→Basauri

Eneko Orio da Basauriko Indartsu Clubeko lehendakari berria

Belaunaldi-erreleboa egin du Basauriko Indartsu Clubeko zuzendaritza-batzordeak

Indartsu Clubeko zuzendaritza batzorde berria // Indartsu Club

Belaunaldi-erreleboa egin du Basauriko Indartsu Clubeko zuzendaritza-batzordeak. Azken urte hauetako Nito Díezen taldeak atseden hartu eta zuzendaritza berriko kideak izendatu dituzte, Eneko Orio buru. “Garai berriak eta bide berriak, ginena garela ahaztu gabe. Urte berriarekin batera aldaketa gauzatu da Indartsu Clubeko zuzendaritza batzordean”, azaldu dute taldeko sareetan.

Eneko Oriorekin batera Amets del Cura (lehendakari ordea), Javier Fernández (idazkaria), Mikel Iturbe (diruzaina), Maialen Ibarra, Enaitz Cuevas, Gorka Boyano, Julen López, Aitor Grande eta Aitor Navarro bokalak daude. “Kirol arloa egiten dugunaren muina eta funtsa den arren, Indartsuk historikoki beste hainbat arlotan izan duen presentzia indartu nahi dugu, hala nola euskalgintzan, arlo sozialean edo herrigintzan eta bide berriak zabaldu berdintasunean”, adierazi du lehendakari berriak.

Zuzendaritza-batzordeko kide ohiak // Indartsu Club

Aurreko hamarkadetan batzordekideek kirol eta ekonomia esparruan egindako lanaren garrantzia azpimarratu dute batzordeko kide berriek eta Nito, Javi, Josu, Oscar, Roberto, Juantxu, Josu I eta Joseba kide ohiek hurrengo hilabeteetan “merezitako aitortza” jasoko dutela iragarri dute.

Hurrengo hilabeteetan ‘Garai Berriak, Bide Berriak’ proiektua aurkeztuko diote klubeko familia, jokalari eta bazkideei, “baita Basauriko eragile ezberdinei ere”.

Eneko Orio (Indartsu Eskola): “Lehiaren eta heztearen balantzan, beti heztearen alde jo behar dugu eskola kirolean”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak