☉ Basauri
Hileta-martxa batek aurten izandako erailketa matxistak salatuko ditu Basaurin
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako astea antolatu dute Basaurin azaroaren 27ra arte. Ekintza nagusiena azaroaren 24an, larunbatez, egingo dute Basaurin.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako astea antolatu dute Basaurin azaroaren 19tik 27ra bitartean. Ekintza nagusiena azaroaren 24an, larunbatez, egingo dute Basaurin. Hain zuzen ere, hileta-martxa bat deitu dute hilaren 24an aurten izandako erailketa matxistak salatzeko. Hileta-auto batek zabalduko du martxa eta bertaratuko direnek arropa beltza eraman dezaten deia egin dute antolatzaileek. Martxa 12:00etan hasiko da Marieneatik eta Nagusia kalea, Lehendakari Agirre kalea, Bentako plaza eta Begoñako Andra Mari kalea zeharkatuko ditu. Bertan, martxari itxiera emateko, azken urtean izan diren hilketa matxistak salatuko dituzte, biktima guztien izen-abizenak irakurrita. Orain arte 70 biktima utzi ditu indarkeria matxistak Espainian, 2017ko azaroaren 25etik.
Era berean, azaroaren 27an beste bi jarduera antolatu dituzte Basaurin. Alde batetik, Basauriko emakume migratzaileek jasandako indarkeriari buruzko tailerra izango da Marienean 18:00etan, Medicus Mundi eta Emakumeak Aniztasunean elkartearen eskutik. Sorterrian, iragaitzan eta hartutako herrira iristean pairatutako indarkerien inguruko bizipenak partekatuko dituzte Basaurin bizi diren hiru emakumek. Eta bestetik, Beldur Barik lehiaketa lokaleko sari banaketa egingo dute 19:00etan, Marienean ere.
Azaroaren 25ean (Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna) Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia zabaldu dute Basauritik. Manifestazioa igandean izango da 12:00etan Jesusen Bihotza biribilgunetik.
Puntu morea, beltz
Erailketa matxista bat gertatu izan den bakoitzean Basaurik biktimaren eskela jarri izan du Marieneako kanpoko leihoan eta eskela horren zabalkundea egiten zuen sare sozialetan. Orain, ordea, puntu morea egongo da ikusgai, baina hilketa matxista bat dagoen bakoitzean, puntu more hori beltz bihurtuko da, eragindako dolua eta oinazea adierazteko. Basauriko Udalaren Berdintasun Atalaren eta Berdintasun Kontseiluaren erabakia izan da hori, erailketa matxistak beste modu batean salatzeko. Salaketa-formula berria abian jarriko dute Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, azaroaren 25ean.

Puntu beltza jarriko dute Basaurin erailketa matxista bat gertatzen den bakoitzean // Argazkia: Geuria
Puntu beltzaren ondoan ikur negatiboa jarriko dute, dagokion biktima-zenbakiarekin batera. Horrek agerian utziko du egun horretara arte zenbat emakume erail dituzten. Gainera, matxismoaren kontrako gertakari aldarrikatzaileen inguruan sortutako elkarrizketa-hari guztiak bateratzeko #BasauriMatxismoariPlanto traola jarriko dute puntu beltzarekin batera.
☉ Basauri
Fede Saiz basauriarra eta Basconiako futbol jokalari ohia hil da
1957tik 1963ra bitartean jokatu zuen Saizek Basconian, taldeak bere urrezko garaia bizi izan zuen garaian

Fede Saiz Goiria basauriarra eta CD Basconiako futbol jokalari ohia hil da. Urtarrilaren 14an zendu zen Galdakao-Usansolo ospitalean 91 urte zituela.
Hileta gaur, urtarrilak 20, izango da 18:30ean Arizko elizan.
Saiz ezaguna da Basaurin, batez ere, Basconia Futbol Taldeko jokalaria izan zelako 1957tik 1963ra bitartean, 22 eta 27 urte bitartean zituenean.
Garai haietan, hain zuzen, Basconiak bere urrezko garaia bizi izan zuen: Bigarren Mailara igo zen eta 1957tik 1963ra bitartean mailari eustea lortu zuen. Hori gutxi, eta zale basauriarren artean arrasto ahaztezina utzi zuten kopa kanporaketetan parte hartu zuen, Atletico de Madriden eta Bartzelonaren aurka.
Besteak beste, 1961-1962 denboraldian Jose Angel Iribarrekin jokatu zuen Saizek.
CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen Saizek. Dokumentala 2014an publikatu zuen Basconia Ehun Urte batzordeak: Jon Villapun Arbide izan zen dokumentalaren zuzendaria eta Maider Ibañez Espinosaren laguntza izan zuen. Hau da dokumentalaren trailerra, Bidebietak publikatutakoa:
☉ Basauri
Zurrumurruen aurkako urteko topaketa egingo dute larunbatean Basaurin
Urtarrilaren 24an izango da topaketa San Migeleko Taberna Nagusian. “Gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote antolatzaileek

Zurrumurruen Aurkako Topaketa antolatu dute urtarrilean Basaurin. Hilaren 24an, larunbatez, izango da San Migeleko Taberna Nagusian, 10:00etatik 13:30era.
‘Nola bizi gara kulturarteko taldeetan?’ izango da topaketaren gai nagusia: “Inoiz pentsatu al duzu nola erlazionatzen garen kulturarteko espazioetan? Zer egin dezakegu ahalik eta berdintasunezkoenak izan daitezen? Nola ekidin dezakegu dinamika diskriminatzaileak sortzea?”, galdegin dute Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareko arduradunek.
Topaketa Rosario Schmidt eta Leticia Urretabizkaia formatzaileek gidatuko dute, eta gai horien inguruan hausnartuko dute parte hartzaileek.
“Topaketa hau gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote, eta gaineratu dute: “Basauri abegitsuago baterantz elkarrekin bidaiatzen jarraitu nahi dugu”. Amaieran luntxa egongo da.
Topaketan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 606 050 662 telefono zenbakira deituz.
Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareak antolatzen du topaketa, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
☉ Basauri
Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri
Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri, Zarautzen atzetik. Zehazki, Basaurik 243,98 euro bideratzen ditu biztanle bakoitzeko arlo horretara, Estatuan batezbestekoa den 106,48 euroko kopurua nabarmen gaindituz. Aztertutako 404 udalerrietatik, 27k bakarrik betetzen dituzte finkatutako gizarte-arloko bikaintasun irizpideak.
Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute. Kalifikazio hau lortzeko, elkarteak hiru baldintza tekniko aztertzen ditu: gizarte-gastua biztanleko 100 eurotik gorakoa izatea, aurrekontu osoaren %10 baino gehiago ordezkatzea eta aurreko urteko partidarekiko murrizketarik ez egitea.
2026rako aurrekontuaren banaketa
Datu ekonomiko horiei jarraipena eman die Udalak 2026ko aurrekontu-proiektuan. Urte honetarako, 10,8 milioi euroko partida onartu da Gizarte Zerbitzuen arlorako. Inbertsioei dagokienez, honako proiektu hauek jasotzen dira:
Adinekoak eta Berdintasuna: Arlo hauetako partidek %5eko igoera izango dute, etxez etxeko laguntza eta prebentzio programak indartzeko asmoz.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak: Gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako zuzeneko laguntzak bere horretan mantenduko dira.
Gizarte-politikara bideratutako kopuru horrekin, Basauriko Udalak “bikaintasun” kalifikazioa jaso duten estatuko 37 udalerrien taldean jarraitzen du.
Udal gobernuaren arabera, inbertsio horren helburua zerbitzuen kalitatea bermatzea eta gizarte-kohesioa sustatzea da. Asier Iragorri Basauriko alkatearen hitzetan, “adinekoak, kolektibo zaurgarriak, babesgabetasun-egoeran dauden adin txikikoak, indarkeria matxistaren biktimak eta emakumeak dira aurrekontuaren jasotzaileak, eta inbertsio errekorra da”.
☉ Basauri
Mikel Karrillo eta Mikel Ulibarri: esku pilotako Bizkaiko kluben arteko txapeldunak
Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian. Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian

Bi hilabeteko txapelketa eta gero, joan den urtarrilaren 17an Bizkaiko kluben arteko txapelketako buruz buruko finalak jokatu zituzten Iurretako frontoian eta Basauriko Bidebieta Pilota Klubeko Mikel Karrillok eta Mikel Ulibarrik irabazi zuten sari nagusia.
Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian (3.maila). Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian (2. maila).
☉ Basauri
Segurtasun Saila: “Istripu baten ondorioz erori da Basauriko zubitik ibaira gaztea”
Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean

Joan den larunbatean, urtarrilaren 17an, 21 urteko gazte bat Basauriko Arizko zubitik erori zen 13:15ak aldera.
Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, ezbeharra istripu bat izan da eta gaztea ibaira erori da.
Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean.
Ibaitik atera bezain pronto, larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute zauritua eta segidan Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute.











