→Basauri

Kareagan bide bio-osasungarria egiteko lizitazioa martxan jarri du Basaurik

Basauriko Udalak bide-osasungarria eraikitzeko eta plazarako sarbidea hobesteko lizitazioa martxan jarri du. Oinarrizko aurrekontua 79.500 eurokoa izango da eta lau hilabeteko epea izango du enpresa esleituak.

Karmelo Torreko aparkalekuko inguruak // Geuria

Basauriko Udalak bide-osasungarria eraikitzeko eta plazarako sarbidea hobesteko lizitazioa martxan jarri du. Proiektu horrez gainera saneamendu-sarea ordezkatuko dute Doktor Jose Garai kalea eta Fleming Doktorea kaleen arteko konexioan eta proiektua adjudikatuta hilabete bi izango dituzte lanak gauzatzeko. Oinarrizko aurrekontua 300.000 eurokoa izango da eta lau hilabeteko epea izango du enpresa esleituak.

Basauriko Udalaren arabera, 2015ean Kareaga Goikoa eskolarainoko berrurbanizazio lanak egin zituzten Particular de Asturias kaletik hasita. “Jarduketa hori Montefuertera doan bidearen irisgarritasun hobekuntzarekin osatu zen”, azaldu dute Udal ordezkariek eta azken lan hauekin Kareagako zein bertako aisialdi lekuen eta umeen jolastokien irisgarritasuna hobetu nahi dutela azpimarratu dute.

Basauriko Kareagako umeentzako jolastokia // GMaps

Oinezkoentzako bidea

Irisgarritasun hori lortzeko oinezkoentzako bide bat eraiki gura du Udalak Particular de Asturias kaletik hasita, mendi-hegaletik igaroz eta aisialdirako eta umeentzako jolasak dauden plazara helduz. Bertatik Karmelo Torre kaleko aparkalekura abiatuko da oinezkoen bide hori. “Oinezkoen bideko goiko aldean jarduera bio-osantsuak egiteko gimnasia elementuen gunea jarriko ditugu, baita beheko bideko erdialdera helduko diren eskailera batzuk ere, bidearekin zuzenean konektatzeko”, gehitu dute Udaletik.

Bestalde, Basauriko Udalak lehiaketa publikoaren bidez Doktor Jose Garai eta Fleming Doktorea kaleen arteko konexioaren saneamendua berrizteko lanen lizitazioa martxan jarri du. Gaur egun, 200 mmko diametrodun gres materialeko hodi biz osatutako sare bat dago errepide azpian eta hondakin eta euri-urak banatuko dituen sare berria jartzeko asmoa du Basaurik, “gaur egungoa hondatuta dagoelako”. Lan hauei erregistro-putzu berrien instalazioak gehitu behar zaizkie. Saneamendu lanek 79.990 euroko oinarrizko aurrekontua izango dute.

Lanak Auzoegin Auzoetako Ekintza Planaren markoan kokatuta daude eta enpresa esleituak bi hilabetetan gauzatu beharko ditu lanak.

Karmelo Torreko aparkalekua // Geuria

Kareagan bide bioosasungarri bat egiteko 300.000 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak