Sareak

☉ Basauri

Emantzipazioa planifikatzeko jardunaldiak antolatuko dituzte gazteentzat Basaurin

Era berean, aukera akademikoei eta lan-aukerei buruzko informazioa ere emango dute jardunaldiotan, martxoaren 10etik 31ra bitartean

|

Etxebizitza alokatzea edo erostea planifikatzeko jardualdiak 16 eta 30 urte bitartekoentzat daude zuzenduta // Geuria

Etxebizitzari eta prestakuntza-etorkizunari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte martxoan zehar Basaurin.

Jardunaldiok 14 eta 35 urte bitarteko gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 10etik 31ra bitartean izango dira Autonomia kaleko Gaztegunean, Zirt Zart aretoan.

“Emantzipaziorako etxebizitza bilatzea funtsezko kontua da gazteentzat, haien independentziarako eta garapen pertsonalerako urrats garrantzitsua baita. Jardunaldi horien bidez, familiaren etxetik irten nahi dutenek independizatu ahal izateko behar duten informazio guztia izatea nahi dugu”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Emantzipatzeko informazioa 16 eta 30 urte bitartekoei dago zuzenduta eta horretarako ibilbidea planifikatzeko informazioa eskainiko dute.

Asier Iragorri alkatea, Jon Zugazagoitia gazteria arloko zinegotzia eta Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotzia gaur prentsaurrekoan // Geuria

Besteak beste, Alokabide zerbitzua eta alokairuko etxebizitza (martxoak 10), etxebizitza erostea (martxoak 17), etxeko ekonomia (martxoak 24) eta etxeko hornidurak (martxoak 31) izango dituzte hizpide. Saio guztiak 17:00etan izango dira eta 90 minutuko iraupena izango dute.

Prestakuntza eta etorkizuna

Bestetik, lan- eta ikasketa-orientazio saioak antolatuko dituzte DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleentzat eta euren familientzat.

“Saio horietan, gaur egun dauden aukerak azalduko dira: unibertsitatea, lanbide-heziketa, modalitateak, aldaerak… Beste alderdi batzuk ere aztertuko dira, hala nola, lan-merkatuaren eskaria, zer aukera dituzten irtenbide gehiago, zer prestakuntza izan daitekeen pertsona bakoitzarentzat egokiena, eta abar”, dio Jon Zugazagoitia Gazteria arloko zinegotziak.

Bi saio antolatuko dituzte: alde batetik, zeharkako trebetasun pertsonalak, gaitasunak, bokazio profesionala eta erabakiak hartzeko laguntzak (martxoak 19 eta 21), eta bestetik, hezkuntza-eskaintza eta lan-merkatuaren egoera eskualdeko errealitatea kontua hartuta (martxoak 26 eta 28).

Gazteentzako saioak 17:00etatik 18:45era bitartean izango dira, eta familientzakoak 19:00etatik 20:45era bitartean.

Jardunaldi hauetan izena emateko epea zabalik dago martxoaren 6ra arte. Eskabideak aurrez aurre egin ahal izango dira Basauriko Gazte Informazio Bulegoan (Autonomia kalea, 3) edo zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.

☉ Basauri

Lau gizon atxilotu dituzte Basauriko metalurgia enpresa batean lapurreta egiteagatik

Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen, eta Ertzaintzak adierazi duenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten

|

Ertzaintzako ibilgailuak // Geuria, artxiboa

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak 25 eta 50 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte Basauriko industria-pabiloi bateko metalurgia enpresa batean lapurreta egitea leporatuta.

Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten.

Atxiloketak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten egin dituzte.

Gainera, lau pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere egotzi diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre lapurtu zuten, 51.000 euro inguruko balioa zuena.

Bi delituetan atxilotuek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko. 

Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakume bat atxilotu dute Basaurin espetxean droga sartzen saiatu denean

Emakumeak 67 urte ditu eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote. Era berean, berarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu du Ertzaintzak

|

Basauriko espetxea // Google Maps

Ertzaintzak 67 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Basaurin, espetxean haxixa sartzen saiatu zenean, preso bat bisitatzera joan zela aprobetxatuz.

Susmoak jarraituz, preso batentzako zen pakete bat ikuskatu zuten. Beroki bat aztertu eta miatu ondoren, forruaren barruan ezkutatuta 300 gramo haxix zituzten zazpi poltsatxo aurkitu zituzten.

Gauzak horrela, momentuan bertan atxilotu zuten emakumea. Osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote, eta polizia-eginbideak bete ostean, aske utzi zuten.

Era berean, akusatuarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu zuten agenteek. Bere aurka eginbideak ireki dituzte, ikertu gisa, delitu beragatik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Karnabas mozorro lehiaketa, 90 segundutan!

|

Inautxok gidatuta, euriak ez du mozorro lehiaketa geldiarazi Basaurin. Furbyak, Pinotxo eta Gepeto, haginlariak, Ratatouille, txorimaloak, euliak, estralurtarrak, oiloak eta lau urtaroak… ez da inor falta izan! Hona hemen mozorro lehiaketako laburpena!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Zenbat denbora eman dute basauriarrek mozorroak prestatzen?

|

Inauteriak dira eta Basauriko kaleak mozorroz bete dira otsailaren 14an, larunbatez. Euria egin arren, mozorro lehiaketa antolatu dute Solobarriako karpan [hemen argazkiak!]. Eta bertan topatu ditugu estralurrarrak, furbyak eta oiloak eta baserritarrak. Zenbat denbora eman dute mozorroak prestatzen?

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin

|

Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.

Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).

Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).

Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).

Osorik irakurri