Osasun Mentaleko Elkarte Feminista da Estereotipak. Osasun mentalarekin eta generoarekin lotutako estereotipoen aurka borrokatzeko abiarazi zuen 2021ean emakume-talde feminista batek. Helburua argi zuten: osasun mentalari buruz hausnartu, estereotipoak eta tabuak hautsiz eta, aldi berean, emakumeak ahaldunduz, gizarte-errealitatea aldatzeko xedearekin. Estereotipak Osasun Mentaleko Elkarte Feminista joan den urriaren 22an aurkeztu zuten Basauriko Marienea emakumeen etxean eta sekulako arrakasta izan zuen deialdiak, 40 emakume baino gehiagoren parte-hartzearekin.
Marieneako saioan bakarrizketa aurkezpen bat, elkartearen aurkezpena eta emakumeek idatzitako poesien irakurketa hunkigarria bizitu genituen. Amaieran mokadutxoa prestatu zuten, aurkezpenaren alboko gela batean. Elkarteko emakume birekin batu ginen: Itxaso Fernandez (Usansolo, 1986) eta Itziar Aldekoa (Galdakao, 1987). Eurekin Estereotipak elkartearen sorreraz, helburuaz eta osasun mentalaren inguruan berba egin genuen, ikuspegi feminista alde batera utzi barik.
Zer da Estereotipak proiektua? Itxaso Fernandez: Estereotipak duela urtebete sortu genuen osasun mentala eta generoa uztartzeko beharra ikusi genuelako. Gizarteak hausnarketa bat behar zuen horretarako.
Zenbat lagun zaudete proiektu honen atzean? Itziar Aldekoa: Talde eragilea zazpi emakumek osatzen dugu eta badira beste lagun batzuk noizean behin laguntzen dutenak.
Nolako aurkezpena egin duzue Basauriko Marienean? I.A: Elkartearen lehen aurkezpena egin genuen urrian. Nik ongietorri antzeztu bat egin nuen ekitaldiari hasiera emateko. Gero proiektuaren aurkezpen ofiziala egin genuen eta jarraian poesiak irakurri genituen: bai guk, bai aurkezpenera etorri ziren hainbat emakumek ere. Aurkezpena biribiltzeko mokadutxo antzeko bat egin genuen denon artean esperientziak edota iritziak partekatzeko.
Osasun mentala eta generoa dituzue ardatz nagusi. Nolakoa da bien artean dagoen harremana? I.A: Emakumeok historikoki zoro moduan tratatuak izan gara. Zientzia patriarkalak normaltasun eredua sortu zuen eta azken batean normaltasun hori gizonezkoen normaltasuna da. Emakumeok normaltasun horretatik kanpo geratu gara. Hori dela eta, psikologiak eta psikiatriak kutsu patriarkal hori dauka eta emakumeok baztertuago gaude gizartean. Horixe da gure ikuspuntua.
Horrek esan nahi du psikologiak eta psikiatriak modu ezberdinean tratatzen dituztela gizonezkoak eta emakumezkoak? I.A: Hori baino gehiago: errazagoa da emakume batek arazo mentalak izatea gizarte baten izaeragatik eta pentsamendu hori izateagatik. Adibide modura: emakumeok diskriminazio izugarria jasaten dugu lanaldi bikoitzak edo hirukoitzak burutzen ditugulako edo bikotekidearen partetik biolentzia jasaten dugu. Egoera horiek ezinegona eragiten dute eta biktima gaizki sentitzen da.
Sistema tradizional horren alternatiba modura, Estereotipak bestelakoa proposatzen du. I.A: Gu alternatibak sortzen saiatzen gara. Baina hori prozesu bat da eta oraindik ez dago informazio asko gai horren inguruan. Gai berria denez, sistema tradizionala deseraikitzeko eta berria eraikitzeko prozesuan gaude.
Estereotipakeko beste ardatz garrantzitsu bat bertan egiten dituzuen tailerrak dira. I.F: Martxan jarri berri ditugu eta gure asmoa hainbat aktibitate lantzea da: jarduera ludikoak, naturarekin harremana dutenak… Azken batean, espazio seguruak eta erosoak sortzea da gure helburua, bertan libre sentitu ahal izateko. Horrela osasun mentala landuko genuke feminismoaren aldetik. Saio batzuetan adituak ere etorriko dira bisitan! Martxan jarri berri baditugu ere, jendearen beharretara doitu ditzakegun saioak dira eta aldaketak egin ditzakegu bidean zehar.
Egoitza Basauriko Marienean izango duzue, baina tailer edo jarduera horiek kanpora eramateko aukera izango duzue, ezta? I.A: Gure asmoa jarduerak Euskal Herri mailara eramatea da. Azken batean, behar hau edonon topa daiteke. Osasun mentalaren inguruko elkarteak egon badaude, baina ez dugu ezagutzen gai hau ikuspegi feministatik lantzen duen elkarterik Euskal Herri osoan.
