→Basauri

Etxegabetzeen aurrean erakundeen “jarrera arduragabea” salatu du Batu Elkarlaguntza Sareak

Argazkia: Batu Elkarlaguntza Sarea

Arrigorriagako eta Basauriko hamazortzi herritar etxebizitzarik gabe eta kalean gelditzeko arriskuan daudela salatu zuen maiatza hasieran Batu Elkarlaguntza Sareak. Hiru aste geroago, atzo, maiatzak 31, euren egoeraren berri emateko asanblada irekia deitu zuten Arizgoiti plazan, Basaurin: “Egoera larri baten aurrean gaude. Basauri eta Arrigorriagako hamazortzi auzokide, helduak zein adingabeak, kalean geratzeko arriskuan daude arrazoi desberdinengatik: izan diru falta, indarkeria matxista edota babes falta zerbitzu publikoen partetik”, dio Alberto Aragones Batuko kideak.

Momentuz “irtenbide egokirik” topatu ez dutela adierazi dute Batutik, eta “erantzun eraginkorrik egon ezean” hamatzi pertsona horiek kale gorrian geratuko direla azaldu dute: “Orain arte sindikalismoaren eta Baturen bidez saiatu gara egoera horiei aurre egiten, baina argi dago ez dugula lortu erantzun eraginkorrik ematea egoera horiei guztiei. Hori dela eta, egoera publiko egitea erabaki dugu”, dio Arantxa Alcay Batuko kideak.

Ildo horretan, Basauriko eta Arrigorriagako udal ordezkariekin eta Etxebide, Alokabide eta Bidebi erakunde publikoetako ordezkariekin elkartzea eskatu dute Batuko kideek, “azken finean, erakunde horiek baitira etxebizitza eta gainerako eskubideak bermatu behar dituztenak”, diote. Oraingoz, Arrigorriagako Udalak baiezkoa eman dio Batuk egindako eskaerari sareko kideekin elkartzeko, eta komunikazio bide hori zabalik dago: “Arrigorriagako Udalarekin berba egitea lortu dugu, eta bertako auzokideen egoera aztertzeko eta konponbide bat bilatzeko prestutasuna adierazi digute”, dio Aragonesek. Basauriko Udalak, berriz, ez dio oraingoz gonbidapenari erantzun, ezta etxebizitza publikoen kudeaketarako dauden gainerako erakundeek ere: “Basauriko Udalak, Etxebidek, Alokabidek edo Bidebik ezikusiarena egiten jarraitzen dute”.

Arrigorriagako Udalarekin harremanetan jarri da GEURIA: “Batukoak ez dira zuzenean harremanetan jarri Arrigorriagako Udalarekin; bai, ordea, EH Bilduko ordezkariekin. Hala ere, prest gaude Batuko ordezkariekin batzeko. Arrigorriagako Udalak bere prestutasun guztia agertuko du eta lan egingo du herritar hauek dituzten behar guztiei konponbidea topatzeko eta bidea elkarrekin egiteko. Orain arte egin duen bezala; Abusuko bizilagunaren kasuan egin genuen bezala“, diote Arrigorriagako udal ordezkariek, eta gaineratu dute: “Hamazortzi pertsona horietatik bi dira Arrigorriagakoak baina Udaleko Gizarte Zerbitzuetan ez dute haien berri. Ez dute laguntzarik ezta hitzordurik eskatu gizarte langileekin”.

Asanblada irekia egin zuten atzo arratsaldean Arizgoiti plazan // Batu Elkarlaguntza Sarea

“Beste batzuetan gertatu bezala, Udalek edo erakunde publikoek esango digute ez dutela baliabiderik edo ezin dutela ezer egin kalean geratuko diren pertsonen etxebizitza-eskubidea ziurtatzeko. Agerian da ez dutela borondate politikorik etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, ezintasun tekniko eta materialak argudiatuz. Baina hori gezurra da: etxebizitzaren problematikaren atzean borondate politiko argia dago; etxebizitza negozio gisa ulertzen duen borondatea, alegia”, salatu dute Batutik.

“Egoera oso larria”

“Egoera benetan oso larria da, eta alarma egoera honen testuinguruan, kide batek bortxaketa saiakera pairatu du bere etxejabearen partetik”, salatu dute Batutik: “Berriro diogu, egoera oso larria da eta erakundeek ezin dute egoera honen aurrean horrelako jarrera arduragabearekin jokatu”, diote.

Bortxaketa saiakera duela hilabete eta erdi jazo zen Basauriko etxebizitza batean: “Emakume hau duela hiru hilabete bizi da Basauriko etxebizitza batean, eta duela hilabete eta erdi bere etxejabearen bortxaketa saiakera bat jasan zuen. Emakumeak egoera horretatik ihes egitea lortu zuen, baina momentu horretatik aurrera gizona emakumea mehatxatzen ari da, emakume honen bizitza infernu bat bihurtu arte”, adierazi zioten GEURIAri Batu Elkarlaguntza Saretik. Ertzaintzan salaketa jarri zuen emakumeak Basauriko beste emakume baten laguntzarekin: “Deklarazio gogorrak egin zituen, baina informean ez dute jarri 20 minututan zehar emakumeak kontatu zuen guztia. Bere testigantza nahiko eskas hartu zuten. Delitu arin bezala hartu zuten eta ez sexu-eraso delitu bezala“, salatu zuten orduan Batuko kideek. Epaiketa maiatzaren 25ean izan zen eta orain epaiaren zain daude.

Ertzaintzan gertatutako antzeko egoera salatu zuen otsailean Basauriko Asanblada Feministak. Zentzu horretan, ekainaren 3an elkarretaratzea deitu dute Batuk eta Basauriko Asanblada Feministak Bentako plazan.

1.900 etxebizitza huts

Basaurin eta Arrigorriagan 1.900 etxebizitza huts daudela diote Batutik: “Estatistiken arabera, 1.500 etxebizitza daude hutsik Basaurin eta 400 Arrigorriagan. Hortaz, “teknikoki”, lekua egon badago kale gorrian geratzeko arriskuan dauden hamazortzi herritar horientzat. Etxebizitza eskubide moduan bermatzeko borondatea da ez dagoena, eta bai, ordea, etxebizitzaren negozioari errentagarritasuna ateratzeko borondatea”, diote Batutik: “Gezurra da Udalek eta erakunde publikoek ez dutela betebeharrik auzokideen etxebizitzarekin, legeak berak eskubidetzat jotzen baitu. Gezurra da erakundeek “nahi bai” baina “baliabiderik ez dutela” esaten dutenean. Ezin dugu ahaztu orain dela urte batzuk Basauriko Udalak Maisuen Etxea —jabetza publikokoa— saltzeko hautua egin zuela bertan luxuzko etxebizitzak eraikitzeko”. Duela lau urte izan zen salmenta hori eta Udalak lau milioi euro baino gehiago jaso zituen.

“Egoera ikusita, gure eskakizunak kalean aldarrikatuko ditugu berriro, oraingoan hainbat talde politiko, sozial eta sindikalen laguntzarekin, gaiaren gaineko erantzukizun politikoa har dadin. Batuk lanean jarraituko du etxebizitzarako eskubidea behingoz errespeta dadin, eskubide hori hautsi nahi dutenei aurre eginez”, diote.

Bart gauean akanpada egin dute hogeina lagunek Arizgotin etxebizitza eskubidea denontzat aldarrikatzeko // Batu Elkarlaguntza Sarea

Atzo asanblada irekia egiteaz gain, Basauriko ‘Lan, Bizitza eta Pentsio Duinak’ plataformak deituta, “Etxebizitza duina denontzat” lelopean 80 pertsona inguruk kontzentrazioa egin zuten 19:30ak aldera Arizgoiti plazan. Gainera, lotan geratu ziren hogaina lagun plazan bertan: “Arizgoiti plazan lotan geratu gara, horixe baita Basauriko Udalak eta erakundeek nahi dutena euren auzokideentzat: kalean etxerik gabe geratzea”, diote Batutik: “Hasiera batean asmoa akanpada egitea bazen ere, Ertzaintzak galarazi egin digu, beraz aire zabalean egin genuen lo”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak