Sareak

☉ Basauri

“EtxeTIC proiektua benetan garrantzitsua da biztanleriaren %28a 65 urtetik gorakoa den Basaurin”

Basauriko Udalak lokal bat laga dio Bizkaiko Foru Aldundiari EtxeTIC zentro bat eraikitzeko eta gaur goizean lekua bisitatzeko aukera izan dute hedabideek

|

Lourdes Zurbanobeaskoetxea Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketa Planaren koordinatzailea, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua, Maria Larrinaga Basauriko Udaleko Gizarte Politikako zinegotzia eta Asier Alustiza Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusia // Geuria

Basauriko Udalak lokal bat laga dio Bizkaiko Foru Aldundiari EtxeTIC zentro bat eraikitzeko eta gaur goizean lekua bisitatzeko aukera izan dute hedabideek. Prentsaurrekoan Lourdes Zurbanobeaskoetxea Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketa Planaren koordinatzailea, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua, Maria Larrinaga Basauriko Udaleko Gizarte Politikako zinegotzia eta Asier Alustiza Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusia izan dira eraikina bisitatzen.

Lokala antzinako bilketa pneumatikorako erabiliko zena da, Bizkotxalde parkean kokatutakoa (Ronda Uribarriko 2. zenbakian, hain zuzen ere). Guztira 436 metro karratuko eraikina da eta Bizkaiko Foru Aldundiak, etxean jarraitzeko EtxeTIC laguntza zerbitzuaren bidez 816 erabiltzaileri laguntza emateko eguneko zentroa sortu nahi du bertan.

Instalazioen barrualdea // Geuria

Zentro berri honetarako 1.025.000 euro bideratuko dituzte eta 2024an prest egongo dela iragarri dute Foru Aldundiko ordezkariek gaur goizean bertan. “Instalazio berriek, irisgarriak eta kalean bertan daudenak, mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentro baten berezko arreta (20 plaza gehienez) eta etxean dauden udalerriko mendekotasun-egoeran dauden pertsonen bolumena (balizko 816 erabiltzaile) konbinatuko dituzte, etxean laguntzeko eta prebenitzeko teknologien bidez monitorizatuta, eta zentrora bertaratze puntualak izanda”, azaldu du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

“Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Basauriko Udalaren arteko lankidetza oso ona izan da eta aspalditik ibili gara proiektu honi bueltak ematen”, jarraitu du Basauriko alkateak. “Aldundiak proiektu hau Basaurira ekartzeko proposamena egin zuenean ezin izan genuen ezetz esan. Basauriko biztanleen ia %28a 65 urtetik gorako pertsonak dira eta EtxeTIC bezalako proiektua gure herrian kokatzea benetan garrantzitsua da”. Foru Aldundiko EtxeTIC zerbitzua doakoa izango da erabiltzaileentzat.

Gaur egungo fatxadan, Bizkotxalde parkeko urmael ondoan kokatutakoa, pintadak ikus daitezke kanpoaldean, eta horiek ezabatuko dituzte, besteak beste, EtxeTICeko lokala prestatuko dutenean. Zentroan erabilera komuneko hainbat gune egongo direla azaldu dute: erabiltzaileekin bakarka lan egitekoak, erabilera anitzetarako gune bat (talde-jardueretarako gunearekin), atsedenerako beste leku bat, aire zabalerako terraza bat…

Etxean bizitzen jarraituz

EtxeTIC etxean bizitzen jarraitzeko zerbitzu berria da eta helburu nagusia herritarrei etxean bertan ematen zaien iraupen luzeko arreta hurbileko komunitate-zentro batetik sustatzea dela azaldu dute Udaletik, “teknologia berriek ematen dituzten aukerez baliatuz, eguneko zentroetan ematen den aurrez aurreko arretaren osagarri gisa” azpimarratu du Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak.
Basaurikoa ez da EtxeTICeko zentro bakarra, eskualdean Etxebarrin martxan hasi da horrelako beste bat eta Hego uribetik kanpo Etxanizen eta Zallan ere badira horrelakoak.

☉ Basauri

Arinette Ngole basauriarrak disko jaurtiketan Bizkaiko errekor absolutua hautsi du

Pasa den astean hautsi zuen Bizkaiko errekorra Espainiako 18 urtez azpiko txapelketan, zeinetan txapeldunorde izan zen

|

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da, 18 urtez azpiko kategorian // Artunduaga Atletismo Taldea

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da disko jaurtiketan, 18 urtetik azpiko kategorian. Txapelketa Malagan jokatu zen uztailaren 6an eta 7an.

Ngolek 43,50 metrora jaurti zuen diskoa, eta txapeldunak, Kantabriako Pielagos klubeko Andrea Njimi Tankeuk, 51,85 metrora.

Ngolek bere markarik onena (42,86) hobetu du. Gainera, Espainiako txapeldunorde izateaz gain, txapelketa berean Bizkaiko errekorra hautsi du Ngolek: aurreko errekorra 43,44 metroan zegoen. “Bizkaiko aurreko errekorra (43,44) 1998koa zen!”, adierazi diote GEURIAri Artunduaga klubetik.

Arinette Ngole, Juanjo De Campos bere entrenatzailearekin (Artunduaga Atletismo Klubeko presidentea ere bada) // Artunduaga AT

Europako txapelketarako sailkatzeko 44 metro egin behar zituen Ngolek, “baina gutxigatik ez du lortu”, diote Artunduaga klubetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duina “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute Basauriko Grafo aurrean

|

Sindikatuen ustetan, patronalaren azken proposamena "ez da nahikoa" // ELA Sindikatua

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duin bat “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute gaur goizean Basauriko Grafo enpresaren aurrean.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute kontzentrazioa Basauriko enpresaren aurrean, “sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen duen enpresetako bat delako”.

Uztailaren 3an Negozioazio Mahaia batu zen, eta sindikatuen ustetan, “patronalaren azken proposamena ez da nahikoa eta urrun dago hitzarmen duin baterako balizko akordio baterako”, diote, eta gaineratu dute: “Izan ere, Cebeken planteamendua erosteko ahalmena bermatzetik oso urrun dago”.

“Sindikatuok eros ahalmena bermatu nahi dugu azken hitzarmenetik. Hau da, azken hitzarmena 2009-2011koa da, eta guk eskatzen duguna da KPI igoerak errekonozitzea 2012tik 2022ra. Gainera, hitzarmen berriak irauten duen urteetan (2023-2026) langileen soldatak KPIarekin parekatzea nahi dugu”, diote sindikatuetatik.

Halaber, lanaldi murrizketa gehiago eskatu dituzte sindikatuek, baita subrogazio eskubidea ere. “Aldi Baterako Laneko Enpresak limitatzea nahi dugu. Patronalak onartu lezake, baina baldintza batzuekin, adibidez, behin behineko kontratuen iraupena handituz”, diote.

“Uztailaren 19an, negoziazio mahaiaren hurrengo bileran, patronalak beste aukera bat du negoziazioa desblokeatzeko”, diote sindikatuetako ordezkariek. Bitartean, uztailean zehar gatazka ikusarazteko “beste ekintza batzuk” egingo dituztela adierazi dute.

Apirilean eta maiatzean, esaterako, greba egunak deitu zituzten Arte Grafikoen sektorean.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touréren hamargarrena aurkeztuko du Gijongo Aste Beltzean

|

Jon Arretxe, Touré detektibearen hamargarren liburuaren gaztelerazko bertsioarekin // Argazkia: Erein

Uztailaren 5etik 14ra bitartean XXXVII. Aste Beltza antolatuko dute Gijonen (Asturias), eta bertan izango da Jon Arretxe idazle basauriarra.

‘Mañas de lagarto’ (euskaraz ‘Musker amarruak’) liburua aurkeztuko du, Touré detektibearen hamargarren liburua.

Aurkezpena gaur, uztailak 8, izango da 20:30ean eta saioa Luis Artigue nobelistak gidatuko du.

Liburuetatik pantaila txikira

Otsailaren 1ean estreinatu zuten EITBren Primeran plataforman ‘Touré detektibea’ telesaila. Telesaila gazteleraz ekoitzia, euskaraz bikoiztuta publikatu dute estreinakoz.

Arretxe ez da proiektuan murgilduta dabilen basauriar bakarra; izan ere, Itziar Ituño aktore taldean dago, Malcom Treviño-Sitte (Touré), Itsaso Arana, Loreto Mauleon, Unax Ugalde, Urko Olazabal eta Ane Gabarainekin batera.

Laster jatorrizko bertsioan publikatuko du RTVEk.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migelen hazitako Alvaro Djaló hasi da gaur Athleticekin entrenatzen

|

Alvaro Djaloren mezua Athleticen sareetan (ezkerrean) eta Aitor Paredes arrigorriagarra entrenamendu saioan (eskuma) // Athletic club

Aurtengo martxoan fitxatu zuen Athleticek Alvaro Djaló eta gaur izan du bere lehen entrenamendu saioa lehen taldearekin Lezaman.

Djalók 24 urte ditu eta hiru hilabete zituela iritsi zen Bizkaira, zehazki Basaurira. Besteak beste, UD San Miguel taldean trebatu zen futbolean.

Bilboko SD Begoñan ere jokatu ostean, 17 urterekin Portugalera joan zen. Azken urteak SC Bragan eman ditu jokalari, eta aurreko denboraldian hamalau gol sartu zituen, horietako bost Championsen eta bat Europa Leaguen.

Djalók aurrelari gisa edo erdilari aurreratu gisa joka dezake, baita bi hegaletan ere. Bere abiadura eta baloi jaurtiketagatik nabarmentzen da, bai eta geldikako jokaldietan duen abileziagatik.

Bost denboraldiko kontratua sinatu du Athleticekin, 2029ko ekainaren 30era arte, soldata-egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin.

Aitor Paredes arrigorriagarra ere gaur hasi da entrenatzen:

Aitor Paredes arrigorriagarra Ernesto Valverde entrenatzailearekin // Athletic Club

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gizon bat atxilotu dute Basaurin, beste pertsona bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik

|

Basauriko Ertzain-etxea // Artxiboko irudia

Gizon bat atxilotu zuten atzo Basaurin, borroka batean beste gizon bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik.

Gertaerak uztailaren 7an 16:30ak aldera jazo ziren Balendin Berriotxoa kalean. El Correo egunkariak publikatu duenez, taberna baten barruan hasi zen liskarra eta kalean jarraitu zuen.

Tabernako zerbitzarietako bat zaurituari laguntzera joan zen. Kalean etzanda geratu zen eta odola zerion burutik.

Bi inplikatuek aurretik ere izan zituzten liskarrak, El Correok zabaldu duenez.

Ertzaintzak erasoaren egilea atxilotu du.

Osorik irakurri