Sareak

☉ Basauri

Hiru pertsona atxilotu dituzte Basaurin, bi marihuana-landaketa desegin ondoren

|

// Basauriko Udala

Basauriko Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu droga-trafikoarekin lotutako ikerketa batean, eta horrekin batera, bi marihuana-landaketa aurkitu ditu, udalerriko bina pabiloitan. Atxilotutakoak 42 urteko Zallako herritar bat, eta Bilboko 39 eta 42 urteko bi gizon dira. Udaltzaingoak ez du oraindik ikerketa amaitutzat eman, gertaerei lotuta egon daitezkeen beste pertsona batzuk identifikatu ahal izateko.

Lehenengo gertaerak otsailaren 22an izan ziren. Egun hartan udaltzainek marihuana landatzeko instalazio konplexu bat aurkitu zuten industria-pabilioi baten barruan eta zaintza-operatibo bat ezarri zuten, landaketaren jabeak harrapatzeko. Hasitako ikerketaren ondorioz, 42 urteko Zallako herritar bat atzeman zuten, goizeko lehen orduan landaketa zegoen pabiloira sartzen ari zen unean. Agenteak ikusi zituenean, ihesian atera zen bere ibilgailuan, agenteak haren atzetik abiatu ziren, eta azkenean geldiarazi eta atxilotu zuten. Pabiloia miatu eta marihuana-landaketa “sofistikatu” bat aurkitu zuten, 255 marihuana-landarerekin. 

Hurrengo egunean, otsailaren 23an, zaintzapean zegoen bigarren pabilioi batera sartzen ari ziren beste bi gizon atxilotu zituzten, 39 eta 41 urteko bilbotarrak. Bigarren miaketa horretan beste landaketa bat desegin zuten, “aurrekoaren sofistikazio maila berekoa”, diote udal ordezkariek: “Oraingoan, pladurrez eginiko hormen egitura baten barruan zegoen ezkutatuta plantazioa, eta horrelako landaketatan marihuanaren usaina kanpoan ez zabaltzeko jarri ohi diren potentzia handiko iragazkiak eta aireztapen-sistema zituen”. Miaketa horretan 450 marihuana-landare inguru aurkitu zituzten, eta substantzia bereko bi kilo kukulu baino gehiago, saltzeko prest, baita 1.520 euro ere eskudirutan.

Argazkia: Basauriko Udala

Bi plantazioetan horrelakoetan beharrezkoa den argitasuna etengabe emateko potentzia handiko balasto eta lanpara asko aurkitu zituzten agenteek. Miaketan egiaztatu ahal izan zutenez, sare elektrikorako konexioa legez kanpokoa zen; beraz, elektrizitate-kontsumoan iruzurra egiteagatik delitua ere egotzi diete. “Dirudienez, inguruan kokatutako enpresek adierazia zuten jada azken urtean argi-mozketa ugari jasan zituztela eta horrek haien enpresa-jarduerari eragiten ziola”, diote.

306 prebentzio-zaintza iaz

Drogak kontsumitzeari, edukitzeari eta banatzeari lotutako gertaeren zaitza areagotu du Basauriko Udaltzaingoak. Iaz agenteek horrelako gertaerei lotutako 306 prebentzio-zaintza egin zituzten guztira, 2020an baino bikoitza; aurten zaintza hori handitzea aurreikusi dute. Udaltzaingoak basauriarrei gogorarazi nahi die, halaber, “garrantzitsua dela herritarren laguntza jasotzea arazo larri horrekin amaitzeko eta horrelako jarduerei buruzko informazio oro bidal dezaketela ohiko bideak erabilita. Horrela jasotako informazio guztia modu anonimoan eta konfidentzialean kudeatuko da”, diote.

☉ Basauri

Kareaga eta Basozelai auzoetako irisgarritasuna hobetzea jasotzen du Basauriko Udal Gobernuaren planak

Udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera “aginte-plana osatzen duten jarduera guztiak Nazio Batuak zehazten dituen Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerratuta daude”

|

Basauriarrek merezi duten herria egiten jarraitzea. Hori da Udalak aurkeztu duen Gobernu Planaren helmuga. Horretarako, 6 arlo ezberdinetan antolatutako 79 neurri aurkeztu dituzte Asier Iragorri alkateak eta Isabel Cadaval PSEko bozeramaileak. Arloak honako hauek dira:

  • Basauri Soziala
  • Basauri enpleguarekin, garapen ekonomikoarekin eta tokiko merkataritzarekin
  • Basauri hezkuntzarekin eta gure gazteentzako aukerekin
  • Basauri bizigarria, jasangarria eta segurua
  • Basauri kulturarekin, kirolarekin eta euskararekin
  • Udal moderno eta irekia

Udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera “aginte-plana osatzen duten jarduera guztiak Nazio Batuak zehazten dituen Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerratuta daude”.  Helburua, Asier Iragorri alkatearen arabera, herritarren ongizatea bermatuko duen eta sozialki aurreratua izango den Basauri bat eraikitzen jarraitzea da. Horretarako, udalerri irisgarri eta seguruagoa eta jasangarriagoa sustatu nahi dute, enpresa eta enplegu aukerak sortzeko gai izango dena. “Denontzako Basauri plural eta euskaldun baten alde ere lan egingo dugu, bere nortasunari eutsiko diona eta kultura- eta aisialdi-eskaintza aberatsa izango duena. Azken finean, Udal moderno eta irekia, kalitate handiko zerbitzu publikoak eskainiko dituena” borobildu du Iragorrik.

Hirigintza protagonista

Neurri zehatzei dagokienez, arlo urbanistikoak pisu nabarmena izango du udal gobernuaren jardunean. Hori horrela, hainbat jarduera garatuko dira “Basauri bizigarria, jasangarria eta segurua” arloaren 26 neurrietan zehar. Horietako bat Kareaga Goikoaren hirigintza-garapena izango da, 1,3,5 eta 7. zenbakietan. Bestalde, Larrazabal eremuaren kasuan birgaitu daitezkeen hirigintza eremuetarako udalaz gaindiko baliabideak aztertzea eta eremu horietarako sarbidea erraztuko da, La Baskoniaren inguruko hirigintza- eta gizarte-garapenarekin batera.

Era berean, San Migelgo Renferen geltokiaren ondotik doan espaloia handitzea, Urbiko plazan hobekuntzak egitea eta Zumalakarregi kalearen hirigintza-berrikuntza integrala egitea aurreikusten da; izan ere, esku-hartze horrek 2024ko aurrekontuan partida ekonomiko bat esleituta dauka. Basauriko alkateak zehaztu du gobernu planean jasotako ekintza batzuk legegintzaldiko lehen hilabete hauetan jarriko direla martxan, eta beste batzuk pixkanaka definitzen edo gauzatzen joango direla. Arlo honen baitan kokatzen dira Basozelai eta El Kaleroko irisgarritasuna hobetzea, parkeak eta aisialdirako eremuak handitzea edo hiri-baratzeak sortzea.

Ongizate komunitarioa helburu

18 neurri jasotzen dira arlo honetan, besteak beste gizarte-bazterkeriako eta ahultasun ekonomikoko egoeren aurkako borroka,”Basauri lagunkoia adinekoekin” programan jasotako ekintzak garatzen jarraitzea, Adinekoentzako gizarte-zentro berria, nahi ez den bakardadearen aurkako programak edo  Sarratuko bizikidetza-unitatearen eta eguneko arreta-zentroaren proiektua garatzea.”Adinekoak gure kudeaketa politikoaren erdigunean daude, eta baliabideak bideratuko ditugu haien babesa eta bizi-kalitatea bermatzeko”, azpimarratu du Isabel Cadavalek.

Beste arloak ere ez ditu bazter utzi udal gobernuak, eta berdintasuna erdigunera ekarri dute. PSE-EEko bozeramaileak adierazi duenez, “Basauriko Indarkeria Matxistaren aurkako II. Planean jasotako neurriak ere ezarriko ditugu, eta indarkeria matxistaren biktimei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza juridikoa eta psikologikoa ematen jarraituko dugu; ezinbesteko zerbitzua da, eta oso beharrezkoa prozesu osoan laguntzeko”.

Enplegua eta tokiko merkataritza ere funtsezko elementuak dira Basauriren garapenerako, eta hori horrela, basauriarrei enplegu-aukerak eskainiko dizkieten enpresa berriak herrian kokatu daitezen lan egingo dutela iragarri dute udal ordezkariek, horretarako dauden guneak baliatuz, bereziki La Baskonia eta Mercabilbao kokatzen diren orubeetan.

Haurreskolen egoera ere kontutan hartu du udal gobernuak plan osatzerako orduan: “agintaldiaren hasieran iragarri genuenez, uztailean, gobernu-akordioa aurkeztu genuenean, udalerrian 0 eta 2 urte bitarteko haurren eskolatze-beharrak aztertzen ari gara, eta, plazarik ez dagoela ikusiz gero, Haurreskolen Partzuergoari eskatuko diogu familiei zerbitzu hori eskaintzeko gune berriak sortzea, Basaurin antzemandako eskaerari erantzuteko”, gogorarazi du Cadavalek.

Kulturari, kirolari eta euskarari dagokienez, kultura-ekipamendu berri bat izateko helburuan aurrera egingo da, Baskoniaren nabe zaharraren birgaitzearekin, eta Euskara Sustatzeko Plana ere garatuko da, prozesu parte hartzaile baten bidez.

Bukatzeko, beste helburu nagusi bat ere badu planak, udal eredu  “modernoago, parte-hartzaileago eta irekiago” baten arrastoan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jantokiaren kalitatea bermatzeko “aktiboki lan” egingo duela ziurtatu die Basauriko Udalak Guraso Elkarteei

Eusko Jaurlaritzak Basauriko Udalari azaldu dio egungo jantoki-zerbitzurako alternatiba ezberdinak lantzen ari dela, eta litekeena dela Basauri izatea horrelako esperientzia bat martxan jartzeko aukeratuko duten lehen herrietako bat

|

San Migelgo Sofia Taramona ikastetxeko jantokia / Sofia Taramona

Hilabete hasieran Basauriko IGE taldeak ( Ikasleen Guraso Taldeak) gutuna igorri zien ikastetxe publikoetako gurasoei, otsaileko Osoko Bilkurara eraman behar zuten aldarrikapen eta eskariaren berri emateko: udal sukalde baten sorrera herrian, “eskolak eta interesa duten beste zentro batzuk hornitu ahal izango duena, enplegua udalerrian eskainiz eta bertako merkataritzan oinarritutako kalitatezko janaria eskaintzen duena”. Hori bakarrik ez, bihar 18:00etan ospatuko den Osoko Bilkurara hurbiltzeko gonbidapena luzatu zieten gurasoei.

Eskari hau ez da Guraso Taldetik egiten duten lehena, aurretik ere hainbat proposamen egin baitituzte, gutunean bertan zehazten dituztenak, betiere, “gure zentroetan elikadura egoki baten alde” lan egiteko helburuarekin : “lehenik eta behin, garraiatutako catering-zerbitzuak sinatutako agirien zehaztapenak bete daitezen borroka egin genuen (gutxiegitzat jotzen ditugun dokumentuak), eta gure zentro gehienetan tokian tokiko sukaldaritza ere eskatu dugu (guztietan bideraezina ikusten duguna eta denbora asko behar izango da aldaketa lortzeko)”.

