Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, ezbeharra istripu bat izan da eta gaztea ibaira erori da.
Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean.
Ibaitik atera bezain pronto, larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute zauritua eta segidan Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute.











