Sareak

☉ Basauri

Baskoniako zubi berria 2019ko bukaeran egongo da trafikora irekita

Baskoniako zubia berreraikitzeko obrak Gabonak eta gero abiaraziko dituztela adierazi du Basauriko Udalak. Obrak bederatzi hilabetez luzatuko dira.

|

Baskonia zubi berriaren proiektua // Argazkia: Basauriko Udala

Baskoniako zubia berreraikitzeko obrak Gabonak eta gero abiaraziko dituztelaren berri eman du Basauriko Udalak. Aurreikuspenen arabera, obrak bederatzi hilabetez luzatuko dira, beraz, 2019ko irailerako bukatuta egongo dira. “Obrek dirauten bitartean saiatuko gara zabalik mantentzen oinezkoentzako bide bat. Ibilgailuentzako trafikoa ere irekita egongo da gaur egun dagoen zubitik, baina denbora tarte jakin batzuetan trafikoa beste bide batetik bideratuko da”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintza arloko ordezkariak.

Basauritik irteten diren ibilgailuen trafikoa areagotzeko eta, horren bidez, ordu jakin batzuetan inguruko kaleetan ematen diren auto-pilaketak saihesteko berreraiko dute Baskoniako zubia. Ibilgailuetarako gutxienez hiru errei izango ditu zubi berriak (bi udalerritik irteteko eta bestea sartzeko), bizikletetarako beste errei bat eta zubiaren alde bakoitzean oinezkoentzako tarteak.

Aste honetan esleitu dute obren kontratua 1.770.216 eurorengatik (BEZa barne). Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza bati esker eraiki ahal izango da zubi berria. Izan ere, horren gaineko hitzarmena sinatu zuten Udalak eta Foru Aldundiak 2008an. Hitzarmen horren arabera, 4.750.000 euroko diru-laguntza eman zizkion foru erakundeak Udalari, bi zubi berri eraikitzeko: Artunduagakoa (2010ean egindakoa) eta Baskoniakoa. Artunduagako zubia eraikitzeko diru-laguntzatik 2.955.799 euro bideratu zituen Udalak.

☉ Basauri

Fede Saiz basauriarra eta Basconiako futbol jokalari ohia hil da

1957tik 1963ra bitartean jokatu zuen Saizek Basconian, taldeak bere urrezko garaia bizi izan zuen garaian

|

Fede Saizek CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen // Bidebieta

Fede Saiz Goiria basauriarra eta CD Basconiako futbol jokalari ohia hil da. Urtarrilaren 14an zendu zen Galdakao-Usansolo ospitalean 91 urte zituela.

Hileta gaur, urtarrilak 20, izango da 18:30ean Arizko elizan.

Saiz ezaguna da Basaurin, batez ere, Basconia Futbol Taldeko jokalaria izan zelako 1957tik 1963ra bitartean, 22 eta 27 urte bitartean zituenean.

Garai haietan, hain zuzen, Basconiak bere urrezko garaia bizi izan zuen: Bigarren Mailara igo zen eta 1957tik 1963ra bitartean mailari eustea lortu zuen. Hori gutxi, eta zale basauriarren artean arrasto ahaztezina utzi zuten kopa kanporaketetan parte hartu zuen, Atletico de Madriden eta Bartzelonaren aurka.

Besteak beste, 1961-1962 denboraldian Jose Angel Iribarrekin jokatu zuen Saizek.

CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen Saizek. Dokumentala 2014an publikatu zuen Basconia Ehun Urte batzordeak: Jon Villapun Arbide izan zen dokumentalaren zuzendaria eta Maider Ibañez Espinosaren laguntza izan zuen. Hau da dokumentalaren trailerra, Bidebietak publikatutakoa:

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zurrumurruen aurkako urteko topaketa egingo dute larunbatean Basaurin

Urtarrilaren 24an izango da topaketa San Migeleko Taberna Nagusian. “Gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote antolatzaileek

|

Topaketa San Migeleko Taberna Nagusian izango da urtarrilaren 24an // Amekadi

Zurrumurruen Aurkako Topaketa antolatu dute urtarrilean Basaurin. Hilaren 24an, larunbatez, izango da San Migeleko Taberna Nagusian, 10:00etatik 13:30era.

