Sareak

☉ Basauri

Fagor-Edesa auzian helegitea jarri edo ez erabakiko du Eskuratu elkarteak

Fagor eta Edesako 940 langile ohik 47 milioi euro eskatzen dizkiote Mondragon Taldeari, baina epaileak ez du onartu Ordaindu eta Eskuratu elkarteen demanda.

|

basauri edesa lantegia 2014
Edesako lantegia Basaurin // Argazkia: Geuria

Edesako langile ohien Eskuratu elkarteak ezohiko batzarra egingo du bihar, irailak 11, Basaurin. Hain zuzen ere, Fagor eta Edesa lantegietako 940 langile ohik demanda jarri zuten Mondragon Taldearen kontra, hasiera batean kooperatiban inbertitu zituzten 47 milioi euro eskatzeko. Bergarako Epaitegiak uztailaren 27an erabaki zuen Mondragon taldea absolbitzea eta ez zuen onartu Ordaindu eta Eskuratu elkarteen demanda -Fagor Etxetresnen eta Edesa lantegietako langile ohien elkarteak-. Epailearen esanetan, eskaera hori “baliogabe” gertatu da dagoeneko.

Gauzak horrela, bihar egingo duten batzarrean erabakiko dute Eskuratu elkartekoek (300 kide inguru) epai horren aurrean Gipuzkoako Lurralde Auzitegian helegitea jarri edo ez. Eskuratu elkarteko ordezkariek diotenez, “epaileak ez du gure demanda sakontasunean analizatu”.

Ordaindu elkarteko kideek (600 kide inguru) irailaren 7an Arrasaten egin zuten batzar orokorra eta aho batez onartu zuten Mondragon Taldearen kontrako demandaren epaiari helegitea jartzea, Goiena komunikabideak zabaldu duenez. Orain, Eskuratu elkarteko kideek erabakitzen dutenaren zain daude. Epeen barruan, hilabete bukaeran aurkeztuko dute Gipuzkoako Lurralde Auzitegian helegitea.

☉ Basauri

Lau gizon atxilotu dituzte Basauriko metalurgia enpresa batean lapurreta egiteagatik

Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen, eta Ertzaintzak adierazi duenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten

|

Ertzaintzako ibilgailuak // Geuria, artxiboa

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak 25 eta 50 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte Basauriko industria-pabiloi bateko metalurgia enpresa batean lapurreta egitea leporatuta.

Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten.

Atxiloketak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten egin dituzte.

Gainera, lau pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere egotzi diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre lapurtu zuten, 51.000 euro inguruko balioa zuena.

Bi delituetan atxilotuek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko. 

Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakume bat atxilotu dute Basaurin espetxean droga sartzen saiatu denean

Emakumeak 67 urte ditu eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote. Era berean, berarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu du Ertzaintzak

|

Basauriko espetxea // Google Maps

Ertzaintzak 67 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Basaurin, espetxean haxixa sartzen saiatu zenean, preso bat bisitatzera joan zela aprobetxatuz.

Susmoak jarraituz, preso batentzako zen pakete bat ikuskatu zuten. Beroki bat aztertu eta miatu ondoren, forruaren barruan ezkutatuta 300 gramo haxix zituzten zazpi poltsatxo aurkitu zituzten.

Gauzak horrela, momentuan bertan atxilotu zuten emakumea. Osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote, eta polizia-eginbideak bete ostean, aske utzi zuten.

Era berean, akusatuarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu zuten agenteek. Bere aurka eginbideak ireki dituzte, ikertu gisa, delitu beragatik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Karnabas mozorro lehiaketa, 90 segundutan!

|

Inautxok gidatuta, euriak ez du mozorro lehiaketa geldiarazi Basaurin. Furbyak, Pinotxo eta Gepeto, haginlariak, Ratatouille, txorimaloak, euliak, estralurtarrak, oiloak eta lau urtaroak… ez da inor falta izan! Hona hemen mozorro lehiaketako laburpena!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Zenbat denbora eman dute basauriarrek mozorroak prestatzen?

|

Inauteriak dira eta Basauriko kaleak mozorroz bete dira otsailaren 14an, larunbatez. Euria egin arren, mozorro lehiaketa antolatu dute Solobarriako karpan [hemen argazkiak!]. Eta bertan topatu ditugu estralurrarrak, furbyak eta oiloak eta baserritarrak. Zenbat denbora eman dute mozorroak prestatzen?

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin

|

Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.

Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).

Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).

Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).

Osorik irakurri