→Basauri

Indarkeria matxistaren kontrako II. Plana prestatzen hasiko dira aurten Basaurin

Marieneara lehen aldiz joan diren emakumeen kopuruak gora egin zuen iazko azken hiruhilekoan // Geuria

Basauriko Udalaren Berdintasun Arloak 7.924 zerbitzu eman zituen iaz Marienean zein beste udal-instalazio batzuetan. Zerbitzu horietatik, 7.162 emakumeei, 699 gizonei eta 63 pertsona ez-binarioei eman zitzaizkien. Zerbitzu gehienak —zehazki, 3.187—, Marieneako zerbitzuekin, programekin eta ahalduntze-eskolarekin erlazionatutakoak izan ziren, eta beste 2.731 Emakumeen Informazio Zentroan (EIZ) eman ziren. “Azken hiruhilekoan, pandemiaren aurkako neurriak lasaitu ondoren, Marieneara lehen aldiz etorri diren emakumeen kopuruak gora egin zuen”, dio Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotziak.

Datuak datu, ahalduntze-eskolan 25 ikastaro antolatu zituzten iaz, eta horietan 267 emakumek hartu zuten parte, eta herritar guztientzako jardueretan 315 lagunek hartu zuten parte. Bestetik, Berdintasun arloak antolatutako ekitaldi berezietan —azaroak 25, martxoak 8 eta maiatzak 17— 848 lagunek parte hartu zuten. Era berean, Berdintasun arloak talde autonomoak ere sustatzen ditu, ahalduntze-prozesuak bultzatzeko eta haietan laguntzeko asmoz; iaz, 80 emakumez osatutako 9 talderi lagundu zion, eta adineko emakumeen espazioa bultzatzen jarraitu zuen.

Emakumeen Informazio Zentroari (EIZ) dagokionez, 312 emakume artatu zituzten iaz: “2020koaren antzeko kopurua da, baina 2019koa baino nabarmen txikiagoa, pandemiak eraginda”, dio Cadavalek. Guztira 2.731 kontsulta baino gehiago egin zituzten iaz emakumeek EIZn: “2020arekin alderatuta % 2,44 kontsulta gehiago izan ditugu, eta 2019arekin alderatuta % 11,06 gehiago”, dio Cadavalek. Kontsulta gehienak banantzeari edo dibortzioari buruzko informazioa eskatzeko (% 30,12), laguntza psikologikoa eskatzeko (% 21,48), beste eskubide batzuei buruzko galderak egiteko (% 20,09) eta tratu txarrei buruzkoak (% 12,85) izan ziren. “Pandemiaren ondorioz beste esparru publiko batzuetan ere gertatu den bezala, laguntza psikologikoaren eskaria handitu egin da, 2020arekin eta aurreko urteekin alderatuta. Hala, 2020an eta 2019an baino % 17,44 emakume gehiago artatu dira”, dio Cadavalek. Sexu Informaziorako Bulegoak 70 pertsona artatu zituen iaz, eta guztira 286 zerbitzu eman zituen.

Indarkeriaren kontrako II. Plana

Iaz Basauriko Udalaren barneko I. Berdintasun Planean aurrerapausoak eman zituzten, eta Berdintasuneko teknikari bat kontratatu zuten, “plana prestatu, diseinatu, inplementatu, haren jarraipena egin eta ebaluatzeko”. Horrez gain, Udaleko berdintasunaren egoerari buruzko diagnostiko parte-hartzailea egin zen iaz, Barneko I. Berdintasun Plana idazteko ildo nagusiak zehaztearren. Halaber, ‘Basauriko Indarkeria Matxistaren kontrako Plana. Basaurin Matxismoari Planto!’ planari dagokionez, ekintzak egiten jarraitu zen, eta aurten, II. Plana prestatzen hasiko dira.

Beste alde batetik, Berdintasun arloak herriko ikastetxeekin kolaboratzen jarraitu du, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin Marieneara joateko aukera eskaini zuen. Gainera, 1era 2kain balioetan hezteko programa antolatu du eta horretaran 377 gaztek hartu zuten parte iaz. Programa horren bitartez aholkularitza, babesa eta laguntza ematen zaizkie ikastetxeei, baita herrian hezkuntzarekin erlazionatuta dauden eta hezkidetzaren ardura duten gizarte-eragileei ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak