Sareak

☉ Basauri

Basauriko Etengabeko Arreta Gunea asteburuan medikurik gabe egongo dela salatu dute

Ez da gertatzen den lehen aldia, eta Martxoaren 7an elkarretaratzea egin zuten Basaurin Etengabeko Arreta Guneen egoera salatzeko

|

Lehen arreta indartzeko kontzentrazioa Basauriko anbulategian // Geuria

Hautsak harrotu ditu Osakidetzeko arduradunek udarari begira Osasun Zentroetarako egin duten plangintzak. Gotzone Sagardui jarduneko Sailburuak ukatu du murrizketarik edo itxierarik egongo denik,  “berregokitzapenak” direla zehaztuz, baina erantzun horrek ez ditu inondik inora sindikatuak eta beste hainbat eragile asetu, eta beste uda batez “murrizketak eta itxierak” egingo direla salatu dute. ELA sindikatuak zera zehaztu du: “neurri horiek erabaki politikoen ondorio zuzena dira, eta ez dute, inola ere, Lehen Arretaren gabeziei aurre egiteko planik planteatzen. Langileak gehiegi kargatzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua murrizten jarraitzea beste planik ez dago”.

Horren adibide, ELA sindikatuak egin duen salaketaren arabera, asteburu honetan bertan Basauriko Anbulategiko Etengabeko Arreta Gunean gertatuko dena: ez da medikurik egongo, eta erizainek hartu beharko dute lanaren zama euren gain. Ez da salaketa hau egiten duten lehen aldia, eta martxoaren 7an bertan elkarretaratzea egin zuten Basaurin, Etengabeko Arreta Guneen egoera salatzeko, hain zuzen ere.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu zuten mobilizazioa, eta bertan hainbat aldarrikapen plazaratu zituzten: “EAGen egoera larria urrunetik dator: zentro batzuen itxiera, langileen prekarizazioa, mediku faltaren ondorioz ekipoak hankamotz geratzea… Azken arazo honi aurre egiteko Osakidetzak eta gure ESIko arduradunek kontingentzia planak diseinatu dituzte, baina eskuartean dituzten proposamenek ez du ziurtatzen EAG-ak oinarrizko lantaldea diren mediku, erizain eta zelariarekin irekiko direnik. Horrez gain, langileen lan eskubideak are gehiago prekarizatuko dituen neurriak biltzen ditu plan honek. Kontuan hartzekoa da, egun, lehen arretak asumitu ezin dezakeen guztia EAG-ek asumitu behar dutelako”.

☉ Basauri

Bideoa / San Juan gaua San Migelen, Basaurin

|

San Juan bezperan sua piztu dute San Migelen, Basaurin. Mikelats Kultur Elkarteak irudiak bidali dizkigu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Juan bezperako sua piztu dute Basauriko Pozokoetxen, euripean izan bada ere

|

Ekainak 23 ditu gaur, San Juan bezpera. Ohiturak jarraituta, sua piztu dute Basauriko hainbat tokitan, Pozokoetxen esaterako. Euritakoen azpian ikusi dute auzotarrek Basauritar Dantza Taldearen emanaldia eta San Juan bezperako sua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Espetxeratu dute droga-trafikoa leporatuta Basaurin atxilotu zuten ertzaina

Basaurin atxilotutako ertzainaz gain, beste bederatzi pertsona espetxeratu dituzte. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi diete

|

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete hamar atxilotuei // Irekia

Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hamar pertsona atxilotu zituzten duela hiru egun Bizkaian eta Kantabrian, droga-trafikoaren aurkako ‘Tahocei-Lizar’ operazioaren barruan.

Atxilotutakoen artean Basaurin atxilotu zuten 31 urteko ertzain bat. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo, larunbata, atxilotuak epailearen esku utzi zituzten, eta guztiak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Droga-trafikoa, sare elektrikoan iruzurra egitea, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminal bateko parte parte izatea egotzi dizkiete.

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete, epaiketa egin bitartean. Zigor-zuzenbidean, orohar, errugabetasun-presuntzioa nagusitzen da beti epaiketa egin bitartean, eta epaileak salbuespenezko neurri moduan soilik agintzen du behin-behineko espetxealdia; ihes egiteko arriskua dagoenean, edo frogak suntsitu daitezkeenean.

Operatiboan parte hartu zuten agenteek 78.840 euro konfiskatu zituzten eskudirutan. Substantzia estupefazienteei dagokienez, 19.592 gramo haxix, 22.973 gramo marihuana-kukulu, 10 kilogramo marihuana-ziztada, 1.300 gramo kokaina, 40 gramo MDMA eta 900 gramo ebaketa-substantzia atzeman zituzten.

Era berean, lau marihuana indoor landaketa desegin zituzten, hazkuntza fase desberdinetan zeuden 5.273 landarerekin. Landare horiek sareari legez kanpo lotutako elektrizitatea erabiltzen zuten. Gainera, atxilotuek erabilitako 14 telefono mugikor eta 6 ibilgailu okupatu zituzten.

Ikerketa Sestaoko ertzain-etxeko agenteek hasi zuten, zenbait pertsona beren mugapeko zenbait tokitan marihuana lantzen eta trafikatzen ari zirela ikusi zutenean.

Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez ezarritako koordinazio-esparruaren barruan, egiaztatu zen Guardia Zibilak susmagarrietako bati buruzko ikerketa bat irekita zuela, eta erabaki zuten elkarrekin operazio bat martxan jartzea.

Bi polizia-kidegoek droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminala zegoela egiaztatu ondoren, joan den ostegunean, ekainak 20, operatiboaren ustiapen-fasea garatu zuten.

Miaketak Basaurin, Abanto-Zierbenan, Alonsotegin, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Leioan, Portugaleten, Sestaon eta Castro Urdialesen egin zituzten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Denac industrialdea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Basauriko Udalak eta Aldundiak

|

Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du // Google

Cervantes etorbidean dagoen Denac industrialgunea hobetu eta enpresen lehiakortasuna handituko dute. Horretarako hitzarmena sinatu dute enpresa zentroak eta Basauriko Udalak, eta akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak hobekuntza-prozesua finantzatuko du. Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du.

Alde batetik, Basauriko Udalak beharrezkoak diren izapideak erraztu eta arinduko ditu eta Denacekin lankidetzan arituko da udal eskumenei eragiten dieten jarduerak diseinatzen, hala nola, urbanizazioa, estolderia edota argiteria publikoa.

Bestetik, Denac enpresa zentroak bi plan idatziko ditu: bata kudeaketakoa eta bestea jardutekoa. Gainera, bi planetan jasotzen diren jarduketak kontratatu eta finantzatu egingo ditu, Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin ertzain bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

|

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren aurkako polizia-operazioa martxan jarri dute gaur Bizkaian eta Kantabrian, eta hainbat atxiloketa eta miaketa egin dituzte.

Besteak beste, Basaurin pertsona bat atxilotu dute. Zenbait komunikabidek publikatu dutenez ertzain bat da Basaurin atxilotutakoa, 24. promoziokoa, eta substantzia estupefazienteen banaketan parte hartzea egotzi diote.

Miaketak, Basaurin, Bilbon, Barakaldon, Leioan eta Kantabriako herri batean egiten ari dira.

Osorik irakurri