Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Erreportajea / Gaztegunea, gazteen topaleku eta babesgune

Gaztegune berria zabaldu dute herri erdigunean. Zerbitzu berriak eskainiko ditu, hala nola, Gaztegune Ibiltaria, aholkularitza psikologikoa, Coworking gela eta monitoretza titulua eskuratzekoa

|

[2024ko irailaren 12an paperezko edizioan publikatutako erreportajea – Geuria 110] Basauriko Gaztegune berriak ateak zabaldu ditu. Irailaren 7an Autonomia kaleko 3. zenbakiko lokala inauguratu zuten: 300 metro karratuko lokala da, bi solairukoa, kanpoko patio batekin. “Gazteei zuzeneko arreta eta informazioa eskainiko zaie eta askotariko jarduerak antolatuko dituzte bertan; hala nola, programa eta jarduera ludikoak eta kultura-arlokoak, ikastaroak, ikuskizunak eta tailerrak”, azaldu zuen lokal berriaren aurkezpenean, irailaren 6an, Asier Iragorri Basauriko alkateak.

“Zerbitzu berria Autonomia kalera lekualdatu dugu, Basauri erdigunera. Inaugurazioa irailaren 7an egin genuen eta harrera oso ona izan zuen: gazte asko hurbildu ziren, gure ohiko erabiltzaileak zein berriak, beraz, oso pozik gaude izan duen harreragatik”, adierazi dio GEURIAri Oihane Ortega Gazteguneko koordinatzaileak.

GEURIAk erabiltzaile horietako batzuekin berba egiteko aukera izan zuen inaugurazioaren egunean. Ibon Urrutxua Zirt Zarteko bazkide da duela hiru urtez geroztik eta Basozelaiko Gazteguneko erabiltzailea izan da azken urteotan: “Astero joaten naiz Gaztegunera. Gainera, Social Antzokian antolatzen dituzten ekintzetara ere joaten naiz, baita tailerretara ere”, dio Ibonek, eta adierazi du gustatuko litzaiokeela Gaztegunetik bideo-jokoen lehiaketa bat antolatzea: “Asko gustatzen zaizkit bideo-jokoak eta ideia ona izango litzateke!”.

Nora Antónek eta Ariane Gomezek Gaztegunean antolatzen dituzten tailerretan hartzen dute parte: “Gaztegunera natorrenean asko gustatzen zait ping-pongean jolastea eta tailerretan parte hartzea. Sukaldaritza tailerrak, adibidez, asko gustatzen zaizkit eta oso ondo pasatzen dut”, dio Norak. Arianek ere gogoko ditu sukaldaritza tailerrak, baita irteerak egitea ere: “Leku oso dibertigarriak bisitatzen ditugu Gazteguneari esker. Gustatzen zait lagunekin batera etortzea eta tailerretan eta irteeretan parte hartzea”. Iara Martin ere lagunekin doa Gaztegunera: “Filmak ikusten ditugu, eta bideo-jokoetan eta futbolean jokatzen dugu”.

Gaztegunea, auzorik auzo

Gaur egun 1.500 bazkide baino gehiago ditu Zirt Zart Gazte Zerbitzuak eta lokal berriaren kokapen estrategikoa ikusita, kopuru horrek gora egingo duela aurreikusi dute bertan lan egiten duten monitoreek: “Asteburuetan 60 eta 70 gazte inguru hurbiltzen dira Gaztegunera, baina orain, San Pedro elizatik hain gertu egonik, herriko gazte gehiago hurbiltzea espero dugu”, azaldu diote GEURIAri.

Zentzu horretan, gazte gehiago erakartzeko asmoz, ikasturte berrian zerbitzu berri bat eskainiko dute: Gaztegune Ibiltaria. “Zerbitzua zentralizatu dugunez, gure ideia da zerbitzua Basauriko auzo guztietara zabaltzea. Asteburu bakoitzean Gazteguneko jarduerak auzoetara eramango ditugu: asteburu batean auzo batean izango dira, hurrengo asteburuan beste auzo batean, eta horrela ikasturte osoan zehar. Gure sare sozialetan jakinaraziko dugu non eta noiz egongo garen asteburu bakoitzean eta zein jarduera egingo dugun”, dio Oihanek. Gaztegune Ibiltaria Kareaga Gizarte Etxean, Basozelai Gizarte Etxean, San Migeleko Taberna Nagusian eta Arizko Dorretxean izango dela adierazi du Jon Zugazagoitia Gazteria arloko zinegotziak.

Gazteen “babesgunea”

Basauriko Udalak, Zirt Zart zerbitzuaren bidez aholkularitza psikologikoko zerbitzu berria ere eskainiko die erabiltzaileei. “Nabarmendu behar da ez dela laguntza psikogikorako gune bat, aholkularitzakoa baizik”, azpimarratu du Iragorrik. “Psikologo bat egongo da neska-mutilei entzuteko prest eta laguntza psikologikoa edo bestelakoa behar duten egoerak identifikatzeko, eskura dituzten baliabide publikoei buruz orientatzeko, nora jo dezaketen azaltzeko”, zehaztu du. Oihane Ortega Gazteguneko koordinatzaileak gehitu duenez, “aholkularitza psikologikoaren bitartez gazteek euren kezkak edo zalantzak helarazi ahal izango dituzte eta Gaztegunean dagoen aholkulariak lagunduko die, nora jo behar duten jakin dezaten”.

Basauriko gazteen kezka edo beharrizanen inguruan galdetzean, eta Gazteguneak behar horien inguruan duen jarrera aipatzean, langileek diote gazte askok “espazio eroso eta seguru bezala” ikusten dutela Gaztegunea: “Gazte asko denbora igarotzera etortzen dira hona”, dio Haizea begiraleak, eta gaineratu du: “Askotan gurekin berba egitera bakarrik datoz”.

Iratxe Alaña Gazte Informazio Bulegoko arduradunak adierazi duenez, gazte gehienak aisialdiko agenda ezagutzeko jotzen dute bulegora. “Era berean, formakuntza jasotzeko tailerrei buruz ere asko galdetzen dute, baita enpleguari buruz ere. Azken kasu horretan, Behargintza zer den azaltzen diegu eta bertara bideratzen ditugu”, dio Iratxek.

Basaurira bizitzera etorri diren etorkinak ere informazio eske gerturatzen dutela dio Iratxek: “Euren seme-alabak herrian eta gazteen artean integratzeko Gaztegunetik antolatzen diren zerbitzuez galdetzen dute, baita euskara ikasteko eskolei buruz ere. Guk Gaztegunera etor daitezen animatzen ditugu eta euskara ikasteko Udal Euskaltegira joateko gonbita luzatzen diegu. Zentzu horretan, askotan informazioa lortzeko lehen bide hori gu gara”.

Coworking gela

Gaztegune berrian eskainiko duten beste zerbitzu berri bat Coworking gela da. Bertan, erabiltzaileek talde-lanak, bilerak, bestelako ekimenak edo coworkingeko jarduerak egiteko aukera izango dute, bazkideak aurretik erreserba eginez: “Gazteak etxeko lanak egitera etor daitezke Gaztegune berrira, edo lanen bat egiteko edo eskolarako aurkezpen bat prestatzeko elkartu behar badira, gela erabili ahal izango dute”, zehaztu du Oihanek: “Guk gela erreserbatzeko erraztasunak emango dizkiegu, noski”.

Ordutegiek aldaketak izango dituzte lokal berriaren irekierarekin. Hasiera batean arratsaldeko ordutegia bazuen ere, orain goizez ere zabalik egongo da oporraldietan, astelehenetik ostiralera 10:30etik 13:30era, eta Gazte Informazio Bulegoak eskaintzen dituen orduak ere luzatuko dituzte: lehen 1.350 ordu eskaintzen zituen urtero eta orain 1.750 orduak gainditzea aurreikusi dute Udaletik.

Udalak 430.000 euro bideratu ditu Gaztegune berrirako, eta 2021ean 175.921 euroan esleitu bazen ere inbertsioa % 35 handitu dute aurten, 235.314 euro gehituz: “Oro har, Udalak Gazterian egindako inbertsioa % 40 inguru areagotu da, bai arlo ekonomikoan bai arreta emateko eta zabalik izateko ordu kopuruan”.

☉ Basauri

Basauriko EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenari

|

Exabier Arrieta eta Leire Lezameta, Basauriko EH Bilduko lau ordezkarietako bi, San Migelen // Basauriko EH Bildu

Basauriko udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen azaroaren 21ean: guztira 65,8 milioi euro kudeatuko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,3 gehiago).

Oposizioak gaur arte du epea proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta Basauriko EH Bildutik jakinarazi dutenez, osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute.

“Kontu horiek ia 66 milioira iristen dira, eta kopuru horren % 3,7 baino ez da inbertsioetarako. Kopuru hori urte askotan geldirik egon da, eta, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta, % 13 jaitsi da, eta hori larria iruditzen zaigu hainbat arrazoirengatik. Gure ustez, jaitsiera hori gastu arrunten gorakadaren ondorioa da, diru-sarrera propioak erruz agortzen baitituzte”, diote koalizio ezkertiarretik.

Inbertsio-proposamenek “aldaketa sakonik ez” dakartela salatu dute: “Esate baterako, gure enpresa aukeraguneen garapena edo pertsona ahulenen gizarte-babesean sakontzea. Adibide gisa, Arizko zubi bat edo eserlekuak dituzten estalitako eremuak sortzea proposatzen da, ekitaldian zehar partidak egiteko egokiagoak direnak”.

“Inkoherentziak” daudela ere adierazi du EH Bilduk: “Adibide gisa, gehiago bideratzen da prentsa eta aldizkarietara etxerik gabeko pertsonei edo Janabideri laguntzera eta pertsona ahulei elikagaiak banatzera baino”.

“Maniobra tarte txikia”

“Agerikoa da oposizioa osatzen duten alderdiei maniobra tarte txikia uzten zaiela, aurrekontua oso doitua dagoelako. Baina horren bueltan, eta diru erabilgarria azaleratzen den neurrian, orduantxe heltzen zaie Udalaren beharrei. Hori bai, gainerako alderdi politikoak kontuan hartu gabe, aldez aurretik horiei beren proposamenei uko egin dietelako”, diote.

Oposizioaren proposamenik sartu nahi ez izatea salatu dute EH Bildutik: “Gobernu-taldeak benetan proposamenak sartu nahi izan balitu, formulak egon badaude. Hala nola, zirriborroa itxi baino lehen, gainerako udal taldeekin hitz egin; partida bat alderdientzat eurentzat gorde, aurrekontu partehartzaileetarako 400.000 euro gordetzen dituen bezala, edo akordio politiko bat lortu, urtean zehar gure ideiak txertatzeko aukera emango diguna, beraiek beraien proposamenekin egiten duten bezala. Baina uko egiten die, gehiengo absolutuak ematen dion lasaitasunagatik, beharbada”.

“Horregatik, oraingoan, eta hainbat urtez gure proposamenak sartzen saiatu ondoren, ez dugu parte hartuko “iragarritako heriotza” honetan, eta osoko zuzenketa hau aurkeztuko dugu kontuak itzultzeko eskatuz”, diote.

Hala eta guztiz ere, adostasunetara heltzeko “prest” daudela adierazi dute koalizio ezkertiarretik: “Osoko zuzenketa hau erretiratu dezakegu eta aurrekontuari aurka ez egitea eskaini dezakegu, akordio baten truke, non, modu eraikitzailean, gure ideiak eman ahal izango ditugun diruzaintzako geldikinen erabilgarritasunean oinarrituta. Beraz, badaude formulak, espero dezagun borondatea ere egotea”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zauriturik gabeko auto istripua gertatu da Basauriko sarreran, Arizen

|

Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute // Geuria

Auto batek istripua izan du Basauriko sarreran, Arizko zubiaren ondoan. Taberna baten ondoan dagoen barandaren kontra jo du eta bertan dagoen banku bat hondatu du.

Hala ere, Udaltzaingoak GEURIAri baieztatu dionez ez da zauriturik egon. Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute.

Auto pilaketak izan dira Basaurira sartzeko, baina dagoeneko trafikoa arina da. Udaltzainak trafikoa zuzentzen egon dira.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gabonetako Ludoteka zerbitzuan izena emateko epea zabaldu du Basaurik

|

Abenduaren 13ra arte dago epea zabalik izena emateko; guztira 60 plaza eskainiko dituzte // Artxiboko irudia, Geuria

Basauriko Kultur Etxeak 4 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako Gabonetako Ludoteka zerbitzua eskainiko du abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an.

Zehazki, zerbitzua San Migel, Ibaigane eta Pozokoetxeko Kultur Etxean eta Basozelai eta Kareaga Gizarte Etxeetan garatuko da goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Eskaintza 2018 eta 2020 bitartean jaiotako haurrei dago zuzenduta, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 13ra bitartean.

Guztira 60 plaza eskainiko dituzte, eta zozketa bidez esleituko dituzte. “2024-2025 ikasturtean Basauriko ludoteka zerbitzua erabiltzen duten familiek izango dute lehentasuna”, zehaztu dute Kultur Etxeko ordezkariek.  Onartutakoen zerrenda abenduaren 18an argitaratuko du Kultur Etxeak.

Gabonetako Ludoteka zerbitzuko prezioa 25 eurokoa da. “Beherapenak ere egongo dira DSBE edo GGI jasotzen duten familientzat: % 75eko deskontua aplikatuko zaie, alegia”, diote. Era berean, hiru seme-alaba dituzten familia ugariei % 25eko deskontua ezarriko diete, eta lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei % 40koa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touré detektibearen hamaikagarren liburua aurkeztu du: ‘Zenbaki gorriak’

Durangoko Azokan aurkeztuko du bere azken nobela Arretxek. Gainera, liburuak sinatzen ere ibiliko da idazle basauriarra

|

Jon Arretxe, Touréren azken nobela eskuetan // Argazkia: Erein

Jon Arretxe idazle basauriarrak argitaratu du Touré detektibearen hamaikagarren nobela: ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

Azaroaren 28an aurkeztu zuen liburu berria Arretxek Donostiako udal liburutegian eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du: abenduaren 6an, ostiralez, izango da 19:30etik 20:00etara Ahotsenean.

Liburu berria aurkezteaz gain, liburuak sinatzen ere ibiliko da Arretxe Durangoko Azokan, Erein argitaletxearen standean: abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Touré detektibearen sagan hauek dira idazle basauriarrak publikatu dituen nobelak: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021), ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022), ‘Musker amarruak’ (Erein, 2023) eta azkena ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

11 liburu, 12 urte

Hau da ‘Zenbaki gorriak’ liburuaren sinopsia:

Hamabi urte igaro dira Mahamoud Touré Bilboko Afrika Txikira heldu zenetik, familia Burkina Fason utzita eta amets berrien alde borrokatzeko prest. Horretarako Saharako basamortua zeharkatu behar izan zuen, eta Gibraltarko itsasartea igaro. Baina denboraren poderioz, emaztea eta seme-alabak, etorkizun oparoko promesa hutsalez nazkaturik, ahaztu egin ziren Touréz, eta burkinarra zurrunbilo iraunkor batean sartu zen non ilunak askoz gehiago diren argiak baino.

Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Touré. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko, bizi izandako esperientzia gogorrak eta egindako okerrak mamurtzeko, eta inoiz baino astunago sentituko du bakardadearen pisua. Bere lagun leial Osman, Xihab eta Kristina (Sa Kené) jada ez dauzka ondoan, eta inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.

Jon Arretxek argazki gordina eskaintzen digu Zenbaki gorriaken Bartzelonako turismo-leku ederren azpian gordetzen den errealitatearena, eta agerian uzten digu paperik gabeko etorkinek, etxebakoek, txiroenek… non bilatzen duten babesa. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Touréren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian

|

Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz  eta fake news fenomenoaren inguruan.

Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.

Osorik irakurri