→Basauri

Txus Martín: “Isolaturik eta bakarturik bizi ostean, arnasa hartu nahi nuen eta askatasunaz gozatu”

Espetxean 20 eta erdiko egonaldiaren ostean libre utzi dute Basauriko Txus Martin presoa, Etxerat elkarteak adierazi duenez. Martin 2002an atxilotu zuten Frantzian eta bertan preso izan zuten zortzi urtez, horietako bost “erabat isolaturik eta bakarturik”.

Erabateko askatasuna eman diote gaur Txus Martin (bigarrena eskumatik) presoari // Utzitakoa

Espetxean eta etxean 20 urte eta erdi preso egon ostean, gaur erabateko askatasuna eman diote Txus Martin Hernando preso basauriarrari. Martin 2002an atxilotu zuten Frantzian eta bertan preso izan zuten zortzi urtez, horietako bost “erabat isolaturik eta bakarturik”. Etxeratetik gehitu dute lagunen bisitak “apenas” izan dituela “horretarako baimenak etengabe ukatu eta atzeratu zizkiolako epaileak” eta garai hartan “hiru lagunen bisita baino ez zuela izan” nabarmendu du elkarteak.

Berarekin zuzenean hitz egin du GEURIAk eta zera esan digu: “Poz-pozik nago erabateko askatasuna lortzeagatik”, dio Martinek: “20 urte baino gehiago eman ditut kartzelan eta irteteko gogo handia neukan. Arnasa hartu nahi nuen eta askatasunaz gozatu”. Bere sentsazioez galdetzean, “gizartea asko aldatu dela” erantzun du. Orain lagun eta senideekin egon nahi duela aurreratu dio GEURIA komunikabideari: “Lagunekin elkartu eta bazkari bat egiteko gogoa daukat”, aitortu du eta lan egiteko gogo handia duela aurreratu du.

Txus Martin gaixotasun larriak dituzten euskal presoen zerrendan egondakoa da eta Frantziatik Espainiara lekuz aldatu zuten. 2019ko ekainean bihotzeko ebakuntza egin zioten eta 2020ko uztailean hirugarren gradua eman zioten. Bere gaixotasuna dela eta, azkenaldian etxean egon da zigorra betetzen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak