Sareak

☉ Basauri

Hiru gazte harrapatu ditu udaltzainak Basauriko etxebizitza batean indarrez sartzen saiatzen

Basauriko udaltzaingoak emendakinak zabaldu zizkien hiru gazteri atzo 15:12etan hutsik zegoen etxebizitza batean indarrez sartzen saiatzeagatik

|

Kaltetutako sarraila // Basauriko Udaltzainak

Basauriko udaltzaingoak, auzotar batek abisatuta, hiru gazteri (horietako bat 17 urteko adingabea) emendakinak zabaldu zizkien atzo 15:12etan hutsik zegoen Arizko etxebizitza batean indarrez sartzen saiatzeagatik. Udal ordezkariek “okupazio saiakera” bezala deskribatu dute ekintza.

Hiru gazteek zigor-aurrekariak dituzte eta saiakeraren ondorioz, etxebizitzako sarrailari kalteak eragin zizkioten. Hala ere, Udal ordezkariek azaldu dute ez dela pertsona kalteturik egon.

☉ Basauri

2025eko aurrekontua zehazteko gazteengana zuzenean joko du aurten Basauriko Udalak

|

Gazteak udal gaietan inplikatu daitezen bilatuko du Udalak aurrekontu parte-hartzaileetan // Geuria

2025eko aurrekontua zehazte aldera, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan jarri du beste urte batez Basauriko Udalak.

Herritarrek 400.000 euro zertara bideratzea nahi duten proposatu ahal izango dute, eta horretarako irailaren 29ra arte dute parte hartzeko epea zabalik.

Proposamenak onartuak izateko honako baldintza hauek bete behar dituzte: Udalaren eskumeneko arloei lotutakoak izatea, eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izatea; interes orokorra lehenetsi behar dute, partikularraren eta udalerriaren lurralde-orekaren gainetik; 50.000 euroko kostua ez gainditzea proposamen bakoitzeko; eremu pribatuei ez eragitea; planifikatuta edo exekuzioan ez egotea; eta ahal den neurrian, etorkizuneko gastu ekonomikoan ez eragitea.

Gainera, udal ordezkariek zehaztu dutenez, lehenetsi egingo dituzte gizarteari, gazteriari, adinekoei, kultura-hezkuntza arloei, mugikortasunari, irisgarritasunari eta aktibazio ekonomikoari lotutako proposamenak.

Gazteak inplikatzea

Aurrekontu parte-hartzaileen lehen fase honetan gazteak inplikatu nahi ditu Basauriko Udalak: “Aurten zuzenean haiengana iristea erabaki dugu”, diote.

Hain zuzen ere, Batxillergoko ikasleengana hurbilduko dira prozesuaren dinamizatzaileak: “Prozesuaren dinamizatzaileak Batxilergoko ikastetxeetara joango dira, publiko gaztearen parte-hartzea errazteko eta bultzatzeko. Espero dugu horrela haien ahotsa eta iritzia ere 2025eko kontuetan islatzea”, dio Berta Montes Herritarren Partaidetzarako zinegotziak.

Zelan parte hartu?

Batxillergoko ikasleengana hurbiltzeaz batera, datozen egunetan herritar guztiek proposamenak egiteko formulario bat jasoko dute beren etxeetan.

Inprimaki hori udaletxeko edo San Migeleko Herritarren Arretarako Zentroetan, Kultur Etxeetan, Artunduagako kiroldegian, Udal Euskaltegian, Marienean edo herrian zehar jarriko dituzten postontzietan entregatu dezakete herritarrek.

Halaber, ados.basauri.eus plataformaren bitartez ere herritarrek proposamenak bidali ahal izango dituzte.

Bide horiez gain, informazio karpak jarriko ditu Udalak Arizgoitin (irailak 25, goizez), Bidebietan (irailak 25, arratsaldez), Solobarrian (irailak 26, arratsaldez), Hernan Cortes plazan (irailak 27, goizez) eta Arizko elizaren plazan (irailak 27, arratsaldez).

Lau fase

Aurreko hiru urteetan bezala, parte-hartze prozesua lau fasetan egingo da. Herritarrek euren proposamenak egin eta gero (lehenengo fasea), Udaleko arloek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute eta, bozkatzeko lehentasuna emango diete ezarritako baldintzak gehien betetzeagatik (bigarren fasea).

Ondoren, herritarrek botoa emango dute 2025. urteko aurrekontuan sartuko diren proposamenak hautatzeko (hirugarren fasea), eta azkenik, Udalak boto gehien lortutako jarduketak burutuko ditu (laugarren fasea).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Erreportajea / 12 maratoi 12 hilabete, CTNNB1 elkartearen alde

Paula Rodriguez eta CTNNB1 elkartea laguntzeko asmoz, Yeray Gonzalez galdakoztar-basauriarrak kirol erronka zein erronka pertsonala burutuko du: urrian hasiko da hilero maratoiak egiten eta 2025eko urrian Basaurin egingo du azkena

|

Yeray Gonzalez, Paula Rodriguez eta Esti Martin // Geuria

Txikitatik futbolean jokatu ostean, duela zortzi urte korrika egiten hasi zen Yeray Gonzalez Gutierrez (Galdakao, 1988) galdakoztar-basauriarra. Distantzia luzeko lasterketak egitea gustatzen zaio: maratoiak. Eta horrekin kirol erronka zein erronka pertsonala abiaraziko du urritik aurrera. Hain zuzen ere, 12 hilabetetan 12 maratoi egingo ditu Yerayk, helburu solidario batekin: CTNNB1 elkartea laguntzea, alegia.

Logroño, Bilbo, Donostia, Valentzia, Almagro, Castelló, Bartzelona, Zaragoza, Madril, Gasteiz eta Bascones de Ojeda dira egingo dituen lehen hamaika maratoiak, eta azkena, hamabigarrena, Basaurikoa izango da: “Azkena, zalantzarik gabe, bereziena”, dio Yerayk.

Paula Rodriguez Martin (Basauri, 2018) CTNNB1 sindromea duen basauriarra da, eta Yerayk Paula eta CTNNB1 elkartea lagundu nahi ditu erronka “gogor” honekin. Estibaliz Martin Medina (Basauri, 1979) Paularen ama “hunkituta eta pozik” dago Yerayk egingo duen erronkarekin: “CTNNB1 sindromea eta elkartea ikusarazteko eta dirua biltzeko Yerayk egingo duena ikaragarria da, eta harro egoteko modukoa da niretzat. Oso eskertuta nago”, dio Estik. Yerayrekin, Estirekin eta Paularekin batu gara CTNNB1 sindromeaz eta Yerayk egingo duen erronkaz berba egiteko.

Yeray, nola sortu zen ‘12 maratoi, 12 hilabete’ erronka? Iratxe, nire emaztea, Paularen irakaslea izan da azken urteotan, eta hainbat lasterketa egin ditut CTNNB1 elkartearen kamisetarekin. Eta lasterketa horietako batean, Bartzelonan —non hiru orduko nire marka pertsonala jaitsi nuen—, helmuga zeharkatu nuenean, elkarteko ama batek kamiseta jantzita ikusi ninduen eta hizketan hasi ginen. Eskerrak eman zizkidan elkarteari ikusgarritasuna emateagatik, eta azkenean konturatzen zara bizitza honetan garrantzitsuena ez dela marka bat lortzea, jendeari laguntzea baizik. Eta Estirekin Basaurin hitz eginez, urte batean 12 maratoi egitea bururatu zitzaidan, elkartearen alde dirua lortzen saiatzeko. Sare sozialen bidez erronka zabaltzea eta dirua lortzea da asmoa, crowfunding baten bidez ihelp plataformaren bitartez. Gainera, 09050 Bizum zenbakia ere eskura dago dohaintzak egiteko, eta kamisetak eta eskumuturrekoak ere salduko ditu elkarteak. Nire erronkaren helburua 12.000 euro lortzea da, 2025eko urria baino lehen. Webgune bat ere zabaldu dugu: hemen esteka.

Zergatik 12 maratoi urtebetean? Nik erronka zorrotzak bilatzen ditut, jendeak ikus dezan sakrifizioa eskatzen duela. Eta iruditzen zait urte batean 12 maratoi egitea, bai maila pertsonalean, bai kirol mailan, polita eta zorrotza dela. Jendeak ikus dezala erronka aktiboa dela.

Urrian hasiko duzu erronka. Bai. Urriaren 6an Logroñon egingo dut maratoia. Ondoren datoz Bilbao Night Maratoia (urriak 19), Donostiakoa (azaroak 24), Valentziakoa (abenduak 1), Almagrokoa (urtarrilak 26), Castellókoa (otsailak 16), Bartzelonakoa (martxoak 16), Zaragozakoa (apirilak 6), Madrilgoa (apirilak 27), Gasteizkoa (maiatzak 11), Bascones de Ojedakoa (abuztuak 17), eta azkena, bereziena, Basaurikoa (2025eko urrian).

Hara! Azkena Basaurin! Hala da. Artunduagako atletismo pistan izango da, ziurrenik Basauriko jaietan, urriaren 11n. Txikientzako zein helduentzako lasterketak antolatuko dira: nahi duenak nirekin egin ahalko ditu 42 kilometroak, bestela erreleboak egin ahal izango dira edo kilometro bat edo bi egin. Elkartearekin kolaboratzeko dortsal solidarioa erosteko aukera egongo da eta egun horretan zozketak eta beste egongo dira. Lagundu nahi duen edonor ongi etorria izango da festa horretara.

Esti, zuk zelan hartu duzu Yerayren erronka hau? Erronka pertsonal bat bezala hartzen dut Yerayk hartuko duen ekimen hau. Iratxe bere emazte zoragarria ezagutzen dut, Paularen irakaslea izan delako azken urteotan. Zoragarria da haiek bezalako jendearekin topo egitea, familiok ditugun premiez oroitzen dena. Yerayk egingo duena ikaragarria da. Erronka galanta. Eta harro egoteko modukoa da niretzat. Ez dakit nola egingo duen, baina ziur nago motibazio oso handia duela eta primeran egingo duela; beraz, pozik eta hunkituta gaude.

Maratoi guztiak Espainian egingo dituzu, Yeray. Bai. Azkenean, nik finantzatzen dudan zerbait da, eta bilduko den diru guztia CTNNB1 elkartearentzat izango da. Dortsalak, ostatuak eta gasolina nire poltsikotik ordainduko ditut, noski, eta horregatik erabaki dut erronka hau Espainian zehar egitea.

Nola prestatuko zara erronka honetarako? Entrenatzaile bat daukat, Iker, Etxebarrikoa. Laguna da, lankide ohia eta orain entrenatzailea. Eta erronka honetarako prestakuntza pixka bat aldatuko dugu: bolumenean jarriko dugu arreta gehiago, errendimenduan jarri ordez.

Batzuetan, maratoi eta maratoi artean atseden hartzeko egun gutxi batzuk baino ez dituzu izango. Hala da. Egingo ditudan maratoi batzuk dagoeneko egin ditut, eta erronka honetarako egin duguna 12 maratoiak koadratzeko ikerketa-lan bat egitea izan da, udan ez baita halakorik antolatzen. Salbuespena Palentziakoa da, Bascones de Ojedakoa, abuztuan egiten dena. Gustatuko litzaidake hilean maratoi bat egitea, baina ez da posible, eta gainjarriko zaidan maratoiren bat egongo da: horietako batean zazpi egunetan bi maratoi egingo ditut!

Estik dio zure erronka pertsonala bere egiten duela. Zure kasuan, erronka pertsonala izateaz gain, kirol erronka ere bada. Kirol mailan, nire bizitzan egingo dudan erronkarik handiena izango da. Maratoia prestatzen dudanean, sakrifizioa eta ahalegina kontutan hartzen ditut, eta nahi ditudan helburuetara iristen naiz. Azkenean, bizitzan bezala da: egun osoa borrokan ematen dugu gure seme-alabak aurrera ateratzeko (nik bi dauzkat), eta enpatizatu egiten dut gaixorik dauden seme-alabak zaintzeko sakrifikatu behar duten familiekin.

Beste elkarte batzuekin lankidetzan aritu naiz, adibidez, AEFAT elkartearekin, eta ikusi dut beharrezkoa dela gizartea tartean sartzea, gaixotasun bat edo behar diren tratamenduak ikertzeko dirua lortzen saiatzeko. Eta horregatik erronka pertsonala ere izango da.

CTNNB1 sindromeaz hitz egin dezagun, Esti. Noiz sortu zen elkartea eta zenbat familia zarete? CTNNB1 elkartea 2021eko maiatzean sortu zen. Zazpi familia ginen hasiera hartan, eta gaur egun, hiru urteren ostean, 28 gara Estatu osoan. Mundu mailan 430 familia gara.

Zein helburu ditu elkarteak? Guk hiru oinarri nagusi ditugu: familiei laguntza ematea, sindromeari ikusgarritasuna ematea eta ikerketa sustatzea eta laguntzea.

Ikerketari dagokionez, zein puntutan dago gaur egun, Esti? Orain hainbat ikerketa-lerro daude irekita. Garrantzitsuena terapia genikoa da, aurreratuen dagoena. Ordezko terapia geniko bat da, garuneko interbentzio baten bidez egingo litzatekeena: haurrei birus bat injektatuko litzaieke, CTNNB1 genearen kopia zuzen batekin batera. Horren ondorioz, haurrak betazatenina den proteina sortzen hasiko lirateke modu funtzionalean, eta, beraz, bizi-kalitatea nabarmen hobetuko litzaieke.

Amesten dugu jaioberrien baheketa bat egotea, CTNNB1 barne hartzen duena, adibidez, haur horientzako sendabidea egon dadin.

CTNNB1 Fundazioa Eslovenian dago eta hura da hiru urtetan garatu den ikerketa honen buru. Orain manufaktura fasean daude: medikuntza honen manufaktura Donostian egiten ari dira, Viralgen izeneko enpresa batean, eta 2 milioi euro inguruko kostua du. Horrekin dosi kopuru txiki bat aterako genuke: agian 10 edo 12 bat dosi; ez lirateke gehiago aterako. Datorren urtean hasiko litzateke fase klinikoa haurrengan, Eslovenian egingo den entsegu kliniko batean. Lehenengo haurrak hautatuko genituzke, eta bizitzak aldatzen hasiko ginateke, horixe baita helburua.

Inbertsio handia dosi gutxi batzuetarako. Bai. Dosi bikoitza ateratzeko tanke handia egiteko aukera genuen, baina tanke txikia ordaintzeko dirurik ez badugu, handiarekin amets egitea ezinezkoa da. Oraintxe bertan, tanke txikia ordaintzeko 1.250.000 euro falta dira, eta zenbateko hori 2025eko maiatzerako edo ekainerako eduki beharko genuke. Fundazioak mundu osoan biltzen du dirua.

Badakit elkarte asko daudela, ikertzeko dirua behar duten gaixotasun asko eta asko, baina guk ikerketa martxan daukagu eta esan dezakegu datorren urtean haurrak tratatzen has gaitezkeela, eta hori ez gertatzeko arrazoi bakarra dirua da. Oso egoera onean gaude: ikusi hiru urtean bakarrik egin dena!

Orain arte zenbat bildu duzue elkartetik? CTNNB1 elkartetik hiru urte hauetan 153.000 euro eman ditugu, eta aurten beste ekarpen garrantzitsu bat egin ahal izango dugula uste dugu, gure ekitaldiek orain arte bezala funtzionatzen badute behintzat. Gainera, Yerayren erronkari esker gizarteak gai honekin bat egingo duela uste dugu.

Yeray, zuretzat korrika egitea zer da? Korrika egitea niretzat terapia da. Egun txarra badut, korrika egitera joaten naiz. Egun ona badut, korrika egitera joaten naiz. Pentsatzen laguntzen dit. Ihesbide bat da, nire gauzekin bakarrik egoteko daukadan denbora da.

Baduzu korrika egiteko helbururik? Orain arteko helburua beti izan da nire buruaren kontra lehiatzea: nire marka pertsonala hobetzea, alegia. Lortu nuen nire marka hiru ordutik jaistea, eta orain txipa aldatu dut eta nire helburua guztiz desberdina da: gozatzeaz gain, oraingo honetan ahal dudan guztia emango dut CTNNB1 elkartearen alde. Hori da nire motibazioa erronka honetarako.

Izan duzun lesiorik? Bizkarreko lesio bat izan nuen behin: trapezioa urratu nuen. Estresagatik izan zen, eta fisioterapeuta batek, gelditzeko esan beharrean, berriro korrika egiteko esan zidan, nahiz eta ezin nuen. Eta horrek lagundu zidan sendatzen, egia esan.

Bi seme-alaben aita zarela esan duzu lehen. Hitz egin dezagun kontziliazioaz. Goizean umeak jaiki baino lehen entrenatzen dut, edo oheratzen ditugunean. Iratxeren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Korrika egitera joan behar dudanean, entrenamendu-plan bat dudalako, Iratxe arduratzen da gure seme-alabekin egoteaz.

Blog bat duzu, Yeray: Jerrytherunner. Bai. Blog honetan atletismoko albisteez edo running-arekin lotutako teknologiari buruzko berriez hitz egiten dut. Gustatzen zaidanari buruz idazten dut, eta jendeari zerbait eskaini edo irakats badiezaioket, bikaina da.

Zurearen antzeko erronka egin zuen duela gutxi Verdeliss influenzerrak, Estefanía Unzu nafarrak, eta horri buruz idatzi zenuen zure blogean. Bai. 13 maratoi egin zituen 13 hilabetetan, eta horrez gain 100 kilometroko lasterketak egin ditu, zeinetan Espainiako txapelduna den. Erronka pertsonal gisa egiten duen zerbait da, eta egun batean nire blogean hari buruz idatzi nuen, babesa adieraziz. Izan ere, emakume izateagatik, jende askok kritikatu egiten du bere maratoiak edo 100 kilometroak egiten dituen bitartean ziurrenik etxea garbitzen lagunduko diotelako, seme-alabak zaintzen lagunduko diotelako edo dena delakoa, eta berak egiten duenari balioa kentzen diote. Orduan, egiten ari zen guztia balioetsi nahi nuen nire blogean: edozein pertsonak, izan gizon edo emakume, Verdelissek kirolari edo familiari eskaintzen dion denbora eskain diezaiola, eta ea gai den berak lortu duena lortzeko.

