→Basauri

Beñat Gonzalez: «Twitch plataforma telebista baino askoz aberatsagoa eta askeagoa da»

‘El Conquistador del Caribe’ saioa komentatzeko streamingak egiten ditu Twitchen Beñat Gonzalezek. Conquisporra arrakastatsua jarriko du martxan hirugarren urtez

Beñat Gonzalez Sarria, streamerra // Utzitakoa

Duela hiru urte hasi zen Beñat Gonzalez Sarria (Basauri, 1992) Twitch plataforman streamingak egiten. ‘El Conquistador del Caribe’ saioa (ETB2) komentatzen du astero, asteartetan, dozenaka ikusleren aurrean. Plataformak eskaintzen duen txataren bitartez denen artean hitz egiten dute abentura reality-an gertatutakoaz. Basauriarrarekin berba egin dugu.

‘El Conquistador del Caribe’ saioa berriro hasi da ETB2n eta horrekin streamingak egiten hasi zara beste behin. Bai. Egia esan oso gogotsu hasi naiz. Hasieran indar eta motibazio handia duzu beti. Zaila izaten da gogo hori hasieran bezala mantentzea, baina momentuz oso pozik nago. Aurtengo harrera iazkoa baino handiagoa izatea espero dut; horrek asko laguntzen du, hasieran batez ere.

Noiz hasi zinen streamingak egiten? Nire lehenengo zuzenekoa 2021. urtean izan zen. Pandemiaren garairik gogorrena pasata zegoen, baina oraindik egoera ez zen ona eta lagunekin batzeko oraindik eragozpen handiak zeuden. Betidanik ikusi izan dut ‘Conquis’a lagunekin batera, baina une hartan hori egitea ezinezkoa zenez, lagun batek zuzenekoa egitea proposatu zidan eta horrela egin nuen. Nire lehenengo streaming-a nire mugikorrarekin egin nuen eta gertuko lagunek bakarrik ikusi zuten. Orain egoera zeharo aldatu da.

Asteartero komentatzen du ‘El Conquistador del Caribe’ saioa Twitchen // Geuria

Twitch plataforman egiten dituzu zuzenekoak. Inoiz ez dut erabili Instagram, Tik Tok edo antzerako sare sozialik. Youtube erabiltzen dut nagusiki eta bertan Twitch-eko zuzeneko askoren laburpenak ikusteko aukera dago. Beraz, zuzenekoen mundu honetako erreferentzia bakartzat nuen Twitch plataforma. Horrez gain, plataforma honetako edukia gustuko dut. Egia da plataforma honetako eduki gehienak bideo-jokoetan oinarrituta daudela, baina beste material interesgarri mordoa ere badago bertan.

Zer behar du pertsona batek streamer on bat izateko? Streamerra izateko ez da titulu edo esperientzia berezirik behar. Edonork egin dezake eta horrek egiten du mundu hau hain aberats eta interesgarri. Hala ere, gogo ona izatea eta transmititzea ezinbestekoa da. Stream ona edo txarra izatea oso subjektiboa da. Nire ustez, streamerren izaera da ikusleak bilatzen duena, beraz, norbera naturaltasunez aritzea da gomendagarriena. Ikuslegoarekin txat edo beste kanal batzuen bidez feedback-a sortzea ere ezinbestekoa da, horrela zuzenekoaren parte sentiarazten dituzulako.

Zelako lana eskatzen du streaming on bat egiteak? Kalitatezko streaming bat egiteko ez dago dekalogo zehatzik. Egia da erabiltzen duzun materialaren kalitatea lagungarria izan daitekeela, baina aipatu bezala, mugikor batekin ere streaming on bat egin daiteke. Hala ere, itxura, audioa, argitasuna, gidoia eta horrelako aspektu desberdinak zaintzea garrantzitsua da, ikuslegoak haiekiko duzun ardura eta konpromisoa sentitzeko. Nik bakarrik egiten dut guztia nire zuzenekoetan. Momentuz ondo moldatzen naiz eta gauza berri asko ikasteko aukera ematen dit horrek.

Ezertan trebatu behar izan duzu zuzenekoak egiteko ala egunerokoan ikasten duzu? Nire kasuan, honekin hasi baino lehen banituen honen inguruko oinarrizko ezagutza apur batzuk. Hala ere, tutorial ugari ikusi behar izan dut dena ondo menperatzeko. Batzuetan, arazoak sortzen dira espero ez duzunean eta azkar konpontzeko saiakuntza- eta errakuntza-metodoa erabili behar izan dut noizbait. Dena den, mundu honetan etengabeko ikasketa derrigorrezkoa da. Gaur egun nahiko ondo menperatzen dut dena baina hobetzeko aukera handia dago.

Ikusle fidelak izango dituzu. Adin eta gustu desberdinetako ikusleak ditut. Guztiek komunean duten gauza bakarra da ‘Conquis’eko jarraitzaileak direla. Nire ikuslegoaren proportzio handia finkoa da. Gehienak beti errepikatu eta asteartero zain daude zuzenekoa noiz hasiko. Baina astero ikusle berriak ere sartzen dira, bai ezagun batek gomendatuta bai plataformaren bidez aurkitu nautelako. Azken datu hauek, streamer bakoitzak plataforman kontsultatu ditzake.

Adinari dagokionez, Twitchen jende gazteagoa egon liteke eta telebistan ‘El Conquis’ ikusten adin askotakoak. Uste duzu horrek talka egin dezakeela eskema tradizionalarekin? Egia da nagusiagoak diren ikusleek arazoak izan ditzaketela teknologia edo programa berriekin, baina beti dago seme-alabaren bat edo familiako baten bat laguntza emateko prest. Horrela, adin arteko traba guztiak gainditzen dira. Telebista piztu eta ikustea baino errazagorik ez dago, baina sare sozialetan ematen ari diren mugimendu desberdinak telebista baino askoz aberatsagoak eta askeagoak dira eta ikuslegoak asko eskertzen du hori.

Zein da publikoarengandik jasotzen duzun feedbacka? Oso zorionekoa naiz, egia esan. Nire ikuslegoa bikaina da! Oso komentario positiboak jasotzen ditut burutzen dudan lanari buruz eta etengabe gomendatzen dute nire kanala. Mundu birtualetik kanpo, bizitza errealean ere feedback ezin hobea jasotzen dut eta horrek jarraitzeko indarra ematen dit. Baloratua sentitzen naiz eta oso eskertuta nago.

Aurreko edizioetako partaideak —eta aurtengo ediziokoak— ere ikusle dituzu. Hala da. Partaide ohiekin dudan harremana oso ona da. Izan ere, haiek ere reality-aren jarraitzeak izaten jarraitzen dute. Niretzat oso aberasgarria da, nire ikusleen zalantza asko erantzuten dituztelako. Egoera askoren inguruko ikuspuntua ere ematen dute eta horrek hausnarketa eta analisi hobe bat egitera garamatza askotan ikusleok. Twitchetik kanpo ere harremana izaten dut noizbait eurekin eta oso ona izaten da.

‘Conquisporra’ jarri du berriro martxan Benuak // Geuria

Streamingen lehenengo urtetik porra bat antolatzen duzu. Guk ‘Conquisporra’ deitzen diogu eta hau ere kuadrillari zor diot. Kirol desberdinetako lehiaketa handiak daudenean porrak sortzen ditugu, apustu handirik egin gabe, eta Conquisaren kasuan berdin gertatu zen. Google Forms batekin formulario bat sortzen dugu. Googleek esteka bat sortzen du eta horrela errazagoa da jende gehiagorengana heltzea. Parte hartzeko helbide elektroniko bat izatea besterik ez da behar. Kasu honetan laguntza handia jasotzen dut nire kuadrillako bi lagunengandik, porraren diseinuan eta astero egiten dugun puntuen zenbaketan. Nik bakarrik ezingo nuke egin.

[‘Conquisporran’ parte hartzeko esteka amaituko da otsailaren 6an]

Urtetik urtera gero eta jende gehiagok hartzen du parte Conquisporra horretan. Aurten hirugarren aldiz egingo dugu porra. Lehenengo urtean 100 pertsona inguruk parte hartu zuten; bigarren urtean 250 inguruk; eta aurten marka hori gainditzea da helburua. Oso harrera ona du eta ikuslegoa astero dago sailkapen berria ikusteko zain. Urtero ematen zaio irabazleari saria eta sareetan erakusten dut partaideek jakin dezaten. Saria urtean zehar Twitchen lortutako diruarekin ordaintzen dut.

Dirurik irabazten duzu streamingak egitetik? Twitchen dirua egiteko hainbat bide daude: iragarkiak, donazioak, harpidetzak edota babesletza. Nire kasuan donazio eta harpidetzengatik soilik jasotzen dut dirua. Babesletza izateko ikusle kopuru handi bat izan behar da eta iragarkiek oso diru gutxi ematen dute. Dena batuta jasotzen dudan dirua ez da handia baina behar dudan materiala ordaintzeko erabiltzen dut. Nire helburua ez da sekula dirua irabaztea izan, egiten dudana gustura egitea baizik. Hala ere, lortzen den diru apur horrek asko laguntzen du eta momentuz dena berriro inbertitu dut.

‘El Conquistador’ saioko jarraitzaile zara aspalditik. Noizbait ikusi duzu zure burua reality-aren barruan? 11 urte nituenetik ikusi izan dut nire burua partaide bezala ‘El Conquis’en. Urteekin, heldutasunak eta errealitateak ilusio hori ahuldu egin dute. Hala ere, birritan aurkeztu naiz castingetara. Streamer bezala programarentzat lan egitea interesgarria izan litzateke. Programak duen freskotasun falta berreskuratzeko aukera bat izan daitekeela uste dut.

Azken urteetan kritika asko jaso ditu saioak: reality showa bilakatu dela eta abentura gutxiago ikusten dela. Kritikekin bat nator. Nire zuzenekoetan askotan hitz egin dugu gai horren inguruan eta, aztertutakoaren arabera, emititzen duten % 20 lehiaketa da eta beste % 80 elkarbizitza. Azken urteetan programak izan duen bilakaera zale gutxiri gustatu zaigu, baina datuek ez dute berdina adierazten. Formatu berriak hartu duen bideak urtero hobetzen ditu audientziak eta horrela ez dago atzera egiterik. Dena den, 19 urte pasa eta gero ezinbestekoa da garai berriek eskatzen dituzten egoeretara moldatzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak