Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Euskarazko ahozko arreta % 100ean bermatu nahi du Basauriko Udalak

|

basauri herritarrentzako arreta zerbitzua 2018 udaletxea
Ahozko arretari dagokionez, Udaleko langileek % 48an eskaintzen dute zerbitzua euskaraz eta asmoa da % 100era heltzea // Basauriko Udala

Euskararen Plan Estrategiko berria izango du Basauriko Udalak datozen bost urteei begira. Otsailean hasi ziren plan berria diseinatzen eta herritarrekin eta herriko eragileekin bilerak egin ostean, irailean aurkeztu die gobernu taldeak (EAJ-PSE) gainerako alderdi politikoei.

Planaren helburuak zehaztu dituzte, baita espero diren emaitzak ere: “Ezarritako helburuak eta aurreikusitako emaitzak lorgarriak dira, baina, aldi berean, Basauriko Udalarentzat oso erronka esanguratsuak dakartzate”, dio Maria Fernandez Basauriko Udaleko Euskara arloko zinegotziak.

Plan honek bete nahi dituen erronkei dagokienez, euskararen erabilerak Udalean dituen eremu eta espazio ezberdinak hartzen ditu kontuan: “Horietako bat da ekitaldi publikoetan ordezkari politikoen euskararen erabilera bermatzea, eta, ildo horretan, planaren helburua da erakundeen agerraldietan euskararen erabilera bikoiztea, egungo % 25etik % 50era pasatuz”, dio Fernandezek.

Era berean, Fernandezek adierazi du “beharrezkoa” dela udal-langileek euskaraz lan egiteko ahalegina handitzea: “Zentzu horretan, Basauriko Udalak beharrezkoak diren bitartekoak jarriko ditu apurka apurka, adibidez, euskaraz egindako lan-bilerak bikoizteko, egungo % 13,02tik % 25era”.

Ahozko arretari dagokionez, Udaleko langileek % 48an eskaintzen dute zerbitzua euskaraz, herritarrek arreta jaso nahi duten hizkuntza ofiziala aukeratu aurretik, eta planaren helburua da kopuru hori % 100era igarotzea.

“Errealistak, baina asmo handikoak”

“Dirulaguntzetan eta hitzarmenetan hizkuntza-klausulen % 100 euskaraz sartzen badira ere, kontratuen kasuan % 50 sartzen dira, beraz, dokumentu estrategikoaren helburua da kontratuen % 70ek hizkuntza-klausulak sartzea etorkizunean”, zehaztu du Fernandezek.

Planak ezarritako helburuak bete ahal izateko, arduradun politikoek, teknikoek eta langileek osatuko dute Euskara Batzordea, zeharkako izaera eta erabakitzeko ahalmena izango dituena. Batzorde horrek planaren jarraipena egingo du, eta prestatuko diren kudeaketa-planetarako egokitzapenak proposatu eta egingo ditu.

“Errealistak baina asmo handikoak izan nahi izan dugu aldi berean. Alferrik da nekez lor daitezkeen helburuak jartzea, geure burua engainatzea litzateke eta. Plana, egoerarekin bat dator, eta kasu batzuetan, euskararen erabilerak gaur egun Udalean dituen benetako aukerak eta etorkizunean izango duen bilakaera gainditzen ditu”, dio Fernandezek.

☉ Basauri

Bideoa / Jon (Los Gambas): “Playbackean pailazoarena egitea da gehien gustatzen zaiguna”

|

San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatu dute eta txapeldun izan da Los Gambas kuadrilla. Jon Salguero eta Maialen Barredo Los Gambas kuadrillako kideekin berba egin dugu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Migeleko jaietako Playback lehiaketan ere txapeldun Los Gambas kuadrilla

|

San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatzen du Mikelatsek. Aurten lau kuadrillak hartu dute parte: Los Gambas (txapeldunak), Uholdeak, Los Tenderetes eta Las Maris (aurten La Mari).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan

Urriaren 6an, igandez, izango da txapelketa eta Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu ditu Bidebieta Pilota Taldeak

|

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa // Geuria

Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan, urriaren 6an. Bidebieta Pilota Klubak antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa da, eta urtero bezala, Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu dituzte: Etxegarai, Soloarte, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Bizkotxalde, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa, San Jose eta Basauri Ikastetxea.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa: “Partida laburrak izango dira, sei edo zazpi puntura. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu, eta ligaxka formatuan kanporaketak egongo dira, 5. mailako eta 6. mailako txapeldunak izan arte”, azaldu dio GEURIAri Mikel Karrillo Bidebideta Pilota Klubeko ordezkariak.

Txapelketa 10:00etan hasiko da 5. mailakoekin, eta 12:00etan 6. mailakoekin. “Espero dugu ikastetxe guztiak animatzea. Umeek oso ondo pasatuko dute eta gainera esku pilota eta kirola sustatzeko aukera ezin hobea da”, dio Karrillok.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxe Maitiako azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela dio Basauriko Udalak

Azterketa beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezakeela argudiatu du Basauriko Udalak

|

Etxe Maitiako udal egoitza // Basauriko Udala

Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek.

Basauriko Udalak adierazi duenez, prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dago: “Hau da, hautagai guztiek egun berean egin behar dute proba bera. Pertsona batek beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezake, emakume erreklamatzailearentzat barne, izangai guztiak ez baitziren parametro berberekin baloratuko”, diote udal ordezkariek.

“Epaimahaiak, Osakidetzak aplikatzen duen protokolo bera jarraituz, azterketa ospitalean bertan egiteko aukera eskaini zion emakumeari, baina berak uko egin zion, eta sine die atzeratzeko eskatu zion, azterketa egiteko moduan egon arte”, diote.

“Ebazpen loteslea”

Enplegua egonkortzeko Etxe Maitiako epaimahaia organo “burujabea eta autonomoa” dela gogorarazi du Basauriko Udalak: “Eta mota horretako prozesuak arautzeko orduan dagoen ordenamendu juridikoan oinarritutako ebazpenak emateko balio du”, diote.

“Politikoen jarraibideen mende ez dauden profesional teknikoek osatutako organoa da. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak 2007an erabaki zuen ordezkari politiko edo sindikal bakar batek ere ezin zuela parte hartu horrelako epaimahai batean, prozesuaren objektibotasuna, inpartzialtasuna eta profesionaltasun teknikoa zaintzeko. Hori dela eta, gobernu-organoek ezin diete jarraibiderik eman hautaketa-epaimahaiei, ezta beren erabakietatik aldendu ere. Administrazio-errekurtsoren bat jarriz gero bakarrik berrikusi ahal izango dira, administrazio-prozedura erkidearen araudiaren bidez”, azaldu dute udal ordezkariek.

Ildo horretan, epaimahaiak ematen duen edozein ebazpen organo politikoentzat loteslea dela adierazi dute Basauriko udal arduradunek, eta gai horri buruzko informazio zehatza Etxe Maitia Egoitzaren hurrengo Kontseilu Errektorean emango duela adierazi dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxe Maitiako EPE azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek

LAB sindikatuaren ustez, “zuzeneko diskriminazio” kasu bat da, ez ziotelako beste aukerarik eman, eta kexa jarri du Arartekoan

|

LABek salatu du "zuzeneko diskriminazio kasu bat" dela // LAB sindikatua

Basauriar batek ezin izan du bere lanpostua egonkortzeko azterketarik egin, azterketa eguna bere erditze egunarekin bat egin zuelako, eta LAB sindikatutik salatu dutenez, ez ziotelako beste irtenbiderik eman: “Zuzeneko diskriminazio kasu bat da”.

Z.G.G. basauriarra Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesura aurkeztu zen; azken urteetan aldi baterako kontratuak bete izan ditu egoitza horretan, eta lanpostua egonkortzeko azterketa egiteko izena eman zuen.

“Nire bikoteak izena eman eta azterketa erditze-egunarekin bat egiteko aukera zegoenez (azkenean hori gertatu zen) Auzitegiari eskatu genion neurriren bat har zezan, azterketan parte hartu ahal izateko. Eskaini zioten irtenbide bakarra izan zen azterketa ospitalean bertan egitea, erditze egunean bertan. Noski, ezetz esan zuen”, adierazi dio GEURIAri Z.G.G.-ren bikotekideak.

LABek adierazi duenez, emakumeak bi aldiz jakinarazi zion epaimahaiari bere haurdunaldiaren egoera, baita erditzearen balizko data ere, azterketa egunarekiko (irailak 12) denbora gutxiko aldea zegoela aintzat hartuta, eta informazioa eskatu zuen hautaketa-prozesuan parte hartuko zuela bermatzeko har zitezkeen neurriei buruz.

Irailaren 10ean, azterketaren data baino bi egun lehenago, epaimahaia bildu zen, eta erantzun zion azterketa eta erditzea aldi berean gertatuz gero, epaimahaia ospitalera joan zitekeela proba gainerako izangaien ordutegi berean egin zezan.

Epaimahaiak irailaren 10ean erantzun zionerako, Z.G.G.-ri irailaren 12rako eman zioten erditzea eragiteko data. “Kontua da egun horretan bertan egin behar zela Erizaintzako Laguntzailearen azterketa. Beraz, Z.G.G.-k egoera horren berri eman zion berriro ere Auzitegiari. Eta epaimahaiak, berriz ere, aukera bakarra eskaini zion: azterketa ospitalean egitea, azterketaren ordua aldatuta. Egoera horren aurrean, proba modu duinean egina ahal izateko alternatibarik ematen ez ziotela ikusita, ez aurkeztea erabaki zuen Z.G.G.-k”, diote LABetik.

“LABen uste dugu egoera hori zuzeneko diskriminazio kasu argi bat dela. Sindikatu honen ustez, azterketa bat egitea erditu behar duzun egun berean aukera bakar bezala ematea neurri diskriminatzailea da sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola, haurdunaldiarekin edo amatasunarekin, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko 1/2023 Legegintzako Dekretuari jarraikiz”, salatu dute.

Ildo horretan, kexa jarri du LABek Arartekoan, “Z.G.G.-ri urratu zaizkion eskubideak berrezartzeko neurri egokiak har ditzan”.

“Neurri egoki horiek dira deialdi bakarraren ondoren hautaketa-prozesuaren azterketa egin ahal izatea, egiaztatu delako ezin izan duela deialdi horretara joan haurdunaldiagatik eta amatasunagatik. Neurri horiek hartu ezean, hautaketa-prozesuan plaza bat lortu ahal izateko eskubidea urratuko litzaioke. Halaber, Lan Poltsan sartzeko eta Etxe Maitia Udal Egoitzan aldi baterako lan-eskaintzetarako deitua izateko eskubidea ere urratuko litzaioke”, diote LABetik.

Osorik irakurri