☉ Basauri
‘Sorioneku’ bideoklipa kaleratu dute Basauriko Etxebarria Aita-Seme Trikitilariek JJ Vaquerorekin
Etxebarria Aita-Seme trikitilariek lan berria kaleratu dute gaur bertan, apirilaren 21ean. ‘Sorioneku’ du izena eta JJ Vaquero bakarrizketagilearekin eta Jesus “El Negro”rekin filmatu dute
Etxebarria Aita-Seme trikitilariek lan berria kaleratu dute gaur bertan, apirilaren 21ean. ‘Sorioneku’ du izena eta JJ Vaquero bakarrizketagilearekin eta Jesus “El Negro”rekin filmatu dute.
“2023ko martxoaren 25ean Valladoliden grabatutako bideoklipa da Sorioneku”, azaldu dute Etxebarria Aita-Semeak-ek. “Aita-semeen abesti berri bati buruz ari gara, baina oraingoan, JJ Vaquero bakarrizketagile ospetsua da protagonista, Jesus “El Negro” ahaztu gabe, elkarrekin barre eginaraziko digute Euskal Herrian zein ezagunak garen gogorarazten digun istorio honetan”.
Basauriarren estiloa mantentzen duen abestia dugu Sorioneku, umorea alde batera uzten ez duena eta “Euskal Herriko gauza herrikoi asko gogoratuko duenak”. Aitak eta semeak azaldu dutenez, “lurraldean oharkabean pasatuko ez den abestia” da.
Iaz, urte amaieran Barricada taldearen ‘No hay tregua’ abestiaren bertsio berezia kaleratu zuten bideoklip formatuan. Irudietan Zolloko inguruetatik ibilbidea egiten dute Etxebarria aitak eta semeak Seat 600 batean, bertan jaio baitzen Koldo Etxebarria.
Lau belaunaldi
Horrela hasten da aita eta semea hainbeste elkartzen dituen istorio hau. Koldo Etxebarria (1960) 1975ean hasi zen lanean, aitarekin (Luis Etxebarria 1928-2005) eta aitonarekin (Eduardo Etxebarria “PITI”) batera, non ibilbide musikal luze baten ondoren, urte batzuk geroago, hurrengo belaunaldiari utzi zion ikuskizunaren mundua, eta ibilbide luzea eta herri asko utzi zituen bere “Trikitixa” lanarekin (Euskal Herriko akordeoi diatonikoa).
Koldok tekla-akordeoi batekin hasi zen, Panderoa eta Trikitixarekin batera, eta urte batzuk geroago Trikitixa eta panderoaren formatu klasikoan amaitzen. Urte asko eta herri batzuk igaro dira bere semea, Unai Etxebarria (1993) taularatu zen arte. Hamaika urterekin euskal folklorearen ate handitik sartu zen Koldo aitarekin batera.
Horrela, esan daiteke, ez direla urte gutxi euskal eszenan elkarrekin daramatzatenak, euskal bi instrumentu folkloriko hauekin, Trikitixa eta Panderoa, interpretatutako bertsioak (ez bakarrik euskaldunak) eta abesti propioak musika mundura ekarriz. Gaur egun, ez dira herri eta hiri gutxi izango beren musika-tresnekin bisitatuko dituztenak, horrela, festa gure etxeko ateraino ekarriko digute.
Basauriko Etxebarria Aita-seme Trikitilariek disko berria kaleratuko dute abenduan
☉ Basauri
Etxe Maitiako EPE azterketa egiteko aukera emango diote proba egunean erditu zuen emakume basauriarrari
Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu zuen duela aste batzuk basauriar batek LABen bitartez, eta kexa Arartekoari aurkeztu zion sindikatuak.
GEURIArekin harremanetan jarri ziren emakumea eta bere bikotea eta gertatutakoaren berri eman zuten. “Zuzeneko diskriminazio” kasu bat izan zela adierazi zuten sindikatutik, sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola, haurdunaldiagatik edo amatasunagatik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako 1/2023 Legeak jasotzen duen bezala.
Basauriko Udalak esan zuen prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela, baina orain LABek jakinarazi duenez, azterketa beste egun batean egiteko aukera eman diote Z.G.G. basauriarrari: “LAB sindikatuak Arartekoari aurkeztutako kexaren ondoren, Basauriko Etxe Maitia egoitzak aukera emango dio kaltetutako emakumeari, erditzeko programatutako egunean enplegua egonkortzeko hautaketa-prozesuan azterketarekin bat zetorren proba beste data batzuetan egiteko”. Azterketa urriaren 21ean egingo du basauriarrak Basauriko udaletxean.
“Pozik gaude, alde batetik, Arartekoak azkar aztertu duelako kasua eta bere gomendioa egin duelako. Bestalde, sindikatu hau pozik agertzen da ere Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren Epaimahai Kalifikatzaileak hartutako erabaki berriagatik; izan ere, Arartekoak egindako gomendioa onartu duenez, oposizio-aldiko ariketako bi probak urrian bertan egiteko aukera emango dio kaltetutako emakumeari. Era berean, Z.G.G izangaiari edoskitzea egin ahal izateko beharrezko espazioa eta denbora emango diote proba egin bitartean”, adierazi dute LABetik.
☉ Basauri
Gizon bat atxilotu dute Basauriko Urbi auzoan, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatuta
Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, bere etxean indarrez gotortu eta etxebizitza-bloke berean sutea eragitea egotzita. Gainera, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote
Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, bere etxean indarrez gotortu eta etxebizitza-bloke berean sutea eragitea egotzita. Gainera, polizia-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote.
Gertaerak atzo, urriak 13, jazo ziren Urbi auzoan 20:30ak aldera. Herritar batzuek jakinarazi zioten Ertzaintzari gizon bat zegoela bere etxebizitza barrutik objektuak bide publikora jaurtitzen.
Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, gizona bere etxean gotortuta zegoen, eta, “bere onetik aterata, oso aztoratuta eta oihuka”. Ertzainak iritsi zirenean, irainka eta mehatxuka hartu zituen, eta leihotik kristalak eta altzariak jaurtitzen hasi zitzaien.
Berehalako Erantzuneko (PRI) patruilak bertaratu ziren eta negoziazio-taldea behin baino gehiagotan saiatu zen pertsona hori lasaitzen, baina ezin izan zuten ulertu gizona zein egoera psikofisikotan zegoen. Jarraian, ertzainek kea antzeman zuten eskaileran, eta gotortutakoak etxean sutea eragin zezakeelakoan, Larrialdi Zerbitzuek prebentzio-gisa etxebizitzen blokea hustu zuten, baina inor ez zen kaltetu eta ez zuten artatu behar izan.
Ondoren, Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta Bizkaiko suhiltzaileen arteko elkarlanaren ondoren, PRIko patruila bat etxe barrura sartu zen, eta sarreran eraso egin zien gizonak, objektuak eta arma zuriak botata. “Berehala neutralizatu zuten”, diote.
Akusatua osasun-langileek artatu zuten, eta, ondoren, atxilotu gisa, Usansoloko Ospitalera eraman zuten; izan ere, zauri larriak zituen, kasu honetan, berak eragindako autolesioak.
Atxilotuak jarrera bera izan du beste batzuetan, eta oraingoan ustezko atentatu-delitu bat eta agintaritza-agenteei heriotza-mehatxuak egitea leporatu diote. Epailearen esku jarriko dute dagozkion eginbideak amaituta ostean.
☉ Basauri
Bideoa / Laguntasuna irabazle, eta Ontzaken garaipena airean, Basauriko jaietako Sokatiran
Sokatira lehiaketa izan zen atzo, San Fausto egunean, Basauriko jaietan. Aurten Laguntasuna izan da garaile emakumezkoetan eta gizonezkoetan Ontzakek irabazi zuen.
Hala eta guztiz ere, airean dago mozoloen garaipena; izan ere, emakumezkoen finala baino lehen, Ontzaken gizonezkoen garaipena ospatzeko sokatira-esparrua inbaditu zuten kuadrillako kideek, emakumezkoen soka eta zorua erabat bustiz.
Txapeldunorde izan dira aurten Mozkorrak emakumezkoetan eta Urbiko Lagunak gizonezkoetan.
☉ Basauri
Argazkiak / Jo eta su aritu dira herriko taldeak sanfaustoetako sokatira txapelketan
Aurten espazio txikiagoa, jendea inoiz baino gertuago eta berotasuna eta tentsioa, inoiz baino handiagoak izan dira soka artean
Atzo bertan jokatu zuten Basauriko sanfaustoetako sokatira txapelketa, kuadrillen bazkaria eta irrintzi txapelketaren ostean. Aurten, trintxeretako obrak direla eta, jarduera Arizgoiti plazara lekualdatu dute eta jaietako txapelketa mitiko honen paisaia erabat aldatu du: espazio txikiagoa, jendea inoiz baino gertuago eta berotasuna eta tentsioa, inoiz baino handiagoa soka artean.
Plazaren bihotzean izan gara eta gertutik bizi izan ditugu aurtengo momentu erabakigarrienak.
☉ Basauri
Argazkiak / 4.600 lagun elkartu dira Basauriko kuadrillen bazkarian, eguzkipean
Herritarrek aterkinak, eguzkitakoak eta pergolak erabili dituzte eguerdiko 28ºetatik ihes egiteko
Aurten inoiz baino jende gehiago elkartu da Basauriko jaietako kuadrillen bazkarian. Guztira 4.600 pertsonek bazkaldu dute Bizkotxalde parkean 28ºko tenperaturarekin. Udako azken eguna eman du gaurkoak eta herritarrek aterkinak, eguzkitakoak eta pergolak erabili dituzte eguzki izpietatik ihes egiteko, baita ur pistolak ere.
Bazkaltzen egon zara bertan?