→Basauri

‘Lau Belaunaldi’ albuma kaleratuko dute Basauriko Etxebarria Aita-Seme Trikitilariek Gabonei begira

‘Lau Belaunaldi’ du izena Etxebarria aitak eta semeak basauriarrek datorren abenduaren 5ean kaleratuko duten album berriaren izena. Erretes Tudela estudioan joan den urrian eta azaroan grabatutako folklore popularra landuko duen disko berri honek 12 abestik osatzen dute eta ezagunak egingo zaizkie entzungo dituztenei: ‘Behin batian Loiolan’, ‘No hay tregua’, ‘Ireki bihotza’, ‘Txoria txori’, ‘Lau teilatu’… Aitak eta semeak “sorpresaz betetako diskoa” bezala definitu dute abenduan kaleratuko duten hau.

Ikus daitekenez, horietako asko bertsio famatuak ditugu. Urrutira joan gabe, joan den urrian Unai Etxebarriagaz berba egiteko aukera izan genuen Barricada taldearen ‘No hay tregua’ bertsioaren bideoklipa kaleratzearen haritik: “Uste baino arrakasta handiagoa izan du bideoak”, azaldu digu Unai Etxebarriak. Aste batzuk daramatza bideoak YouTuben eta momentura arte 3.800 ikustaldi eta 140 ‘Atsegin dut’ lortu ditu. Gaur egun 4.360 ikustaldi dauzka bideoklipak.

‘No hay tregua’ kantarekin egin zuten bezala, ‘Lau Belaunaldi’ albumaren publikazio egunean ere  ‘Alkate Zinegotzi’ bideoklipa argitaratuko dute, disko berriko abesti propio bakarra: “Abestietan Trikitixa eta panderoa nabari daiteke gehien bat, Baina beste instrumentu asko ere entzun daitezke; Akordeoia, kitarra, baxua, teklatua, sintetizadoreak, bateria…

Etxebarria Aita eta Semea, bideoklip berriaren grabaketan // Etxebarria aita eta seme trikitilariak

Lau belaunaldi musiketan

Album berriaren izena Basauriko musikari familiaren ibilbidean oinarrituta dago: Eduardo Etxebarria ‘Piti’ (1900-1993), Luis Etxebarria (1928-2005), Koldo Etxebarria (1960) eta Unai Etxebarria (1993). Gaur egun Koldok eta Unaik alaitzen dituzte eskualdeko herrietako jaiak eta ospakizun bereziak, estilo propio eta bereziarekin, beti alai.

“Festa etxeko atarira hurbiltzeko asmoz, ez dira gutxi izango musikaz bustiko ditugun hiri eta herriak” azaldu digute. Abenduaren 5ean eskuratu ahal izango da disko berria 15 eurotan. Album hau plataforma guztietan entzun ahal izango da eta interneten bidez erosteko aukera egongo dela aurreratu digute egileek, baita zehazteke dauden Bizkaiko komertzio batzuetan ere.

Basauriko Etxebarria Aita-seme Trikitilariek disko berria kaleratuko dute abenduan

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak