→Basauri

Basozelaiko arrapala mekanikoak berritzeko lanak faseka egingo dituzte Basaurin

Uztailaren 18an bigarren arrapala berritzen hasiko dira eta lanak lau astez luzatuko dira // Geuria

Basozelaiko arrapala mekanikoak modernizatu eta hobetuko ditu Basauriko Udalak. Lanak faseka egingo ditu Udalak, “arrapalak erabiltzen dituzten herritarrei ahalik eta eragozpen txikiena eragiteko”, diote. Uztailaren 18an ekingo diete lanei: hasteko, bigarren arrapalaren elementu mekaniko nagusiak berrituko dituzte, “arrapalaren bizitza baliagarria luzatu eta haren funtzionamendua hobetzeko”, diote udal ordezkariek. Obra horiek lau astez luzatuko dira, beraz, ezingo da bitarte horretan bigarren arrapala erabili. Aurreikuspenen arabera, irailean lehenengo arrapala berrituko dute, eta gainerakoak, 2023tik aurrera, “modu mailakatu batean”, diote.

Lanen helburua da sistema berriak jartzea hondatuta dauden elementu multzoen ordez, funtzionamendu-baldintza egokiak berreskuratzeko, eta mantentze-lan prebentibo eta zuzentzaile bat egitea. “Horri esker lortuko da nabarmen luzatzea bost arrapalen bizitza baliagarria, arrapalen zati handi bat edo osorik ordezkatzeak beharko lituzkeen inbertsio handiak egin beharrik gabe”, diote udal arduradunek.

22 urte

Landa Doktorren kaleko arrapala mekanikoak duela 22 urte jarri zituen Basauriko Udalak: “Gure udalerria irisgarritasunaren alorrean aitzindari bihurtu zen arrapala mekanikoekin”, diote. Hala ere, denboraren poderioz, zenbait arazo izan ditu azpiegiturak, eta hortaz, Udalak behin betiko irtenbidea eman nahi die arrapalen funtzionamenduan izan diren arazo horiei. 

Iaz, urte amaieran, udalbatzak onartu egin zuen 399.000 euroko urte arteko kreditu bat, arrapalen prebentzio- eta modernizazio-kontratu berri bat lizitatzeko, haien funtzionamendu egokia bermatze aldera. Obrak TK Elevadores SLU enpresak burutuko ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak