☉ Basauri
Basauriko eta Etxebarriko 26 saltoki modernizatzeko laguntza eman zuen iaz Behargintzak
Datuak datu, % 54 hurbileko zerbitzuak izan dira, % 42 dendak, eta, % 4 tabernak eta jatetxeak

Basauriko eta Etxabarriko 26 saltokik, zerbitzuk eta tabernak modernizazio-, berrikuntza- eta digitalizazio-proiektu garatu zituzten iaz Behargintzaren laguntzarekin.
Zehazki, Basauriko 24 denda, zerbitzu eta eta tabernari eta Etxebarriko biri eman zioten laguntza, “gehien-gehienak autonomoak, eta bakoitza bere diagnostiko eta bide-orriarekin, haien premia, kezka eta erronkei erantzuteko”, diote Basauriko udal ordezkariek.
Datuak datu, % 54 hurbileko zerbitzuak izan dira (osasuna eta edertasuna, eta etxerako zerbitzuak), % 42 dendak (elikadura eta jantziak, gehien bat), eta, % 4 tabernak eta jatetxeak.
Aholkularitza komertziala jaso zuten 11 establezimenduk, eta estrategia komertzial berriak jorratu zituzten. Besteak beste, honako hauek: irudi korporatibo fisiko eta digitala lantzea; bezero berriak erakartzea; bezeroekiko komunikazioa hobetzea hainbat baliabideren bidez (WhatsApp Business, Google Fitxa, sare sozialak, QR kodea edota webgunea); eta negozio-linea, zerbitzu edo produktu berriak merkaturatzea”, diote.
Bestetik, 10 saltokik aholkularitza ekonomikoa eta finantzarioa jaso zuten: “Emaitzei, errentagarritasunari, marjinei eta prezioei buruzko kontuak aztertu eta erabakiak hartu zituzten; finantza-kontrolerako ereduak ezarri zituzten; aztertu zuten, ikuspegi ekonomikotik, negozio-linea berriak merkaturatzea; saltokiko terminalen erabilera hobetu zuten; TicketBaira egokitu ziren; beren proiektuetarako finantzaketa bilatu zuten, edo negozioa transmititzeko prestatu ziren”.
Marketin digitaleko aholkularitzan, 10 negoziok hobetu zuten Google Fitxaren kudeaketa, baita web-posizionamendua, webguneak eta sare sozialetako profilak landu ere. “Gainera, hobekuntzak egin zituzten online salmentan eta publizitate digitalean, eta katalogo digitalak sortu zituzten, besteak beste”, diote.
Saltokiaren irudia hobetu nahi izan zuten 6 negoziok lokala egokitzeko aholkularitza jaso zuten: “Nola egin berrikuntzak eta hobekuntzak; inbertsio-mota —materialak, kostua eta epeak—; jardueraren arabera aplikatu beharreko araudia, edo administrazio-prozesuaren funtzionamendua, lizentziak eta obra-baimena aztertu zituzten. Halaber, aukerak planteatu zitzaizkien, hainbat beharrizani erantzuteko, hala nola, espazioen banaketa, fatxada-irekierak, aireztapen- eta klimatizazio-sistemak, lurzorua, elektrizitatea edota argiztapena”.
Eta 5 negoziok salmenta-puntua hobetzearen aldeko apustua egin zuten, Visual Merchandising delako eta erakusleiho-apainketako aholkularitza bidez: “Denda berrantolatu zuten teknika profesionalizatuen bidez; lokalaren estetika eta giroa hobetu zuten; kartelgintza korporatiboa berritu zuten; visual teknikak aplikatu zituztem produktuaren kokapen optimoan, edo erakusleihoak hobetu zituzten”, diote.
☉ Basauri
Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.
Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.
Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo, Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.
☉ Basauri
Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin
Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.
Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.
Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.
Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.
Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.
Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen
Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik
☉ Basauri
Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.
Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.
Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.
Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.
“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.
Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.
☉ Basauri
Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.
Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.
Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz.
☉ Basauri
Bideoa | Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”
2021eko eraso homofoboaren epaiketak lau saio izango ditu: gaur izan da lehena eta Ekain berak eta lekuko batzuek deklaratu dute epailearen aurrean

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasi da gaur. Eta, Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauriko Bentako plazan [hemen argazkiak]
Elkarretaratzean izan dira Ekainen senideak, eta GEURIAn Silvia Gomez bere amarekin berba egiteko aukera izan dugu: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”.
Ekain lehenengoa izan da epailearen aurrean deklaratzen eta ondoren erasoa ikusi zuten lekukoek eman dute euren testigantza. Erasoa egitea leporatuta 11 pertsonak deklaratuko dute martxoaren 11n.











