Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Irantzu Ibañez: «Guztiz sinetsi eta bultzatu behar dugu parte-hartze erreala dela etorkizuneko hirigintzaren oinarria»

Hirigintzaren eraldaketak markatzen du hiri eta herrien etorkizuna. Hirigintza berrien erronkei buruz edota hirigintza arloko parte-hartze prozesuei buruz hitz egin dugu Irantzu Ibañez arkitektoarekin.

|

Irantzu Ibañez basauriarra arkitektoa da // Utzitakoa

Geuria #087 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan

Herriak eta hiriak etengabe ari dira aldatzen. Hirigintza eta arkitekturaren aldetik nabarmena da hori. “Herri zein hirien forma zehazteaz gain, hauek bizitzeko modua ere bideratzen du arkitekturak”. Horrela definitzen du arkitektura Irantzu Ibañez Espinosa (Basauri, 1987) arkitektoak. Halo Arkitektura estudioa ireki zuen Irantzuk 2015ean, Andoni Duque Ingunza (Bilbo, 1984) lankidearekin batera. Gizarteak herri eta hirien espazioak eratzeko dituen tresna bezala ulertzen ditu arkitektura eta hirigintza. Hiri eta hirigintza berrien erronkei buruz, prozesu parte-hartzaileei buruz, Agenda 2030ari buruz, berdegune naturalen garrantziari buruz edota hiri-ortuei buruz aritu gara berarekin.

Zein garrantzi dauka arkitekturak gaur egungo hiri eta herrietan?
Arkitektura espazio ezberdinak antolatzen dituen diziplina konplexua da; izan ere, eraikuntza-teknikak, funtzionaltasuna, diseinua, jasangarritasuna, erabiltzaileen erosotasuna eta haien arteko erlazioak uztartu behar ditu. Esango nuke, gainera, arkitektura eraikiak momentuko errealitate politiko, sozial, ekonomiko eta teknologikoarekin lotura zuzena duela.

Arkitektura eta hirigintza diziplinak ezberdindu ditzakegu, eta bien arteko batuketa bizigarri ditugun espazioen eraketarako gizarteak duen tresna bezala ulertzen dut. Horregatik da garrantzitsua. Herri zein hirien forma zehazteaz gain, hauek bizitzeko modua ere bideratzen duelako.

Hiri eta hirigintza berriaren erronkei buruz galdetuko banizu.
Gizartearen produktu bat bezala ikus dezakegu hiria, baina aldi berean, hiriak berak gizartearen nondik norakoak bideratu ditzake. Horrela, hiriek zein hirigintzak izango dituzten erronkek lotura zuzena dute erronka sozialekin. Esate baterako, jasangarritasuna eta klima aldaketa, ezberdintasun sozialak deuseztatzea, talde edo partaide izatearen sentimenduak dakarren mobilizaziorako gaitasuna berreskuratzea edota lekuan lekuko historiarekin adiskidetzea lirateke kontutan hartu beharreko puntu batzuk. Gainera, eta erronka konkretuagoetara joz, espazio publikoa berreskuratzea, hiriak hiritarrekiko duen sinbolismoa berreskuratzea eta partaidetza-kulturaren eta herritarron erabakitzeko ahalmenaren garapena aipatuko nituzke.

Hori guztia Hego Uribe eskualdera ekarrita, zein erronka ikusten dituzu?
Bizi dugun globalizazioak homogeneizazioa dakar nahitaez berarekin. Beraz, eskualdeak hirigintzak berak era orokorrean landu beharreko erronkei aurre egin beharko die. Hego Uribe historia zein izaera guztiz ezberdina duten herriek osatzen dute eta, honenbestez, hirigintzak izango duen erronkarik nabarmenena bakoitzaren ezaugarriak azpimarratzea izango da. Era lokalago batean, mugikortasuna modu jasangarriago batean bideratzea legoke edota Bilborekiko gertutasunak dakarren eraginaren menpe ez egoteko landu beharreko tokian tokiko ekonomiaren garapena aipa nezake.

Zaratamo eta Zeberio bezalako herriak ere baditugu eskualdean, naturarekin lotura handiagoa duten herriak.
Landa eremuetako hirigintza oraindik ere delikatuagoa iruditzen zait eta gai horretan ez naiz batere jaioa. Hala ere, izaera propio hori mantentzea ezinbestekoa dela esango nuke, horren bitartez aberastasuna eta lan eskaintza erakargarria erakutsiz, bestelako bizimodua bultzatzen dutelako.