Proposamen honen harira, Basauriko Udalak bilera egin du guraso-elkarteetako ordezkariekin, eta bertan hainbat konpromiso hartu ditu, “ikastetxe horietako ikasleek kalitatezko jantoki-zerbitzua jaso dezaten, betiere bere eskumenen esparruan”. Hasteko, udal arduradunek zera zehaztu dute: “Basauriko Udalak udalerriko eskola-jantokien egoerari buruzko informazioa bildu eta kontrastatu du zenbait iturritatik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila eta guraso-elkarteak, zerbitzuaren diagnostikoa egin, eta horrela, Eusko Jaurlaritzari Basauriko familien kezkak eta proposamenak helarazi ahal izateko”.

Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko arduradunekin harremanetan egon da etengabe Udala, guraso-elkarteen iritziak eta gogoetak helarazteko eta egungo zerbitzua hobetzeko konponbideak bilatzeko deia egiteko; izan ere, jantoki-zerbitzua Basauriko Udalaren eskumena ez den arren, arazoak udalerriko familia askori eragiten die

Eusko Jaurlaritzarekin izandako hartu eman horren harira, udalak jakin ahal izan du Eusko Jaurlaritza “beste alternatiba batzuk” baloratzen ari dela jantoki-zerbitzurako, eta horietako baten bat gauzatu balitz “litekeena dela” Basauri izatea horrelako esperientzia bat martxan jartzeko aukeratuko duten lehen udalerrietako bat.

Bukatzeko, Udalak adierazi du  “eskumena duen Eusko Jaurlaritzarekin batera, ikuspegi juridiko, tekniko eta ekonomikotik bideragarria den edozein aukera aztertuko” duela, “baldin eta gure ikasleei emandako jantoki-zerbitzuaren kalitatea hobetzeko bada”. Helburu hori lortze aldera, “udal-azpiegiturak Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko prest dago Basauriko Udala, xede horretarako erabil ditzaten, bai eta eskumena partekatzeko prest ere, lankidetza-hitzarmenen bidez edo bestelako bideetatik, horretarako beharko litzatekeen finantzaketarekin”.

Begiraleen artean euskara sustatzea helburu

Beste alde batetik, Udalak jakinarazi du jantokiko eta jolastokiko begiraleekin lan egingo duela,  “enpresa esleipendunaren betebeharra” den arren. “Basauriko Udalak”,  borobildu dute  ” bere kudeaketaren lehentasunezko arloetako bat euskararen erabilera sustatzea denez, zenbait aukera, baliabide eta ekintza baloratzeko konpromisoa hartu du, guraso- elkarteekin lankidetzan gune horietan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Osakidetzako Etengabeko Arretako Guneen egoera salatzeko elkarretaratzea, Basaurin

Martxoaren 7an, ostegunez, manifestazioa deitu dute SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Basaurin

|

Kontzentrazioan izan dira sindikatuetako ordezkariek, langileak eta herritarrak // Geuria

Osakidetzako lehen arreta indartzeko eta Etengabeko Arretako Guneen (EAG) egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauri-Ariz anbulatorioko sarreran, GEURIAn aurreratu genuen bezala. Kontzentrazioan izan dira sindikatuetako ordezkariek, langileak eta herritarrak.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek salatu dutenez, “Barrualde-Galdakao ESIak dokumentu bat egin du zenbait EAGek fakultatiborik gabe ireki ahal izatea aurreikusten duena, eta hortaz, lantaldea osatu gabe utziz”, diote.

“Hori dela eta, langileek lan-gainkarga eta premiarik gabeko estres-egoera bat hartu behar dute beren gain, baliabiderik ez dutelako eta arrisku psikosozialak kolokan jartzen dituztelako. Eskualdean herritarrek jasotzen duten zerbitzuak ere izango luke eragina”, diote.

Osakidetzak egindako Kontingentzia Plana aplikatuz gero, EAGak “behar baino baliabide gutxiagorekin irekitzea sendotuko” litzatekeela adierazi dute sindikatuek; “hau da, murrizketa bat finkatuko litzateke”, diote.

“Planteamendu hori bereziki larria da, kontuan hartzen badugu 2022an ESIko zentroek 241.806 kontsulta baino gehiago artatu zituztela; horietatik 136.844 kontsulta medikoak izan ziren eta 104.962 erizaintzako kontsultak baino gehiago”, azaldu dute sindikatuek.

Ildo horretan, 2022an Gotzone Sagardui Osasun arloko sailburuak egoera hori aurreratu zuela salatu dute sindikatuek: “Osakidetzaren etorkizunaz hitz egitean, azaldu zuen erizainek artatutako zentroak izango ditugula, eta herritarrek joan-etorriak egin beharko lituzketela arreta jasotzeko. Bada, errealitate hori iritsi da”.

“SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek aurrez aurre arbuiatzen dugu Kontingentzia Plana, medikuen, erizainen eta zeladoreen lan-baldintzak prekarizatzen dituelako, eta Etengabeko Arretako Puntuetan baliabide guztien egonkortasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartzea eskatzen dugu”.

Martxoaren 7an, ostegunez, manifestazioa deitu dute sindikatuek Basaurin. Manifestazioa 11:00etan hasiko da Basauriko udaletxetik eta Arizko anbulatorioan bukatuko da. Amaieran elkarretaratzea egingo dutela zehaztu dute sindikatuetako ordezkariek.

“Lan-eskubideak prekarizatzea”

Otsailaren 27ko elkarretaratzean hitza hartu dute sindikatuetako ordezkariek, eta Osakidetzak eta Barrualde-Galdakao ESIko arduradunek EAGetarako duten planek EAGetako oinarrizko lantaldea ziurtatzen ez dutela arbuiatu dute: “Ez dute ziurtatzen EAGetako oinarrizko lantaldea diren mediku, erizain eta zeladorekin irekiko direnik”.

“Horrez gain, langileen lan eskubideak are gehiago prekarizatuko dituen neurriak biltzen ditu plan honek. Kontuan hartzekoa da, egun, lehen arretak asumitu ezin dezakeen guztia asumitu behar dutela EAGek”, diote: “Eta honek guztiak herritarrok jasoko dugun arreta kalitatearen ondorio lazgarriak edukiko ditu”.

Zentzu horretan, langile eta herritarren osasuna bermatzeko behar besteko baliabideak jar ditzala eskatu diote Osakidetzari: “Horretarako, lehen arreta indartu behar dute, lantalde osoak bermatu behar dituzte, arreta eskaerari erantzuteko profesional kopurua bermatu behar dute, eta langileak zaindu behar dituzte, baldintza duinetan lan egiteko baliabideak jarriz”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Luizi batek Iruaretxetarako bidea moztea behartu du Basaurin

|

Euri-jasa handiak eman dira atzotik eta gaur arte luzatu dira. Horregatik alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzak euriagatik eta haizeagatik.

Hego Uribe eskualdean Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arroei eta zuhaitzei begira eman ditugu azken orduak, eta Basaurin, Basozelain, Iruaretxetarako bidean luizi bat gertatu da. Hori dela eta errepidea ibilgailuentzat itxi dute.

Basauriko Udaletik adierazi dutenez, bidea itxita egongo da bihar arte, “hondeamakina eta kamioia sartu eta luizia kendu arte”, diote udal ordezkariek, eta gaineratu dute: “Gaur ez da komeni lur-jausia kentzea, lurra oso hezea dagoelako eta luizi gehiago sor daitezkeelako”. Bizilagunek erabiltzeko errei bat prestatu dute.

“Luizia gertatu da haizeak eraginda zuhaitz bat erori delako eta lurra arrastaka eraman duelako, euriagatik baino. Ez dirudi inguruan luizi gehiago izateko arriskurik dagoenik”, diote. Garbiketa-enpresa hustubideak garbitzen ari da.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Udalarekin biltzea eskatu du Batuk San Fausto kaleko bizilagunen egoeraz hitz egiteko

Era berean, San Fausto kaleko bizilagunen egoera salatzeko elkarretaratzea deitu du Batuk martxoan

|

Batu Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin du gaur eguerdian Basauriko udaletxearen aurrean // Geuria

Batu Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin du gaur eguerdian Basauriko udaletxearen aurrean, San Fausto kaleko 9. eta 11. atarietako bizilagunen egoera salatzeko.

“Urritik, Atxalar etxebizitza-jabe handiak, Destilería Acha enpresaren jabe den familiaren higiezinen taldeak, gure etxeetatik bota nahi gaitu, Basauriko Udalarekin batera. Horregatik, azarotik eta abendutik jabetzak gure alokairu-kontratuak deseztatu ditu. Hori dela eta, 11 familia gure etxeak galdu ahal izateko egoeran gaude”, diote.

Batutik adierazi dutenez, Udalak kalte-ordainak ordainduko dizkie 11 familia horiei, “baina euren beharretara egokitzen ez direnak, eta are gutxiago Basauriko higiezinen merkatuaren egoerara”, diote.

Zentzu horretan, Basauriko Udalarekin biltzea eskatu du Batu Etxebizitza Sindikatuak: “Ahalik eta lasterren Jasangarritasun, Hiri Garapen eta Hiri Segurtasuneko zinegotzi ordezkariarekin biltzea eskatzen dugu, baita alkatetza arloko taldearekin ere, irtenbide bat bilatzeko”.

Agerraldiaren ostean udaletxeko Herritarren Arretarako Gunean sartu dira Batukoak San Fausto kaleko zenbait bizilagunekin // Geuria

“Uste dugu orain arte egindako izapideak ez datozela bat gure benetako beharrekin, eta ez datozela bat herritar gisa ditugun eskubideekin”, diote.

Era berean, elkarretaratzea deitu dute martxoaren 15ean, ostiralez, 18:30ean Arizgoiti plazan, “benetako alternatibarik eskaintzen ez zaigula salatzeko“.

“Basauriko herriari dei egiten diogu egoera honen salaketarekin bat egin dezan, beste behin ere, batzuen interesak besteen beharrizanen gainetik jartzen baitituzte.

“Lasaitasun-mezua”

San Fausto kaleko familiei konponbidea bilatzeko lanean ari dela aldarrikatu zuen pasa den astean Basauriko Udalak, eta gaur, Baturen prentsaurrekoa eta gero berretsi du esandakoa.

“Aurreko hirigintza-jarduketetan egin den bezala, Basauriko Udala laguntzen ari da gaur egun San Fausto kaleko 9 eta 11 zenbakietan alokairu-erregimenean bizi diren auzotarrak beren egoeraren araberako bizitegi-irtenbide egokia izan dezaten”, diote udal ordezkariek: “Irtenbide bakoitza pertsona edo familia bakoitzaren egoerara egokituko da, errealitate bakoitza desberdina baita”.

Era berean, Atxalar enpresak —jabetza eta alderdi errentatzaile gisa— kasu batzuetan errentamendu-harremana iraungi duela zehaztu dute udal ordezkariek: “Eta, beraz, gaur egun etxebizitza batzuk egoera prekarioan ari dira okupatzen. Hala ere, Basauriko Udalak egoera horri aurre egiteko irizpidea hartu du, ebazpen hori eman ez balitz bezala”, diote.

“Lasaitasun-mezu bat helarazten jarraitzen diegu bertako auzotarrei, gutxi gorabehera urte amaierarako aurreikusten baita eraisteko data, eta konponbideak bilatzeko denbora dugu, antzeko beste prozesu batzuetan egin dugun bezala, baina konponbide horiek bat etorri behar dute dagozkien eskubideekin, eta proportzionalak izan behar dute juridikoki”, diote udal arduradunek.

Osorik irakurri