→Basauri

Basauriko Udalak 455.000 euroko inbertsioa egin du Enplegu Planean eta 63 langabe kontratatuko ditu

Basauriko Udalak eta Eusko jaurlaritzak ia 1,5 milioi euro bideratu dute planerako, “inbertsioaren marka urratuz”

Langileak, adinekoen etxean // Geuria

Basauriko Udalak eta Eusko jaurlaritzak ia 1,5 milioi euro bideratu dute planerako, “inbertsioaren marka urratuz”. Kopuru horretatik 1.021.637 euro Jaurlaritzarenak dira eta 455.054, Basauriko Udalarenak, 2021ean baino 351.226 euro gehiago (%40).

Aurten honako lanpostuak eskainiko dizkiete lan-eskatzaileei: adinekoen etxeetarako 45 urtetik gorako 8 dinamizatzaile, jolastoki irekietarako 12 langile, 10 mugikortasun agente, argiteria publikoaren kanalizaziorako 45 urtetik gorako 10 langile, jarleku eta espazio publikoetako pintura lanetarako 45 urtetik gorako 8 pertsona eta administrazio elektronikorako 45 urtetik gorako 11 langile. Eskaintza guztiak Lanbide Enplegu Zerbitzuan topa ditzakete interesdunek.

Kontratatuko dituzten 63 langile horietatik 59k, kontratuaz gainera prestakuntzako eta lan-orientazioko ibilbide bat jasoko dutela azaldu du Isabel Cadaval enpleguko zinegotziak. Lau langile joan den urrian kontratatu zituen Udalak:  “Langabeziaren eraginpeko kolektibo  garrantzitsuenetako bati zuzenduta dago, gazteei, alegia, eta Basauriko Udalak 4 gazte kontratatu zituen urriaren 9an, Europar Batasunak  kofinantzatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko EFG Plus 2021-2027 programari esker hasi baitzen tokiko enplegu-planaren zati bat gauzatzen”, gehitu du Cadavalek.

Gazteentzako kontratu horiek lortzeko zenbait baldintza bete behar dituzte eskatzaileek: 16 eta 30 urte bitarteko adina izatea, lanik ez izatea eta Lanbide enplegu zerbitzuan izena emanda egotea, bete beharreko lanpostuko ikasketa-maila betez eta Gazte Bermearen Sistemako Fitxategian altan emanda egotea.

Hurrengo 59 pertsonak kontratatzeko Next funtsak erabiliko ditu Udalak lana topatzeko zailtasuna duten 45 urtetik gorako bazterkeria-arriskuan dauden pertsonentzat. Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira %75eko lanaldian.

Urtero bezala, Basauriko Udalak bete behar dituen lanpostuen ezaugarriak jakinaraziko dizkio Lanbideri eta enplegu zerbitzuak bilaketa egingo du eskatzaileen artean. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda osatu eta udaletxera bidaliko du Lanbidek: “Aurre-hautaketa horretan aukeratua izan ahal izateko, garrantzitsua da Lanbiden datuak eta  eskatzen diren okupazioak eguneratuta izatea, eta egoki  sailkatuta egotea ziurtatu behar da, izena emandako  okupazioak pertsona bakoitzari interesatzen zaizkion  okupazioekin bat etor daitezen”, azaldu dute udal ordezkariek. Basauriko Udalak teknikarien eta giza-baliabideetako langileekin proiektu bakoitzeko hautagaiak ebaluatuko ditu, “ordezkari politiko barik”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak