☉ Basauri
Kareaga Goikoa kalearen hasieran dauden etxebizitzak eraitsiko dituzte

Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatu du Basauriko Udalak. Zehazki, Kareaga Goikoa 1, 3, 5 eta 7 etxebizitzetako ingurunea berrituko dute eta antolamendutik kanpo dauden eraikin horiek eraitsi egingo dituzte etorkizunean.
Eraisketa hori bideragarria izan dadin, lurzoru publiko bat bilatu du Udalak etxebizitza berriak eraikitzeko. Hain zuzen ere, Bizkotxalden eraikiko dituzte 94 etxebizitza berri, zaharren egoitzaren eta Uribarri Institutuaren artean dagoen lursailean.
“Guztiontzat da garrantzitsua jarduera hori garatzea. Jarduketak Kareaga Goikoako leku hori birsortzea erraztuko du, eta, aldi berean, Bizkotxalden etxebizitza berriak eraikitzea ahalbidetuko du”, adierazi zuen Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak maiatzeko osoko bilkuran.
Goikoetxeak gogorarazi zuen azken 26 urtetan garatu ez den eremua dela Kareagakoa: “Lehentasuna eman diogu plan orokorra aldatzeari”.
“Aurrerapauso handia”
“Gobernu taldetik uste dugu aurrerapauso handia ematen ari garela. Egia da urrats handi hori ematen dugula Basaurin ditugun eremu guztien eraikigarritasuna orekatzeko beharra ezartzen zigun epai judizial bat betetzeko. Horrek esan nahi du 80 etxebizitzatik 94ra igaroko garela, eta erakargarriagoa izango dela esku hartze hori”, gehitu zuen Gioikoetxeak.
Asier Iragorri alkateak adierazi du azken planteamendu honek “irtenbide bat” eskaintzen duela: “Gobernu taldearentzat azken urteetan lehentasuna izan da Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako etxebizitzen egoerari erantzun egoki bat ematea, hainbat saio egin ditugu eremua kudeatzeko modukoa izan zedin, eta, azken planteamendu honek irtenbide bat eskaintzen du”.
Hain zuzen ere, Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako etxebizitzen egoera hobetzeko zenbait esku hartze gauzatu ditu Udalak azken urteetan, hala nola, eraikinak sastatzea, hondakinak garbitzea, ura bideratzea edo bisera bat jartzea oinezkoak krisketak erortzetik babesteko.
Bestetik, ikusirik promotore pribatuek –lurzorua ez da publikoa– 26 urtetan ez dutela ezer egin Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako etxebizitzetan, Basauriko Udalak plangintza berri bat sustatzeko erabakia hartu zuen, eta plangintza hori 2021ean indarrean jarri zen HAPO berrian jasota geratu zen.
Horretarako, lurzoru publiko bat bilatu zuen aprobetxamenduak baliatu ahal izateko eta eragiketa gauzagarria izateko jarduketa-unitate bakarra sortzeko. Hala bada, HAPOren idazketa berrian Kareaga Goikoa kaleko jarduketa-unitatea Uribarriko udal jabetzako beste lursail batekin batzea zehaztu zuten, biak batera jarduketa-unitate bakarra osaturik.
“Hasiera batean, Eusko Jaurlaritza eragiketan inplikatzeko aukera aztertu zen, baina dagoeneko ahalegin handia egin du gure udalerrian etxebizitzaren arloan inbertitzeko, eta ideia ez zen mamitu. Orduan, gobernu taldeak higiezinen merkatua aztertu zuen, etxebizitzak eraikiko lituzkeen promotore bati lursailak saltzea bideragarria izango ote zen ebaluatzeko, baina egiaztatu zen ez zirela parametro onargarriak ekimen pribaturako”, adierazi zuen Iragorrik.
Udala prospekzio lanak egiten ari zen bitartean, Trocabide enpresak —3. zenbakiko eraikin osoaren jabeak— errekurtso bat aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eraikin horrek oso eraikigarritasun txikia zuela argudiatuz, eta HAPOn sartutako beste jarduketa batzuen batez-besteko eraikigarritasunarekin parekatu behar zela iritzita.
Epaitegiak arrazoia eman zion Trocabide enpresari, eta gobernu taldeak epaia ez errekurritzea erabaki zuen eremuaren blokeo-egoera hori askatzeko; izan ere, agindu judiziala betetzeak eraikigarritasuna handitzea zekarren, eta horrek erakargarriagoa egiten du promotore pribatu baten eragiketa, bideragarritasun ekonomikoa handiagoa izango delako.
Aho batez
Aldaketa aho batez onartu zuen Basauriko udalbatzak maiatzaren 30eko osoko bilkuran. Exabier Arrieta EH Bilduren bozeramaileak uste du “berri ona” dela HAPOa aldatzea, “egoera hori askatzeko eta eremua garatzeko” aukera ematen duelako: “Izan ere, barrutik ikusten dena oso egoera larria da”.
Marian Cantero Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak zera esan zuen: “Badakigu denbora beharko dela Jarduketa Plana egiteko eta premia bihurtu da hain degradatuta dauden eraikin horiei irtenbidea ematea, oso egoera arriskutsuan dauden eta oso egoera ahulean dauden pertsonak bizi direlako bertan”.
Udalbatzak HAPOa aldatzea onartu eta gero, Udalak orain Jarduketa Plana egin behar du: “Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 etxebizitzetan bizi direnei ostatu eman behar zaie, eta ostean jarduketa osoa definituko dugu”, adierazi zuen Goikoetxeak.
☉ Basauri
Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean
Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.
Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.
Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.
Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra
44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.
Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.
Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.
Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.
☉ Basauri
Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin
Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!
Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!
Ver esta publicación en Instagram
☉ Basauri
Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.
Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.
Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.
Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.
Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.
☉ Basauri
Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du
Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.
Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.
“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.
Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.
2026an mobilizazio gehiago
“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.
Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.
“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.
Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.
“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.
Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!