Gurean, adibidez, prozesu parte-hartzaileak bultzatu dira hirigintzaren alorrean. Beharrezkoa da herritarren partaidetza hirigintzaren arloan erabakiak hartzeko?
Herritarrok ditugun ideiak ez dira teknikariek edota politikariek dituztenak baino okerragoak. Guztiz kontrakoa: bizigarri dugunetik eta esperientzia propiotik asko dugu emateko. Hala ere, herritarron partaidetza gai konplexua da, erabakiak hartu ahal izateko informazioa eta ezagutza behar ditugulako. Helburua talde lana eta informazio mordoa elkartuko dituen prozesu parte-hartzaile konplexua izan behar da. Eta horretara heltzeko oraindik asko dugu garatzeke, herritarron zein instituzioen aldetik. Bien bitartean, zenbait prozesu parte-hartzaile jartzen dira martxan, baina aurretik aipatu bezala, helburua aipatutako talde identitatearen berreskurapena eta hiriarekin zein bizilagunekin bestelako esfera batean konektatuko gaituen prozesua izan behar da.

Herritarrek benetan parte hartzen dute horrelako prozesuetan?
Makillaje itxura izan dezaketen prozesuak badaude baina partaidetza era aberasgarriago batean emateko hazia ere izan daitezke; konplexuagoa eta aberasgarriagoa den partaidetza baten abiapuntua agian. Ulertu beharra dugu apurka-apurka aldatzen den pentsamolde edota kultura dela, baina guztiz sinetsi eta bultzatu behar dugu parte-hartze erreala etorkizuneko hirigintzaren oinarria dela.

Klimaren krisian hiriek paper erabakigarria izango dute Agenda 2030en arabera.
Duela hamar bat urtetik munduko biztanleriaren % 50 baino gehiago hirietan bizi da. Beraz, hiria errekurtso naturalak zein energia bera zurrupatzen duen makina dela argi dago. Hau horrela izanda, klima aldaketaren aurka hiriek egin dezaketen edozein ekintzak berebiziko garrantzia du. Gainera, hasieran genion moduan, hiriak gizartearen nondik norakoen bidea markatzen duenez, gai honetan ere aldaketaren sustatzaile izan daitezke.

Berdegune naturalak hiriko funtsezko elementu bezala ulertu behar ditugula adierazi duzu aurten artikulu batean.
Honetan bi puntu garrantzitsu aipatuko nituzke. Lehenak bizi kalitatearekin du zerikusia. Lehen berdeguneak hirietatik kanpo baina gertu ikusten genituen. Hirien hazkundearekin, zerbitzu zein bizimodu “osoagoen” eskaintza handituz joan zenean, berdegune horiek aldenduz joan ziren eta hiritarrek horien falta sentitu zuten. Arazo honekin 50 urte baino gehiago daramatzagu. Bigarren puntua klimarekin lotuko nuke. Espazio berdeek CO2a kontsumitzeko balio dute, atmosfera bera garbitzeko, eta hiriak “hoztea” zein zoruen iragazkortasuna hobetzea ahalbidetzen dute.

Hego Uribe eskualdean berdegune gutxi dagoela esan dezakegu, batez ere herri handietan. Kasu honetan zer egin beharko litzateke hirigintzaren aldetik? Badago alternatibarik edo estrategia zehatzik?
Berdearen presentzia bisuala badugula esango nuke, topografiak era positibo horretan baldintzatzen duelako. Baina esan bezala, hirien traman berdeguneak integratu beharko genituzke. Horretarako, geratzen diren espazio libre apurrak, hiri eta herriak eraldatu eta berreraikitzen doazelarik, espazio berdeen onurarako ustiatu beharko genituzke. Erabilera aldetik ere aisialdi aktibo eta alternatibo bezala planteatu beharko lirateke, hala nola, kirola egiteko espazio gisa edota hiri-baratzeak proposatuz.

