Sareak

☉ Basauri

Borja Bayo: «Kirolak motibazioa, ahalduntzea eta gizarteratzea eskaintzen dizkie aniztasun funtzionala duten pertsonei»

Haszten sortu zuen Borja Bayok duela 10 urte Isabel de Pozarekin (basauriarra hau ere) eta Pablo Hernandez getxoztarrarekin batera. Aniztasun funtzionala duten herritarrei kirola eta jarduera fisikoa eskaintzen diete

|

Borja Bayo basauriarra Haszten elkarteko ko-sortzaileetako bat da // Utzitakoa

Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat Bizkaian kirol-hastapena eta jarduera fisikoa modu egonkorrean bultzatzea du helburu Haszten elkarteak. Iaz 10 urte bete zituen eta sortzaileen artean Borja Bayo Muñoz (Basauri, 1988) dago, Kirol Egokitu eta Inklusiboko teknikaria eta Gorputz Hezkuntzako irakaslea. Haszten elkarteak egiten duenaz, bere helburuez, irisgarritasun unibertsalaz eta aniztasun funtzionala duten herritarren egoeraz berba egin dugu berarekin.

Lehenik eta behin, zer da Haszten elkartea? Haszten elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Kirol Jarduera Fisiko Egokitua eta Inklusiboa bultzatzea du helburu. Bizkaiko udalerrietan dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko sortu genuen elkartea. Adin desberdinetako eta era guztietako desgaitasunak dituzten pertsonekin lan egiten dugu.

Sortzaileen artean zu zaude. Bai. 2014ko azaroan sortu genuen Pablo Hernandez getxotarrak, Isabel de Poza basauriarrak eta hirurok Haszten elkartea. 2009an elkar ezagutu genuen eta 2010ean hirurok Bizkaiko Eskola Kirol Egokituaren programako lantaldean elkartu ginen. Eskola-kirol egokituak, legez, kirol anitzeko eskolak baino ez zituen eskaintzen, eta kirol espezifiko egokituak pertsona helduei baino ez zeuden zuzenduta.

Eta horregatik erabaki zenuten elkarte bat eratzea, ezta? Bai. Haszten eratzeko ideia sortu zen dibertsitate funtzionala duten pertsonen familia horietako batzuek beren seme-alabentzako kirol-eskaintzan eta eskolaz kanpoko jarduera fisikoan dagoen hutsunea betetzeko duten beharretik, seme-alabek kirol espezifikoak eta ez soilik multikirola egin ahal izateko beharretik.

Ikastetxeetan dibertsitate funtzionala dutenek ez dute gorputz-hezkuntzarik curriculumean, eta paradoxikoki, mundu guztiarentzat jarduera psikomotorra erabakigarria bada garatzeko, ikasle-profil horientzat ezinbestekoa da. Gaur egun, ordea, Hezkuntzaren legea ez da aldatu zentzu horretan.

Zeintzuk dira elkartearen helburuak? Helburu nagusia da Bizkaian kirol-hastapena eta jarduera fisikoa modu egonkorrean bultzatzea dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboan, kirolarien familiei profesionaltasunez eta kalitatez arreta emanez. Horretarako, sarean lan egitea eta Ekintzen Plan Integral bat ezartzea ezinbestekoa da. Haszten elkartearen DNA kirolariaren eta euren familien beharra ardatz duen zuzeneko lana da.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko jarduerak antolatzen dituzte // Haszten elkartea

Azken batean, aniztasun funtzionala dutenen bizi-kalitatea hobetzea da Hasztenen xede nagusia. Bai. Eta horretarako kirola eta jarduera fisikoa da bidea. Autonomia eta independentzia garatzeko, lagun talde bat izateko, errespetu-balioak ikasteko, kirol batean edo gehiagotan hasteko eta horietan hazteko, helburuak jartzeko, konstantea izaten ikasteko, kontzentratzeko, gauzatuta sentitzeko eta talde bateko kide izateko bidea da.

Pertsona zaurgarrien eta bazterketa-arriskuan daudenen talde batean, kirolak ematen dizun motibazioa eta autodeterminazioa erabakigarriak dira ahalduntzeko eta gizarteratzeko. Kirolaria beti da bere burua zaintzen duen, ahalegintzen den, konstantea den eta hobetu nahi duen norbaiten ikono positiboa. Gizartearen aurrean norbera kirolari gisa determinatzea kirola egiten ez dutenen aurrean ahalduntzeko modu bat da, eta, aldi berean, mundu guztiari erakusteko denok ditugula gaitasun desberdinak, parte hartzeko eskubidea eta gizartean lekua izateko eskubidea.

Haszten izena, zelan erabaki zenuten? Elkartearen Kirol Plana idazten geundela erabaki genuen izena: Haszten. ‘S’ hizkia kirol edo ekintza bat hasten duzulako da, eta ‘Z’ kirol horretan hazten zarelako. Modu horretan, kirolari bakoitzak egiten dituen urratsak klubaren izenean egongo dira beti ordezkatuta.

Elkartea behin sortuta, zer egin zenuten? Behin bidea hasita, finantzatzaile posibleen zerrenda egiten joan ginen, eta horien artean zeuden, noski, udalak, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Era berean, enpresa-sektorean ere finantzatzaileak bilatzen hasi ginen; izan ere, Bizkaiko enpresa askotan, desgaitasuna duten senideak dituzten langileak ere badaude, eta prest daude laguntza bat emateko proiektua bultzatzen jarraitzeko eta, aldi berean, ematen ditugun zerbitzuez gozatzeko.

Hasieratik era guztietako ekintza eta lankidetza solidarioak antolatu ditugu, eta kirolari profesionalengana ere jo dugu gure kirolariak motibatzeko eta ezagutarazten laguntzeko. Adibidez, Oscar de Marcos, Fran Yeste, Jonfer, Eunate Arraiza, Aymeric Laporte, Leticia Canales, Asier Garcia (saskibaloi jokalaria gulpildun aulkian), Rakel Mateo, Ixa Rodriguez, Alain Saavedra edota Julen Arizmendi.

Zein izan da elkarteak izan duen harrera? Harrera beti izan da ona, gizartearentzat gauza onak eta berritzaileak ekartzen baiditugu. Baina, gogor lan egin behar izan dugu erakusteko eta konbentzitzeko; oraindik asko dago egiteko.

Ikasturtez ikasturte eta urtez urte harrituta geratu gara lortutako guztiarekin. Borondate handia jarri behar izan dugu, baina uste dugu oinarri sendoak ditugula familia bakoitzak behar duen kalitateari, arreta pertsonalizatuari eta tratu hurbilari eusteko. Hala ere, asko egin dela dirudien arren, kristalezko sabai bat dagoela ere ikusten dugu, eta esan bezala, Bizkaian asko dago egiteko.

“Irisgarritasun unibertsala terminoa utopikoa izango da beti, baina bide horrek gidatzen gaitu eta helburu horretara hurbiltzen saiatzen ari gara: urrats asko ematen ari dira”

Iaz 10 urte bete zituen Hasztenek. Elkarteak izan duen bilakaeraz galdetuko banizu. Hasztenen bilakaera etengabea izan da eta bada. Datu batzuk ematearren, 30 pertsona inguru ari gara lanean, astero 720 pertsona inguru artatzen ditugu gure 12 programekin eta 260 familia bazkide inguru gara. Bizkaiko mankomunitate ezberdinetako 20 bat udalerritan gaude.

Gaur egun jarduera fisikoko eta kiroleko 124 talde aktibo ditugu, hazkundea deskribatzeko modu egokia da. Eboluzioaren ideia bat egiteko, lehenengo urtean, 2 talderekin hasi ginen. Hurrengoa 12rekin amaitu zen. Hirugarrena 21ekin. Laugarrena 32rekin. Bosgarrena 42rekin. Seigarrena 58rekin. Zazpigarrena, 72. Zortzigarrena 85. 2023-2024an 100 taldera iritsi ginen. Eta 2025 honetan, 124 talde ditugu. Horietatik 80 eskola-kiroleko programakoak dira, gure programa izarra eta gure zutabeetako bat, 450 plazarekin.

Gure hezkuntza-programak gorputz-hezkuntzaren arloko 36 gela egonkor hartzen ditu, 200 ikaslerekin. Mugilan programak beste 60 pertsona artatzen ditu 8 tailer okupazionaletan. Eta Osasunaszten programan, medikuak aginduta hidroterapiara eta errehabilitaziora bideratuagoa, gaur egun 8 lagun daude; kasu horretan arreta pertsonalizatua eta indibiduala da. Ikasturte bakoitzean, 80 sentsibilizazio-jarduera inguru egiten ditugu ikastetxeetan eta beste esparru batzuetan.

Komentatu duzu, Borja, 12 programa dituela martxan Hasztenek. Zeintzuk dira? Hauek dira gure 12 programa: familientzako arreta eta orientazioa; kirol eskola egokitu eta inklusiboak; kirol federatua; campus osasungarri egokituak eta inklusiboak (oporraldietarako); ohiko egituretan gizarte-inklusioa; ‘Ikaszten’ gorputz-hezkuntza ikastetxeetan; ‘Mugilan’ zahartze aktiboa; ‘Osasunaszten’ bereziki osasunera bideratutako programa; sentsibilizazio-tailerrak ikastetxeetan eta beste esparru batzuetan; prestakuntza; ekitaldi desberdinak; kirol egokituaren eta inklusiboaren arloko udal-planak diseinatzea, gauzatzea eta jarraipena egitea; eta boluntariotza.

Zein kirol-modalitate eskaintzen ditu Hasztenek? 21 kirol-modalitate inguru praktikatzen ditugu: gimnasia erritmikoa, areto-futbola, padel, igeriketa, boccia, txirrindularitza, pala, zumba, multikirola, psikomotrizitatea, skateboarding, surfing, gurpil-aulki elektrikoko hockeya, slalom, anputatuen futbola, fitnessa, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, boxeoa eta, batzuetan, mendi-ibiliak, piraguismoa eta beste modalitate batzuk, hala nola, EA games.

‘Kirola baino gehiago’ lema erabiltzen duzue. Kirola baino zer gehiago da Haszten? Kirol-jarduera eskaintzeaz gain, Hasztenen izena ematen duen pertsonak bere autonomiaren garapen integralean, gizartean integratzean eta bere bizitzako alderdi eta une guztietan jarraipena egin ahal izateaz arduratzen gara, maila guztietan eragin positiboa sortuz.

Aukera ematen dugu eskola-orduetan, eskolaz kanpoko orduetan eta oporraldietan gorputz-hezkuntza izateko, zure ikastetxea edo ingurunea sentsibilizatuta egoteko, zure kirolean eboluzionatzeko edo lehiaketetara edo ekitaldietara laguntzeko eta familia lasaiago bizitzeko.

Familia handia gara, kirol eta jarduera asko egiten dituen klub handia. Eta familiek guregana jotzen dute gai eta gomendio askotarako. Horregatik ondorioztatzen dugu hori kirola baino gehiago dela.

Nolakoa da aniztasun funtzionala duen pertsona baten eguneroko bizitza? Dakizuenez, desgaitasun mota asko daude. Ugarienak intelektuala eta autismoa dira. Arreta-defizita izan ohi da izendatzaile komuna, eta, horrekin batera, ikaskuntza edo hizkuntza eta komunikazioa aldatzea. Horrek eragina izan ohi du eguneroko bizitzako zereginen autonomian, eta laguntza behar izaten da zeregin horietako batzuk edo asko egiteko.

Bereziki kezkatzen gaituen beste alderdi bat da lagunak egitearena. Ez da gauza bera bere kabuz bere auzoko plazara edo eskolara jolastera jaitsi daitekeen ume bat, interakzioa eta lagunak modu erraz batean egiten dituena, edo arintasunez hitz egiteko gaitasunik ez duen edo trebetasun sozialik ez duen beste ume bat. Horregatik, pertsona horientzat funtsezkoa da bere kirol-taldean lagun-talde bat aurkitzea.

“Asko betetzen nau desgaitasuna duten haurrak beren klubeko txandalarekin eta motxilarekin ikusteak. Lehen ez zen halakorik kalean ikusten”

Zailtasunez harago, esperientzia aberasgarria izango da halako lanbide bat izatea. Zalantzarik gabe, hala da, arrazoi askorengatik. Beti dago ondo egina sentitzea norbaitek edo kolektiboren batek bere kezkak gainditzeko zure laguntza behar duela dakizunean. Haszteneko sortzaileetako bakoitzak gure historia pertsonala dugu. Nire kasuan, 62 urteko osabak Down sindromea eta autismoa ditu, eta, bestalde, 55 urteko lagun bat dut, Down sindromea duena. Horiekin bi errealitate desberdin ezagutu ditut: alde batetik gizarte-bazterkeria eta bestetik inklusioa. Biak ala biak landa-ingurunean.

Asko betetzen nau desgaitasuna duten haurrak beren klubeko txandalarekin eta motxilarekin entrenatzera doazela ikusteak. Lehen ez zen halakorik ikusten. Lan honek oso zoriontsu egin zaitzake, baina bakoitzak bere zergatia baloratu behar du.