‘Nola bizi gara kulturarteko taldeetan?’ izango da topaketaren gai nagusia: “Inoiz pentsatu al duzu nola erlazionatzen garen kulturarteko espazioetan? Zer egin dezakegu ahalik eta berdintasunezkoenak izan daitezen? Nola ekidin dezakegu dinamika diskriminatzaileak sortzea?”, galdegin dute Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareko arduradunek.

Topaketa Rosario Schmidt eta Leticia Urretabizkaia formatzaileek gidatuko dute, eta gai horien inguruan hausnartuko dute parte hartzaileek.

“Topaketa hau gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote, eta gaineratu dute: “Basauri abegitsuago baterantz elkarrekin bidaiatzen jarraitu nahi dugu”. Amaieran luntxa egongo da.

Topaketan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 606 050 662 telefono zenbakira deituz.

Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareak antolatzen du topaketa, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri

Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute

|

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri, Zarautzen atzetik.  Zehazki, Basaurik 243,98 euro bideratzen ditu biztanle bakoitzeko arlo horretara,  Estatuan batezbestekoa den 106,48 euroko kopurua nabarmen gaindituz. Aztertutako 404 udalerrietatik, 27k bakarrik betetzen dituzte  finkatutako gizarte-arloko bikaintasun irizpideak.

Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute. Kalifikazio hau lortzeko, elkarteak hiru baldintza tekniko aztertzen ditu: gizarte-gastua biztanleko 100 eurotik gorakoa izatea, aurrekontu osoaren %10 baino gehiago ordezkatzea eta aurreko urteko partidarekiko murrizketarik ez egitea.

2026rako aurrekontuaren banaketa

Datu ekonomiko horiei jarraipena eman die Udalak 2026ko aurrekontu-proiektuan. Urte honetarako, 10,8 milioi euroko partida onartu da Gizarte Zerbitzuen arlorako. Inbertsioei dagokienez, honako proiektu hauek jasotzen dira:

  • Adinekoak eta Berdintasuna: Arlo hauetako partidek %5eko igoera izango dute, etxez etxeko laguntza eta prebentzio programak indartzeko asmoz.

  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak: Gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako zuzeneko laguntzak bere horretan mantenduko dira.

Gizarte-politikara bideratutako kopuru horrekin, Basauriko Udalak “bikaintasun” kalifikazioa jaso duten estatuko 37 udalerrien taldean jarraitzen du.

Udal gobernuaren arabera, inbertsio horren helburua zerbitzuen kalitatea bermatzea eta gizarte-kohesioa sustatzea da. Asier Iragorri Basauriko alkatearen hitzetan, “adinekoak, kolektibo zaurgarriak, babesgabetasun-egoeran dauden adin txikikoak, indarkeria matxistaren biktimak eta emakumeak dira aurrekontuaren jasotzaileak, eta inbertsio errekorra da”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Mikel Karrillo eta Mikel Ulibarri: esku pilotako Bizkaiko kluben arteko txapeldunak

Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian. Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian

|

Karrillo eta Ulibarri, Iurretan // Bidebieta Pilota Kluba

Bi hilabeteko txapelketa eta gero, joan den urtarrilaren 17an Bizkaiko kluben arteko txapelketako buruz buruko finalak jokatu zituzten Iurretako frontoian eta Basauriko Bidebieta Pilota Klubeko Mikel Karrillok eta Mikel Ulibarrik irabazi zuten sari nagusia.

Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian (3.maila). Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian (2. maila).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Segurtasun Saila: “Istripu baten ondorioz erori da Basauriko zubitik ibaira gaztea”

Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean

|

Erreskatatze lanak, Arziko zubian // Bizkaiko Suhiltzaileak

Joan den larunbatean, urtarrilaren 17an, 21 urteko gazte bat Basauriko Arizko zubitik erori zen 13:15ak aldera.

Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, ezbeharra istripu bat izan da eta gaztea ibaira erori da.

Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean.

Ibaitik atera bezain pronto, larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute zauritua eta segidan Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute.

Osorik irakurri