Gaurtik aurrera Basauri (Bizkaia), Zaballa (Araba) eta Martutene (Gipuzkoa) espetxeen kudeaketa bere gain du Eusko Jaurlaritzak. Lehen, Espainiako Gobernuak zuen hiru zentro horien eskumena, eta gaur, urriak 1, espetxe-kudeaketaren titulartasun-aldaketa eman da. Euskal administrazioaren azpiegitura gisa identifikatzen dira dagoeneko hiru zentroak eta Eusko Jaurlaritzaren armaria dute: Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren ordez Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Departamentuaren ikurra, hain zuzen.

Vicenta Alonso Basauriko espetxeko zuzendaria eta Beatriz Artolazabal sailburua // Argazkia: Irekia
Gaur 08:00ak aldera espetxe-kudeaketaren transferentziaren ekitaldi instituzional sinbolikoa egin dute Basauriko espetxean. Bertan izan dira Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Vicenta Alonso (Basauri), Benito Aguirre (Zaballa) eta Marian Moreno (Martutene) zentroetako zuzendariak; Ana Agirre sailburuordea, Eugenio Artetxe Justiziako zuzendaria eta Jaime Tapia espetxe aholkularia; eta Asier Iragorri Basauriko alkatea.

Asier Iragorri Basauriko alkatea ere ekitaldi instituzionalean izan da gaur goizean // Argazkia: Irekia
326 preso Basaurin
EAEko hiru espetxeetan 1.387 pertsona daude: 778 Zaballan, 326 Basaurin eta 283 Martutenen. Basaurikoan ez dago emakumerik, baina Zaballan eta Martutenen 80 daude: 56 Araban eta 24 Gipuzkoan. Basaurin erregimen irekian daude preso gehien: 185; Martutenen 99 eta Zaballan 90. Langileei dagokienez, 593 langile daude hiru espetxeetan lan egiten: 469 gizon eta 124 emakume.
