Sareak

☉ Basauri

Aparkaleku falta, langabezia-tasa eta herriko orografia dira beste behin basauriarrentzako arazo nagusienak

Bestetik, hamar elkarrizketatuetatik zazpik uste du Basauriren bilakaera positiboa izan dela (% 71ak).

|

Solobarriako txandakako aparkalekuak gaur egun toki gutxiago du, PCR probak egiteko moduluak jarri dituztelako // Geuria

Urtero bezala Gizaker enpresak Basauriko Udalak eskatuta galdetegi bat egin die 400 herritarrei. Horren arabera, elkarrizketatuentzako arazorik nabarmenenak dira: aparkaleku falta (% 28,3), langabezia-tasa altua (% 17,2) eta herriko aldapak (% 10,5). Azken urteetan errepikatu diren arazoak dira aipatutako hirurak. Lehenengoko arazoari dagokionez, Udalak esku hartze bat egingo ditu laster: 32 ibilgailurentzako aparkalekua San Migelen, Renfe geltokiaren eta futbol zelaiaren artean. Aurreikuspenen arabera, aurten hasiko dituzte aparkaleku berri horren egokitzapen lanak eta guztira 180.000 euro bideratuko ditu Udalak (aparkalekua egokitzeko 120.000 euro eta 60.000 euro elektrolindegi bat jartzeko).

Langabeziari dagokionez, 2.909 langaberekin bukatu du 2020. urtea Basaurik, hau da, langabezia-tasa % 15etik gorakoa da: 1.606 emakume eta 1.303 gizon. 2019ko datuekin alderatuta, 279 langabe gehiago daude (% 10,61 gehiago): 2019ko abenduan 2.630 ziren langabezian zeudenak (% 13,7). 2020ko urtarrilean 2.739 ziren langabezian zeuden basauriarrak (% 14,4) eta urtean zehar, Covid-19aren pandemia tarteko, goranzko joera izan du langabezia-tasak Basaurin. Urritik aurrera, ordea, beheranzko joera ematen ari dela diote Lanbidek publikatutako datuek.

Arazoak alde batera utzita, hamar elkarrizketatuetatik zazpik uste du Basauriren bilakaera positiboa izan dela (% 71ak): “Gainera, bizileku gisa 7,99 puntu eman diote herriari”, dio Asier Iragorri alkateak. Aldiz, % 21ak uste du herriak berdin jarraitzen duela eta % 7ak okerrera egin duela. Auzoen utzikeria, giro falta, enplegu falta edota pandemian zeharreko kudeaketa dira okerrera egin duela adierazi dituzten arrazoiak. Udal zerbitzuei dagokienez, zabor-bilketa (10etik 7,68), kale-garbiketa (7,66), kultura (7,53), kirola (7,30), gizarte-zerbitzuak (7,14) eta euskara (7,11) ongi baloratu dituzte inkestatuek. “Herritarrentzat Basauriko Udalaren indarguneak izan dira: paseatzeko tokiak eta berdeguneak (% 18,8), haur-parkeak (% 8,3), igogailuak eta eskailera mekanikoak (% 8), hobekuntzak oro har (% 4,3) eta kaleak konpontzea (% 3,3). “Basauriarrek oso modu positiboan balioetsi dituzte egiten ari garen inbertsio eta hobekuntzen emaitzak, helburu dutenak udalerri berdeago, ibilterrazago eta irisgarriagoa izatea, auzo berroneratu eta modernizatuekin eta aisiarako gune eta parke gehiagorekin”, dio Iragorrik.

Azterlan soziologikoan parte hartu duten basauriarrek uste dute Udalaren inbertsioak honako hauetara bideratu beharko liratekeela: ekonomia-sustapena eta enplegua (% 42), auzoak berroneratzea eta irisgarritasuna (% 15,3), egoitzak eta adinekoen kontuak (% 14,5), egoera zaurgarrian dauden kolektiboak (% 12,3) eta haur-parkeak eta lorategiak (% 5,3). Udalerriak zer ekintza, programa berri, obra edo zerbitzu behar duen galdetuta, % 6,3k esan du aparkalekuak behar direla; % 4,5aren ustez, gazteentzako eta langabezian daudenentzako enplegua sortu behar dela, eta % 4k berdegune, parke eta lorategi gehiago eskatu ditu.

