‘Behin eta Berriro esperientzia aurkeztu du Basauriko Udalak Marienean. Emakumeen etxeko beheko solairuan kokatutako 12 gunez osatutako instalazioa da eta helburua herritarrak indarkeria matxistaren aurrean kontzientziatzea du. Bideoan 12 gela horietako bat ikus daiteke. Horrela eskatu dute Basauriko Udaletik, “aurrez aurreko esperientzia bakarra izateko” eta gainontzekoak bisitariak berak deskubritzeko.
Gune bakoitzean, indarkeria matxistaren egoera biziko ditu aurrez aurre ibilbidea egingo duen pertsona bakoitzak. Hasieran esperientzia DBHko 4. mailako ikasleentzat soilik egongo da zabalik (15 urtekoentzat, hain zuzen), eta herritar guztiei zabaltzeko asmoa azaldu dute Basauriko Udaletik. Gauzak horrela, martxoan zehar zenbait bisita antolatu dituzte.

Basauriko Udaleko zinegotziak, Foru Aldundiko Patricia Campelo eta Marieneako Oihane Ruiz de Apodakarekin // Geuria
Gaurkoan Asier Iragorri Basauriko Alkatea, Isabel Cadaval berdintasun zinegotzia eta Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria izan ditugu proiektuaren aurkezpenean Marieneako Oihane Ruiz de Apodaka berdintasun teknikariarekin batera. “Ekintzaren helburu nagusia herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzea da”, azaldu dio Ruiz de Apodakak GEURIA komunikabideari. Une honetan onartu aurreko fasean dagoen Basauriko Indarkeria Matxistaren Aurkako II. Tokiko Planeko –Basaurin matxismoari PLANto!– ekimenetako bat da Behin eta Berriro.
Agintzari Kooperatibak Barakaldon diseinatutako esperientzia Basaurira ekarri dute eta Berdintasun arloak ekintza honen aldeko apustua egin zuen hasiera-hasieratik. “Basauri herri oso puntakoa izan da indarkeria matxistaren aurkako politikan, berdintasunaren alde borrokatuz”, azaldu du Patricia Campelok.
Basauriko Udaletik, Isabel Cadavalek “esperientzia hunkigarri” bezala definitu du Behin eta Berriro’ instalazioa eta basauriar guztiak esperientzia bizitzera animatu ditu berdintasun zinegotziak. Asier Iragorrik “esperientzia interesgarria bezain gogorra” bezala definitu du ekintza: “Barruak nahasten ditu esperientzia honek, baina aldi berean interesgarria da: egoera hau ezaguna da baina norbaitek zuzenean kontatzea beste gauza bat da”, azaldu du Iragorrik. “Ekintza erreflexu bat eragin nahi du parte-hartzaileengan, norberaren ideiak zalantzan jartzea, indarkeria gaitzestea eta, azken batean, inplikazio soziala indarkeria matxistari aurre egiteko. Muntaia oso grafikoa da, hunkitzen zaituena, astindu egiten zaituena, eta ez du inor sor eta gor utziko”.
Gazteez gainera nagusientzat ere oso esperientzia egokia dela adierazi du Iragorrik eta elkarte zein kirol taldeen zuzendaritzako arduradunak gonbidatu nahi dituzte Udaletik. Horrela, hainbat bisita prestatu dituzte herritarrentzat.
Behin eta Berriro | Bisita datak
Momentuz 10 lagunentzako 6 bisita prestatu dituzte, horietako bi euskaraz. Pase bakoitzak 45 minutuko iraupena du eta parte hartzeko webgune honetan izena eman beharko dute interesdunek.
– Martxoak 16, 18:30. Gaztelaniaz
– Martxoak 17, 12:00. Gaztelaniaz
– Martxoak 21, 18:00. Gaztelania
– Martxoak 23, 18:00. Euskaraz
– Martxoak 30, 18:00. Euskaraz
– Martxoak 30, 19:00. Gaztelaniaz