Hiri-baratzeak aipatu dituzu. Halakoak ezartzen ari dira eskualdean.
Espazio libre hauek funtzio ekologiko, paisajistiko eta sozio-kulturalak dituzte. Alde batetik, balore paisajistikoari dagokionez, hiri lurren eta sistema naturalen trantsiziorako gradazio espazio bezala ulertu daitezke. Gainera, alboratutako espazioak berreskuratzeko aukera ezin hobea aurkezten dute eta hiriaren idiosinkrasiaren barruan identitate berri bat har dezakete. Izan ere, duela gutxi arte pobrezia edota beharrizanekin lotura zuten baratze hauek, gaur egun, kontsumo jasangarri eta aberasgarri batekin sinbolikoki identifikatu ditzakegu. Bestetik, eta duten balore sozialarekin erlazionatuz, aisialdi aktibo baterako alternatiba dira. Naturarekin harremanetan egoteko eta jarduera komunitarioak bultzatzeko aukera paregabea dira. Eskaintza pedagogiko eta ekologiko gisa, erabiltzaile ezberdinen artean sozializatzeko aukera berriak sortzen ditu. Are gehiago, kasu batzuetan, nekazaritza ekologikoaren lanerako teknika berriak ikastearekin bat, lan orientazio berriak jorratu ditzakeen ekimena ere bada.

Iaz etxebizitzen barne antolaketan globalizazioak duen eragina aztertu zenuten Aldiri aldizkari espezializatuan publikatutako artikuluan: ‘Globalizazioaren doktrinamendua espazio domestikoan’. Zehazki, zer da aztertu zenutena?
Lehen esan dugun moduan, arkitektura bizi dugun momentuko errealitatearen isla izan badaiteke, kapitalismoaren, kontsumo gizartearen eta indibidualtasunaren ezaugarriak bere baitan izango ditu. Hiri eskalan ematen diren joerez gain, aipatzen duzun artikuluan eskala domestikora salto egin genuen, etxebizitzen barne antolaketen inguruko gogoeta eginez. Azkenean, barne antolaketek erabiltzaileon bizitzeko modua eta pentsatzeko era bideratzen dute.

Gure lana dela eta, etxebizitzen barne antolaketa gertuko gaia dugu. Jolas moduko bat planteatu genuen analisia egin ahal izateko. Webgune ezberdinen artean, zenbait herrialdetako etxebizitza promozio berrien eskaintzak begiratu genituen. Horrela, aukeren murriztasuna badagoela ikusi genuen. Etxebizitzen barne antolaketa klonatuak munduan zehar hedatu dira, lekuan lekuko kultura zein espazio tradizionalak desagerraraziz.

Nolakoak dira gaur egungo etxebizitzak?
Eredu arrazionalista jarraitzen dute: gauaren eta egunaren arteko banaketa argia agertzen da; publiko eta pribatuaren arteko ezberdintasun espaziala dago. Eguneko guneak, publikoak direnak, sukaldea eta egongela hartzen ditu eta gero eta bateratuago agertzen dira. Egongelan, gainera, telebista-sofa binomioa espazio horren ardatz bihurtu da. Espazio pribatuak, edo gauarekin erlazioa dutenak, logelak lirateke, eta hauetan guztietan etxeko hierarkia azpimarratzen da. Logela nagusia, bikoitza, familiako buruentzat (bikote izan behar dute) eta bainugela propioarekin. Bigarren logelak –zein ondotik datozen guztiek-, erabilera-unitate independente moduan funtzionatzen du. Lo egiteko espazioa izateaz gain, jantzi, ikasi, telebista ikusi… egin daiteke bertan etxeko besteekin harremanik izateko beharrik gabe: indibidualismoa bultzatzen du. Globalizazioak markatutako doktrinamendu horrek kultura ezberdinen berezitasunak ezabatu ditu etxebizitzen barnealdeetan eta heterogeneoagoak zein bakoitzaren ideia, helburu, errutinak islatuko lituzkeen espazio domestikoak faltan botatzen dira.

Etxebizitza eta berdintasunari buruzko mahai inguru batean parte hartu zenuen iaz. Zein harreman du etxebizitzak berdintasunarekin?
Aipatu berri ditugun distribuzio normatiboek, gaur egungo sistema kapitalistaren produktu izanik, indibidualtasuna, hierarkizazioa eta desparekotasunak eragin eta azaleratzen dituzte. Horrela, barne antolaketa hauek tradizionalki emakumeok egiten ditugun zaintza lanak ostendu dituzte.
Emakumeok espazio pribatuan lan egin izan dugu, etxebizitzen barnealdeetan, gizonek espazio publikoa hartu duten bitartean. Egoera honi buelta emateko garaia da eta zaintza lanak azaleratzen lagunduko duten tresna berriak jarri behar dira martxan: pertsona batek baino gehiagok sukaldean aldi berean lan egiteko espazioa eskaintzea, atsedena hartzeko ordua denean lana ezkutatzeko aukera izatea, arropak garbitzea ikustaraztea…

