Sareak

☉ Basauri

Basauriko haur-parkeetako elementuak eraberritzen hasiko dira 2023ko martxoan

Aita Aureliano Landeta, Mojaparte, Trintxera eta Basozelaiko haur-parkeak eraberrituko ditu Basauriko Udalak

|

Bizkotxaldeko haur parke berria // Geuria

Datorren urteko martxoan Aita Aureliano Landeta (Garbigune parean dagoena), Mojaparte, Trintxera eta Basozelaiko haur-parkeak eraberrituko ditu Basauriko Udalak. Udal ordezkariek abian jarri dute lan horien obrak adjudikatzeko lizitazio-prozesua eta 400.000 euro bideratuko dituzte.

Joan den irailaren 21ean Bizkotxalde parkeko Hareazko parkea inauguratu zuten (560.998 euroko inbertsioarekin) eta Udalaren hurrengu urratsa herriko beste jolas eremuak hobetzen jarraitzea da.

Garbigune parean dagoen Aita Aureliano Landeta parkean egin beharreko lanen lizitazioaren oinarrizko prezioa 102.042 eurokoa izango da. Bertan, haur-gunea eta mantenimendu-eremua osorik berritzeko lanak egingo dituztela iragarri dute Udaletik: gaur egun konbinatu batm kulunka bat eta bi zabu bikoitz ditu jolastokiak. “Ipiniko dituzten elementuek jolas kolektiboa eta integrazioa sustatzea, umeentzat erakargarria izango den eskaintza berri eta ludiko bat izatea dute helburu, adin-tarte ahalik eta zabalenarentzat egokitutako programa batekin, eta egitura seguru eta erresistenteak izatea, euskarri sendo eta egonkorrekin”, azpimarratu dute.

Halaber, elementu bat edo gehiago inklusiboak izango dira eta gune bi izango dituztela azaldu dute Udaletik: txikiena 0-6 urteko haurrentzat eta azalera handienekoa 4-12 urtekoentzat. Zoladura ere aldatuko dute parkean.

Haurrak, irailean eraberritutako haur-parkean jolasean, Bizkotxalden // Geuria

Mojaparten eta San Fauston ere

Mojaparteko haur parkeko lanetarako oinarrizko lizitazioa 65.864 eurokoa izango da: “Eraberrikuntzak bete egingo ditu  gainerako parkeetan aplikatuko diren irizpide orokor berberak eta, jolas-eremuaren osaketari dagokionez, elementu inklusibo bat edo gehiago izango ditu” azaldu dute Udaletik. Zoladura aldatuko dute lan hauetan.

San fausto plazako haur parkeak (Trintxera) trenarekin zerikusia duten elementu tradizionalak eta kirol-elementuak izango ditu, zoladuraren ordezkapena barne. Oinarrizko aurrekontua 57.560 eurokoa izango da.

Aipatutako lanei Basauriko zenbait parketan egin beharko diren mantenu-lanak gehitu beharko zaizkie, denak segurtasun-zoladuraren ingurukoak: Arizgoiti plazakoan segurtasun zoru berria jarriko dute datozen asteetan (41.209 euro). Basozelain ere jolas-parkeko segurtasun-zoladura ordezkatuko dute (41.326 euro).

☉ Basauri

Sinadura bilketa hasi dute Kareagan pediatria zerbitzuan murrizketarik ez egiteko

|

Kareagako anbulatorioan hasi dute sinadura bilketa gaur // Geuria

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak murrizketak egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek. Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu ondoren ez dutela beste pediatrarik kontratatu eta Kareagako bi haur-medikuetatik batek lanaldia erdibitu beharko duela bi anbulatorioetan salatu dute.

Abenduaren 1etik aurrera formalizatuko da neurri hori. Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” azaldu dute: “Neurri horrek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar”.

Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / ‘Azaroak 25 plaza’ zabaldu dute gaur Basaurin

|

Azaroak 25 dituen honetan Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatzen da. Basaurin goizean ekitaldia egin dute hemendik aurrera ‘Azaroak 25’ plaza deituko den lekuan, San Pedro elizaren ondoan.

Plazari ‘Azaroak 25’ jartzeko erabakia Udaleko osoko bilkurak aho batez hartu zuen urrian, eta gaur, eguna aprobetxatuta egin dute ekitaldia 12:00etan. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga Flamencok ikuskizuna eskaini ondoren, Paz Diaz Gonzalez Basauriko mugimendu feministako kide mitikoak plazaren plaka desestali du.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Merkatu solidarioa antolatu dute Basaurin, Bielorrusako umeen alde

|

Merkatu solidario bat // Artxiboko irudia, Geuria

Merkatu solidarioa antolatu du Basaurin Acobi elkarteak Bielorrusiako umeentzat dirua biltzeko. Merkatua zabalik dago abenduaren 3ra bitartean Agirre Lehendakaria kaleko 57. zenbakiko lokalean, Herriko Taldeaken ondoan.

Liburuak, jostailuak, tresneria, apaingarriak edota imitaziozko bitxiak bildu eta salduko dituzte lokalean. “Espazioa dela eta, ezin dugu arroparik jaso edo saldu”, diote antolatzaileek.

Merkatu solidarioa zabalik dago astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.

“Gerra kontuengatik etortzerik ez dutenez, dirua bidaliko diegi han behar dutena eros dezaten”, diote sustatzaileek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxez etxeko laguntza zerbitzuan arreta ordu gehiago eskainiko ditu Basauriko Udalak

|

ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatu nahi du Udalak // Geuria

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) araudia berrituko du Basauriko Udalak. Besteak beste hobekuntza hauek onartuko dituzte azaroko osoko bilkuran: mendekotasun-mailaren bat onartua duten erabiltzaileei arreta emateko ordu gehiago eskainiko dituzte, “nahi izanez gero eta egoerak ahalbidetuz gero, etxean denbora gehiago egon ahal izan daitezen”, dio Maria Larrinaga Gizarte Politikako zinegotziak.

Zehazki, bizikidetza-unitatean kide batek baino gehiagok baldin badute mendekotasun-balorazioa, maila handiena duenari dagozkion orduez gain, mendekotasun egoeran dagoen beste pertsonari dagokion ordu kopurua % 50 handituko dute.

Era berean, desgaitasuna onartuta duten 60 urtetik gorako pertsonek eta mendetasunik onartua ez duten 65 urtetik gorakoek ere gehienez 20 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte hilean, aldez aurretik balorazio teknikoa eginda.

“Azpimarratu behar da 85 urtetik gorako pertsonek, bakarrik bizi badira eta familian nahiz gizartean laguntza-sare nahikorik ez badute, erregelamendua onartu ostean, etxez etxeko laguntza eskatu ahal izango dutela hilean gehienez 30 orduz, bestelako baloraziorik egin behar izan barik”, dio Larrinagak.

Arau-testu berrian jasotako hobekuntzen artean, balorazio teknikoaren arabera babesgabetasun-egoeran edo arriskuan, bazterketa-egoeran edo abandonu-egoeran dauden edo tratu txarrak jasaten ari diren pertsonek hilean gehienez 30 zerbitzu-ordu jaso ahal izango dituzte, “betiere etxez etxeko laguntza-zerbitzuak eman ditzakeen prestazioak behar badituzte”, dio.

“Oro har, neurri horien bitartez, ELZren erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatu gura dugu eta, horretarako, zerbitzuaren intentsitatea eta malgutasuna areagotzeaz gain, prestazioak konbinatzeko aukera ere handiagoa izango da”, dio Larrinagak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko lehen Putxera lehiaketa antolatu dute azaroaren 25ean

|

Artxiboko irudia // Geuria

Pozokoetxeko Sanjuantxines Kultur Elkarteak Basauriko lehen Putxera lehiaketa antolatu du. Azaroaren 25ean, larunbatez, izango da Solobarria plazan.

Hasiera batean Pozokoetxeko parkean izango zen lehiaketa, baina eguraldi iragarpena dela eta, Solobarriara lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek.

Saritan 190 euro banatuko dituzte: lehenengo sailkatuak 100 euro jasoko ditu, bigarrenak 60 euro eta hirugarrenak 30 euro. Era berean, putxerak (lehenengo sailkatua eta herriko irabazlea), jamoia (bigarren sailkatua) eta ardo kutxa bat (hirugarren sailkatua) ere emango dizkiete irabazleei.

Lehiaketan izena ematea azaroaren 25ean bertan 10:00etatik 12:30era bitartean izango da. Parte hartzaileek 5 euro ordaindu behar dituzte putxera bakoitzeko.

Babarrunak 13:00etatik 14:00etara entregatu behar dira eta sari banaketa 15:00etan izango da.

Putxera lehiaketa antolatzeaz gain, zozketa bat egingo du Sanjuantxinek egunean bertan. Hain zuzen ere, putxera baten zozketa egingo dute. Zozketan parte hartzeko txartelak euro batean saltzen ari dira Pozokoetxeko saltokietan. Zozketa sari banetan egingo dute.

Lehiaketako oinarriak

  • Erabili behar diren osagaiak: babarrun gorria, txorizoa, urdaia, odolostea eta saihets-hezurra
  • Jendeari begira prestatuko da putxera, eta gasarekin, ikatzarekin edo egurrarekin egosi ahal izango da
  • Putxerak Solobarriako karpan egin behar dira eta lurzorua estali beharko da
  • Babarrunak 13:00etatik 14:00etara bitartean aurkeztu behar dira
  • Putxera ez da txingarrekin aurkeztu behar
  • Epaimahaiaren erabakia apelaezina da
Osorik irakurri