Azkenik, basauriarrek koronabirusari eta bere ondorioei buruz duten iritzia ere jaso nahi izan dute aurten. Lortutako datuen artean, Udalaren koronabirusaren krisiaren kudeaketak 10etik 6,71 jaso ditu, eta galdekatutako basauriarren % 73k uste du arduradunak malguegi jokatzen ari direla arauak betetzen ez dituztenei ezarritako isun eta zehapenekin. Norbanako bakoitzaren portaerak pandemiaren bilakaeran zein neurritan eragiten duen galdetuta, % 47k uste du Basauriko berragertzeen erantzuleak herritarrak eurak direla. Galdetegia azaroaren 16tik 18ra bitartean egin zuen Gizakerrek.

☉ Basauri

Arinette Ngole basauriarrak disko jaurtiketan Bizkaiko errekor absolutua hautsi du

Pasa den astean hautsi zuen Bizkaiko errekorra Espainiako 18 urtez azpiko txapelketan, zeinetan txapeldunorde izan zen

|

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da, 18 urtez azpiko kategorian // Artunduaga Atletismo Taldea

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da disko jaurtiketan, 18 urtetik azpiko kategorian. Txapelketa Malagan jokatu zen uztailaren 6an eta 7an.

Ngolek 43,50 metrora jaurti zuen diskoa, eta txapeldunak, Kantabriako Pielagos klubeko Andrea Njimi Tankeuk, 51,85 metrora.

Ngolek bere markarik onena (42,86) hobetu du. Gainera, Espainiako txapeldunorde izateaz gain, txapelketa berean Bizkaiko errekorra hautsi du Ngolek: aurreko errekorra 43,44 metroan zegoen. “Bizkaiko aurreko errekorra (43,44) 1998koa zen!”, adierazi diote GEURIAri Artunduaga klubetik.

Arinette Ngole, Juanjo De Campos bere entrenatzailearekin (Artunduaga Atletismo Klubeko presidentea ere bada) // Artunduaga AT

Europako txapelketarako sailkatzeko 44 metro egin behar zituen Ngolek, “baina gutxigatik ez du lortu”, diote Artunduaga klubetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duina “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute Basauriko Grafo aurrean

|

Sindikatuen ustetan, patronalaren azken proposamena "ez da nahikoa" // ELA Sindikatua

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duin bat “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute gaur goizean Basauriko Grafo enpresaren aurrean.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute kontzentrazioa Basauriko enpresaren aurrean, “sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen duen enpresetako bat delako”.

Uztailaren 3an Negozioazio Mahaia batu zen, eta sindikatuen ustetan, “patronalaren azken proposamena ez da nahikoa eta urrun dago hitzarmen duin baterako balizko akordio baterako”, diote, eta gaineratu dute: “Izan ere, Cebeken planteamendua erosteko ahalmena bermatzetik oso urrun dago”.

“Sindikatuok eros ahalmena bermatu nahi dugu azken hitzarmenetik. Hau da, azken hitzarmena 2009-2011koa da, eta guk eskatzen duguna da KPI igoerak errekonozitzea 2012tik 2022ra. Gainera, hitzarmen berriak irauten duen urteetan (2023-2026) langileen soldatak KPIarekin parekatzea nahi dugu”, diote sindikatuetatik.

Halaber, lanaldi murrizketa gehiago eskatu dituzte sindikatuek, baita subrogazio eskubidea ere. “Aldi Baterako Laneko Enpresak limitatzea nahi dugu. Patronalak onartu lezake, baina baldintza batzuekin, adibidez, behin behineko kontratuen iraupena handituz”, diote.

“Uztailaren 19an, negoziazio mahaiaren hurrengo bileran, patronalak beste aukera bat du negoziazioa desblokeatzeko”, diote sindikatuetako ordezkariek. Bitartean, uztailean zehar gatazka ikusarazteko “beste ekintza batzuk” egingo dituztela adierazi dute.

Apirilean eta maiatzean, esaterako, greba egunak deitu zituzten Arte Grafikoen sektorean.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touréren hamargarrena aurkeztuko du Gijongo Aste Beltzean

|

Jon Arretxe, Touré detektibearen hamargarren liburuaren gaztelerazko bertsioarekin // Argazkia: Erein

Uztailaren 5etik 14ra bitartean XXXVII. Aste Beltza antolatuko dute Gijonen (Asturias), eta bertan izango da Jon Arretxe idazle basauriarra.

‘Mañas de lagarto’ (euskaraz ‘Musker amarruak’) liburua aurkeztuko du, Touré detektibearen hamargarren liburua.

Aurkezpena gaur, uztailak 8, izango da 20:30ean eta saioa Luis Artigue nobelistak gidatuko du.

Liburuetatik pantaila txikira

Otsailaren 1ean estreinatu zuten EITBren Primeran plataforman ‘Touré detektibea’ telesaila. Telesaila gazteleraz ekoitzia, euskaraz bikoiztuta publikatu dute estreinakoz.

Arretxe ez da proiektuan murgilduta dabilen basauriar bakarra; izan ere, Itziar Ituño aktore taldean dago, Malcom Treviño-Sitte (Touré), Itsaso Arana, Loreto Mauleon, Unax Ugalde, Urko Olazabal eta Ane Gabarainekin batera.

Laster jatorrizko bertsioan publikatuko du RTVEk.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migelen hazitako Alvaro Djaló hasi da gaur Athleticekin entrenatzen

|

Alvaro Djaloren mezua Athleticen sareetan (ezkerrean) eta Aitor Paredes arrigorriagarra entrenamendu saioan (eskuma) // Athletic club

Aurtengo martxoan fitxatu zuen Athleticek Alvaro Djaló eta gaur izan du bere lehen entrenamendu saioa lehen taldearekin Lezaman.

Djalók 24 urte ditu eta hiru hilabete zituela iritsi zen Bizkaira, zehazki Basaurira. Besteak beste, UD San Miguel taldean trebatu zen futbolean.

Bilboko SD Begoñan ere jokatu ostean, 17 urterekin Portugalera joan zen. Azken urteak SC Bragan eman ditu jokalari, eta aurreko denboraldian hamalau gol sartu zituen, horietako bost Championsen eta bat Europa Leaguen.

Djalók aurrelari gisa edo erdilari aurreratu gisa joka dezake, baita bi hegaletan ere. Bere abiadura eta baloi jaurtiketagatik nabarmentzen da, bai eta geldikako jokaldietan duen abileziagatik.

Bost denboraldiko kontratua sinatu du Athleticekin, 2029ko ekainaren 30era arte, soldata-egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin.

Aitor Paredes arrigorriagarra ere gaur hasi da entrenatzen:

Aitor Paredes arrigorriagarra Ernesto Valverde entrenatzailearekin // Athletic Club

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gizon bat atxilotu dute Basaurin, beste pertsona bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik

|

Basauriko Ertzain-etxea // Artxiboko irudia

Gizon bat atxilotu zuten atzo Basaurin, borroka batean beste gizon bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik.

Gertaerak uztailaren 7an 16:30ak aldera jazo ziren Balendin Berriotxoa kalean. El Correo egunkariak publikatu duenez, taberna baten barruan hasi zen liskarra eta kalean jarraitu zuen.

Tabernako zerbitzarietako bat zaurituari laguntzera joan zen. Kalean etzanda geratu zen eta odola zerion burutik.

Bi inplikatuek aurretik ere izan zituzten liskarrak, El Correok zabaldu duenez.

Ertzaintzak erasoaren egilea atxilotu du.

Osorik irakurri