☉ Basauri
Beldur Barik 2021 tokiko lehiaketak 900 euro banatuko ditu Basaurin

Beldur Barik 2021 lehiaketa martxan da. Gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatzen ditu lehiaketak eta aurtengoa 12. edizioa da. Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta programaren jarrera ikusarazten duten ikus-entzunezko lanak saritzen ditu Euskadi mailan.
Lanak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 5era arte (23:59ak arte). Urtero bezala, lehiaketan taldeka edo bakarka parte hartu daiteke, eta ikastetxe batek, gela batek, elkarte batek, edota norbanakoek izena eman dezakete.
Euskadi mailan 2.400 euro banatuko dituzte saritan: 1. kategoriako saria 400 euro; 1. kategoriako aipamen berezia 200 euro; 2. kategoriako saria 400 euro; 2. kategoriako aipamen berezia 200 euro; 3. kategoriako saria 400 euro; 3. kategoriako aipamen berezia 200 euro; ikus-entzunezko lan onenaren saria 300 euro; eta parte-hartzearen saria 300 euro (herri-bozketa azaroaren 11 eta 12an gauzatuko da). Lan sarituak 2021eko azaroaren 13an emango dituzte ezagutzera.
Lehiaketa lokala Basaurin
Basaurin lehiaketa lokala antolatuko dute, eta guztira 900 euro banatuko dituzte, 300 euro kategoria bakoitzeko: 12 eta 13 urte bitartekoen kategoria, 14 eta 18 urte bitartekoen kategoria, eta 19 eta 26 urte bitartekoen kategoria. Basauriko lehiaketa lokalaren sariak azaroaren 24an, asteazkenez, banatuko dituzte 19:00etan Marienean. Lehiaketa lokalaren epaimahaia Basauriko emakume mugimendu eta mugimendu feministarekin lotura duten gizarte-eragile esanguratsuek osatuko dute.
Emakundek bultzatzen du Beldur Barik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, Berdinsarearen eta EUDELen laguntzarekin. Gainera, Hezkuntza Sailak, Gazteaukerak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta EiTBK babesten dute lehiaketa.
☉ Basauri
Lau gizon atxilotu dituzte Basauriko metalurgia enpresa batean lapurreta egiteagatik
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen, eta Ertzaintzak adierazi duenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak 25 eta 50 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte Basauriko industria-pabiloi bateko metalurgia enpresa batean lapurreta egitea leporatuta.
Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten.
Atxiloketak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten egin dituzte.
Gainera, lau pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere egotzi diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre lapurtu zuten, 51.000 euro inguruko balioa zuena.
Bi delituetan atxilotuek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko.
Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.
☉ Basauri
Emakume bat atxilotu dute Basaurin espetxean droga sartzen saiatu denean
Emakumeak 67 urte ditu eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote. Era berean, berarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu du Ertzaintzak

Ertzaintzak 67 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Basaurin, espetxean haxixa sartzen saiatu zenean, preso bat bisitatzera joan zela aprobetxatuz.
Susmoak jarraituz, preso batentzako zen pakete bat ikuskatu zuten. Beroki bat aztertu eta miatu ondoren, forruaren barruan ezkutatuta 300 gramo haxix zituzten zazpi poltsatxo aurkitu zituzten.
Gauzak horrela, momentuan bertan atxilotu zuten emakumea. Osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote, eta polizia-eginbideak bete ostean, aske utzi zuten.
Era berean, akusatuarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu zuten agenteek. Bere aurka eginbideak ireki dituzte, ikertu gisa, delitu beragatik.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Karnabas mozorro lehiaketa, 90 segundutan!

Inautxok gidatuta, euriak ez du mozorro lehiaketa geldiarazi Basaurin. Furbyak, Pinotxo eta Gepeto, haginlariak, Ratatouille, txorimaloak, euliak, estralurtarrak, oiloak eta lau urtaroak… ez da inor falta izan! Hona hemen mozorro lehiaketako laburpena!
☉ Basauri
Bideoa | Zenbat denbora eman dute basauriarrek mozorroak prestatzen?

Inauteriak dira eta Basauriko kaleak mozorroz bete dira otsailaren 14an, larunbatez. Euria egin arren, mozorro lehiaketa antolatu dute Solobarriako karpan [hemen argazkiak!]. Eta bertan topatu ditugu estralurrarrak, furbyak eta oiloak eta baserritarrak. Zenbat denbora eman dute mozorroak prestatzen?
☉ Basauri
Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin
Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.
Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).
Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).
Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).







































