Sareak

☉ Basauri

Basaurin jarduera ekonomikoa garatzeko estrategia globala egingo du Udalak

Jarduera ekonomikoa sustatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko plan integralak egingo ditu Udalak. Horretarako, Aldundiak eskaintzen dituen laguntzak eskatuko dituzte

|

Mercabilbao aukerako lurzorua da Basaurin; bere lekualdatzea momentuz atzeratu egin dute 2031ra arte // Geuria

Basauriko garapen ekonomikoa bultzatzea da Udalaren helburu nagusienetako bat. Eta bide horretan, jarduera ekonomikoa herrian sustatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko udaltalde guztiak (EAJ, PSE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) ados jarri eta dokumentu bateratu bat onartu zuten urtarrileko osoko bilkuran.

Dokumentuak bi puntu jasotzen ditu. Alde batetik, Basauriko aukerako lurzoruetan eta industrialdeetan jarduera ekonomikoa garatzeko estrategia globalean aurrera jarraitzea, eta bestetik, lanbide-prestakuntzako plan bat diseinatzea.

“Bizkaiko udalerri populatuenetakoa da Basauri, bere kokapen estrategikoagatik nabarmentzen dena eta aukerako lurzoruak, industrialdeak eta merkataritza-sare sendoa dituena. Baliabide horiek guztiek oinarri sendoa osatzen duten ekonomia-suspertzea bultzatzeko balio erantsia dute proiektuen bidez eta herriko sareen laguntzarekin”, adierazi zuen Asier Iragorri alkateak urtarrileko osoko bilkuran.

Estrategia global horretan Udalaren eta gainerako administrazioen arteko lankidetza da oinarria: “Aurrera egiten jarraituko dugu Udalaren eta gainerako administrazioen arteko estrategia global batean, Basauriko aukerako lurzoruetan eta industrialdeetan jarduera ekonomikoa garatzeko. Eta bide batez, egungo industria-sareari laguntzeko eta gure udalerrian jarrai dezatela ahalbidetzeko”, esan zuen Iragorrik.

Zentzu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean jarraituko du Udalak, “jarduera ekonomikoa sustatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko plan integralak egiteko aukeran, Basauriko garapen ekonomikoaren mesedetan”, adierazi zuen Basauriko alkateak.

Besteak beste, Aldundiak martxan jarritako Bizkaia Orekan Sakonduz estrategia aipatu zuten urteko lehen osoko bilkuran. Aldundiak eta Beaz Foru Sozietate Publikoak lurralde-lehiakortasuna sustatzeko bultzatutako estrategia da Bizkaia Orekan Sakonduz.

Aukerako lurzoruak

Basaurin dauden aukerako lurzoruak dira, besteak beste, La Basconia, Mercabilbao, industrialdeak eta inbertsioen zain dauden hutsik dauden fabrikak.

“Legealdi honetan, Proiektu Estrategikoak izeneko azpiarlo bat sortu dugu. Bertan, gure udalerriarentzat lehentasunezkotzat edo estrategikotzat jotzen ditugun proiektuak bultzatzeko eta gauzatzeko hainbat behar edo proposamen jasotzen genituen. Erronka horien artean inbertsio pribatua zegoen, aukera-eremuak enpresentzat erakargarriak izateko estrategiak”, adierazi zuen Iragorrik.

Aukera lurzoru horietan oraindik ez da jarduera ekonomikorik martxan jarri, baina Iragorrik adierazi zuenez, “horrek ez du esan nahi ahaleginik egiten ari ez garenik, kontrakoa baizik”.

“Legegintzaldi honetan eta aurreko legegintzaldietan aurrerapenak egin ditugu, adibidez, Estatuko gobernuak ere urratsak eman ditzan”, esan zuen Iragorrik.

Hain zuzen ere, SEPESek (Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministerioari atxikitako Lurzoruaren Enpresa Erakunde Publikoak) 35 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu La Basconiako lursailetan, bertan jarduera ekonomikoa garatzeko eta etxebizitzak eraikitzeko (alokairuzko etxebizitzak).

Mercabilbaoren kasuan, duela hiru urte Basauri utzi eta Ortuellara lekualdatuko zutela jakinarazi zuten Euskadiko Parke Teknologikoen Saretik. Hasiera batean, lekualdaketa hori 2027an izango zela iragarri zuten, baina iaz, tokialdaketa behintzat 2031ra arte atzeratuko zela adierazi zuten.

Estatuko gobernuarekin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin “harremanak ezartzen eta beharrezko urratsak egiten” jarraituko dutela adierazi zuen Asier Iragorri alkateak: “Hala ere, argi izan behar dugu denborak eta epeak nahiko luzeak direla, eta are gehiago hirugarrenen mende gaudenean”, adierazi zuen Iragorrik.

“Basauriko ekonomia suspertzea funtsezko helburua da gure agenda politikoan, eta, ondorioz, herrian finkatuta dauden erakundeen eta enpresen arteko ahalegin bateratua gidatzen ari gara. Gure herrian jarduera ekonomikoaren industria haztea eta lehendik ditugun enpresen jarraitutasuna bultzatzea eta babestea da gure helburu nagusia”, esan zuen Iragorrik.

Aho bateko akordioa

Basauriko aukerako lurzoruetan eta industrialdeetan jarduera ekonomikoa garatzeko estrategia globala egiteaz gain, lanbide-prestakuntzako plan bat diseinatzea ere adostu du aho batez udalbatzak.

Lanbide-prestakuntzako plan hori diseinatzeko Basauriko prestakuntza-zentroek, eskualdeko zentroek eta beste administrazio batzuek parte hartuko dute, “Basauriko industria-garapen espezifikorako beharrezkoak diren lanbide-profilei erantzuteko”.

“Aukera lurzoruetan garatu beharreko jarduera ekonomikoa zehaztu eta gero, prestakuntza eta kualifikazio profesionaleko plan bat diseinatuko dugu gure udalerrian finkatu daitezkeen enpresa berrien lan-beharrei erantzuteko”, adierazi zuen Iragorrik. Ildo horretan, Behargintzak egiten duena lana goraipatu zuten Udalean ordezkaritza duten alderdiek.

Basauriko garapen ekonomikoa bultzatzeari buruzko mozioa udaltalde guztiek sinatu dute, baina hasierako proposamena EH Bilduk egin zuen. Urtarrileko osoko bilkuran EH Bilduk mozioa aurkeztuko zuen, baina azkenean, udaltalde guztien akordioarekin testu berri bat onartu zuen, denok adostua.

☉ Basauri

Lau gizon atxilotu dituzte Basauriko metalurgia enpresa batean lapurreta egiteagatik

Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen, eta Ertzaintzak adierazi duenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten

|

Ertzaintzako ibilgailuak // Geuria, artxiboa

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak 25 eta 50 urte arteko lau gizon atxilotu dituzte Basauriko industria-pabiloi bateko metalurgia enpresa batean lapurreta egitea leporatuta.

Lapurreta iazko abuztuan gertatu zen eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “balio handiko” lehengai metalurgikoa lapurtu zuten.

Atxiloketak Gernikan, Sestaon eta Portugaleten egin dituzte.

Gainera, lau pertsona horiei joan den urtarrilaren 19an Miranda de Ebroko enpresa batean egindako lapurreta ere egotzi diete. Kasu hartan 6.000 kilogramo kobre lapurtu zuten, 51.000 euro inguruko balioa zuena.

Bi delituetan atxilotuek zulo bat egin zuten enpresetan sartu eta lapurreta egin ahal izateko. 

Atxilotuei indarrez lapurreta egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu diete.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakume bat atxilotu dute Basaurin espetxean droga sartzen saiatu denean

Emakumeak 67 urte ditu eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote. Era berean, berarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu du Ertzaintzak

|

Basauriko espetxea // Google Maps

Ertzaintzak 67 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo Basaurin, espetxean haxixa sartzen saiatu zenean, preso bat bisitatzera joan zela aprobetxatuz.

Susmoak jarraituz, preso batentzako zen pakete bat ikuskatu zuten. Beroki bat aztertu eta miatu ondoren, forruaren barruan ezkutatuta 300 gramo haxix zituzten zazpi poltsatxo aurkitu zituzten.

Gauzak horrela, momentuan bertan atxilotu zuten emakumea. Osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzi diote, eta polizia-eginbideak bete ostean, aske utzi zuten.

Era berean, akusatuarekin zegoen 29 urteko beste emakume bat ere identifikatu zuten agenteek. Bere aurka eginbideak ireki dituzte, ikertu gisa, delitu beragatik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Karnabas mozorro lehiaketa, 90 segundutan!

|

Inautxok gidatuta, euriak ez du mozorro lehiaketa geldiarazi Basaurin. Furbyak, Pinotxo eta Gepeto, haginlariak, Ratatouille, txorimaloak, euliak, estralurtarrak, oiloak eta lau urtaroak… ez da inor falta izan! Hona hemen mozorro lehiaketako laburpena!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Zenbat denbora eman dute basauriarrek mozorroak prestatzen?

|

Inauteriak dira eta Basauriko kaleak mozorroz bete dira otsailaren 14an, larunbatez. Euria egin arren, mozorro lehiaketa antolatu dute Solobarriako karpan [hemen argazkiak!]. Eta bertan topatu ditugu estralurrarrak, furbyak eta oiloak eta baserritarrak. Zenbat denbora eman dute mozorroak prestatzen?

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin

|

Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.

Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).

Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).

Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).

Osorik irakurri