☉ Basauri
Eneko Orio: «Bideojokoak artisautza modu bat dira, XX. eta XXI. mendeko gizartearen adierazpen artistiko bat»
‘Lords Of The Fallen’ bideojokoaren diseinuan lan egiten aritu da azken urteetan Eneko Orio Abril basauriarra eta iazko urrian kaleratu zuen Hexworks garatzaileak. Bideojokoen munduaz hitz egin dugu Oriorekin
Bideojokoekin lotura gazte-gaztetatik izan du Eneko Orio Abril basauriarrak (Basauri, 1988). Gurasoek Nintendo kontsola oparitu zioten, baina beti urrun sentitu ditu, “urruneko lurretako arte esklusibo bezala”. Unibertsitatean Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasketak egin zituen, diplomatura lortu eta irakasle lanean aritu izan zen; baina 25 urterekin irakasle lana utzi eta unibertsitatera itzuli zen Creative Computing izeneko gradua ikastera. Ondoren, Bideojokoen Diseinua masterra egin zuen, eta “gauetik goizera” Candy Crush-en sortzaileak, King garatzaileak, urtebeteko beka eskaini zion eta Bartzelonara joan zen Orio. ‘Diamond Diaries’ (2019, King, Bartzelona) eta ‘Microsoft Flight Simulator’ (2020, Asobo Studio, Bordele) bideojokoen diseinuan lan egin ondoren, iazko urrian ‘Lords Of The Fallen’ bideojokoa kaleratu zuen Hexworks garatzailearekin.
‘Lords Of The Fallen’ bideojokoa atera duzu Hexworks enpresarekin iazko urrian. Zein da mundu mailan salduko den joko baten atzean dagoen lana?
Izugarrizko lana dago atzetik. Industria eta produktu bakarrean elkartzen dira arte plastikoak, 3D artea, musika, filosofia, animazioa, gidoigintza, puntako teknologiak eta ekonomia, besteak beste. Horretaz aparte, izugarriko elkar-dependentzia dago elementu guztien artean, mundu guztiz kontrakoetatik datozen pertsonek bat egin behar dute noranzko berean. Ez da batere erraza. Egia esan, bideojokoak kaleratzen diren bakoitzean miraritxo baten moduan ikusten dugu barnetik.
Bideojokoak sortzeko prozesua luzea izango da.
Bai, prozesuak oso luzeak izaten dira, urte batzuetakoak, baina ez dago uniformetasunik garapen zikloetan. ‘Lords Of The Fallen’ “AAA” ezizenez ezagutzen den kategorian sartuta dago, aurrekontu handia edo zineko blockbusterraren baliokidea. Normalean joko hauen garapen zikloa lau eta sei urte bitarteko lana izaten da. Aldiz, bideojoko txikiagoek garapen prozesu azkarragoak dituzte. Hala ere ,oso arraroa da bi urtetik beherako garapen-denbora duten bideojokoak ikustea, gutxienez, Ordenagailu eta Kontsola merkatuan. ‘Lords Of The Fallen’ lau urtetako lana izan da, zerotik hasita. Gure estudioan (Hexworks) talentu eta esperientzia handiko pertsonak ditugu. Langile guztiak gaude % 100ean telelanean. Ez dugu jenderik esperientziarik gabe edo esperientzia gutxirekin. Horrek asko azkartzen ditu prozesuak.
“Jokoaren etsaien adimen artifiziala eta mugimenduak diseinatu eta inplementatzen ditut, besteak beste”
Zenbat jende dago atzean?
Ehunka lagunen lana dago atzetik. Estudioko barne-jendea ez ezik, guri euskarria emateko kontratatzen diren enpresa horiek guztiak ere badira. Gutxi gorabehera, 400 eta 500 pertsona inguruk egin diote ekarpena proiektuari.
Noiz hasi zinen bideojokoen munduan lanean?
Bideojokoak nire bizitzaren parte inportantea izan dira beti, gurasoek lehen Nintendo kontsola oparitu zidatenetik. Baina betidanik urrun sentitu izan nituen, urruneko lurretako arte esklusibo bezala ikusten nituen. Europan eta estatu mailan ez zegoen erreferente argirik eta bizitza proiektua egiterakoan Bideojokoetako lanbidea eskuratzea kimera bat zen. Unibertsitatera sartu eta Lehen Hezkuntzako diplomatura egin nuen, baita irakasle moduan lan egin ere. Baina 25 urterekin nire buruari galdetu nion ea bizitza osoa ikasgela batean eman nahi nuen, hainbeste maite nuen industria horretan lan egiteko ametsa bete ote nezakeen jakin gabe. Lana utzi eta unibertsitatera bueltatu nintzen. Lau urteren buruan Creative Computing izeneko gradua eta Bideojokoen Diseinua masterra eskuratu nituen. Gauetik goizera KINGek deitu ninduen (Candy Crush-en sortzaileak) urtebeteko beka bat eskaintzeko. Bartzelonara joan nintzen nire ametsa egi bihurtzera.
Mundu horretan aritu nahi duen gazte bati zer gomendatuko zenioke?
Formakuntza nahitaezkoa dela. Gaur egun Bilbon bertan bideojoko eskola bat dago, edonoren eskura. Baina Bideojokoen Industria ez da elitista. Tituluek ez dute batere balio. Egiten dakizunak du baliorik handiena, batez ere, egiten duzun hori nola egiten duzun. Nire gomendioa beti da berdina: “Hasi bideojokoetan begi kritikoz jokatzen eta ulertu ikusten duzunaren barne logika”. Bestetik, portafolio bat osatzea ere gomendatuko nieke. Berdin dio bideojokoetako zein departamendutan lan egin nahiko zenukeen, etxean edo unibertsitatean lan egin nahi duzun: sortu joko txiki sorta bat, 3D artea, kodigoa… Egiten jakitea da garrantzitsuena, eta hori frogatzen duen zerbait edukitzea.
Orain arte zein lan egin duzu?
Azken urteotan lau estudiotan egin dut lan, proiektu oso desberdinetan. Hiru bideojokotan aritu naiz: ‘Diamond Diaries’ (2019, King, Bartzelona), ‘Microsoft Flight Simulator’ (2020, Asobo Studio, Bordele) eta ‘Lords Of The Fallen’ (2023, Hexworks). Egitekoak ere oso desberdinak izan dira. KINGen mapak egiten nituen, Asobo Studion misioen barne logika, eta Hexworksen “Combat Designer” deritzon lana egin dut.
Azaldu, zehazki, zein izan den zure lana ‘Lords Of The Fallen’ bidejokoan.
Esan bezala, ni Combat Designer bat naiz. Jokalariek joko barruan dauden etsaiekin dituzten interakzio guztiak diseinatzen ditugu gure departamentuan. Nire egunerokoa azaltzea ez da erraza, baina asko sinplifikatuz: jokoaren etsaien adimen artifiziala eta mugimenduak diseinatu eta inplementatzen ditut, eta aldi berean, nire kargu dagoen etsai bakoitzaren animazio, efektu bisual eta soinu beharrak koordinatzen ditut beste departamentuekin.
Oso azkar ikastea eta malgua izatea eskatzen duen lana da. Gainera, arteari, soinuari eta programazioari buruzko nozio minimoak nahitaezkoak dira. Lan zorrotza eta konplexua da. Presio handiko postua da diseinatzailerena, ni bainaiz pieza guztiak batzen dituen pertsona.
Zein da bideojoko arrakastatsu baten sekretua? Zein aldagai hartu behar dira kontutan?
Ez dago erantzun sekreturik. Bideojokoetan, arrakastatsu izatearen definizioa ez dago batere argi. Joko oso onek ale gutxi saldu ditzakete, eta joko txarrek ale asko saldu. Marketingak izugarrizko influentzia du bideojoko baten arrakastan.
Konbinazio perfektua marketing ona eta produktu ona da. Bideojokoen merkatua gainezka dago, eta zure produktuaren ikusgarritasuna funtsezkoa da munduak zure produktua ezagutu dezan. Bestetik produktuak kalitatezkoa izan behar du, baita prentsaren eta interneten kritika ona ere, horrela salmentak ziurtatu ahal izango baitira. Konbinazio oso zaila da, gutxitan ematen dena. Datu inportante batek eman diezaguke gakoa: aurrekontu handiko bideojoko baten garapenaren aurrekontuaren % 40 inguru da marketingari zuzendutakoa. Estudio gehienek, ordea, ezin dute halako inbertsiorik egin marketingean.
Azken aldian bolo-bolo dabil inteligentzia artifizialaren gaia. Eragina izango du bideojokoen munduan.
Bai, noski. Eragina badu dagoeneko. Inteligentzia Artifiziala (IA) eremu askotan erabil daitekeen arren, batez ere artearen sorkuntzan aplikatzen da. Gero eta ohikoagoa da 2D artea sortzea IA erabiliz, marrazkilariak kontratatzea baztertuz. Niri ez zait batere gustatzen. Bideojokoak artisautza modu bat dira, XX eta XXI. mendeko gizartearen adierazpen artistiko bat. Prozesuak eskala handian automatizatzeko beharrik ez dago. Gainera, IA horiek artisten jatorrizko materiala erabiltzen dute haien baimenik gabe beren algoritmo “artistikoak” elikatzeko. Hala ere, gure jokalari, prentsa eta munduaren barruan IAren erabileraren aurkako sentimendua oso indartsua da. Betiko moduan, honen erabilera inbertsoreek eta bideojokoen artearekin zerikusi gutxi edo batere ez duten pertsonek bultzatzen dute. Dirua, azken batean.
Askotan mundu oniriko, fantastiko edo mitologikoak dira bideojokoen ardatza. Uste duzu badagoela materialik euskal mitologiarekin lotutako bideojoko bat egiteko? Bai, noski badagoela. ‘Irati’ filma datorkit burura, bere ikusgarritasuna. Sekulako mundua eta pertsonaiak ditugu produktu oso on bat egiteko. Tamalez gure mitologia ez da “mainstream” eta bideojokoetako inbertsoreen dirua erakartzeko botere gutxi daukagu. Gure industria ere oso ahula da Espainiar Estatukoarekin eta Kataluniakoarekin konparatuz; zer esanik ez Europakoarekin eta mundu mailakoarekin. Aurrekontu baxuko proiektuak egin dira, baina beti kulturara eta hezkuntzara zuzenduak. Bideojokoak kultura dira baina, batez ere, entretenimendua dira. Beharrezkoa da euskal industriaren emantzipazio publikoa. Soilik diru publikoaren bidez finantzatutako proiektuak sortzetik. Produktu-ikuspegia duten ekintzaileak behar ditugu, gure mitologian marko ezin hobea aurkitzen dutenak, gure istorioak gure mugetatik harago eramateko.
☉ Basauri
Bideoa / Zein da Basauriko jaietako abestirik onena? Herritarrek erantzun eta abestu dute!
Lehertu da jaia Basaurin! Sanfaustoei hasiera eman zioten atzo herritarrek txupinazoarekin eta kuadrillen jaitsierarekin, eta bertan izan ginen GEURIAko kazetariok. Inkesta egiteko aukera ere izan genuen: zeintzuk dira zurrakapotearen osagaiak? Eta zein da jaietako abestirik onena? Entzun herritarren erantzunak!
☉ Basauri
Argazkiak / Hasi dituzte sanfaustoak Basaurin!
Basauriarrek kaleak bete dituzte eta jaia lehertu da sanfaustoetako lehen egunean. Herriko Taldeakeko kuadrillek Basauriko kaleak hartu dituzte
Beste urte batez, Basauriko sanfausto jaietara hurbildu gara. Pregoia irakurri eta txupinazoa bota baino lehen, jendez gainezka zegoen udaletxeko aurrealdea, aurtengo jaiei hasiera emateko irrikitan.
Txupinazoa botata, jendartean murgildu gara momentu onenak harrapatzeko. Hementxe emaitza!
☉ Basauri
Bideoa / Gora Basauri! Gora San Fausto!
Hasi dira Basauriko jaiak! Udaletxeko balkoitik herritarrei agurra egin diete Asier Iragorri alkateak, Alaia Aburto eta Eneko Landeta alkate txikiek (aurten Aldatxa kuadrillakoak), Ane Garcia Herriko Taldeakeko presidenteak eta Sergio Lopez eta Javi Conde klubeko atletek, eta ondoren bota dute txupinazoa! Hemen kuadrillen jaitsierako argazkiak!
☉ Basauri
Ane Garcia: «Presidentearen eta parrandazalearen betebeharrak bateratuko ditut sanfaustoetan»
Basauriko jaien atarian Ane Garcia Moneo Herriko Taldeakeko presidentearekin batu gara. Bere lehen urtea da eginkizun horretan eta “gogotsu, ilusionatuta eta harro” dagoela aitortu digu, baita “pixka bat urduri” ere
Tik-tak, tik-tak. Basauriko jaiak hastear dira! Gaur lehertuko da San Fausto jaiei hasiera emango dien txupina. Udaletxeko balkoitik entzungo dute herritarrek Sergio Lopezen, Javi Conde Atletismo Egokituko Klubeko presidentearen pregoia, aurretik Alaia Aburto eta Eneko Landeta alkate txikien (aurten Aldatxa kuadrillakoak), Asier Iragorri alkatearen eta Ane Garcia (Basauri, 1998) Herriko Taldeakeko presidentearen agurrak aditu ostean.
Aurtengoa lehen urtea da Anek hitza hartuko duena udaletxeko balkoitik, aurten hartu baitu lehenengoz presidente kargua. “Gogotsu, ilusionatuta eta harro” dagoela aitortu digu Anek, baita “urduri” ere.
Aurten basauriarrek egun bat gehiago izango dute festez gozatzeko; izan ere, jaiak ostiralez hasiko dira, San Fausto eguna igandea delako: “Alde positibotik ikusita egun bat gehiago daukagu sanfaustoez gozatzeko, baina horrek esan nahi du Eskarabileraren hegaldia ikustera nekatuago eta hanketako min handiagoarekin helduko garela!”, dio barrezka. Basauriko jaien atarian Anerekin batu gara.
Herriko Taldeakeko presidente berria zara, Ane. Zelan hartu duzu ardura eta erronka? Gogotsu, ilusioz eta harrotasunez. Pozgarria da Basaurin hain jai bereziak izatea eta horiek antolatzeaz arduratzen diren 16 kuadrillak ordezkatzea. Urduritasun eta beldur pixka bat ere, noski.
Udaletxeko balkoiak bertigorik ematen dizu? Egia esan, bai. Urduri samar jartzen nau une horretan pentsatzeak. Lanaldi luzearen ostean jaiak hastear daudela esan nahi du eta dena ondo irtetea da gure nahia.
Basauriarrei emango diezun mezuaz galdetuko banizu. Basauriarrei eguneroko errutinatik irten eta egunez egun gozatzeaz bakarrik arduratzeko eskatuko diet, betiere errespetuz jokatuz, beste urte batez munduko jairik onenak ditugula erakusteko.
Herriko Taldeak barru-barrutik ezagutzen duzu. Bai. Duela sei urte inguru hasi nintzen bileretara joaten Zoroak kuadrillaren bozeramale gisa. Beti gustatu izan zaizkit gure jaiak eta kuadrillak bozeramale bezala joateko aukera eskaini zidanean, zalantzarik gabe onartu egin nuen. Sanfaustoetako jai ereduan laguntzeko modu polita iruditu zitzaidan.
Zerk bultzatu zintuen presidente izateko pausoa ematera? Lau urtez aritu nintzen lehendakariorde moduan eta Baltak, aurreko presidenteak, zuzendaritza uzteko erabakia hartu zuenean lehendakari izateko erronka onartu nuen.
Lantalde desberdinetan egiten duzue lan Herriko Taldeaken. Zuzendaritza batzordea eratu bezain laster, otsailean, hasten gara lanean. Eta diozun bezala, bakoitzak izango dituen zereginen arabera, lantaldeetan antolatzen gara. Bakoitzak berea lantzen du, eta sarritan elkartzen gara landutakoari buruz hitz egiteko eta elkarri laguntzeko. Era berean, gutxienez hilean behin kuadrillekin biltzen gara. Segurtasun aldetik, ekitaldi bakoitzerako beharrezkoak diren baimen eta aseguru guztiak kontuan hartzeaz gain, poliziarekin, babes zibilarekin edota Gurutze Gorriarekin elkarlanean aritzen gara.
Zer nabarmenduko zenuke aurtengo jai egitarautik? Ekitaldi solidario gehien izango dituen urtea dela. Aurten, kuadrilla guztiek haien aletxoa emango dute, nola edo hala, behar duten bi txikitxu laguntzeko: Ane Etxebarria eta Gaizka Hernandez.
Ekintza berririk egongo da? Gauza berriren bat badaukagu programan, bai. Kuadrillek ere jolas berriak antolatuko dituzte. Herriko artisten egunean musikaz gain, zirku, magia eta dantza ikuskizunak ere izango ditugu. Beste alde batetik, aurreko urtean berritasun izan ziren bi ekitaldi, goitibeherak eta garagardo azoka, programan mantendu ditugu.
Aurten ostiralez hasiko dira jaiak. Horrek zein eragin positibo eta negatibo dakartza? Alde positibotik ikusita egun bat gehiago daukagu sanfaustoez gozatzeko, baina horrek esan nahi du Eskarabileraren hegaldia ikustera nekatuago eta hanketako min handiagoarekin helduko garela! (kar, kar, kar)
Zelan aurreikusten duzu biziko dituzula aurtengo jaiak? Aurreko urteetan baino urduritasun eta intentsitate handiagoarekin. Baina niretzat jairik berezienak eta betirako gogoratzeko modukoak izango direla ere uste dut.
Gaurtik aurrera, zer egingo duzu jaietan? Presidentearen eta parrandazalearen betebeharrak bateratuko ditut. Alde batetik, zenbait ekitaldi ofizialetara joatea eta dena ondo eta ezustekorik gabe doala egiaztatzea dagokit eta, bestetik, nire kuadrillarekin, Zoroakekin, asteaz disfrutatuko dut, ziur.
Pertsonalki, Basauriko jaietatik gustukoen duzuna da… Herritik eta herriarentzat eginda daudela. Basauriarren ahaleginari eta lan boluntarioari esker aurrera ateratzen diren jaiak dira. Oso polita da adin ezberdinetako jende ugari elkarlanean ikustea, adibidez, Basauriko aitite eta amamen bazkaria prestatzen.
Eta zein da zuretzat egunik onena sanfaustoetan eta zergatik? Zalantzarik gabe, San Fausto eguna. Tradizioz betetako eguna da. Eguneko nire momenturik gustukoena kuadrillen bazkaria da.
Zelan animatuko zenuke Basaurin bizi ez den norbait sanfaustoetara etor dadin? Uste dut kuadrillen lonjetako barren artean kontatutako jaien inguruko edozein istorio nahikoa dela edonori gure herria aste horretan bisitatzeko gogoa sortzeko.
☉ Basauri
Euskarak ez du tokirik Basauriko jaietako Herriko Taldeaken abesti berrian
Bihar hasiko dira Basauriko jaiak, eta azken urteetan bezala Herriko Taldeakek abesti bat kaleratu du, udako hit-ean oinarrituta.
Aurten hit hori ‘Potra salvaje’ abestia izan da, eta Trastorna2 talde basauriarrak punk-rock doinuetara egokitu du: ‘Porronazo salvaje’. Dagoeneko 100.000 ikustaldi inguru du bideoklipak sareetan.
Abestian sanfaustoetako azken urteetako hainbat ikur agertzen dira, hala nola, zurrakapotea, bazakariak zein afariak, poteoak, baita kuadrillen jantziak, Eskarabilera ere. Eta, nola ez, porroiak.
Alabaina, aurtengo abestia gaztelera hutsean kaleratu dute; euskaraz ez du tokirik abesti osoan. Hortaz, aurtengo San Fausto jaietan basauriarrek abestu eta dantzatuko duten abestian euskarak ez du tarterik lortu.
Lautik bat
Herriko Taldeakek, azken abestiaz gain, beste hiru abesti kaleratu ditu sanfaustoen atarian: ‘Porronentero’ (Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak, 2023), ‘Queveodo’ (Anjel Collado, 2022) eta ‘Eskarabilera bila’ (Honat, 2014).
Lau abestietatik euskara hutsean publikatu duten abesti bakarra da ‘Eskarabilera bila’, duela hamar urte. 2022koan euskarak ere ez zuen tokirik izan eta 2023koan esaldi gutxi batzuk baino ez ziren agertu.
Kuadrillen abesti propioak
Aurten Herriko Taldeakeko kuadrilla batzuek ere euren abesti propioa kaleratu dute aurtengo jaiak hasi aurretik.
Esaterako, Hauspoak kuadrillak ‘Ai Hauspoak’ abestia egin du. Kasu honetan euskara hutsean publikatu dute.
Zigorrakek ere abesti propioa kaleratu du, ia osorik gazteleraz, esaldi batzuetan euskara tartekatuz.
Abestietan euskarak toki gutxi du sanfaustoetan, baina Herriko Taldeaken barne zein kanpo komunikazio idatzia elebiduna da. Hain zuzen ere, ofizialak diren ekitaldietan, hala nola, txupinazo eguneko agurrak eta jai amaiera ekitaldia euskaraz eta gazteleraz egiten dira; ez, ordea, sanfaustoetan zehar kuadrillek antolatzen dituzten hainbat jolas eta ekitaldi, nagusi zein umeei zuzenduta. Azken hauetan, antolatzaileen eta boluntarioen arabera erabiltzen da hizkuntza. Herriko Taldeakeko barne komunikazioa -kuadrillei emailak bidaltzea, besteak beste- ere bi hizkuntzatan egiten dute. Era berean, aipagarria da elkartearen izen ofiziala bera euskaraz dela, eta bertan dauden talde gehienek ere gure hizkuntzan dutela jarrita izena.