Irisgarritasun unibertsalerako eskubidea bermatzea da zuen helburuetako bat. Lortuko dugu noizbait irisgarritasun unibertsal hori? Termino hori utopikoa izango da beti, baina bide horrek gidatzen gaitu eta helburu horretara hurbiltzen saiatzen ari gara. Urrats asko ematen ari dira, baina egia da errealistak ere izan behar dugula, eta hori ez da denon gustukoa, ez alde batentzat ez bestearentzat. Inklusio erreal bat edo gutxienez integrazio bat egoteko, interes eta parte-hartze aktibo, erreal eta eraginkor bat egon behar da, eta alde guztiak sentsibilizatuta egon behar dira, taldearen kirol-helburuekin bat etorriz. Inklusioak beti izan dezake lekua.

Erakundeei laguntzen diegu desgaitasunen bat duten herritarrek irisgarritasun unibertsaleko eskubide horri heldu diezaioten, edo, gutxienez, ondo zainduta senti daitezen. Ahal den guztia egiten ari gara modu ekitatiboan parte har dezaten. Bide luzea da: haziak landatzen ari gara, eta batzuek emaitzak emango dituzte, ziur.

Hego Uribe eskualdean zerbitzurik eskaintzen al du Hasztenek? Bai, Haszten duela urte askotatik dago Hego Uriben. Urtero sentsibilizazio-tailerrak egiten ditugu eskualdeko udalerrietan, adibidez.

Arrigorriagan, azaroaren 24an, ekitaldi bat antolatu genuen Arguia klubarekin batera: pala txapelketa inklusiboa zutunik eta gurpil-aulkian. Galdakaon sentsibilizazio-ekintza puntualen bat egin dugu Gaztelekuetan, eta 2025ean ekintza egonkorragoak aktibatzeko lanean ari gara, Arrigorriagan egin genuen bezala.

Basaurin, bi aldiz campus inklusibo bat egin genuen Atletico Basauri Eskubaloi Klubarekin, eta eurek antolatzen duten Hondartza Solidarioko Eskubaloi Txapelketan parte hartu dugu. Gainera, San Fausto jaietan, 2018az geroztik, skateboarding egokituko erakustaldian parte hartzen dugu Embarcan. Asmoa dugu aurten Basaurin aniztasun funtzionala duten pertsonen diagnostikoa egiteko, eta 2026an Etxebarrik ere zerbitzua kontratatzea gustatuko litzaiguke.

Ezagutzen duzu aniztasun funtzionala duten herritarren egoera Hego Uriben? Partzialki ezagutzen dugu, baina badugu tresna bat kasu gehiago detektatzen laguntzen diguna, zerbitzua eskaini ahal izateko.

Horixe da, adibidez, Arrigorriagan eta Galdakaon egin dugun diagnostiko-programaren oinarria. Eta Basaurin aurten egiteko asmoa duguna.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboari eta horiek kirolean duten inplikazioari dagokienez, Bizkaiko udalerriei laguntza teknikoa emateko zerbitzua da.

Zein etorkizun izango du Hasztenek? Programa eta zerbitzu mailan egonkortu egin gara, eta hemendik aurrera udalerri eta ikastetxe gehiagotan zerbitzu ematea espero dugu.

Gure kirolariei eta haien familiei lagundu nahi diegu, bizitza osoan kirola egin dezaten. Hori dela eta, asko eta asko adinez nagusi egiten direnean, talde batzuk adinaren arabera banatu beharko ditugu, haurrak adin homogeneoagoetan has daitezen.

Hori dela eta, beharrezkoa da taldeak sortzen jarraitzea. Badirudi talde asko daudela, baina errealitatea da plazak oso gainezka daudela eta desgaitasunen bat edo beste duten gero eta haur gehiago jaiotzen direla. Itxaron-zerrenda gero eta luzeagoak ditugu, eta familia batzuek urrutira joan behar izaten dute beren seme-alabek kirola egin dezaten.

☉ Basauri

Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean

Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

|

Bihar egingo du debuta Igor Ocak, Cordobaren aurka // Utzitakoa

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.

Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.

Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.

Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra

44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.

Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.

Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.

Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin

|

Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!

Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri

☉ Basauri

Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

|

Fernando Goitia 2011n Bilduren agerraldi batean // Bidebieta

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.

Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.

Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.

Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du

Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

|

Apirileko osoko bilkuran agerraldia egin zuten Basauriko udal langileek // Basauriko Langileen Batzordea

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.

Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.

“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.

Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.

2026an mobilizazio gehiago

“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.

Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.

“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.

Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.

“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.

Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna