☉ Basauri
Basauriko Udalak adierazi du “berdintasunerako politika berriak ezartzeko eta hobetzeko bidean” jarraitzen duela
Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak herriko berdintasun politiketan “atzerapauso nabarmenak” eman izana egotzi diote Basauriko Udalari.
Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotziaren arabera, Basauriko Udalak beharrezko politika horietako “asko” garatu ditu, eta politika horiek “hobetzeko eta berriak ezartzeko” bidean jarraitzen duela zehaztu zuen. “Horregatik ezin dut bat egin osoko bilkura honetan Udal honetako berdintasun-politika publikoei buruz esan denarekin: politika horiek geldirik daudela edo atzera egin dutela, edo baliabideak inoiz iristen ez direla”, esan zuen Cadavalek.
Ildo horretan, adibide batzuk eman zituen Cadavalek: “2021az geroztik, % 30 igo dira modu zuzenean berdintasun-politika publikoak; azken bi urteetan, hezkuntzaren arloko bi proiektu berri jarri ditugu abian: batetik, eskola-patioak eraldatzeko proiektua, eta, bestetik, Behin eta Berriro ekimena, indarkeria matxistarekin lotutako edukiak metodologia berritzaile batekin lantzeko gune egonkorra; Azaroak 25 plaza izendatu dugu, feminismoaren aldarrikapenetarako espazio publikoaren konkista bezala; eta jai-inguruetan eraso matxistei erantzuteko protokolo eraginkor bat lantzea lortu dugu”.
“Badakit berdintasunerako politika publikoak nahiko genukeena baino motelago doazela. Baina ez Udal honetan bakarrik, munduan baizik. Eta berdintasun-politika publikoak beharrezkoak ditugu, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-testuinguru onartezinean bizi garelako”, adierazi zuen Cadavalek.
Langileak kontratatzea
Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak zenbait galdera egin zituen azaroko osoko bilkuran, besteak beste, emakumeen memoria historikoari edo berdintasun arloan langileak kontratatzeari buruzkoak.
Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeari dagokionez, Cadavalek adierazi zuen Emakumeen Aztarnen Mapa prestatzeko proiektua aurreikusita dagoela: “Asmoa da proiektu horri ekin ahal izatea plakak eta aztarnak dauden kokaleku guztiak aztertu ondoren, eta mapaketa horretan sartuko genituzke 2022an eta 2023an hainbat eraikin publikotan jarri genituen M8ko horma-irudiak ere”.
Era berean, indarkeria matxistaren biktima eta bizirik atera diren emakumeen memoriala osatzeko proiektuaz berba egin zuen Cadavalek: “Memorialean zer esaldi jarri erabaki gabe daukagu. Berdintasun Kontseiluan erabakiko dugu hori. Eta hori behin erabakita, espazio hori amaitutzat emango dugu”.
Bestetik, Indarkeria Matxistari aurre egiteko bigarren tokiko Planak eta Berdintasunerako lehen Barne Planak ezartzeko “langilerik ez” dagoela salatu zuten emakumeen taldeek, eta Berdintasun Arloak administraririk ez duela ere azpimarratu zuten.
Zentzu horretan, aurtengo ekaineko osoko bilkuran, bi lanpostu sortzea onartu zela gogorarazi zuen Cadavalek: “Lanpostu horiek Berdintasun arloa kokatuta dagoen Gizarte Politikako arlora bideratuta daude. Lanpostu horietako bat bete da jada, baina bestea falta da, eta, hain zuzen ere, ahalik eta epe laburrenean egin behar da”. Administrariari dagokionez, Berdintasun arloan beste langile bat egon dadin prozesu-administratiboa hasi du Udalak.
Halaber, Indarkeria Matxistaren Biktimak Artatzeko Erakunde arteko Protokoloaren garapenean, prozesuan ez dituztela kontuan hartu ez Mugimendu Feminista ez Berdintasun Kontseilua salatu zuten Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak.
“Protokoloari dagokionez, Berdintasun Kontseilua osatzen duten hainbat elkartek parte hartu dute azken hilabeteetan protokolo hori aurkezteko saioetan, eta oraindik bilera batzuk egiteke daude. Gainera, duela gutxi, protokoloaren laburpena bidali zaie arlo guztietako Basauriko elkarte guztiei”, esan zuen Cadavalek.
Berdintasun Kontseiluak Basaurin 20 urte baino gehiago daramala lanean azpimarratu zuen Cadavalek: “Parte hartzeko oso gune baliotsua dela uste dugu eta bere parte hartzearekin kontatzen jarraituko dugu”.
Obrak Marienean
Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak eta Manuela Egiguren eta Ate Zabalik lokalek “arazo estrukturalak” dituztela ere salatu zuten emakumeek. Zehazki, Marienean itoginak daudela eta Manuela Egiguren eta Ate Zabalik elkarteak dauden lokaletan berogailuekin arazoak daudela adierazi zuten.
Ildo horretan, Isabel Cadaval zinegotziak jakinarazi zuen, Marieneako estalkia iragazgaizteko “proiektu integral bat” daukala Udalak esku artean: “Proiektua nahiko handia da, eta aurreikuspena da 2025eko lehen hiruhilekoaren amaieran hastea lanak”, adierazi zuen Cadavalek.
Hala ere, konponketa integral hori iritsi arte, Udal Brigada “esku hartze espezifikoak” egiten ari dela zehaztu zuen. “Proiektua mahai gainean dago, eta, jakina, ahalik eta lasterren ekin beharreko obra da”, esan zuen Cadavalek.
“Manuela Egiguren eta Ate Zabalik lokalei dagokienez, arazoak daude berokuntza-sisteman. Joan den neguan gorabehera dezente izan ziren, eta hainbat aldiz jardun zen. Aurten, berogailuak piztuta, egiaztatu da ez dabiltzala ondo. Jarraipen espezifikoagoa eta intentsiboagoa egiten ari dira, zerbitzu teknikoek egoki iritziz gero ordezkapen bat egin behar den ikusteko”, adierazi zuen Cadavalek.
Amaitzeko, Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak bilera eskatu zuen Asier Iragorri alkatearekin eta Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariekin. Azaroko osoko bilkuran Iragorrik adierazi zuen batzarra izateko arazorik ez duela eta egingo dutela.
☉ Basauri
Basauriko EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenari
Basauriko udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen azaroaren 21ean: guztira 65,8 milioi euro kudeatuko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,3 gehiago).
Oposizioak gaur arte du epea proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta Basauriko EH Bildutik jakinarazi dutenez, osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute.
“Kontu horiek ia 66 milioira iristen dira, eta kopuru horren % 3,7 baino ez da inbertsioetarako. Kopuru hori urte askotan geldirik egon da, eta, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta, % 13 jaitsi da, eta hori larria iruditzen zaigu hainbat arrazoirengatik. Gure ustez, jaitsiera hori gastu arrunten gorakadaren ondorioa da, diru-sarrera propioak erruz agortzen baitituzte”, diote koalizio ezkertiarretik.
Inbertsio-proposamenek “aldaketa sakonik ez” dakartela salatu dute: “Esate baterako, gure enpresa aukeraguneen garapena edo pertsona ahulenen gizarte-babesean sakontzea. Adibide gisa, Arizko zubi bat edo eserlekuak dituzten estalitako eremuak sortzea proposatzen da, ekitaldian zehar partidak egiteko egokiagoak direnak”.
“Inkoherentziak” daudela ere adierazi du EH Bilduk: “Adibide gisa, gehiago bideratzen da prentsa eta aldizkarietara etxerik gabeko pertsonei edo Janabideri laguntzera eta pertsona ahulei elikagaiak banatzera baino”.
“Maniobra tarte txikia”
“Agerikoa da oposizioa osatzen duten alderdiei maniobra tarte txikia uzten zaiela, aurrekontua oso doitua dagoelako. Baina horren bueltan, eta diru erabilgarria azaleratzen den neurrian, orduantxe heltzen zaie Udalaren beharrei. Hori bai, gainerako alderdi politikoak kontuan hartu gabe, aldez aurretik horiei beren proposamenei uko egin dietelako”, diote.
Oposizioaren proposamenik sartu nahi ez izatea salatu dute EH Bildutik: “Gobernu-taldeak benetan proposamenak sartu nahi izan balitu, formulak egon badaude. Hala nola, zirriborroa itxi baino lehen, gainerako udal taldeekin hitz egin; partida bat alderdientzat eurentzat gorde, aurrekontu partehartzaileetarako 400.000 euro gordetzen dituen bezala, edo akordio politiko bat lortu, urtean zehar gure ideiak txertatzeko aukera emango diguna, beraiek beraien proposamenekin egiten duten bezala. Baina uko egiten die, gehiengo absolutuak ematen dion lasaitasunagatik, beharbada”.
“Horregatik, oraingoan, eta hainbat urtez gure proposamenak sartzen saiatu ondoren, ez dugu parte hartuko “iragarritako heriotza” honetan, eta osoko zuzenketa hau aurkeztuko dugu kontuak itzultzeko eskatuz”, diote.
Hala eta guztiz ere, adostasunetara heltzeko “prest” daudela adierazi dute koalizio ezkertiarretik: “Osoko zuzenketa hau erretiratu dezakegu eta aurrekontuari aurka ez egitea eskaini dezakegu, akordio baten truke, non, modu eraikitzailean, gure ideiak eman ahal izango ditugun diruzaintzako geldikinen erabilgarritasunean oinarrituta. Beraz, badaude formulak, espero dezagun borondatea ere egotea”.
☉ Basauri
Zauriturik gabeko auto istripua gertatu da Basauriko sarreran, Arizen
Auto batek istripua izan du Basauriko sarreran, Arizko zubiaren ondoan. Taberna baten ondoan dagoen barandaren kontra jo du eta bertan dagoen banku bat hondatu du.
Hala ere, Udaltzaingoak GEURIAri baieztatu dionez ez da zauriturik egon. Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute.
Auto pilaketak izan dira Basaurira sartzeko, baina dagoeneko trafikoa arina da. Udaltzainak trafikoa zuzentzen egon dira.
☉ Basauri
Gabonetako Ludoteka zerbitzuan izena emateko epea zabaldu du Basaurik
Basauriko Kultur Etxeak 4 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako Gabonetako Ludoteka zerbitzua eskainiko du abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an.
Zehazki, zerbitzua San Migel, Ibaigane eta Pozokoetxeko Kultur Etxean eta Basozelai eta Kareaga Gizarte Etxeetan garatuko da goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean.
Eskaintza 2018 eta 2020 bitartean jaiotako haurrei dago zuzenduta, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 13ra bitartean.
Guztira 60 plaza eskainiko dituzte, eta zozketa bidez esleituko dituzte. “2024-2025 ikasturtean Basauriko ludoteka zerbitzua erabiltzen duten familiek izango dute lehentasuna”, zehaztu dute Kultur Etxeko ordezkariek. Onartutakoen zerrenda abenduaren 18an argitaratuko du Kultur Etxeak.
Gabonetako Ludoteka zerbitzuko prezioa 25 eurokoa da. “Beherapenak ere egongo dira DSBE edo GGI jasotzen duten familientzat: % 75eko deskontua aplikatuko zaie, alegia”, diote. Era berean, hiru seme-alaba dituzten familia ugariei % 25eko deskontua ezarriko diete, eta lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei % 40koa.
☉ Basauri
Jon Arretxe basauriarrak Touré detektibearen hamaikagarren liburua aurkeztu du: ‘Zenbaki gorriak’
Durangoko Azokan aurkeztuko du bere azken nobela Arretxek. Gainera, liburuak sinatzen ere ibiliko da idazle basauriarra
Jon Arretxe idazle basauriarrak argitaratu du Touré detektibearen hamaikagarren nobela: ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).
Azaroaren 28an aurkeztu zuen liburu berria Arretxek Donostiako udal liburutegian eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du: abenduaren 6an, ostiralez, izango da 19:30etik 20:00etara Ahotsenean.
Liburu berria aurkezteaz gain, liburuak sinatzen ere ibiliko da Arretxe Durangoko Azokan, Erein argitaletxearen standean: abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Touré detektibearen sagan hauek dira idazle basauriarrak publikatu dituen nobelak: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021), ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022), ‘Musker amarruak’ (Erein, 2023) eta azkena ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).
11 liburu, 12 urte
Hau da ‘Zenbaki gorriak’ liburuaren sinopsia:
Hamabi urte igaro dira Mahamoud Touré Bilboko Afrika Txikira heldu zenetik, familia Burkina Fason utzita eta amets berrien alde borrokatzeko prest. Horretarako Saharako basamortua zeharkatu behar izan zuen, eta Gibraltarko itsasartea igaro. Baina denboraren poderioz, emaztea eta seme-alabak, etorkizun oparoko promesa hutsalez nazkaturik, ahaztu egin ziren Touréz, eta burkinarra zurrunbilo iraunkor batean sartu zen non ilunak askoz gehiago diren argiak baino.
Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Touré. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko, bizi izandako esperientzia gogorrak eta egindako okerrak mamurtzeko, eta inoiz baino astunago sentituko du bakardadearen pisua. Bere lagun leial Osman, Xihab eta Kristina (Sa Kené) jada ez dauzka ondoan, eta inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.
Jon Arretxek argazki gordina eskaintzen digu Zenbaki gorriaken Bartzelonako turismo-leku ederren azpian gordetzen den errealitatearena, eta agerian uzten digu paperik gabeko etorkinek, etxebakoek, txiroenek… non bilatzen duten babesa. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Touréren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena.
☉ Basauri
Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian
Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz eta fake news fenomenoaren inguruan.
Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.