☉ Basauri
Bizkaiko tokiko merkataritza omentzeko gala antolatuko dute Basaurin abenduaren 27an
Bizkaiko saltokien Ibilbidea, Berrikuntza eta Euskara sarituko dituzte. Era berean, Basauriko erakusleihoen lehiaketako sariak ere banatuko dituzte

Bizkaiko merkatariak eta merkataritza omentzeko Bizkaidendak Gala hartuko du Basaurik abenduaren 27an, larunbatez. Social Antzokian izango da 20:00etan.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta Bizkaiko hiru denda sarituko dituzte, hiru kategoriatan banatuta: Ibilbidea, Berrikuntza eta Euskara. Guztira, 2.250 euro banatuko dituzte saritan.
“Sari hauek urteetan zehar merkataritza eraikitzen aritu direnen dedikazioa, berritzen dutenen ikuspegi eraldatzailea eta eguneroko jardunean euskeraz hitz egiten duten enpresen ahalegina nabarmentzen dituzte”, esan du Jose Cebrecos Bizkaidendak Federazioaren lehendakariak.
Horiez gain, Bizkaiko erakusleihoen zazpigarren lehiaketako saridunak ezagutaraziko dituzte galan.
Asier Iragorri Basauriko alkatea “pozik eta harro” agertu da Bizkaidendak Gala herrian antolatuko delako: “Tokiko merkataritzak kalitatezko zerbitzua eta profesionala eskaintzen du eta horri garrantzia eman behar diogu”.
Era berean, merkataritza dagoen lekuan “bizitza” dagoela ere azpimarratu du: “Leloak hori dio, baina horrez gain, lana eta etorkizuna ere eskaintzen dituzte tokiko dendek. Tokiko ekonomia suspertzen laguntzen dute”, esan du Iragorrik, eta Udaletik lan-ildo hori laguntzen jarraituko dutela adierazi du.
Basauriko erakusleihoak
Bestetik, galaren barruan Basauriko erakusleihoen lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Guztira herriko 42 saltokik hartu dute parte lehiaketan.
“Duela urte asko ez genuela Basaurin tokiko erakusleihoen lehiaketarik antolatzen, eta aurten berriro egitea erabaki dugu. Gure herriko denden sormena bultzatu nahi izan dugu, eta gizartean erakutsi oinarri sendoa direla”, adierazi du Isabel Cadaval Merkataritza arloko zinegotziak.
Basauriko erakusleiho onenaren sarian ere hiru sari banatuko dituzte, eta 450, 400 eta 350 euro banatuko dituzte.
Gainera, Basauri Merkatari Elkartearen lankidetzarekin erakusleiho onenaren saria irabaziko duen saltokian bideo bat grabatuko dute, eta herri zozketan parte hartu duten herritarren artean zozketa antolatu dute.
Jose Feijoo Basauri Merkatari Elkarteko presidenteak esan du “pribilegioa” dela Bizkaidendaken Gala Basaurin antolatzea: “Eguneroko ahaleginaren aitorpena da”.
☉ Basauri
Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.
Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.
Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo, Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.
☉ Basauri
Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin
Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.
Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.
Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.
Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.
Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.
Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen
Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik
☉ Basauri
Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.
Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.
Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.
Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.
“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.
Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.
☉ Basauri
Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.
Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.
Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz.
☉ Basauri
Bideoa | Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”
2021eko eraso homofoboaren epaiketak lau saio izango ditu: gaur izan da lehena eta Ekain berak eta lekuko batzuek deklaratu dute epailearen aurrean

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasi da gaur. Eta, Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauriko Bentako plazan [hemen argazkiak]
Elkarretaratzean izan dira Ekainen senideak, eta GEURIAn Silvia Gomez bere amarekin berba egiteko aukera izan dugu: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”.
Ekain lehenengoa izan da epailearen aurrean deklaratzen eta ondoren erasoa ikusi zuten lekukoek eman dute euren testigantza. Erasoa egitea leporatuta 11 pertsonak deklaratuko dute martxoaren 11n.











