→Basauri

Foruak kaleko igogailua eraikitzeko aurrekontua 288.000 euroan handituko du Basaurik

// Geuria

Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko eta bertan hiri-igogailua eraikitzeko lehiaketa publikoa zabalduko du berriro Basauriko Udalak. Ekainean zabaldu zuen lehen aldiz lehiaketa publikoa Udalak, baina ez zen enpresarik aurkeztu lanak egiteko. Gauzak horrela, eta inflazioa eta prezioen igoera kontuan izanda, berriro deituko du lehiaketa publikoa, “kostuen kalkulua egungo prezioetara egokituta”.

Lehenengo lehiaketa hartan 860.000 euroko lizitazio-aurrekontua aurkeztu zuen Udalak, eta uztaileko osoko bilkuran aurrekontu hori 288.000 euro gehiagoan handitzea onartuko dute. Hau da, obrak 1,1 euroko aurrekontua izango du.

Igogailuak lau geldialdi izango ditu eta 13 lagunentzako edukiera izango du // Basauriko Udala

Basauriko zortzigarren hiri-igogailua izango da Foruakekoa; beste zazpiak honako toki hauetan daude: Urbin, Fleming Doktorea kalean (Ariz), Zuloaga Pintorea kalean (Kareagan), Aragoi kalean (Ariz), Luis Petralanda kalean, Federico Mayo auzunean eta Kareagako osasun-etxean. Era berean, beste bi igogailu eraikitzeko asmoa du Udalak: bata San Migel mendebaldean, eta bestea Karmelo Torre kalean.

Saneamendua hobetzea

Bestetik, Jacinto Benavente eta Bidasoa Ibaia kaleen arteko tokiko saneamendua berrituko du Udalak, eta esku-hartze horretan ere aurreikusitako aurrekontua handituko du. Materialen prezioak garestitu zirelako lehiaketa hori esleitu barik geratu zen, eta orain 40.400 euroko diru-partida gehigarria onetsi dute. Kasu honetan, guztira, 137.000 euroko aurrekontua izango du obra horrek (aurreko lizitazioan 97.000 euro ziren). Aurreikuspenen arabera datozen egunetan esleituko dituzte lan horiek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak