☉ Basauri
Gatiburen kontzertua Arizgoitira lekuz aldatu eta kale-mozketak iragarri dituzte Basaurin
Basauriko Udaletik kale mozketak iragarri dituzte erdigunean eta Arizgoiti plazako inguruetan ostiralean, aurreikusitako jendetzagatik
Basauriko Social Antzokiaren 30. urteurrena dela eta, Gatibu taldeak kontzertua eskainiko du datorren ekainaren 2an, ostirala, 21:30ean. Hasiera batean, kontzertua San Fausto plazan programatu bazuten ere, Arizgoiti plazara lekuz aldatzea erabaki dute Udaletik, jendetza espero baita ostiralean.
“Hasiera batean kontzertua San Fausto plazan egin behar zen, baina kokalekua ikuspuntu teknikotik aztertu ondoren, Arizgoiti plazara eramatea erabaki da”, azaldu dute udal ordezkariek. “Agertokia kontzertuak egin ohi diren espazioaren parean jarriko da, plazaren barruan”.
Gaur bertan 30 urte bete ditu Social Antzokiak, eta duela aste batzuk GEURIA komunikabidean iragarri bezala, hainbat jarduera prestatu dituzte urteurrena ospatzeko.
Kale-mozketak Basaurin
Jendetza espero dutenez eta segurtasun modura, kale mozketak egingo dituzte zenbait gunetan 20:30etatik kontzertua amaitu arte (00:30ak arte).
San Migel eta Basauri lotzen dituen errepidea moztuko dute. Hala ere, trafikoa zabalik mantenduko dute San Migel noranzkoan. Halaber, autoa ez erabiltzea edo Azganeta kaletik ibiltzea gomendatzen dute; Kareaga Goikoatik udaletxera doan erepide zatia ere itxiko dute, udaletxereako norabidean: “Trafikoa moztuko da Landa doktoreen parean, eta, ikusle-kopuruaren arabera, Axularreraino luza daiteke”, argitu dute Udaletik.
Gainera, Kareaga Goikoatik (udaletxetik) Nagusia kalera doan zatia ere itxiko dute, eta baita Autonomia kaletik Kareaga Goikoara doan errepide zatia ere.
Arizgoiti plazako garajeen sarbidea partzialki moztuta egongo dela iragarri dute udal ordezkariek: “Garajeen sarrera eta irteera moztuta egongo da kontzertura jende asko joaten den bitartean. Gainerako denboran, ekitaldiaren segurtasunaz arduratzen diren zerbitzuek arautuko dute sarbidea, jende kopuruaren arabera”. Murrizketa horiek garajeetako erabiltzaileei jakinaraziko zaizkiela azaldu dute udal ordezkariek eta garajerako sarbidean eta aldameneko atarietan, oharrak jarriko dituzte. Edozein larrialdi-egoera gertatu izanez gero, garajeetako erabiltzaileak Udaltzaingoarekin harremanetan jarri ahal izango dira.
☉ Basauri
Etxebizitza kolaboratiboen eredua azalduko du Irati Mogollon soziologoak Basaurin
Etxebizitza-eredu alternatiboak azaltzeko topaketa antolatu dute Setem Hego Haizeak eta Sagarrak Ekologista Taldeak gaur, urtarrilak 21, Basaurin.
Irati Mogollon soziologoak ‘Posible al da komunitatean bizitzea?’ hitzaldia emango du 18:00etatik 20:00etara Pozokoetxeko Kultur Etxean. Hitzaldia gazteleraz izango da.
Solasaldian, komunitatean bizitzearen kasu praktikoak, esperientziak, baldintzak eta etxebizitrza kolaboratibo motak azalduko ditu.
“Gure egungo etxebizitza-errealitateei buruz hausnartuko dugu, errealitate horiei aurre egiteko estrategia kolektibo posibleak detektatuko ditugu eta Europan zeharreko etxebizitza kolaboratiboen kasuak aztertuko ditugu”, diote antolatzaileek.
Zaintza kolektiboak
Bestetik, urtarrilaren 22an, Irati Mogollon soziologoak tailer bat eskainiko du: ‘Zaintzaren arkitekturak eta zahartze aktibista’. Jarduera hau ere Setem Hego Haizeak eta Sagarrak Ekologista Taldeak antolatu dute.
“Tailer honetan, zaintza kolektiboari dagokionez toki bakoitzean dauden egiturak aztertuko ditugu, baita egitura horiek nolakoak izatea gustatuko litzaigukeen eta horiek gauzatzeko zer ekintza-ahalmen dugun ere.
Tailerra online izango da eta hau ere gazteleraz. Interesdunek izena eman behar dute esteka honen bitartez (doakoa).
Irati Mogollon euskal soziologoa da, adinekoen ahalduntze feministan, ekonomia feministako ikerketa-ekintzan eta etxebizitza kolektiboen prozesuen talde-bideratzean espezializatua, diziplinarteko ikuspegi batetik.
☉ Basauri
‘Basauriko auzokide berriak’ dokumentalak herrian bizi diren migratzaileen bizipenak ikusaraziko ditu
‘Basauriko auzokide berriak’ dokumentala aurkeztuko dute urtarrilaren 25ean, larunbatez, San Migeleko Taberna Nagusian
Basaurin bizi diren migratzaileen bizipenak ikusarazten dituen dokumentala diseinatu eta sortu du Zurrumurruen Aurkako Sareak, Basauriko Udalaren laguntzarekin.
‘Basauriko auzokide berriak’ da dokumentalaren izenburua eta zazpi bizilagunen testigantzak jasotzen ditu: Carol, Alí, Bouba, Fatu Matu, Jon, Toktam eta Nati.
Testigantza horien bidez, jasotako harrerari buruzko eta herrian kulturen arteko elkarbizitza eraikitzeari buruzko beren esperientziak, sentsazioak eta proposamenak partekatzen dituzte dokumentalean agertzen diren herritarrek.
Dokumentala urtarrilaren 25ean, larunbatez, aurkeztuko dute San Migeleko Taberna Nagusian, 11:00etan. Aurkezpenera joateko izen-ematea telefonoz (606 050 662) edo posta elektronikoz (amekadi@gmail.com) egin dezakete herritarrek.
“Basauriar guztiak animatu nahi ditugu film laburraren aurkezpen ofizialean parte hartzera, lan kolektibo baten emaitza baita. Dokumental horren bidez, hausnarketarako hainbat gune bultzatu nahi ditugu, hausnartu ahal izateko gure harremanak zelakoak diren eta zer egin dezakegun, gure egunerokotasunean, Basaurin, gure aniztasuna aitortzeko eta, gure aurreiritziak atzean utzita, errespetuz eta inklusioz jarduteko”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Bizikidetza Aniztasunean Ataleko eta Immigrazioko zinegotziak.
☉ Basauri
Bideoa / Gerraren eta faxismoaren aurkako murala margotu du Hego Uribeko GKSk Basaurin
Urtarrilaren 25ean, larunbatez, GKSk manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean (18:00, Jesusen Bihotza plazatik), ‘Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora’ lemapean.
Mobilizatzeko deialdia zabaltzeko helburuarekin, Basaurin eta Galdakaon mural-margoketak antolatu dituzte gaur, urtarrilak 18: goizean Basaurin eta arratsaldean Galdakaon.
Muralaren diseinua Elene Uribarri galdakoztarrak egin du eta Basaurin dozena bat gazte batu dira.
Olatz Galindez Verano Hego Uribeko GKSko kidearekin berba egin dugu goizean Basaurin: “Azken aldian eskualdean hedatzen ari dira faxismoari bidea ireki ahal dioten ideia erreakzionarioak, konkretutik, arrazistak eta matxistak. Adibidez, Basaurin pintada arrazistak agertu dira eta Arrigorriagan eraso arrazista bat eman zen abenduan”.
“Faxismoa langile klasearen aurkako ideologia eta praktika bezala identifikatzen dugu, eta sektore zaurgarrienak kolpatzen ditu; batez ere, migranteak, emakume langileak eta LGTBI kolektiboak. Horregatik, horren aurrean ikusten dugu beharrezkoa dela kaleak hartzea eta gurekin mobilizatzera animatzen zaituztegu”, dio Galindezek.
☉ Basauri
Basaurik 82.000 euro gastatu behar izan zituen 2024an ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko
Zenbateko osoaren erdia baino gehiago, 45.800 euro, Solobarriako karpako pintadak eta olana konpontzeko erabili zituen iaz Basauriko Udalak
2024an zehar herrian izandako ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko 82.000 euro gastatu zituen Basauriko Udalak.
Datuak datu, kalte hauek ordaindu zituen iaz Udalak:
- Eraikinetako hormetako edo Solobarriako karpako pintadak kentzeko: 45.800 euro
- Erre zituzten 10 edukiontzi ordezkatzeko: 12.000 euro
- Igogailuak konpontzea: 11.844 euro
- Bizkotxaldeko parkeko sareak eta segurtasun-zoru berriak konpontzeko: 7.477 euro
- Arrapala mekanikoetako beiren haustura konpontzeko: 4.260 euro
- Komun publikoetan egindako ekintzak garbitzeko: 1.016 euro
“Ekintza horiek kalte handiak sortzen dizkiete zuzenean basauriar guztiei, espazio publiko partekatuak hondatzen dituzte eta herritar guztiengan eragin duen aparteko gastua dakarte”, diote udal ordezkariek: “Adibidez, norbaitek nahita eragitea igogailuek eta arrapala mekanikoek ibiltzeari utz diezaioten izugarrizko kaltea da mugikortasun murriztua duten bizilagun askorentzat”.
Gauzak horrela, Basauriko Udalak dei egiten die gizalegerik gabe jarduten duten edo beren ardurapeko pertsonei hori egiten uzten dieten herritar gutxi horiei, eta eskatzen die haien ekintzen ondorioez jabe daitezen.
☉ Basauri
‘Euskararen zuhaitza’ landatu du Basozelain Beat Taldeak
Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Euskararen zuhaitza’ oparitu zieten iazko maiatzean Basozelaiko Beat taldekoei. Pago bat da eta Sagarrak talde ekologistaren laguntzarekin, abenduan landatu zuten auzoan.
Ekitaldira bertaratu ziren. “Landatu dugun pago txiki honek, Euskararen zuhaitza, hazi egingo da eta horrekin batera euskararen erabilerak ere egingo du gora gure auzoan”, diote Beateko kideek.
Sagarrak taldeko ordezkariak kultura guztietan zuhaitzek balore sinboliko handia dutela nabarmendu zuen: “Euskal Herrian bi zuhaitz nagusi ditugu: haritza eta pagoa. Zuhaitzek eta basoek, hizkuntzak eta kulturak bezala, lurra behar dute sustraiak landatzeko. Zuhaitza hazi egingo da gu apenas konturatu gabe, eta espero dezagun ere euskal hiztunak ere haztea zuhaitzarekin batera”.