→Basauri

Bizkotxaldeko parke berria 2022. urte hasieran irekiko dute, Basaurin

Basauriko Udalak Bizkotxaldeko haurrentzako jolasgunea berritzeko obrak esleitu ditu jada. Lanak hilabete bukaeran edo uztaila hasieran hasiko dituzte eta sei hilabete epean bukatuko dituzte.

Bu gune izango ditu parke berriak: estali gabekoa eta estalitakoa // Basauriko Udala

Bizkotxaldeko “hareazko parkea” iraganean geratuko da, beste parke berri bati lekua egiteko. Hain zuzen ere, Basauriko Udalak Bizkotxaldeko haurrentzako jolasgunea berritzeko obrak esleitu ditu jada. Lanak hilabete bukaeran edo uztaila hasieran hasiko dituzte eta sei hilabete epean bukatuko dituzte. Hau da, 2022. urte hasierarako bukatuko dituzte Bizkotxaldeko parke berriko obrak. Consaudi Obra Civil enpresa bizkaitarrak burutuko ditu obrak eta Udalak 560.998 euroko inbertsioa egingo du.

Esku-hartze horrek ingurua modu integralean birgaitu, eta haur-jolasen eremua birrantolatuko du. Parke berriak bi gune izango ditu: alde batetik, estali gabeko zati bat, 250 metro karratu ingurukoa, kautxuzko lurrarekin, eta horren ondoan belar natural eta artifizialezko esparru bat; eta bestetik, zati estali bat, 515 metro karratu ingurukoa, kautxuzko lurrarekin. “Gune bietako jolas-elementuei esker, 285 ume egon ahalko dira jolasten aldi berean”, dio Asier Iragorri alkateak.

Gaur aurkeztu die Udalak komunikabideei Bizkotxaldeko parke berriko proiektua // Geuria

Kautxuzko lurra ipiniko dute eremu guztian, “araudiak ezarritako indargetze- eta segurtasun-neurriak betetzeko”, dio Iragorrik. Eta bestetik, jolas-elementu naturaletan robina egurra erabiliko dute: “Material horrek zenbait hamarkadaz egin ahal die aurre baldintza meteorologikoei, intsektuei eta onddoei. Parkeko gainerako osagaiak ere kalitate altukoak izango dira, eta ezarritako estandar guztiak beteko dituzte.

Estali gabeko eremua

Estali gabeko eremuan, besteak beste, oreka-jolasak, gora egiteko jolasak, jolas lasaiak, aulki birakari irisgarri bat eta txirrista bat egongo dira. Gainera, nobedade gisa, 25 metro luzeko tirolina bat ere jarriko dute. Horiez gain, etxetxo bat ere jarriko dute (gurpil aulkiarekin ere sartu ahal izateko), eta bertan rol-jolasak sustatuko dira, eta jolas-panel hezigarri bat eta bi arbel egongo dira: “Gune integratzaile bat eratuko da, gaitasun desberdinak dituzten haurrak elkarrekin jolastu ahal izateko. Azkenik, otzara birakari irisgarri bat jarriko dute, eta hiru telefono pare, jolas-eremuan sakabanatuta”, dio Nerea Renteria zinegotziak.

Gora egiteko elementu nagusia izango da dorre hexagonal bat. “Soken bidezko oreka-pasabideak, plataformak, zubiak, sare horizontalak eta hamaka bat esekiko dituzte bertatik, eta, hala, adin guztietako umeentzako erronka sortuko da. Egur naturala erabiliko dutenez, eta kolore-zertzeladak, jolasa natura-eremuarekin mimetizatuko da. Soka eta sareak arinak eta gardenak izango direnez, umeek dena ikusiko dute une oro, eta horrek lagunduko du entzumen-desgaitasunak dituzten haurrak integratzen. Era berean, sokadun ibilbideak ikusmen-desgaitasunak dituzten umeentzako gida izango dira”, dio Renteriak. 

Eremu estalia

Estalitako gunea izango da azalera gehien izango duena (515 metro karratu), eta “balio ludiko handiko” jolas-sorta jarriko dute. Eremu horretan bi jolas-multzo bereiziko dituzte. “Lehen jolas-multzoa txikienentzat izango da: aukera izango dute gora egiteko, katuka ibiltzeko, irristatzeko eta oreka lantzeko, leku seguru eta lasai batean”, dio Iragorrik: “Lurraren material berarekin egindako bi mendixka izango ditu, eta txirrista bat, altzairu herdoilgaitzezko tunel bat eta kautxuzko perretxiko sorta bat ere bai”. Bestetik, bigarren jolas multzoan estalduraren sabaitik esekitako sokak jarriko dituzte: “Haurrek aukera izango dute soka horietan gora egiteko, esertzeko, leunki kulunkatzeko… Berez, rol-jolasak sustatzen dituen labirinto bat izango da, eta erlaxatzeko eta sozializatzeko gune bat“, dio Iragorrik.

“Neurri handiko bi elementu ere jarriko dituzte estalitako eremuan: dorre bat, espiralean jaitsiko diren hiru txirristarekin (goialdetik parke osoa ikusiko dena), eta gora egiteko sare sorta bat, biratu eta bihurritu egiten den gurpil-aulkietarako transferentzia-plataformarekin”, dio Renteriak. Halaber, bi zabu, gurpil-aulkietarako irisgarria izango den tranpolin bat, kabi-zabu bat, eta kautxuzko plataformadun beste bat ere ipiniko dituzte. “Mugimendu-jolas horiek guztiek sustatuko dute adin eta gaitasun desberdineko haurrak talde-jolasean aritzea eta integratzea”, dio Renteriak.

Azken hamar urteotan, Basauriko Udalak 1,5 milioi euro inbertitu ditu haur-parkeak eta aisialdirako guneak hobetzeko, berritzeko eta erakitzeko. Gainera, urtean zehar 11.500 euro bideratzen ditu haurrentzako parkeak mantentzeko eta konpontzeko (guztira, 100.000 euro baino gehiago 10 urtean). Gaur egun Basaurik haurrentzako 39 jolas-eremu eta 8 eremu bioosasungarri ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak