Sareak

☉ Basauri

Sokadantza eta Eguzkidantza birtuala egin dute Edurre Dantza Taldekoek San Fausto egunean

1991an hasi zen Edurre Dantza Taldea San Fausto egunean Sokadantza eta Eguzkidantza dantzatzen, eta ordutik ez dute etenik izan. Aurten, ordea, modu berean ez bada ere, ez diote hutsik egin nahi urteroko hitzorduari.

|

San Fausto eguna dute gaur Basaurin, jaieguna. Herritarrentzat egun berezia da, baina aurten, koronabirusarekin pandemiagatik, bertan behera geratu dira ekitaldi eta ospakizun guztiak.

Edurre Dantza Taldeak ohikoa du urriaren 13 guztietan Sokadantza eta Eguzki dantza dantzatzea San Fausto plazan bertan. 1991an hasi ziren tradizio horrekin eta etenik gabe urtero dantzatu dute 28 urtetan zehar. “Aurten, modu berean ez bada ere, ez diogu hutsik egin nahi izan gure hitzorduari. Horregatik, Eguzkidantzaren (neskek) eta Sokadantzaren (mutilek) bertsio bereziak grabatu ditugu bideoan, gomendatutako osasun-neurriak betez”, diote Edurre Dantza Taldeko ordezkariek.

Bideoak duela aste batzuk grabatu zituzten, Basauriko toki ezberdinetan. Hala nola, San Fausto kalean bertan, Arizgotiko plazan, Soloarteko parkean, Eskarabilleraren estatuaren ondoan, Manuela Egigurenen eta Roman Garciaren bustoen ondoan, Kantalazarra parkean, Vicente Anton Ferrero kalean, Basozelain edota, San Jose ikastetxeko jolastokian.

“Bat egiten dugu Herriko Taldekoek ez ospatzeko egindako eskaerarekin. Hala ere, gogoratu nahi izan dugu gaur San Fausto dela, egun garrantzitsua basauriarrentzat”, diote Edurre Dantza Taldetik.

☉ Basauri

Argazkiak | Euriak ez du zapuztu Korrika Jaia gaur San Migelen

|

Korrikaren aldeko jaia ari dira ospatzen San Migelen. Eta, euria ari duen arren, giro bikaina dago: pankarta pintaketa, San Migel Kantari, kuestazio mahaia eta Korrika materiala erosteko mahaia eta bazkaria antolatu dituzte goizean frontoiaren inguruetan.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, umeen pilota partidak eta Bertso Pilota Jaialdia izango dira pilotalekuan, eta 20:00etan gurdi-poteoa dago aurreikusita Elexalde tabernatik.

Hauek Mikel Iturbek bidalitako argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

|

2026ko Basauriko gizonezkoen Selekzioa // Basauriko Udala

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.

Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.

Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo,  Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin

Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

|

Larunbatean egingo dute Korrika jaia San Migelen // Geuria

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.

Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.

Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.

Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.

Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.

Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen

Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

|

Sofia Taramona ikastetxeko jantokia // Geuria

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.

Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.

Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.

Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.

“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.

Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian 

|

Marina Landa Aria taldeko buru da eta kontzertua emango du martxoaren 12an Basaurin // Social Antzokia

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.

Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.

Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz. 

Osorik irakurri