Etorkizuneko hiriak nola ikusten dituzu hirigintzari dagokionez?
Hiriak gizartearen produktua dira, eta gizartea bera bezala ikusten ditut. Klima aldaketari, desberdintasun sozialei edota globalizazioak markatutako identitate propioen faltari aurre egiteko eta merkatuen doktrinetatik ihes egiteko tresna gisa imajinatzen ditut.

☉ Basauri

Basauriko EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenari

|

Exabier Arrieta eta Leire Lezameta, Basauriko EH Bilduko lau ordezkarietako bi, San Migelen // Basauriko EH Bildu

Basauriko udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen azaroaren 21ean: guztira 65,8 milioi euro kudeatuko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,3 gehiago).

Oposizioak gaur arte du epea proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta Basauriko EH Bildutik jakinarazi dutenez, osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute.

“Kontu horiek ia 66 milioira iristen dira, eta kopuru horren % 3,7 baino ez da inbertsioetarako. Kopuru hori urte askotan geldirik egon da, eta, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta, % 13 jaitsi da, eta hori larria iruditzen zaigu hainbat arrazoirengatik. Gure ustez, jaitsiera hori gastu arrunten gorakadaren ondorioa da, diru-sarrera propioak erruz agortzen baitituzte”, diote koalizio ezkertiarretik.

Inbertsio-proposamenek “aldaketa sakonik ez” dakartela salatu dute: “Esate baterako, gure enpresa aukeraguneen garapena edo pertsona ahulenen gizarte-babesean sakontzea. Adibide gisa, Arizko zubi bat edo eserlekuak dituzten estalitako eremuak sortzea proposatzen da, ekitaldian zehar partidak egiteko egokiagoak direnak”.

“Inkoherentziak” daudela ere adierazi du EH Bilduk: “Adibide gisa, gehiago bideratzen da prentsa eta aldizkarietara etxerik gabeko pertsonei edo Janabideri laguntzera eta pertsona ahulei elikagaiak banatzera baino”.

“Maniobra tarte txikia”

“Agerikoa da oposizioa osatzen duten alderdiei maniobra tarte txikia uzten zaiela, aurrekontua oso doitua dagoelako. Baina horren bueltan, eta diru erabilgarria azaleratzen den neurrian, orduantxe heltzen zaie Udalaren beharrei. Hori bai, gainerako alderdi politikoak kontuan hartu gabe, aldez aurretik horiei beren proposamenei uko egin dietelako”, diote.

Oposizioaren proposamenik sartu nahi ez izatea salatu dute EH Bildutik: “Gobernu-taldeak benetan proposamenak sartu nahi izan balitu, formulak egon badaude. Hala nola, zirriborroa itxi baino lehen, gainerako udal taldeekin hitz egin; partida bat alderdientzat eurentzat gorde, aurrekontu partehartzaileetarako 400.000 euro gordetzen dituen bezala, edo akordio politiko bat lortu, urtean zehar gure ideiak txertatzeko aukera emango diguna, beraiek beraien proposamenekin egiten duten bezala. Baina uko egiten die, gehiengo absolutuak ematen dion lasaitasunagatik, beharbada”.

“Horregatik, oraingoan, eta hainbat urtez gure proposamenak sartzen saiatu ondoren, ez dugu parte hartuko “iragarritako heriotza” honetan, eta osoko zuzenketa hau aurkeztuko dugu kontuak itzultzeko eskatuz”, diote.

Hala eta guztiz ere, adostasunetara heltzeko “prest” daudela adierazi dute koalizio ezkertiarretik: “Osoko zuzenketa hau erretiratu dezakegu eta aurrekontuari aurka ez egitea eskaini dezakegu, akordio baten truke, non, modu eraikitzailean, gure ideiak eman ahal izango ditugun diruzaintzako geldikinen erabilgarritasunean oinarrituta. Beraz, badaude formulak, espero dezagun borondatea ere egotea”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zauriturik gabeko auto istripua gertatu da Basauriko sarreran, Arizen

|

Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute // Geuria

Auto batek istripua izan du Basauriko sarreran, Arizko zubiaren ondoan. Taberna baten ondoan dagoen barandaren kontra jo du eta bertan dagoen banku bat hondatu du.

Hala ere, Udaltzaingoak GEURIAri baieztatu dionez ez da zauriturik egon. Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute.

Auto pilaketak izan dira Basaurira sartzeko, baina dagoeneko trafikoa arina da. Udaltzainak trafikoa zuzentzen egon dira.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gabonetako Ludoteka zerbitzuan izena emateko epea zabaldu du Basaurik

|

Abenduaren 13ra arte dago epea zabalik izena emateko; guztira 60 plaza eskainiko dituzte // Artxiboko irudia, Geuria

Basauriko Kultur Etxeak 4 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako Gabonetako Ludoteka zerbitzua eskainiko du abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an.

Zehazki, zerbitzua San Migel, Ibaigane eta Pozokoetxeko Kultur Etxean eta Basozelai eta Kareaga Gizarte Etxeetan garatuko da goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Eskaintza 2018 eta 2020 bitartean jaiotako haurrei dago zuzenduta, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 13ra bitartean.

Guztira 60 plaza eskainiko dituzte, eta zozketa bidez esleituko dituzte. “2024-2025 ikasturtean Basauriko ludoteka zerbitzua erabiltzen duten familiek izango dute lehentasuna”, zehaztu dute Kultur Etxeko ordezkariek.  Onartutakoen zerrenda abenduaren 18an argitaratuko du Kultur Etxeak.

Gabonetako Ludoteka zerbitzuko prezioa 25 eurokoa da. “Beherapenak ere egongo dira DSBE edo GGI jasotzen duten familientzat: % 75eko deskontua aplikatuko zaie, alegia”, diote. Era berean, hiru seme-alaba dituzten familia ugariei % 25eko deskontua ezarriko diete, eta lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei % 40koa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touré detektibearen hamaikagarren liburua aurkeztu du: ‘Zenbaki gorriak’

Durangoko Azokan aurkeztuko du bere azken nobela Arretxek. Gainera, liburuak sinatzen ere ibiliko da idazle basauriarra

|

Jon Arretxe, Touréren azken nobela eskuetan // Argazkia: Erein

Jon Arretxe idazle basauriarrak argitaratu du Touré detektibearen hamaikagarren nobela: ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

Azaroaren 28an aurkeztu zuen liburu berria Arretxek Donostiako udal liburutegian eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du: abenduaren 6an, ostiralez, izango da 19:30etik 20:00etara Ahotsenean.

Liburu berria aurkezteaz gain, liburuak sinatzen ere ibiliko da Arretxe Durangoko Azokan, Erein argitaletxearen standean: abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Touré detektibearen sagan hauek dira idazle basauriarrak publikatu dituen nobelak: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021), ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022), ‘Musker amarruak’ (Erein, 2023) eta azkena ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

11 liburu, 12 urte

Hau da ‘Zenbaki gorriak’ liburuaren sinopsia:

Hamabi urte igaro dira Mahamoud Touré Bilboko Afrika Txikira heldu zenetik, familia Burkina Fason utzita eta amets berrien alde borrokatzeko prest. Horretarako Saharako basamortua zeharkatu behar izan zuen, eta Gibraltarko itsasartea igaro. Baina denboraren poderioz, emaztea eta seme-alabak, etorkizun oparoko promesa hutsalez nazkaturik, ahaztu egin ziren Touréz, eta burkinarra zurrunbilo iraunkor batean sartu zen non ilunak askoz gehiago diren argiak baino.

Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Touré. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko, bizi izandako esperientzia gogorrak eta egindako okerrak mamurtzeko, eta inoiz baino astunago sentituko du bakardadearen pisua. Bere lagun leial Osman, Xihab eta Kristina (Sa Kené) jada ez dauzka ondoan, eta inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.

Jon Arretxek argazki gordina eskaintzen digu Zenbaki gorriaken Bartzelonako turismo-leku ederren azpian gordetzen den errealitatearena, eta agerian uzten digu paperik gabeko etorkinek, etxebakoek, txiroenek… non bilatzen duten babesa. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Touréren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian

|

Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz  eta fake news fenomenoaren inguruan.

Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.

Osorik irakurri