Saioetan parte hartu behar duen pertsona batek profil jakin bat edo gaixotasun mentalen bat izan behar du derrigorrez? I.F: Guretzat benetan garrantzitsua da neurodibertsitatea lantzea. Horregatik, gure saioetara etortzen denak ez du zertan diagnostiko bat izan behar ezta momentu jakin batean depresiorik zertan jasan behar ere; gaitz horiek guztiak edozein emakumek paira ditzake.
Zazpi emakumek osatzen duzue Estereotipaken lantaldea. Nolako profila daukazue eta zertan zarete adituak? I.A: ‘Aditu’ hitza ez zaigu asko gustatzen. Ni soziologoa naiz eta master bat daukat genero ikasketetan. Hortaz, ikuspegi feminista hori lantzeko formazioa daukat. Beste kide batzuk psikologoak dira, esaterako. Hala ere, taldean parte hartu nahi duenak ez du zertan psikologoa izan behar.
I.F: Nire kasuan Gizarte Hezitzaile ikasketak burutzen ari naiz eta momentu honetan praktikak egiten ari naiz osasun mentalean.
Eta Estereotipaken murgildu baino lehen antzeko proiektuetan lanik egin al duzue? I.A: Proiektu feministetan bai, noski. Guk, esaterako, Marieneako Banda Feministan ezagutu genuen elkar, batukada jotzen. Bertan jaio zen Estereotipak proiektua sortzeko ideia.
I.F: Nik elkarte sozialetan egin izan dut lan hona heldu baino lehen, baina osasun mentala ez dut aurretik landu. Hauxe da nire lehen aldia esparru honetan. Egia esateko, gai hau feminismoaren ikuspuntutik lantzeko beharra Marienean geundela bururatu zitzaigun. Ez genuen ezagutzen, ordura arte behintzat, gai hau landu zuen inolako elkarterik.
I.A: Nik osasun mentala eta generoaren inguruko tailer bat eskaini nuen Marienean duela urte bi. Arrakastatsua izan zen. 20 emakume inguru etorri ziren. Urtebete geroago, pandemia garaian, bigarren deialdi bat egin genuen eta sekulako arrakasta izan zuen (osasun neurriak errespetatuz betiere). Horrek erakutsi zigun jendeak gai honen inguruan interesa izan, baduela.
Joan den urriaren 10ean Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna izan zen eta badirudi aurten zeresan handia eman duela gai horrek. Nolako garrantzia du osasun mentalak gure eguneroko bizitzan? I.A: Egunero ditugu sentimenduak, batzuetan alaiago sentitzen gara eta beste batzuetan, tristeago.
I.F: Egiten dugun guztiak eragina du osasun mentalean. Gaizki sentitzen garenean sarritan ez ditugu osasun mentalaren alderdi jakin batzuk lantzen. Ondo sentitzen garenean, bestalde, konturatu barik agian landu ditugu. Nire ustez osasun mentala dena da.
I.A: Guk osasuna ikuspuntu zabalago batetik ikusten dugu, gaixotasunetik harago: osasuna puntu holistiko batetik ikusten dugu, ongizate soziala, psikologikoa… kontuan izaten.
I.F: Gainera, osasun mentala ez da mentala bakarrik, fisikoa ere izan bada: dena harremanatuta dago: fisikoa, mentala, soziala…
I.A: Hori da: Zientziak gorputza eta burmuina banatu ditu, gauza diferenteak balira. Baina azken batean dena dago konektatuta.
Aurkezpen ofiziala eginda, zein da eman behar duzuen hurrengo pausua? I.A: Aurten tailerrekin hasi gara. Elkarteko kide bi Oreretako emakumeen etxean tailer bat eskaini zuten eta tailer hori urriaren amaieran Durangora eraman genuen. Horietan historiak, zientziak eta psikologiak emakumeak nola tratatu duten erakutsi diegu emakumeei, besteak beste. Jarduera hauek bizipenekoak dira ere, eta parte-hartzaileek euren sentimenduak nola bizitzen dituzten erakusten dute. Zortzi orduko saioak dira leku bakoitzean. 2023ko urtarriletik aurrera gainontzeko programazioari ekingo diogu.
Ezin dezakezue ezer aurreratu? I.F: Programazioa itxita ez dagoen arren, hainbat saio aurreratuta dauzkagu: hilean behin edo bitan zineforum bat egiteko asmoa dugu. Bertan, filma komentatu eta emakumeen arteko eztabaida egiteko. Bestalde, ‘Baso-bainu’ delakoak egingo ditugu ere. Saio horietan naturarekin harremana duten jarduerak egingo ditugu. Horiez gainera, antzerki tailer autonomoa prestatuko dugu, baita elkarri laguntzeko taldeak ere.
