Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

CTNNB1 eta Paula Rodriguezen aldeko kontzertu solidarioa antolatu dute urtarrilean Basauriko bost elkartek

|

Urtarrilaren 7an izango da kontzertu solidarioa Social Antzokian CTNNB1 elkartearen alde // Argazkia: Geuria

Basauri herri solidarioa dela behin baino gehiagotan entzun da. Eta hori berresten duten ekintzak askotarikoak dira. Azken hilabeteotan CTNNB1 elkartea eta Paula Rodriguez Martin 4 urteko basauriarra laguntzeko ekintza solidarioak antolatu dituzte, eta urtarrilean ere helburu izango da elkartea eta Paula bera laguntzea. Hain zuzen ere, Basauri Koral Elkarteak, Soinu Bideak, Edurre Dantza Taldeak, Danbolin Txistulari Elkarteak eta Biarte Dantza Eskolak kontzertu solidarioaren seigarren edizioa antolatu dute urtarrilaren 7an, larunbatez, Social Antzokian (19:30).

Ikuskizun “oso polita” izango dela adierazi dute Jose Angel Roblesek (Basauri Koral Elkartea), Pili Castrok (Danbolin Txistulari Elkartea) eta Kepa Ogizak (Edurre Dantza Taldea). Besteak beste, Oskorri talde mitikoaren abestiak entzungo dira kontzertuan, “baita abesti ezagun askoz gehiago ere”. Guztira 80 artista inguru igoko dira Social Antzokiko eszenatokira: aipatutako elkarteetako kideez gain, Iraide Bilbao (trikitixa eta flauta), Eneko Martinez (gitarra), Alberto Garaio (pianoa) eta Markel Gonzalez (perkusioa) musikariak ere igoko dira oholtzara.

Sarrerak dagoeneko salgai daude 6 euroan, eta bildutako dirua CTNNB1 elkartera bideratuko dute. “Aurreko edizioan, bosgarrenenean, 2.700 euro bildu genituen. Pandemia aurretik egin genuen kontzertu hura, 202oan, eta espero dugu aurten diru gehiago biltzea”, dio Roblesek. Oraingoz, Laboral Kutxak 500 euro eman ditu, eta dagoeneko 90 sarrera saldu dituzte (540 euro). Eta, Crespo Inprimategiak zozketaren kartelak eta txartelak doan egin ditu.

Zozketa solidarioa

Kontzertu solidarioagatik ordainduko den dirua CTNNB1 elkarteari emateaz gain, zozketa solidarioa ere antolatu dute. Kontzertuaren egunean bertan (urtarrilak 7, 19:30) zozketarako txartelak salgai jarriko dituzte 2 euroan. Erloju bat (Roaldo), poltsa bat (Motila), bi jantzi (Pascual eta Pertxas), ardo botila bat (Viña Olabarri), bi pertsonentzako afaria (Baietz), bi pertsonentzako bazkaria (New Magic), eskuoihal sorta (Larrea), eta 50 euroko balioa duen saskia (Eroski) zozketatuko dituzte.

“Oso eskertuta gaude Paularen eta CTNNB1 elkartearen alde Basauri nola iraultzen ari den ikusteaz. Gaixotasun arraroak ikusaraztea oso garrantzitsua da, gure kasuan CTNNB1 sindromea. Oso gogorra da eta laguntza guztiak oso ongi etorriak dira; eta ez bakarrik laguntza ekonomikoa”, dio Estibaliz Martin Paularen amak eta CTNNB1 elkarteko presidenteak.

☉ Basauri

Kirolaren Euskal Biltzarrak urrian Basaurin hausnartuko ditu gizarte berriaren erronkak

Urriaren 24an eta 25ean izango da Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren VIII. Biltzarra Social Antzokian, hain zuzen, 2024 urte olinpikoan Kirolaren Europako Hiri izendatu dutenean Basauri

|

Urriaren 24an eta 25ean izango da Kirolaren Euskal Biltzarra Basauriko Social Antzokian // KEB-CVD

Kirolaren Euskal Biltzarra hartuko du Basaurik urriaren 24an eta 25ean. Euskadin kirola eta jarduera fisikoa sustatzen duten erakundeak elkartuko dira topaketan, kudeaketan duten jakintza handitzeko asmoz.

Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren VIII. Biltzarra Social Antzokian izango da, hain zuzen, 2024 urte olinpikoan Kirolaren Europako Hiri izendatu dutenean Basauri.

Adituen hitzaldi eta eztabaida-mahaien bidez, egitura dinamikoa eta iritziak trukatzeko aukerak eskainiko ditu Biltzarrak. Era berean, posterren eta workshopen bidez, ezagutza eta esperientzia berriak ikasi, aztertu eta partekatzeko foroa izango da.

Gaur, irailak 20, aurkeztu dute Kirolaren Euskal Biltzarraren zortzigarren edizioa Social Antzokian bertan. Asier Iragorri Basauriko alkatea, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultur eta Kirol diputatua, eta Iñaki Ugarteburu KAIT Kirolaren Kudeatzaileen Euskal Elkartearen presidentea izan dira aurkezpenean.

Asier Iragorri Basauriko alkatea // KEB-CVD

Hiru bloke

‘Kirola gizarte berri baten aurrean’ izenburupean, Biltzarrak hiru bloke nagusi izango ditu: ‘Nori? Gizartea’, ‘Nola? Eredua’ eta ‘Non? Espazioak’. Etorkizuneko euskal gizartea azaltzeko hitzaldi markoa egingo da.

Programaren lehen blokea ostegun goizean egingo da, urriaren 24an, eta euskal gizartea aztertzea izango du ardatz: aldaketak, bilakaera eta etorkizun hurbilenean jarriko du arreta, herritar aktiboagoak lortzeko helburuarekin. Lehenengo hitzaldian, kirolak gizarte berrira egokitzeko izango dituen aldaketa nagusiak zehaztuko dira. Mahai-inguru batek Euskadik aurretik duen erronka demografikoa, migrazioaren eragina eta dibertsitate funtzionala eta belaunaldikoa landuko ditu. Lehen bloke honetan José Luis Larreak (Deusto Social Lab), Juan Aldazek (UPV-EHU), Blanca Ordoñezek (Haszten) eta Ekain Larrinagak (Bilboko Udala) parte hartuko dute, Pilar Kaltzada kazetariak moderatzaile lanak egingo ditu.

Arratsaldean, bigarren blokeak Udal Kirol Zerbitzuen (UKZ) eredua izango du ardatz: Nolakoak izan behar dute 2030. urtean? Nola garatu beharko da egungo udal zerbitzuaren eredua bere jatorrizko helburua bete dezaten, hau da, kirola unibertsala izatea eta gizartearen ongizatean laguntzea? Hitzaldiek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola, egungo eta etorkizuneko kirol-ohiturak, herritarren eskaerei nola erantzun, epe ertainerako UKZen egitura-formula eta -eredua, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremana. Bigarren blokean Marian Ispizua (UPV-EHU), Juanan Compañón ‘Konpa’ (KAIT), Iratxe Ruesgas (Sport Studio), Fernando Paris (FAGDE), Manuel Abajo (Barakaldo Kirolak) eta Josune Gorospe (Bizkaiko Foru Aldundia) arituko dira mahai-inguruan.

Hirugarren eta azken blokea ostiral goizean izango da, urriaren 25ean, eta kirol-espazioak, etorkizuneko kiroldegiak eta hiri aktiboak izango ditu hizpide: kirol-instalazioek nolakoak izan behar duten etorkizunean, kaleak, herrietako eta hirietako plazak kirol-jarduerara txertatzeko bideak aztertu eta espazio publikoak modu libre zein partekatuan erabiltzeko gakoak identifikatzea. Hirugarren bloke honetan Jorge Yelamosek (GO fit), Sergio Sernak (TECH friendly), Unai Martinek (UPV-EHU) eta Karitte Alegriak (ideas4innovation) hartuko dute parte. Juanma Murua moderatzaile lanetan arituko da.

Azkenik, Basaurik, Kirolaren Euskal Biltzarra ospatzen duen udalerriak, 2024ko Kirolaren Europako Hiria izateko egin duen bidea partekatuko du. Era beran, azken hamarkadan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloan egin dituen garapenek eta datozen urteetan iristeke daudenek herritarrei ekarriko dieten ondarea ere azalduko du. Luis Solarren (OTSp) hitzaldi baten ondoren, mahai-inguruan hainbat erakundeetako kirol arduradunek hartu dute hitza: Carlos Sergio (Bizkaiko Foru Aldundia), Jon Zugazagoitia (Basauriko Udala), Itziar Carroceras (Santurtziko Udala) y Jon Iraola (Eibarko Udala). Amaierako hitzaldia Raúl Martínez de Santosek (UPV-EHU) emango du eta gako nagusiak ikuspegi kritiko eta eraikitzailearekin laburbilduko ditu.

Hiru workshop

Biltzarrean zehar, hitzaldi eta mahai-inguruekin batera, hiru workshop ere egingo dira: ‘Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua’ (Athlon), ‘Nola hobetu dezakegu adingabearen babesa kirol inguruneetan?’ (Kunina-Zain) eta ‘LED teknologiaren demokratizazioa’ (Mondo). Azkenik, proiektuak, ikerketak edo esperientziak posterren bidez aurkezteko guneak eskainiko ditu Biltzarrak. Proposamenak aurkezteko deialdia irailaren 15era arte dago zabalik.

Kirol Eskolak, Eusko Jaurlaritzaren kirol prestakuntzako online eskolak, 2024ko Kirolaren Euskal Biltzarraren inguruko informazioa, bideoak eta komunikazioak eskainiko ditu sare sozialen bidez.

KAIT, kirol arloko iritzi taldeak, antolatzen du Kirolaren VIII. Euskal Biltzarra, Eusko Jaurlaritza, Kirol Eskola, Bizkaiko Foru Aldundia eta Basauriko Udala erakunde babesleekin batera.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Kirolean euskaraz bizitzeko jardunaldia antolatu dute Basaurin eta herriko 17 elkartek egingo dute bat

|

Irailaren 22an, igandez, izango da Bizi Kirola Euskaraz jardunaldia Artunduagako kiroldegian // Basauritarrak

Bizi Kirola Euskaraz jardunaldia antolatu dute Basaurin hamaseigarren urtez. Aurten irailaren 22an, igandez, izango da Artunduaga kiroldegian, 10:30etok 13:30era.

Basauriko 17 kirol erakundek egingo dute bat ekimenarekin: Artunduaga Atletismo Eskola, Basauri Eskubaloi Taldea eta Eskubaloia Base Basauri, Nagusia Kirol Elkartea, CD Basconia, Baskonia Futbol Eskola, Basauriko Kimuak, Indartsu kluba eta Basauri Harrobi, Halterofilia Urbi, BSK Basauri Saskibaloi Kluba, Arturbi Saskibaloi Taldea, Bidebieta Pelotazale Kluba, Javi Conde Atletismo Egokitu Taldea, Basauri Mahai Tenis Kluba, Basroller Kirol Elkartea eta Aikido.

Partaideek, 6 urtetik gorakoek, atletismoa, halterofilia, saskibaloia, patinajea, eskubaloia, futbola, karatea, aikidoa, esku-pilota eta mahai tenisa praktikatu ahal izango dute zirkuituan.

“Kirol bakoitzean ariketa batzuk ikasi eta praktikan jarriko dituzte parte-hartzaileek. Guztira, 25 bat ariketa izango dira, hala nola, jauzi hirukoitza, kirol probak kontsolan, sentadillak, tiraldi ezberdinak, saskibaloi-zirkuitua, patinaje simulagailuadorea, eskubaloiko jaurtiketak eta abilezia teknikak, futbol baloiarekin sigi-saga, jaurtiketak eta abilezia ariketak, karateko ostikadak, geldiketak eta beso-teknikak, autodefentsa teknikak, eskupilotako sakeak, dejadak eta boleak edota mahai tenis partidatxoak, besteak beste”, diote udal ordezkariek.

Opariak partaideentzat

Jokoekin hasi aurretik, partaideek kiroldegiaren sarreran dagoen kontrol-gunean ‘Bizi Kirola Euskaraz txartela’ hartu beharko dute. Horrela, kirol proba bakoitza bete ondoren, partaide bakoitzari sarreran emandako txartela zulatuko diote.

Gutxienez bost kirol proba betetzen dituenari kamiseta bat emango diote opari, eta zirkuituko proba guztiak, edo denak bat izan ezik eginez gero, kamisetaz gain, “beste opari berezi bat” jasoko dute partaideek.

Basauriko Udalak antolatzen du Bizi Kirola Euskaraz, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurten 16. edizioa da, eta bat egiten du Basauri Kirolaren Europako Hiria izendapenarekin. Basaurin kirol ekitaldien artean egonkortuta dagoen ekintza da, herritarren eta kirol elkarteen parte-hartze zabal batzen du eta kirolean euskarazko ohiturak bultzatzeko tresna bihurtu da.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / El Casoplón filmak 20 auto aparkaleku baino gehiago kenduko ditu Basauriko Pozokoetxen, bi egunez

Filmaren grabaketa lanak direla eta, irailaren 19an eta 20an, 07:00etatik 22:00ak arte ezinezkoa izango da autoak Pozokoetxeko zonalde jakin batzuetan aparkatzea

|

Autoak bihar eta etzi zonalde batzuetan ezin direla aparkatu dioten oharrak // Geuria

Irailaren 19an eta 20an Joaquín Mazón zuzendariaren ‘El Casoplón’ filmaren eszena batzuk filmatuko dituzte Basauriko Pozokoetxe auzoan. Egun horietan, 07:00etatik 22:00ak arte ezinezkoa izango da autoak Nafarroa kaleko zonalde jakin batzuetan aparkatzea. Filmaketarako ordu batzuk baino falta direnean, Pozokoetxeko auzotarrek ez dakite zer filmatuko den bertan zehazki.

Feel Good Media Filmsek eta Kowalski Filmsek ekoiztutako El Casoplónen filmaketa lanak joan den abuztuaren erdialdean hasi zituzten eta protagonisten artean Raquel Guerrero (Machos Alfa, No lo quieres, Inútil…) eta Pablo Chiapella (Aquí no hay quien viva, La que se avecina, Museo Coconut…) ageri dira eta filma 2025ean egongo da ikusgai Buena Vista Internacionalen eskutik.

El Casoplón 2024an Basaurin filmatuko duten hirugarren produkzioa da: joan den otsailean Nacho Vigalondoren ‘Superestar’ telesailaren eszena batzuk filmatu zituzten, eta abuztuan Gracia Querejetak, Violeta Salamak eta Claudia Pedrazaren ‘Olimpia’. Basauriko Udaletik GEURIAri azaldu bezala, Udala, Bilbao Bizkaia Film Comission-en bitartez, kaleko espazioen erreserba egiteaz arduratu da, besteak beste.

El Casoplóneko protagonistak // El Casoplón

Umorea, ardatz

Toñi, Carlos eta hiru seme-alabak beren bizitzako udarik txarrena pasatzen ari dira; oporrik gabe, 50 metro koadroko etxebizitza batean itxita, gurasoak lanaldi osoan lanean… eta, azkenik, aire girotua hondatzen ari da bero-bolada betean.

Toñik eta haurrek Carlos konbentzitzen dute hutsik dagoen etxe erraldoian lo egiteko. Bertan lorezain gisa lan egitea egokitu zaio aste pare batez. Udako behin behineko sargori txiki bat izango zena opor ahaztezin eta abenturaz beteak bihurtzen dira, etxe eta auzokide ospetsuen artean eta familia hori betiko eraldatuko dutenak. Bakoitzarentzat benetan garrantzitsua dena birplanteatzera bultzatuko ditu horrek guztiak.

Casoplón komedia freskoa da, eta gutariko edozeinena bezalakoa izan daitekeen familia baten ametsez, asmoez eta rolez hitz egiten digu. Etxe ikusgarri honetako bizitzak begiak eta gogoak irekiko dizkie txikienei eta umerik handienari, aitari”, azaldu dute academiadecine.com webgunetik.

 

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bilboko, Oñatiko, Guardiako, Erriberriko eta Beskoitzeko taldeak izango dira Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketan

|

Irailaren 21ean izango da emanaldi nagusia: Euskal Herriko talde autoktonoen ikuskizunak izango dira Bizkotxalden // Geuria

Irailaren 20tik 22ra bitartean izango da Euskal Herriko Dantza Agerketa Basaurin. Aurtengoa 52. edizioa da eta Oñatz Dantza Taldea (Oñati, Gipuzkoa), Oinak Arin (Beskoitze, Lapurdi), Beti Jai Alai (Bilbo, Bizkaia), Txibiri Dantza Taldea (Erriberri, Nafarroa) eta Biasteriko Katximorroak (Guardia, Araba) taldeak bertaratuko dira.

Euskal Herriko taldeen emanaldia irailaren 21ean, larunbatez, izango da Bizkotxalde parkean, 19:00etan. Aurretik, 18:00etan, kalejira egingo dute Social Antzokitik, eta tartean emanaldi txikiak eskainiko dituzte Basauriko kaleetan. Euria bada, emanaldia Social Antzokian izango da 19:00etan.

Aurreko urteetan bezala, ostiralean haurrentzako tailerrak eta herri erromeria izango dira Solobarria plazan 18:30etik aurrera. “Herritar guztien parte-hartzea errazteko pentsatuta dago jarduera hau. Dantzan ikasteko aukera bikaina da”, diote. Aurten, gainera, berezia izango da erromeria omenaldia egingo diotelako abenduan hil zen Igor Diaz Camarari, Deustuko Ondalan Erraldoi Konpartsaren sortzaileetako bat.

Igandeko ikuskizuna Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek eskainiko dute ohi bezala. Bizkotxaldeko parkean izango da 19:00etan (euria bada, Social Antzokian).

Atzo aurkeztu zuten 2024ko Euskal Herriko Dantza Agerketa // Geuria

Egitaraua / Euskal Herriko LII. Dantza Agerketa

Irailak 20, ostirala
18:30 Haurrentzako tailerrak Solobarriako karpan: erraldoiak, txapak, marrazkiak, musika tresnak egitea… Gainera, buruko zapiak jartzeko tailerra ere izango da nagusientzat
19:00 Guztiontzako erromeria Solobarriako karpan

Irailak 21, larunbata
18:00 Gonbidatutako taldeen kalejira Social Antzokitik
19:00 Euskal Herriko LII. Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean. Euria bada, Social Antzokian

Irailak 22, igandea
19:00 Basauriko dantza taldeen emanaldia Bizkotxalden: Agintzari, Basauritar eta Edurre. Euria bada, Social Antzokian

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bizikleta martxa izango da irailaren 21ean Basaurin, Mugikortasunaren Europako Astean

|

Arizgoitiko plazan izango du irteera Bizikleta martxak 11:00etan // Geuria

Mugikortasunaren Europako Asteren barruan, Bizikleta martxa antolatu du Ariz Txirrindulari Elkarteak irailaren 21ean, larunbatez, Basauriko Udalaren laguntzarekin.

Bizikleta martxak Arizgoitiko plazan izango du irteera 11:00etan, eta 13:30ean bukatuko da.

Parte hartu nahi duenak izena eman behar du. Horretarako aukerak bi dira: irailaren 20an, 18:30etik 20:30era, Arizgoitiko plazan (Bai Horixe tabernaren aurrean), edo martxaren egunean bertan, irailak 21, 10:00etatik aurrera Arizgoitin.

Osorik irakurri