Zure ustez, nola hartuko du jendeak egitera zoazen erronka hau? Ulertzen dut denetariko iritziak egongo direla. Nire entrenatzaileak esan zidan lehenengo gauza izan zen: “Erotuta zaude!”. Emazteak eta familiak ere esan zidaten erotuta nengoela, baina azkenean haien guztien babesa dut, eta hori da garrantzitsuena. Gero Estirekin hitz egin nuen erronka egiteko eta elkarteari laguntzeko asmoa nuela esateko, eta gauza bera esan zidan, erotuta nengoela, baina hunkituta dago. Eta hori da niretzat inportantea.

Eta 2025eko urriaren ondoren… Atseden hartzea tokatuko zait. Oraingoz ez dut beste helburu edo erronkarik, baina ziur hilabete hauetan zerbait aterako dela. Ikusiko dugu, hala ere, ez naiz geldi egoten diren horietakoa, ipurterre samarra nahiz, beraz egingo dugu zerbait.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Kalistenia parke berria zabalduko du Basauriko Udalak San Migelen, Castilnovo plazan

|

Bihar, irailak 13, zabalduko dute Castilnovo plazako kalistenia parkea // Basauriko Udala

Kalistenia parke berria zabalduko dute San Migeleko Castilnovo plazan. Obrak astelehenean hasi zituzten eta dagoeneko amaitu dituzte lanak: bihartik (irailak 13, ostirala) aurrera egongo da zabalik.

Kokapena San Migeleko Auzo Elkarteak proposatu zuen eta proiektuaren helburua da entrenamendu fisikorako eta gorputz-gaitasunak indartzeko eremu bat ezartzea.

Parkean kartelak jarri dituzte egin daitezkeen ariketa oinarrizkoenak eta erabilera-mugak eta -arauak azaltzen dituztenak.

“Ongizate orokorra hobetzen da, bai fisikoa bai emozionala, eta gazteen artean balio osasungarriak sustatzen dira”, diote udal ordezkariek. Udalak 27.830 euro bideratu ditu obra hori egiteko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Tiroketa Basauriko Urbi auzoan: Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu hilketa saiakera egotzita

Ertzaintzak 25, 31 eta 36 urteko hiru gizon atxilotu ditu gertakariekin zerikusia izan zutelakoan

|

Tiroketa bat egon zen atzo gauean Urbi auzoan, Basaurin. Ez da zauriturik egon, eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Momentuz 25, 31 eta 36 urteko hiru gizon atxilotu ditu, etxebizitza batetik egindako arma-tiro batzuekin zerikusia dutelakoan.

Gertaerak atzo 21:40ak aldera jazo ziren Urbin, Bridgestone lantokiaren ondoan dagoen etxebizitza eta aparkaleku baten inguruan.

Ertzaintzako eta Basauriko Udaltzaingoko agenteak bertaratu ziren, eta segurtasun-hesiak jarri zituzten inguruan.

Jarraian, Bizkor unitateko Ertzaintzako eta Esku Hartzeko Talde Operatiboko agenteak eraikinera sartu ziren eta agenteek hiru gizon identifikatu zituzten gertakariekin zerikusia izan zutelakoan, eta atxilotu egin zituzten, hilketa saiakera egotzita.

Operatiboan, zorroak eta ebidentziak ere jaso dira, Polizia Zientifikoak azter ditzan. Orain arte, hiru salaketa aurkeztu dira gertatutakoarekin lotuta, eta Ertzaintzak ikerketa-lanekin eta polizia-eginbideekin jarraitzen du.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Sorgina ala Eskarabilera, zein nahiago du Iker Camacho basauriarrak?

|

Hasi dira Kareagako jaiak Basaurin! Basaurin Eskarabilera eta Bilbon Marijaia daukaten bezala, Kareaga auzo basauriarrean Sorgina da jaietako ikur.

Iker Camacho gaztea Kareagako Sorgina Kultur Elkarteko kidea da eta GEURIAko galdetegi batera gonbidatu dugu: zein nahiago du Ikerrek, Sorgina ala Eskarabilera?

Osorik irakurri