Sareak

☉ Basauri

Bidebieta Pilota Taldeak Gazte Txapelketaren finala antolatu du San Migelgo frontoian

Gazte Txapelketaren 20. urteurrena ekainaren 18an antolatu du Bidebieta Pilota Taldeak, San Migelen

|

Artunduagako pilota partidak, 2021ean // Geuria

Basauriko Bidebieta Pilota Taldeak antolatutako Gazte Txapelketaren 20. edizioko finala datorren ekainaren 18an antolatuko dute, asteburu honetan (ekainak 11), finalerdi guztiak jokatu ostean. Final nagusia, beraz, San Migelgo frontoian jokatuko dute ekainaren 18an, 11:00etan.

Momentura arte final bi erabakita daude: nesken artean Laia Aparizio (Bidebieta) – Maddi Etxenausia (Txumuluxueta) vs Amaiur Beroiz (Lemoa) – Olatz Bernal (Bidebieta). Mutiletan, Izei Saratxu (Lezama) – Aimar Iturbe (Zaldua) vs Julen Zenigaonaindia (Adiskide) – Unai Gil (Bidebieta).

Bestalde, Bizkaiko Lau t’erdiko Txapelketako nagusien hirugarren mailako finala jokatuko du ekainaren 17an, Derion, Bidebietako Aitor Serranok, aurreko egunean (hilaren 9an) Erdain Ibarrondoren aurkako prestaketa egin ostean.

Aipatutako partidez gainera, Lemoako Txapelketako finalerdietan Bidebietako pilotari bi izango dira ostiral honetan, eta ez hori bakarrik: Dimako eta Usansoloko Txapelketetan baita ere, besteak beste.

Udan zehar, urtero lez, Open Txapelketa antolatuko du Bizkaiko Federazioak eta finalak Basaurin antolatuko dituzte, sanfaustoetan.

Mikel Karrillo, ikasleekin // Geuria

Esku pilota, eskolara

Udari begira eta txapelketak alde batera utzita, Bidebieta Pilota Eskolak Basauriko frontoidun lau eskolari eskolaz kanpoko ordutegietan klaseak emateko eskaintza luzatu die (Basauri Ikastetxea, Basozelai Gaztelu, Arizko Ikastola eta Jose Etxegarai), kide berriak eskuratzea xede.

“Bidebieta Pilota Eskolak arazoak izan ohi ditu kide berriak bereganatzeko”, azaldu dio Mikel Karrillo Bidebieta Pilota Taldeko kirol arduradunak GEURIAri.“Artunduaga urrun dago eta jende askorentzat ahalegin handia da haurrak bertako frontoira ekartzea. Hori dela eta irtenbide berriak bilatzen ari gara eskolaz kanpoko jardueren bidez esku pilota eskoletara hurbilduz”.

 

☉ Basauri

Basauriko Mecanizados Inde enpresako bost langileak kaleratu nahi dituztela salatu du ELAk

|

Mecanizados Inde enpresako bost langileak kaleratu nahi dituztela salatu du ELA sindikatuak // ELA sindikatua

Basauriko Mecanizados Inde enpresako langileek greba hasi dute, enpresak martxan jarri duen lan-erregulazio espedientearen kontra. ELA sindikatuak salatu duenez, enpresak bost langile ditu eta guztiak kaleratu nahi ditu zuzendaritzak.

Lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen propioa negoziatzeko eskaera egin zioten langileek zuzendaritzari, eta ostean jaso dute enplegu erregulazioko espedientea. “Errepresalia argia eta askatasun sindikalaren aurkako erasoa da”, salatu dute ELAtik. Uztailean zehar protesta gehiago egingo dituzte.

Mecanizados Inde Basauriko metalurgia enpresa bat da, Cervantes hiribidean kokatuta, eta Lantegi Batuakentzat lan esklusiboak egiten ditu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gozategi, Kaotiko eta La Regadera dira Basauriko Jaietako kontzertuak 2024an

|

Gozategi, Kaotiko, La Regadera eta Cherry and The Ladies taldeez gain, Mi Gran Noche eta Urrats Erromeria izango dira Basauriko sanfaustoetan // Geuria

Azken urteotan ohitura bihurtu da uztailean Basauriko sanfaustoen kontzertuen zerrenda osoa herritarrei jakinaraztea. Hala egiten du Herriko Taldeakek.

Jakina da Herriko Taldeak osatzen duten hamasei kuadrillek musika taldeekin osatutako pack ezberdinen artean erabaki behar dutela eta hala egin dute. Honakoak dira aurtengo sanfaustoen kontzertu nagusiak:

 

Sanfaustoak 2024. Kontzertuak

  • Urriak 11, ostirala: La Regadera
  • Urriak 12, larunbata: Gozategi
  • Urriak 15, asteartea: Mi Gran Noche
  • Urriak 16, asteazkena: Urrats Erromeria
  • Urriak 17, osteguna: Cherry & The Ladies
  • Urriak 19, larunbata: Kaotiko
Osorik irakurri

☉ Basauri

Igor Oca basauriarrak ez du Ekuadorko Deportivo Cuencan entrenatzaile moduan jarraituko

Ekuadorko lehen mailan ari zen lanean Igor Oca. Ligaren lehen itzulian taldea jaitsiera postuetan hartu zuten, eta hamargarren utzi du

|

Igor Oca Deportivo Cuenca taldearen entrenamendu batean // Utzitakoa

Igor Oca futbol entrenatzaile basauriarraren Ekuadorko hirugarren esperientzia uste eta nahi baino lehenago bukatu da. Liga Proko (bertako lehen maila) Deportivo Cuenca taldean zebilen Oca, eta atzo klubak berak jakinarazi zuen ez zuela taldean jarraituko.

Ekuadorko futbol txapelketa bi txanpa ezberdinetan banatzen da, eta 43 urteko basauriarra apirilaren 22an heldu zen Deportivo Cuenca taldera, herrialde bereko Unibertsitate Katolikotik irten ostean. LigaPro mailan sei partida gidatu ditu, hiru garaipen, bi berdinketa eta porrot bat pilatuz.

Taldearen egoera nabarmen hobetu da Oca heldu zenetik, jaitsiera postuetan hartu eta 10.postuan utzi baitu. Egun txapelketako bigarren fasea prestatzen ari ziren, baina jabetza eta klubeko arduradunen arteko arazoek ez dute etenik izan.

Bere erabakia azaltzeko prentsaurrekoan aho bizarrik gabe aritu da Oca: “Argi eta argi identifikatu dugu ezin genuela baldintza hauetan jarraitu”. Ideia horretan sakonduz azaldu du “entrenamenduan eta lehiaketan eragina duten hainbat kontu gure kontroletik at zeuden, hala nola jokalarien fitxaketa edo irteerak, edo eguneroko beste hainbat kontu”

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin 32 urteko gizon bat atxilotu dute, hautsitako botila batekin beste pertsona bat erasotzeagatik

|

Basauriko Udaltzaingoaren autoa // @BasauriPolizia

Basauriko Udaltzaingoak 32 urteko gizon bat atxilotu du, hautsitako botila batekin beste gizon bat erasotzea leporatuta, “eta hainbat mailatako lesioak egitea” egotzita.

Atxilotutako gizona epailearen esku dago.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Arinette Ngole basauriarrak disko jaurtiketan Bizkaiko errekor absolutua hautsi du

Pasa den astean hautsi zuen Bizkaiko errekorra Espainiako 18 urtez azpiko txapelketan, zeinetan txapeldunorde izan zen

|

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da, 18 urtez azpiko kategorian // Artunduaga Atletismo Taldea

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da disko jaurtiketan, 18 urtetik azpiko kategorian. Txapelketa Malagan jokatu zen uztailaren 6an eta 7an.

Ngolek 43,50 metrora jaurti zuen diskoa, eta txapeldunak, Kantabriako Pielagos klubeko Andrea Njimi Tankeuk, 51,85 metrora.

Ngolek bere markarik onena (42,86) hobetu du. Gainera, Espainiako txapeldunorde izateaz gain, txapelketa berean Bizkaiko errekorra hautsi du Ngolek: aurreko errekorra 43,44 metroan zegoen. “Bizkaiko aurreko errekorra (43,44) 1998koa zen!”, adierazi diote GEURIAri Artunduaga klubetik.

Arinette Ngole, Juanjo De Campos bere entrenatzailearekin (Artunduaga Atletismo Klubeko presidentea ere bada) // Artunduaga AT

Europako txapelketarako sailkatzeko 44 metro egin behar zituen Ngolek, “baina gutxigatik ez du lortu”, diote Artunduaga klubetik.

Osorik irakurri