Sareak

☉ Basauri

Gaztela kalea berriro urbanizatzeko lanak hasiko dituzte datorren astean, Basaurin

Gaztela kalea, Valentzia eta Extremadura kaleen artekoa, berriro urbanizatuko du Basauriko Udalak. Obrak maiatzaren 25ean hasi eta bi hilabetez luzatuko dira.

|

Valentzia eta Extremadura kaleen arteko zatian esku hartuko du Udalak // Google Maps

Gaztela kalea berriro urbanizatzeko obrak hasiko ditu Basauriko Udalak maiatzaren 25ean. Esku hartuko duten zatia Valentzia eta Extremadura kaleen artekoa da, eta besteak beste, Gaztela kaleko aparkalekua berrantolatu, espaloiak handitu, oinezkoen pasabideak jaitsi eta saneamendu-sarea hobetuko dute. Gainera, edukiontziak beste toki batean kokatuko dituzte eta horietara heltzea zailagotzen duten parterreak kenduko dituzte.

Obrak maiatzaren 25ean hasi eta bi hilabetez luzatuko dira, uztaila amaierara arte. Basauriko Udalak 94.231 euro inbertituko ditu lan horietan. Obra hori Auzoegin ekintza planaren barruan dago aurreikusita. Plan horren helburua da modernizazio eta hiri-berroneratze ekintzak garatzea udalerriko zenbait tokitan, herritarrek, elkarteek eta kolektiboek parte hartzeko zenbait bideren bitartez helarazitako eskaerei erantzuteko.

Obra gehiago martxan

Covid-19aren krisia hasi zenetik, aurretik hasitako obra gehienak geldiarazi behar izan zituen Udalak. Orain, hirigintzako jarduera berreskuratzen hasi dela, obra horiei ekingo diete berriro. Hala nola, eskudela jartzea Arteagoiti kalean (San Migel), eserlekuak jartzea Karmelo Torreko jolasgunean edota Karmelo Torre 3ko berrurbanizazioa burutzea. Gainera, kontratazio-prozesuan zeudenak ere aktibatuko ditu Udalak.

Proiektu berriei dagokienez, “beren lehentasuna eta premia” modu orokorrean balioetsiko dituztela adierazi dute Udaletik. “Litekeena da proiektu asko atzeratu behar izatea”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak: “Udalok aurreikusitakoa baino askoz diru-sarrera gutxiago jasoko dugu. Gainera, Udalak berezko diru-sarrera gutxiago izango ditu, eta gastu gehiago, besteak beste, pandemiak familietan, merkataritzan, ostalaritzan, autonomoengan eta abar izandako eraginak arintzeko ahaleginetik eratorritakoak. Gure diru-sarrerak gutxituko direnez, eta aurrekontuan jaso gabeko gastu gehigarri horiek izango ditugunez, kontuak berregin beharko ditugu, ez bakarrik epe laburrera, baizik eta epe ertain eta luzera ere bai. Ez dakigu etorkizunean zer beste ondorio edo beharrizan artatu beharko ditugun. Orain, inoiz baino gehiago, arreta jarri behar diogu lehentasuna duenari”.

☉ Basauri

Alazne Gomez basauriarra Espainiako halterofiliako txapeldunordea da

|

Alazne Gomez, erdian, Galdakao Halterofilia taldeko Maite Uriarterekin (Espainiako txapelketan finalista izan zen Maite 59 kategorian // Argazkia: Galdakaoko Udala

Espainiako halterofiliako txapeldunorde absolutua da Alazne Gomez basauriarra, 76 kategorian. Txapelketa Ourensen jokatu zen ekainaren 8an eta 9an.

Alazne gaur egun Galdakaoko Halterofilia Taldean dago, eta berarekin batera txapelketan parte hartu zuen Maite Uriarte taldekideak. Maite finalista izan zen 59 kategorian.

Alaznek iaz El Conquistador del Caribe saioan parte hartu zuen –Aritz Irusta galdakoztarrak parte hartu zuen edizio berean-, eta 2022an elkarrizketa egin genion GEURIAn.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto kalean hutsik dauden etxebizitzak soilik hormatzen hasi da Basauriko Udala, “okupazio-arriskua saihesteko”

Batu Elkarlaguntza Sareak sare sozialetan egindako salaketari erantzun dio Basauriko Udalak

|

Batu Elkarlaguntza Sareak sare sozialetan salatu duenez, “Basauriko Udalak San Fausto kaleko 9. eta 11. blokeetako etxebizitza batzuk hormatzeko agindu du aurretiaz abisatu gabe, borrokan ari diren bizilagunak beldurtzeko”.

Basauriko Udalak zehaztu duenez, “hutsik dauden udal-jabetzako etxebizitzak soilik” hormatzeari ekin dio, “okupazio-arriskua saihesteko”.

“Batu Elkarlaguntza Sarearen baieztapenak, “borrokan dauden bizilagunak beldurtzeko helburuarekin” egin direla edo “jarrera oldarkorra” izan dela baieztatzen dutenak, erabat zalantzazkoak dira; kolektibo horren balorazio subjektibo eta partikularrak dira, eta ez dira Udalak egindako benetako egitatetan oinarritzen. Gainera, Bidebik zuzenean jakinarazi zion Batu Elkarlaguntza Sareari hutsik zeuden udal-jabetzako etxebizitzetarako sarbidea baino ez zela ixten ari”, diote udal ordezkariek.

Batu Elkarlaguntza Sareak ere adierazi du sare sozialetan ekainaren 6an Udaltzaingoa bertaratu zela, “eta etxebizitza batzuetan sartzeko saiakera” egin zuela. Basauriko Udaletik esan dute, “legezkoak ez diren okupatzaileek etxebizitzak okupatzea eragozteko eta egoiliarren segurtasuna babesteko” bertaratu zirela, eta, “berdin jokatzen jarraituko du, hutsik dauden udal-jabetzako etxebizitzetarako sarrera blokeatzen, are gehiago kontuan hartuta azken egunetan udal etxebizitza baten legez kanpoko okupazioaren kasuren bat detektatu denean eta pertsona batzuek poliziaren lana oztopatu zutenean”, diote.

“Bidebi, hirigintza-plangintza garatzeko Basauriko Udalaren sozietatea, bi eraikin horietako egoiliar gehienekin akordioetara iritsi da eta helburu berarekin lanean jarraituko du. Legezko okupatzaileek beste bizileku bat izateko eskubidea duten kasuetan, pertsona horiek birkokatu egingo dira, baina Basauriko Udalak ez du inola ere diru-kutxa publikoetara kargatuko eskubide hori jasotzen ez duen okupatzaile baten birkokatzea”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Udal-langileak seinalatzea

Beste alde batetik, Batu Elkarlaguntza Sareak bi udal-langile “modu publikoan eta esplizituki” seinalatu izana salatu dute Basauriko Udaletik: “Hori langile horien intimitatean bidegabe sartzea da, eta derrigortze-delitua izan liteke”. Ildo horretan, udal zerbitzu juridikoak horri buruzko lege-ekintzak abiarazteko aukera aztertzen ari dira.

“Bi langile horiek beren eginbeharra baino ez dute betetzen, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Erreformako Plan Berezian (PERU) oinarritutako erabaki politiko batetik eratorritako ekintzak gauzatuz. Plan hori Udalbatzak onartu zuen 2018an. Basauriko Udala San Fauston garatzen ari den hirigintza-kudeaketa plangintza horretan aurreikusitakoa da”, diote.

Bilera eskatzea

Batu Elkarlaguntza Sareak bilera bat eskatu du Basauriko udal gobernuarekin San Faustoko bizilagunen birkokatzea negoziatzeko: “Azpimarratu nahi dugu hilabeteotan Udalarekin izan dugun gatazkak helburu bakarra duela: 2018ko HAPOn hitzartutakoa betetzea eta San Fausto kalearen izkinetako egoeratik urrun dagoen jarrera paternalista alde batera uztea. Behin eta berriro eskatuko dugu bizilagunentzat beste bizileku bat”, diote.

Basauriko Udaletik ziurtatu dute ez dagoela gatazkarik: “Errealitatetik oso urrun. Batuk diskurtso populista bat mantentzen du, errealitatetik eta egitik erabat deskonektatua, eta gatazka bat sortu nahi du, gatazkarik ez dagoen lekuan. Basauriko Udala etxebizitza horietarako aurreikusitako eta osoko bilkuran onartutako hirigintza-kudeaketa garatzen ari da”, diote.

“Batu Elkarlaguntza Sarearen jarrera oztopatzaileak arriskuan jartzen du inguru guztia birgaitzea eta Bidebietako aldirietako tren geltoki berria eraikitzea. Estatuko Administrazioak horretarako programatutako finantziazioa garrantzitsua da, eta kolokan egon daiteke. Horrek kalte egiten die basauriar guztiei eta, bereziki, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko bizilagunei”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Solobarria plaza ondoko zabaldegiko estalkia uda amaierarako egongo da jarrita

|

Obrak hasi dituzte eta bi hilabeteko epean bukatuko dituzte // Google Maps

Solobarriako metroko irteeraren alboko zabaldegiko eserlekuen erdiguneko eremuan estalkia jartzeko obrak hasi ditu Basauriko Udalak.

Lanak bi hilabetez luzatuko dira, hortaz, uda amaierarako bukatu dituzte obrak.

Udalak 98.000 euroko inbertsioa egingo du esku-hartze horretan. Otsailean obra gauzatzeko lehiaketa publikoa ireki zuen Udalak eta Abadiñoko Cumenorte enpresak burutuko ditu.

Iazko aurrekontu parte-hartzaileetan proposatu zuten herritarrek Solobarriako metroko irteerako plazatxoa estaltzea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Etengabeko Arreta Gunea asteburuan medikurik gabe egongo dela salatu dute

Ez da gertatzen den lehen aldia, eta Martxoaren 7an elkarretaratzea egin zuten Basaurin Etengabeko Arreta Guneen egoera salatzeko

|

Lehen arreta indartzeko kontzentrazioa Basauriko anbulategian // Geuria

Hautsak harrotu ditu Osakidetzeko arduradunek udarari begira Osasun Zentroetarako egin duten plangintzak. Gotzone Sagardui jarduneko Sailburuak ukatu du murrizketarik edo itxierarik egongo denik,  “berregokitzapenak” direla zehaztuz, baina erantzun horrek ez ditu inondik inora sindikatuak eta beste hainbat eragile asetu, eta beste uda batez “murrizketak eta itxierak” egingo direla salatu dute. ELA sindikatuak zera zehaztu du: “neurri horiek erabaki politikoen ondorio zuzena dira, eta ez dute, inola ere, Lehen Arretaren gabeziei aurre egiteko planik planteatzen. Langileak gehiegi kargatzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua murrizten jarraitzea beste planik ez dago”.

Horren adibide, ELA sindikatuak egin duen salaketaren arabera, asteburu honetan bertan Basauriko Anbulategiko Etengabeko Arreta Gunean gertatuko dena: ez da medikurik egongo, eta erizainek hartu beharko dute lanaren zama euren gain. Ez da salaketa hau egiten duten lehen aldia, eta martxoaren 7an bertan elkarretaratzea egin zuten Basaurin, Etengabeko Arreta Guneen egoera salatzeko, hain zuzen ere.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu zuten mobilizazioa, eta bertan hainbat aldarrikapen plazaratu zituzten: “EAGen egoera larria urrunetik dator: zentro batzuen itxiera, langileen prekarizazioa, mediku faltaren ondorioz ekipoak hankamotz geratzea… Azken arazo honi aurre egiteko Osakidetzak eta gure ESIko arduradunek kontingentzia planak diseinatu dituzte, baina eskuartean dituzten proposamenek ez du ziurtatzen EAG-ak oinarrizko lantaldea diren mediku, erizain eta zelariarekin irekiko direnik. Horrez gain, langileen lan eskubideak are gehiago prekarizatuko dituen neurriak biltzen ditu plan honek. Kontuan hartzekoa da, egun, lehen arretak asumitu ezin dezakeen guztia EAG-ek asumitu behar dutelako”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Eizu Euskaraz! kanpainak Basauriko udal langileen eta herritarren arteko euskara landuko du

Datorren astetik aurrera kanpainaren irudiak ikusiko dira Basaurin eta inguruetan: kanpainaren eslogana, udal langileen eta herritarren arteko elkarrizketak komikietako moduko bunbuilo formatuan, kristaletan eta lurrean ipinitako biniloak…

|

María Fernández eta Asier Iragorri, kanpainaren aurkezpenean // Geuria

Basauriko Udalak Eizu Euskaraz! izeneko euskararen erabilerari buruzko sentsibilizazio kanpaina abiarazi du gaur bertan helburu nagusi batekin: herritarrak udal-administrazioarekin euskaraz jardutera animatzea eta udal langileek euskara lanean zein zerbitzuan erabiltzea.

Kanpainaren aurkezpenean María Fernández euskara zinegotzia eta Asier Iragorri Basauriko alkatea izan dira, ekimenaren nondik norakoak aurkezten, udaletxeko sarreran bertan: “Herritarrei ikusarazi nahi diegu hizkuntza-eskubideak dituztela eta Udalean euskaraz eman diezaiekegula arreta”, azaldu du Iragorrik. “Izan ere, euskara administrazioaren eremuan ere erabil dadin nahi badugu, basauriarren laguntza behar dugu”.

“Badugu egitekorik”, esan du Maria Fernándezek. “herritarrei ematen zaien arreta hobetu eta ohiturak aldatu behar ditugu, baina ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren ekimenak ezartzen jarraituko dugu”.

Maria Fernández: “Herritarrei ematen zaien arreta hobetu eta ohiturak aldatu behar ditugu. Ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren ekimenak ezartzen jarraituko dugu”

Kanpainak kanpo eta barne mailan eragina izango du. Kanpora begira, datorren astetik aurrera kanpainaren irudiak ikusiko ditugu Basaurin eta inguruetan: kanpainaren eslogana, udal langileen eta herritarren arteko elkarrizketak komikietako moduko bunbuilo formatuan, kristaletan eta lurrean  ipinitako biniloak… Kanpainaren elementuak euskarri ezberdinetara eramango dituzte: iragarkiak, kartelak, postontzietara botako dituzten liburuxkak…

Euskara garraiatuz

Hemendik egun batzuetara, kanpaina grafikoa garraio publikora iritsiko da ere eta Bizkaibus enpresako linea jakin batzuetan zein Metro Bilbaon ikusi ahalko dira iragarki grafiko horiek.

Barne mailan, udal-langileen artean euskararen erabilera sustatzeko ekintzak egingo dituzte eta horien artean liburu baten argitalpena ageri da. Bertan, Basauriko Udalean hizkuntza ofizialak erabiltzeko osoko bilkuran onartutako irizpideak ageri dira, toki administrazioko langileek gida lez erabiltzeko.

Gainera, kanpainaren irudia daramatzaten katiluak, eskumuturrekoak… emango dizkiete udal langileei eta langile berriei karpetatxo bat oparituko diete. Bertan, ongi-etorri gutunaz gainera Eizu Euskaraz! kanpainako informazio guztia topatuko dute.

Osorik irakurri