→Basauri

Gizarte-bazterketari aurre egiten

Gurutze Gorriak urtean hiru aldiz elikagai banaketa egiten du Basaurin. Egungo egoerak ez du gelditu familia askorentzat hain beharrezkoa den ekintza hau. San Migeleko lokalean egun bat eman dugu Gurutze Gorriko boluntarioekin.

Gurutze Gorriakeko teknikariak eta boluntarioak elikagai banaketa egun bateko beharrekin // Mikel Garcia Martikorena

[2020ko abenduaren 17an GEURIAren paperezko edizioan argitaratua] 2020a, hasieran beste urte normal bat zirudiena, birus batek eklipsatu du. Egunkarien azal guztiak bete eta munduaren bizitza aldatu du Covid-19ak. Hau ondo dakite Basauriko Gurutze Gorriko langile zein boluntarioek, hasieratik han egon baitira arazo gehien dutenei beti laguntzeko prest. Gauzak baretze aldera zihoazenean normaltasun berrian, konfinamendu perimetrala ezarri dute. Hala ere, arazoak arazo, Gurutze Gorriak, urtero bezala, urriaren bukaeran elikagai banaketa egin du Basaurin.

2014. urtean hasi zen Gurutze Gorriaren proiektu hau, krisi ekonomikoak gogor jo zuelako industria handiko herrien artean. Egun martxan jarraitzen duen ekimena da. Elikagaien banaketa ez da Gurutze Gorriak duen laguntza jarduera bakarra: nagusiei konpainia egitea, eskola materiala behar duenari eskaintzea, argia ordaintzeko arazoa dutenei laguntza ematea eta energian nola aurreztu irakastea kit pedagogiko batzuen bitartez, besteak beste.

Urriaren 28a mugimendu handiko eguna izan da San Migeleko Ramon eta Kareaga kalean. 9:30ean hasi da elikagaien banaketa. Lehenengo ordu erdian ez da mugimendu askorik egon. Gaur etorri behar dutenek, ordutegia jakin zezaten, eskutitza jaso dute etxean. Izan ere, gaur egun bizi ditugun maskara eta gel hidroalkoholikoz beteriko egunek Gurutze Gorrian eragin dute. Hortaz, segurtasun distantziak errespetatze aldera eta pilaketak eragozteko, ordutegi zorrotz bat ezarri behar izan dute, elikagaien bila joateko ordu zehatzak ezarriz.

Itxaso Urionabarrenetxea Gurutze Gorriko teknikariaren aburuz, “konfinamendu perimetral berri honek jendea oso urduri jarri du”, batzuek elikagai gehiago emateko eskatzen dute “uste dutelako, agian, etxean konfinaturik geratu behar direla”. Itxasoren esanetan, konfinamendu ostean, laguntza eskakizunak bortizki gora egingo zutela uste zuten, eta gora egin duten arren, ez da hainbesteko gorakadarik izan. “Herritarrak beldurtuta daude, ez dute ezezaguna den inor euren etxeetan sartzerik” esan du Gurutze Gorriko teknikariak, adinekoei konpainia egitearen ekimenaren inguruan hitz egiterako orduan.

Asteazkenak astean zehar izandako beste egunen lurrina izango zuela zirudien, baina goizeko hamarrak aldera ideia hori baztertu dute boluntario zein langileek. Elikagaien bila zetorren jendea euren ordutegitik kanpo heltzen hasi dira, Endika Arellano Gurutze Gorriko langileak azaldu digunez. Honen erruz pilaketak sortu dira Ramon eta Kareaga kalean, jende ilara luzeak sortu baitira banaketa gunearen inguruan. Tentsioak gora egin du momentu jakin batzuetan, jendea kexu zelako elikagaiak jasotzeko denbora luze daramatelako zain edo beraien hitzordua pasa dela eta oraindik euren premiei erantzun ez dietelako.

Gainera, Covid-19aren egoerak ez die lana erraztu Gurutze Gorriko boluntarioei, behin baino gehiagotan eskatu behar izan baitiete segurtasun distantzia errespetatzeko haien txanda itxaroten dabiltzanei. Pilaketen egoerak goizeko 10:00etatik 11:30ak arte iraun du. Gurutze Gorriko teknikariak azaldutakoaren arabera, hainbeste jende hartzen dituzten ilarak ez dira ohikoak, “ilara txiki batzuk eratzea normala da, baina gaur bizi izan ditugunak oso arraroak dira”. Seinale txarra da hainbeste jende egotea, horrek beharrak anitz direla esan nahi baitu. Izan ere, boluntarioen artean “gaur beste egunetan baino jende gehiago dago” bezalako komentarioak entzun ditugu.

Tentsio momentuak gehiegi iraun ez duen arren, boluntarioek gogor lan egiten jarraitu dute erosketa orgak elikagaiz betetzen goiz osoan zehar. Hau egiteko kate moduko bat eratzen dute boluntarioek biltegian; bakoitza bi elikagaiaz arduratzen da, organ sartu behar duten kopurua neurtu eta horra eramanez. Bitartean beste boluntario batek orga biltegi osoan barrena eramaten du lankideek bete dezaten; nabaria da oso beraien arteko koordinazioa. Orgak Gurutze Gorriak ezarritako parametro batzuen arabera bete behar dira. Arroza, pasta, txerri-giharra, sardinak, hegaluzea, gailetak, tomatea, muxikak, txokolatezko irabiatuak, oliba olioa, babarrunak, esnea eta barazki poteak erabiltzen dira orgak osatzeko. Adibidez, hiru laguneko familia batentzat sei litro oliba olio, 30 litro esne eta hiru kilo arroz banatzen dira, besteak beste.

Esan beharra dago, Gurutze Gorriko boluntarioek jendearekin duten harremana oso ona da. Txantxetan aritu dira behin baino gehiagotan eskutitzak direla eta ez direla. Izan ere, kexa arrunta izan da eskutitzak etxeetara heldu ez izana; hala ere, Itxasok WhatsApp bidez komunikatzen die laguntza eske datozenei zer ordu esleitu zaien elikagaien bila joateko. Berak esan digunez, konfinamendu neurri berriek, beste herrietako jende asko elikagaien bila ez etortzea eragin dute, ez dakitelako Basaurira etor daitezkeen edo ez.

Eguerdiko hamabiak dira. Bazirudien gauzak lasaitze aldera zihoazela, baina segidan bost kideko bi familia agertu dira; beraz, lana izan dute boluntarioek orgak kargatzen, bakoitzean 36 litro esne, beste hainbat gauzen artean. 12:30etatik aurrera lasaitasuna izan da nagusi Ramon eta Kareaga kalean. Ordutegi horretan joan behar zuten asko jadanik egonak ziren biltegian; hortaz, boluntarioek arnasa hartu dute. Momentu honetan ikusi ahal izan dugu haien arteko harremana oso estua dela. Txantxetan aritu dira bata bestearekin.

Egunean zehar San Migeleko biltegira etorri direnen artean aniztasun handia sumatu da: adin, profil eta pasaporte ezberdinak ikusi ditugu. Horrek argi uzten du gizarte-bazterketak aurpegi asko eta desberdinak dituela, eta Gurutze Gorriak egiten duen lana ezinbestekoa dela gure gizartean bizi diren pertsona hauei laguntza eskaini ahal izateko. Halere, oraindik asko dago egiteko, eta egungo egoerak gauzak larrituko ditu, Itxaso Urionabarrenetxeak adierazi duen moduan: “Pandemia azkenean joango da, baina, Gurutze Gorriak, gizartean eragindako efektuak apaltzen jarraituko du zenbait urtetan zehar”. Hori dela eta, teknikariak azpimarratu du laguntza ekimen hauek aurrera eramateko dirua behar dela, eta horretarako bazkide gehiago behar direla Gurutze Gorrian.

14:00. Ixteko garaia heldu da San Migeleko biltegian. Aurretik aste luze bat dute oraindik elikagai banaketarekin beste herri batzuetan, Ugaon esaterako. Egun osoan zehar nabarmen geratu da Gurutze Gorriak egiten duen lana ezinbestekoa dela. Agian, balizko etorkizun batean, ez da beharrezkoa izango, hori espero dute han lan egiten duten guztiek, baina bitartean hor jarraituko dute behar gehien dutenei lagunduz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak