Sareak

☉ Basauri

C.D Basconiaren arrastoa Kopako finalean: zenbat zurigorrik jantzi dute aurretik bere kamiseta?

Datorren larunbateko kopako finalari begira, kasurako, 16 dira Basaurin hazi eta zaildu diren jokalariak

|

Iñaki Williams eta Yeray Álvarez, goiko lerroan eskuineko azken biak / Utzitakoa

111 urte bete zituen C.D Basconiak orain dela ez asko. Bide oparoa egin du talde basauriarrak mende luze honetan, eta 1997-1998. denboraldiari begira Athletic Clubarekin hitzarmena sinatu zuenetik zurigorrien hirugarren taldea bilakatu da. Hori horrela, egun San Mamesen aritzen diren jokalari dezente klub hori-beltzetik igaro dira aurretik.

Datorren larunbateko kopako finalari begira, kasurako, 16 dira Basaurin hazi eta zaildu diren jokalariak. Atzera joz gero, zerrenda horretan lehena Iñigo Ruiz de Galarreta euskarria da, nahiz eta bere jarduna  partida bakarrera mugatu zen, artean gazte mailako jokalaria zela, 2010-2011 denboraldian. Hurrengo ikasturtean Bilbao Athleticera igo zen zuzenean.

Egun aldagela zurigorrian itzal handiko jokalariak direnak ere, Lekue (2012-2013), Iñaki Williams (2013-2014),  edo Yeray (2013-2014)   dira hurrengoak zerrendan.

Hortik aurrera, erreskadan datoz lehen mailan euren tokia egin duten hainbat jokalari, Unai Simon, Guruzeta edota Villalibre, adibidez,  zurigorrien etorkizun distiratsua bermatzen duten beste jokalari batzuekin batera, hala nola Agirrezabala, Vivian, Paredes, Imanol, Prados, Unai Gomez, Adu Ares, Jauregizar edo aurten denon ahotan dabilen Nico Williams.

Emari etengabea

Unai Azurmendik 2014-1015. denboraldian hartu zuen talde ordezkaria izateko ardura, eta baita presidentzia ordetza ere. Bata bestearen eskutik etorri zen, GEURIAri azaldu dion bezala: ” lehen taldearen ordezkari moduan hasi behar nuen lanean, baina orduko presidente ordeak, Juan Manuel Villanuevak, osasun arazo bat izan zuen, eta bi zereginak uztartu behar izan nituen”. “Villalibre edo Guruzeta zeuden Basconia hartan”, zehaztu du, “eta biek ala biek gola zainetan zeramatela ikusten zen arren, egia da Guruzetak egin duen ibilbidea aipagarria dela, Ligako Pitxitxia izateko borrokan dabil buru belarri! Lan handia egin du, zalantzarik gabe”.

2018-2019: Aitor Paredes arrigorriagarra (goian laugarrena ezkerretik), Beñat Prados (beheko lerroan laugarrena ezkerretik) eta Imanol García de Albeniz (Pradosen eskuman). Unai Azurmendi erdiko lerroan laugarrena ezkerretik / Utzitakoa

Ordezkari moduan Azurmendik zuzeneko harremana izan du jokalariekin hamarkada honetan, partida guztiak jokalari eta entrenatzaileekin batera bizitzea egokitu zaiolako: “taldea aldagelan sartzen denetik zu hor zaude, eta alde egiten duen azkena zara, beraz harreman estua duzu eurekin. Momentu gazi eta gozoak konpartitzen dituzu”.

Eskarmentu horretatik abiatuta, Unaik argi du jokalari gazteei helarazi behar zaien mezua: “guk beti gauza bera esaten diegu; urtero 24 jokalari egoten dira Basconian, eta horietatik oso gutxi helduko dira lehen mailara, beraz garrantzitsua da burua lepo gainean izatea eta errealitate hori ulertzea”. Adibide moduan, belaunaldi jakin batzuen uzta nabarmendu du: “2013-2014. denboraldiko taldean Remiro, Yeray edo Iñaki Williams bezalako jokalariak zeuden, eta aldagela honetatik egun izarrak diren Kepa, Simon edo Laporte bezalako futbolariak igaro dira”.  Etorkizunera begira, hainbat izen goraipatu ditu: ” Nico, Prados, Unai Gomez, Jauregizar… etorkizuna bermatuta du Athleticek”.

Adu Ares (beheko lerroan lehena ezkerretik) eta Unai Gomez (beheko lerroan hirugarrena ezkerretik) dira CD Basconiatik igaro diren azke harribitxietako bi / Utzitakoa

Protagonista bat, lerroz lerro

Larunbateko finalari begira, lerro bakoitzean Basconiatik igaro den jokalari bakarra aipatzeko eskatu diogu: “zaila da, ez nuke inor kanpoan utzi nahi eta”.  “Egia esan”, erantsi du, “ordezkaritza bikaina izango dugu, atetik hasita, Julen Agirrezabala atezain bikaina baita, presiopean onena emateko gai dena”. Atzeko lerroari dagokionez, “Paredes alboan utzi gabe, bikote paregabea egiten baitute, Vivian nabarmenduko nuke, beti ehuneko ehunean egoteko daukan ahalmenagatik”. Zelai erdian Beñat Pradosen “grina eta kilometroak egiteko daukan gaitasuna” nabarmendu du, eta aurrelarien kasuan ezinezkoa izan zaio bakarra aukeratzea: “hirurak izango dira garrantzitsuak, begira Nico eta Guruzeta ematen ari diren maila… hala ere, uste dut Iñaki Williamsen finala izango dela, are gehiago momenturen batean gauzak ondo ez badoaz. Egin duen ibilbideagatik, daukan indarragatik… bere momentua da”.

Hala bedi!

☉ Basauri

Alazne Gomez basauriarra Espainiako halterofiliako txapeldunordea da

|

Alazne Gomez, erdian, Galdakao Halterofilia taldeko Maite Uriarterekin (Espainiako txapelketan finalista izan zen Maite 59 kategorian // Argazkia: Galdakaoko Udala

Espainiako halterofiliako txapeldunorde absolutua da Alazne Gomez basauriarra, 76 kategorian. Txapelketa Ourensen jokatu zen ekainaren 8an eta 9an.

Alazne gaur egun Galdakaoko Halterofilia Taldean dago, eta berarekin batera txapelketan parte hartu zuen Maite Uriarte taldekideak. Maite finalista izan zen 59 kategorian.

Alaznek iaz El Conquistador del Caribe saioan parte hartu zuen –Aritz Irusta galdakoztarrak parte hartu zuen edizio berean-, eta 2022an elkarrizketa egin genion GEURIAn.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto kalean hutsik dauden etxebizitzak soilik hormatzen hasi da Basauriko Udala, “okupazio-arriskua saihesteko”

Batu Elkarlaguntza Sareak sare sozialetan egindako salaketari erantzun dio Basauriko Udalak

|

Batu Elkarlaguntza Sareak sare sozialetan salatu duenez, “Basauriko Udalak San Fausto kaleko 9. eta 11. blokeetako etxebizitza batzuk hormatzeko agindu du aurretiaz abisatu gabe, borrokan ari diren bizilagunak beldurtzeko”.

Basauriko Udalak zehaztu duenez, “hutsik dauden udal-jabetzako etxebizitzak soilik” hormatzeari ekin dio, “okupazio-arriskua saihesteko”.

“Batu Elkarlaguntza Sarearen baieztapenak, “borrokan dauden bizilagunak beldurtzeko helburuarekin” egin direla edo “jarrera oldarkorra” izan dela baieztatzen dutenak, erabat zalantzazkoak dira; kolektibo horren balorazio subjektibo eta partikularrak dira, eta ez dira Udalak egindako benetako egitatetan oinarritzen. Gainera, Bidebik zuzenean jakinarazi zion Batu Elkarlaguntza Sareari hutsik zeuden udal-jabetzako etxebizitzetarako sarbidea baino ez zela ixten ari”, diote udal ordezkariek.

Batu Elkarlaguntza Sareak ere adierazi du sare sozialetan ekainaren 6an Udaltzaingoa bertaratu zela, “eta etxebizitza batzuetan sartzeko saiakera” egin zuela. Basauriko Udaletik esan dute, “legezkoak ez diren okupatzaileek etxebizitzak okupatzea eragozteko eta egoiliarren segurtasuna babesteko” bertaratu zirela, eta, “berdin jokatzen jarraituko du, hutsik dauden udal-jabetzako etxebizitzetarako sarrera blokeatzen, are gehiago kontuan hartuta azken egunetan udal etxebizitza baten legez kanpoko okupazioaren kasuren bat detektatu denean eta pertsona batzuek poliziaren lana oztopatu zutenean”, diote.

“Bidebi, hirigintza-plangintza garatzeko Basauriko Udalaren sozietatea, bi eraikin horietako egoiliar gehienekin akordioetara iritsi da eta helburu berarekin lanean jarraituko du. Legezko okupatzaileek beste bizileku bat izateko eskubidea duten kasuetan, pertsona horiek birkokatu egingo dira, baina Basauriko Udalak ez du inola ere diru-kutxa publikoetara kargatuko eskubide hori jasotzen ez duen okupatzaile baten birkokatzea”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Udal-langileak seinalatzea

Beste alde batetik, Batu Elkarlaguntza Sareak bi udal-langile “modu publikoan eta esplizituki” seinalatu izana salatu dute Basauriko Udaletik: “Hori langile horien intimitatean bidegabe sartzea da, eta derrigortze-delitua izan liteke”. Ildo horretan, udal zerbitzu juridikoak horri buruzko lege-ekintzak abiarazteko aukera aztertzen ari dira.

“Bi langile horiek beren eginbeharra baino ez dute betetzen, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Erreformako Plan Berezian (PERU) oinarritutako erabaki politiko batetik eratorritako ekintzak gauzatuz. Plan hori Udalbatzak onartu zuen 2018an. Basauriko Udala San Fauston garatzen ari den hirigintza-kudeaketa plangintza horretan aurreikusitakoa da”, diote.

Bilera eskatzea

Batu Elkarlaguntza Sareak bilera bat eskatu du Basauriko udal gobernuarekin San Faustoko bizilagunen birkokatzea negoziatzeko: “Azpimarratu nahi dugu hilabeteotan Udalarekin izan dugun gatazkak helburu bakarra duela: 2018ko HAPOn hitzartutakoa betetzea eta San Fausto kalearen izkinetako egoeratik urrun dagoen jarrera paternalista alde batera uztea. Behin eta berriro eskatuko dugu bizilagunentzat beste bizileku bat”, diote.

Basauriko Udaletik ziurtatu dute ez dagoela gatazkarik: “Errealitatetik oso urrun. Batuk diskurtso populista bat mantentzen du, errealitatetik eta egitik erabat deskonektatua, eta gatazka bat sortu nahi du, gatazkarik ez dagoen lekuan. Basauriko Udala etxebizitza horietarako aurreikusitako eta osoko bilkuran onartutako hirigintza-kudeaketa garatzen ari da”, diote.

“Batu Elkarlaguntza Sarearen jarrera oztopatzaileak arriskuan jartzen du inguru guztia birgaitzea eta Bidebietako aldirietako tren geltoki berria eraikitzea. Estatuko Administrazioak horretarako programatutako finantziazioa garrantzitsua da, eta kolokan egon daiteke. Horrek kalte egiten die basauriar guztiei eta, bereziki, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko bizilagunei”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Solobarria plaza ondoko zabaldegiko estalkia uda amaierarako egongo da jarrita

|

Obrak hasi dituzte eta bi hilabeteko epean bukatuko dituzte // Google Maps

Solobarriako metroko irteeraren alboko zabaldegiko eserlekuen erdiguneko eremuan estalkia jartzeko obrak hasi ditu Basauriko Udalak.

Lanak bi hilabetez luzatuko dira, hortaz, uda amaierarako bukatu dituzte obrak.

Udalak 98.000 euroko inbertsioa egingo du esku-hartze horretan. Otsailean obra gauzatzeko lehiaketa publikoa ireki zuen Udalak eta Abadiñoko Cumenorte enpresak burutuko ditu.

Iazko aurrekontu parte-hartzaileetan proposatu zuten herritarrek Solobarriako metroko irteerako plazatxoa estaltzea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Etengabeko Arreta Gunea asteburuan medikurik gabe egongo dela salatu dute

Ez da gertatzen den lehen aldia, eta Martxoaren 7an elkarretaratzea egin zuten Basaurin Etengabeko Arreta Guneen egoera salatzeko

|

Lehen arreta indartzeko kontzentrazioa Basauriko anbulategian // Geuria

Hautsak harrotu ditu Osakidetzeko arduradunek udarari begira Osasun Zentroetarako egin duten plangintzak. Gotzone Sagardui jarduneko Sailburuak ukatu du murrizketarik edo itxierarik egongo denik,  “berregokitzapenak” direla zehaztuz, baina erantzun horrek ez ditu inondik inora sindikatuak eta beste hainbat eragile asetu, eta beste uda batez “murrizketak eta itxierak” egingo direla salatu dute. ELA sindikatuak zera zehaztu du: “neurri horiek erabaki politikoen ondorio zuzena dira, eta ez dute, inola ere, Lehen Arretaren gabeziei aurre egiteko planik planteatzen. Langileak gehiegi kargatzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua murrizten jarraitzea beste planik ez dago”.

Horren adibide, ELA sindikatuak egin duen salaketaren arabera, asteburu honetan bertan Basauriko Anbulategiko Etengabeko Arreta Gunean gertatuko dena: ez da medikurik egongo, eta erizainek hartu beharko dute lanaren zama euren gain. Ez da salaketa hau egiten duten lehen aldia, eta martxoaren 7an bertan elkarretaratzea egin zuten Basaurin, Etengabeko Arreta Guneen egoera salatzeko, hain zuzen ere.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu zuten mobilizazioa, eta bertan hainbat aldarrikapen plazaratu zituzten: “EAGen egoera larria urrunetik dator: zentro batzuen itxiera, langileen prekarizazioa, mediku faltaren ondorioz ekipoak hankamotz geratzea… Azken arazo honi aurre egiteko Osakidetzak eta gure ESIko arduradunek kontingentzia planak diseinatu dituzte, baina eskuartean dituzten proposamenek ez du ziurtatzen EAG-ak oinarrizko lantaldea diren mediku, erizain eta zelariarekin irekiko direnik. Horrez gain, langileen lan eskubideak are gehiago prekarizatuko dituen neurriak biltzen ditu plan honek. Kontuan hartzekoa da, egun, lehen arretak asumitu ezin dezakeen guztia EAG-ek asumitu behar dutelako”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Eizu Euskaraz! kanpainak Basauriko udal langileen eta herritarren arteko euskara landuko du

Datorren astetik aurrera kanpainaren irudiak ikusiko dira Basaurin eta inguruetan: kanpainaren eslogana, udal langileen eta herritarren arteko elkarrizketak komikietako moduko bunbuilo formatuan, kristaletan eta lurrean ipinitako biniloak…

|

María Fernández eta Asier Iragorri, kanpainaren aurkezpenean // Geuria

Basauriko Udalak Eizu Euskaraz! izeneko euskararen erabilerari buruzko sentsibilizazio kanpaina abiarazi du gaur bertan helburu nagusi batekin: herritarrak udal-administrazioarekin euskaraz jardutera animatzea eta udal langileek euskara lanean zein zerbitzuan erabiltzea.

Kanpainaren aurkezpenean María Fernández euskara zinegotzia eta Asier Iragorri Basauriko alkatea izan dira, ekimenaren nondik norakoak aurkezten, udaletxeko sarreran bertan: “Herritarrei ikusarazi nahi diegu hizkuntza-eskubideak dituztela eta Udalean euskaraz eman diezaiekegula arreta”, azaldu du Iragorrik. “Izan ere, euskara administrazioaren eremuan ere erabil dadin nahi badugu, basauriarren laguntza behar dugu”.

“Badugu egitekorik”, esan du Maria Fernándezek. “herritarrei ematen zaien arreta hobetu eta ohiturak aldatu behar ditugu, baina ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren ekimenak ezartzen jarraituko dugu”.

Maria Fernández: “Herritarrei ematen zaien arreta hobetu eta ohiturak aldatu behar ditugu. Ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren ekimenak ezartzen jarraituko dugu”

Kanpainak kanpo eta barne mailan eragina izango du. Kanpora begira, datorren astetik aurrera kanpainaren irudiak ikusiko ditugu Basaurin eta inguruetan: kanpainaren eslogana, udal langileen eta herritarren arteko elkarrizketak komikietako moduko bunbuilo formatuan, kristaletan eta lurrean  ipinitako biniloak… Kanpainaren elementuak euskarri ezberdinetara eramango dituzte: iragarkiak, kartelak, postontzietara botako dituzten liburuxkak…

Euskara garraiatuz

Hemendik egun batzuetara, kanpaina grafikoa garraio publikora iritsiko da ere eta Bizkaibus enpresako linea jakin batzuetan zein Metro Bilbaon ikusi ahalko dira iragarki grafiko horiek.

Barne mailan, udal-langileen artean euskararen erabilera sustatzeko ekintzak egingo dituzte eta horien artean liburu baten argitalpena ageri da. Bertan, Basauriko Udalean hizkuntza ofizialak erabiltzeko osoko bilkuran onartutako irizpideak ageri dira, toki administrazioko langileek gida lez erabiltzeko.

Gainera, kanpainaren irudia daramatzaten katiluak, eskumuturrekoak… emango dizkiete udal langileei eta langile berriei karpetatxo bat oparituko diete. Bertan, ongi-etorri gutunaz gainera Eizu Euskaraz! kanpainako informazio guztia topatuko dute.

Osorik irakurri