→Basauri

Gorka Ortiz: «Ikasle gisa heltzen gara hona, baina profesional eginda irteten gara»

Gorka Ortiz eta Aimar Sagastizabal basauriarrak EHUko Formula Student taldeko kideak dira. Horien xedea beste unibertsitateekin lehiatzeko gai izango den lasterketa auto bat eraikitzea da. Eurekin hitz egin dugu, autoen artean

Gorka Ortiz eta Aimar Sagastizabal Forumal Studenteko kideak// Geuria

Formula 1eko abiadura, Dakar batek duen zailtasuna basamortuak zeharkatzean edo Le Mans-en ordu amaigabeak. Horiek auto lasterketen mailarik gorena osatzen duten modalitateen adibide batzuk dira; baina, horien azpitik, bestelako txapelketak daude; eta batzuek motorraren munduan dagoen gazteen talentua erakusten dute. Horietako bat da Formula Student. Euskal Herriko Unibertsitateko ingeniaritza eskolak badu bere taldea txapelketan, eta bere lan talde handiaren baitan bi basauriar daude: Gorka Ortiz (2000) eta Aimar Sagastizabal (2001). Bigarren ikasturtea da hau haientzat taldean, eta arduradun rola dute jada.

Zer da Formula Student?
Gorka Ortiz: Ikasleek osatzen duten ingeniaritza proiektu bat da. Bertan, urtero hainbat lan egin behar ditugu lasterketa auto elektriko bat lortu ahal izateko. Gero, kotxe horrekin Silverstonera (Ingalaterra) eta Montmelora (Katalunia) joaten gara Formula Student osatzen duten beste unibertsitateekin lehiatzera.

Aimar Sagastizabal: Gainera, mundu osoko hamaika unibertsitatek parte hartzen dutenez, Euskal Herriko Unibertsitatearen izena atzerrian zabaltzeko balio du. Talde osoa oso harro sentitzen gara hori egiteko aukera dugulako.

Zein da zuen betebeharra taldean?
G.O.: Driverless taldeko arduraduna naiz ni. Talde horren helburua da gidaririk gabe dabilen autoa lortzea. Auto bat bakarrik ibili ahal izateko aldaketa asko egin behar ditugu kotxea osatzen duten sistema gehienetan. Ezin diogu autoari bolantea kendu eta motor bat jarri, esaterako; direkzio sistema osoa moldatu behar dugu bolantea bakarrik mugitzeko. Balaztetan, adibidez, sistema berezi bat ezarri behar dugu gidariak egingo lukeen lana kotxeak bakarrik egin dezan. Hasieran ezarritako xedeak bete daitezen lana kudeatzea da nire egitekoa taldean arduradun bezala. Lan karga banatzen dut eta zalantzarik egonez gero niregana datoz.

A.S.: Nire lana Gorkarenaren berdina da, baita arduraduna naizelako ere, baina dynamics taldean. Guk kotxerako hainbat pieza egiten ditugu. Bereziki, balaztatze sisteman, esekiduran eta direkzio sisteman egiten dugu lan. Kotxearen dinamikaren atal askoz arduratzen gara. Baina, bion kasuan, lana antolatzeaz gain, beste kide bat izango bagina bezala egin behar dugu lan. Hala ere, egia da saiatzen garela lan karga handia ez jartzen gure gain, bestelako eginkizunak ditugulako.

G.O.: Ikasleek egiten duten proiektua izanik, ia urtero daude aldaketak lan taldean, hortaz, oso garrantzitsua da beste kideekin kotxearen inguruan dakizkizunak partekatzea. Proiektuaren helburuetako bat ezagutza beti taldean mantentzea da. Hori ere gure betebeharretako bat da.

Zergatik erabaki zenuten parte hartzea?
A.S.: Alde batetik, nire kotxeekiko ezagutza handitu eta garatu nahi nuelako. Bestetik, ingeniari bezala, klasean ikasten dituzun gauzak praktikan ikustea eta gustuko duzun sektore batera egokitzea oso erakargarri iruditzen zitzaidan. Unibertsitateak honen antzekoak diren beste proiektu batzuk ditu: motorrak edo suziriak eraikitzea, esaterako. Gustuko dituzun gauzetan praktikak egiteko aukera eskaintzen dizute.

G.O.: Nire ustez, orokorrean ikasle guztiok dugu nahi berdina: klasean ikasitakoa gelatik ateratzea. Mundura ateratzen zarenean konturatzen zara unibertsitatean ematen dizuten formakuntza oso eskasa dela; hortaz, horrelako proiektuei esker zure ikasketak osa ditzakezu beste ezagutza batzuk zureganatuz. Nik beti izan ditut gustuko kotxeak, eta Formula Student bikaina da kotxeen mundua, eta motorrarena orokorrean, gustuko baduzu.

Nork hartu dezake parte taldean?
G.O.: Ingeniaritza ikasten duen edonork hartu dezake parte proiektuan. Hori bai, momentuz behintzat, ez dago inor lehenengo mailan egonda taldean parte hartzen duenik, denok gara bigarren mailatik gorako ikasleak. Proiektuaren parte izateko aukeraketa prozesu bat igaro behar da, noski. Edonork aurkeztu dezake bere burua partaide izateko, baina ez da aurkezten den oro hartzen. Zenbait gauza baloratzen dira taldean sartu ahal izateko.

Momentu bakoitzean taldeak bilatzen dituen ezaugarrien araberakoa da. Nire kasuan, esaterako, driverless taldean nago. Bertan, softwarea ondo maneiatzen dakien norbait edota algoritmo jakin bat erabiltzen dakien norbait bilatzen da, esaterako. Hortaz, aukeraketa prozesu bat egiten da soslai hori bilatu ahal izateko.

Nolakoa da aukeraketa prozesua?
A.S.: Hasteko, hainbat gradutako ikasleek izena ematen dute. Horietatik, aurretiko aukeraketa bat egiten da soslai egokienekin. Gero, elkarrizketa bat egiten da taldeko koordinatzaile eta ikaslearen artean, dituen jakintzak eta motibazioak ezagutzeko. Hortaz, ez dira kontuan hartzen soilik dakizkizun gauzak, baita ingeniaritzan gustuko dituzunak ere.

G.O.: Izan ere, ez dauka zentzurik pertsona batek elektrizitateari buruz asko jakin arren horren inguruko lanetan jartzeak, ez badu horrekin zerikusia duten gaietan lan egin nahi. Gainera, ingeles maila altua izatea hartzen da kontuan. Txapelketa nazioarte mailan izanda, dena ingelesez egin behar da; hortaz, gure lanaren atal handi bat ingelesez egin behar dugu.

Nolakoak dira Formula Studenteko txapelketak?
A.S.: Autoa ikusterakoan ohikoa da pentsatzea Formula 1eko lasterketa baten moduko txapelketa izango dela hau ere. Baina ez. Ingeniaritza munduko lehiaketa bat da Formula Student, hortaz, baloratzen dena proiektuak aurrera eramatea eta ikastea da, ez soilik zer autok duen abiadurarik handiena. Bi motatako frogak daude: dinamikoak eta estatikoak. Froga estatikoak hiru dira: negozioa, diseinua eta kostua. Aurrenekoari dagokionez, negozio adibide bat aurkeztu beharra dago kotxeari lotua. Kostuetan, kotxea eraiki ahal izateko erabilitako diruaren zenbatekoa justifikatu beharra dago. Eta azkenik, diseinua justifikatu beharra dago.

G.O.: Froga dinamikoei dagokienez, hainbat froga pasa behar ditu kotxeak. Baina, horietan kotxeak ez dira bata bestearen aurka lehiatzen, baizik eta erlojupekoan. Frogen artean daude, besteak beste, azelerazioa, balaztatzea eta zortziak egitea. Hori, kotxe elektrikoari dagokionez; gaur egun EHUk duena. Baina driverless taldearen proiektua aurrera ateraz gero, beste lehiaketa batean parte hartuko genuke: gidaririk gabeko kotxeenean. Helburua da urte batzuk barru bi lehiaketetan egotea.

Nola izan zenuten proiektuaren berri?
G.O.: Unibertsitatean proiektuari erreferentzia egiten dioten hainbat gauza daude. Sarreran dagoen kotxea da nabariena. Gainera, hortik eta hemendik entzuten duzu jendea Formula Studenten inguruan hizketan edo bertako arroparekin. Gainera, klaseetara joaten dira informazioa ematera. Nire kasuan ez zen hori gertatu, baina proiektua jadanik ezagutzen nuenez, pasa den ikasturtean izena eman nuen eta talderako hartu ninduten.

A.S.: Nire kasuan, selektibitatea egin nuenean EHUk antolatzen duen zientzia astera joan nintzen. Bertan, Formula Studenten inguruko informazioa jaso nuen, eta txundituta gelditu nintzen. Izan ere, txikitatik gustuko izan ditut kotxeak. Hori izan zen, besteak beste, ingeniaritza ikasteko motibazioetako bat.

Zein da Formula Student Bizkaiako egunean eguneko lana?
A.S.: Unibertsitatean gure klaseak eta laborategi praktikak egin ostean, gure aisialdi denbora izango litzatekeen horretan tailerrera gatoz. Proiektu honi denbora asko eskaini behar diozu, baina, niretzat gutxienez, merezi du. Antolakuntzari dagokionez, piramide bat izango balitz bezala irudikatu daiteke. Goian talde burua dugu, gero irakasleak etorriko lirateke, eta horien atzean teknikoak. Gero talde ezberdinetako arduradunak datoz, Gorka eta biok, esaterako. Eta gero, bestelako kideak. Gainera, gure unibertsitatearen kasuan gidaria ere ikasle bat da. Beste unibertsitate batzuek kanpoko norbait ekartzen dute.

G.O.: Proiektua enpresako praktikak izango balira bezala uler daiteke, eta horrela jarduten dugu bertan. Gure taldea, driverless, pasaden ikasturtean sortu zenez, besteen atzetik gabiltza. Proiektuak duen lan karga eta eskaini behar zaizkion ordu kopurua direla eta, ikasgai batzuk baliozkotu ditzakegu. Nire kasuan, esaterako, 24 kreditu baliozkotu ditzaket gehienez jota praktika horiek egiten. Hortaz, proiektuan ditugun erantzukizunen arabera hainbat kreditu kendu ditzakegu.

Zer ekarpen egin dizkizue proiektuak?
G.O.: Maila akademikoan, egundoko esperientzia ematen dizu. Benetako proiektu bat izango balitz bezala jorratzen dugunez, unibertsitatetik ateratakoan ez genuke gure lehenengo lana bilatuko. Jada ohituta gaude lana presiopean eta entrega data batzuekin egitera. Horrek profesionaltasun maila ematen die zure ikasketei. Hortaz, nahiz eta ikaslez osatutako proiektu bat izan, nik uste dut hemen ikasleak sartzen direla, baina profesionalak izaten ateratzen direla. Maila pertsonalari dagokionez, denak lagun bihurtu gara hemen. Ez da enpresa munduan askotan gertatzen dena, zure lankide asko batzuetan ez baitituzu ezagutu ere egiten. Hemen gure arteko harremanak asko estutu dira.

A.S.: Ikasitakoa praktikan jartzen dakizula erakusteko balio du proiektuak. Horrek zuregan konfiantza handia eragiten du, erakusten diozulako zure buruari ikasi duzun hori benetan egiten dakizula, eta ez soilik paper baten gainean. Gainera, zu ezagutzeko baliagarria da oso, lan munduko estresaren aurrean nola erantzuten duzun ezagutzeko, baina unibertsitatearekin batera lanean egotearen segurtasunarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak