Sareak

☉ Basauri

Rebeca Fernandez barakaldarrak irabazi du Basauriko Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketa

Izaskun Herce Quintana basauriarrak tokiko saria irabazi du. Gainerako irabazleak dira: Irene Izaguirre, Olatz Noberan eta Andere Ramirez

|

basauri hitz erdiko kontaketak literatura lehiaketa 2018 argazkia Aaron Burden Unsplash

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketak baditu 2024ko irabazleak. Rebeca Fernadez Rueda barakaldarrak lehen saria irabazi du (200 euroko balioa duen saria), Irene Izaguirre Chaparro billabonatarrak bigarren saria (125 euroko balioa duen saria) eta Olatz Noberan Gartzia ondarrutarrak hirugarren saria (75 euroko balioa duen saria). Elkar Saria Andere Ramirez Garcia laudioarrak lortu du (150 euroko balioa duen saria) eta Basauri Saria Izaskun Herce Quintanak.

2024ko lehiaketan —aurten zazpigarren edizioa— 155 ipuin jaso ditu antolakuntzak: 107 Bizkaitik (horietatik 18 Basauritik); 34 Gipuzkoatik; 13 Arabatik; eta bakarra Nafarroatik.

“Denera, 89 adingaberen eta 66 helduren kontaketak jaso ditugu”, diote Zirt Zart Basauriko Udaleko Gazte Zerbitzuko arduradunek.

Liburuxka berezia kaleratu dute jasotako kontaketa batzuekin. Ale kopuru mugatua dago eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan, eta baita Elkar dendan ere, doan.

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Elkar Euskal Kulturgintzaren eta GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidearen laguntzarekin.

Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, eta helburu du idazmenean interesa dutenen talentua sustatzea. Zortzigarren edizioa 2025ean izango da.

Hitz-erdiko Kontaketak 2024 / Irabazleak

2024. edizioa · Zazpigarren edizioa

1. saria
REBECA FERNANDEZ RUEDA
Barakaldo (Bizkaia)

Haur bat bezala egiten duzu berba. Lirikotasunez apaintzen dituzu hitzak eta besteok eztia balira dastatzen ditugu. Heldu bati sekula bururatuko ez litzaiekeen metaforez janzten dituzu berbak. Haurrak eta poetak, azken buruan, ez dira hain ezberdinak. Poetaren arima sumatu dezaket zugan. Neu ere poeta izana naiz, baina aspaldi utzi nion idazteari, nerabezaroaren iritsieraren kariaz. Helduen munduan falta ditugu poetikotasuna eta lañotasuna. Ez dakigu haiek nola eskuratu eta haurrengana hurbiltzen gara, asmo ankerrekin, eta inozentzia ebasten diegu. Haurren mundu maleziagabera hurbildu nahi nuke. Haien xalotasuna ostu, niretzat gorde. Zu ez zara haurra, baina haur bat bezala egiten duzu berba.

2. saria
IRENE IZAGUIRRE CHAPARRO
Villabona (Gipuzkoa)

“Haur bat bezala hago!” esaten dio agure batek besteari. “Hi ere ez habil makal!” erantzuten du besteak. Ni kaleko bankuan eserita aditzen ditut aparteko jakin-minik gabe. Aitona ipurterre eta marmartia naizela leporatuko dit jendeak, baina ez zait axola. Izan ere, “haur bat bezala sentitzen naiz” eta antzekoak nire adinekoen ahotik entzuteak sutu besterik ez nau egiten. Laurogei urte ditut eta, agure horiek ez bezala, ni ez naiz bizitasun handiko haurra, herdoildutako aitona zaharra baizik. Eguneroko paseoa ematera atera eta betiko bankuan eseri naiz, pentsakor. Gaur ere zorteko naiz, egunen batean bankuan geratuko bainaiz denbora luzexeagoa, begiak itxita eta pentsatuz “iritsi da nire ordua”.

3. saria
 OLATZ NOBERAN GARTZIA
Ondarroa (Bizkaia)

Haur bat bezala, beldurra diet nire barneko munstroei. Haur bat bezala, gorroto diot autoritateari. Haur bat bezala, gauero ipuin polit bat behar dut lokartzeko, eta haur bat bezala, maitasuna behar dut sentitzeko. Sentitzea; epeltasuna, poztasuna, amorrua… Sentitzea beti izan da gainditzeko geratu zaidan jarduera bat. Argi daukat hitzaren esanahia, eta baita zer izan beharko litzatekeen hura gertatzea, baina sekula ez zait ongi eman praktika. Edo praktika horretaz ohartzea behintzat. Jada urteak dira nire barneko munstroei aurre egiteko indarrak batu beharko nituzkenetik, baina ez dut lortu. Zera ematen didalako, beldurra. Zihurrenik, gaur ditudan urteetan argi sentitu dudan gauza bakarra dena; beldurra.

Elkar Saria
ANDERE RAMIREZ GARCIA
Laudio, Araba

Haur bat bezala ikusten dute nire ostalaria. Bitartean, ni pozik nago. Handitzen nago. Bizitzen nago. Ez bera bezala. Urrunean askotariko ahotsak entzuten ditut: kezkatuak, barre algarak, bihozberak, irainak… Kontaktua ere sentitzen dut. Mota guztietakoa: zaplastekoak, laztanak, ostikadak, besarkadak, baita begirada txarrak ere. Niri ez didate kalterik egiten, nire ostalariari baizik; baina berak ez ditu nabaritzen. Haur bat bezala portatzen dela diote, baina horretarako, bizirik egon behar du. Edo bizitzen. Ni ez naiz ezer bera gabe eta bera ez da ezer nirekin. Behintzat hori deritzote medikuek, baina jada berandu da. Haiek Autismo deitzen didate, baina nire egunerokotasunean Maialen deitzea gustatzen zait.

Basauri Saria
IZASKUN HERCE QUINTANA
Basauri (Bizkaia)

Haur bat bezala, margarita-hostoak inausten aurkitu dut neure burua; maite nau… ez nau maite… Badirudi oroitzea dela denbora gelditzeko era bakarra, eta gaur zurekin egin dut topo nire memoriako kantoian. Euria ari du leihoaren bestaldeko belardian. Euria ari du leihoaren honeko orrialde guztietan eta erauzi ditudan lorezko bideak desifratzen saiatzen ari naiz orain. Maite nau… ez nau maite… Itoginaren sekuentzia erritmikoan busti zaizkit abarketa-zolak, tantaka-tantaka… Orain, arropa eskegitzeko sokan zintzilikatu nahi nituzke margarita-hostoak banaka-banaka, maite ote nauen… ez ote nauen maite… Huntza enborrari bezala lotu zaizkit oroitzak azalari, eta oroitzea da denbora gelditzeko era bakarra, baina oroitzea ez da berriro bizitzea.

☉ Basauri

Bideoa / San Juan gaua San Migelen, Basaurin

|

San Juan bezperan sua piztu dute San Migelen, Basaurin. Mikelats Kultur Elkarteak irudiak bidali dizkigu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Juan bezperako sua piztu dute Basauriko Pozokoetxen, euripean izan bada ere

|

Ekainak 23 ditu gaur, San Juan bezpera. Ohiturak jarraituta, sua piztu dute Basauriko hainbat tokitan, Pozokoetxen esaterako. Euritakoen azpian ikusi dute auzotarrek Basauritar Dantza Taldearen emanaldia eta San Juan bezperako sua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Espetxeratu dute droga-trafikoa leporatuta Basaurin atxilotu zuten ertzaina

Basaurin atxilotutako ertzainaz gain, beste bederatzi pertsona espetxeratu dituzte. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi diete

|

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete hamar atxilotuei // Irekia

Guardia Zibilak eta Ertzaintzak hamar pertsona atxilotu zituzten duela hiru egun Bizkaian eta Kantabrian, droga-trafikoaren aurkako ‘Tahocei-Lizar’ operazioaren barruan.

Atxilotutakoen artean Basaurin atxilotu zuten 31 urteko ertzain bat. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo, larunbata, atxilotuak epailearen esku utzi zituzten, eta guztiak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Droga-trafikoa, sare elektrikoan iruzurra egitea, sekretuak ezagutaraztea eta erakunde kriminal bateko parte parte izatea egotzi dizkiete.

Behin-behineko espetxealdia ezarri diete, epaiketa egin bitartean. Zigor-zuzenbidean, orohar, errugabetasun-presuntzioa nagusitzen da beti epaiketa egin bitartean, eta epaileak salbuespenezko neurri moduan soilik agintzen du behin-behineko espetxealdia; ihes egiteko arriskua dagoenean, edo frogak suntsitu daitezkeenean.

Operatiboan parte hartu zuten agenteek 78.840 euro konfiskatu zituzten eskudirutan. Substantzia estupefazienteei dagokienez, 19.592 gramo haxix, 22.973 gramo marihuana-kukulu, 10 kilogramo marihuana-ziztada, 1.300 gramo kokaina, 40 gramo MDMA eta 900 gramo ebaketa-substantzia atzeman zituzten.

Era berean, lau marihuana indoor landaketa desegin zituzten, hazkuntza fase desberdinetan zeuden 5.273 landarerekin. Landare horiek sareari legez kanpo lotutako elektrizitatea erabiltzen zuten. Gainera, atxilotuek erabilitako 14 telefono mugikor eta 6 ibilgailu okupatu zituzten.

Ikerketa Sestaoko ertzain-etxeko agenteek hasi zuten, zenbait pertsona beren mugapeko zenbait tokitan marihuana lantzen eta trafikatzen ari zirela ikusi zutenean.

Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez ezarritako koordinazio-esparruaren barruan, egiaztatu zen Guardia Zibilak susmagarrietako bati buruzko ikerketa bat irekita zuela, eta erabaki zuten elkarrekin operazio bat martxan jartzea.

Bi polizia-kidegoek droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminala zegoela egiaztatu ondoren, joan den ostegunean, ekainak 20, operatiboaren ustiapen-fasea garatu zuten.

Miaketak Basaurin, Abanto-Zierbenan, Alonsotegin, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Leioan, Portugaleten, Sestaon eta Castro Urdialesen egin zituzten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Denac industrialdea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Basauriko Udalak eta Aldundiak

|

Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du // Google

Cervantes etorbidean dagoen Denac industrialgunea hobetu eta enpresen lehiakortasuna handituko dute. Horretarako hitzarmena sinatu dute enpresa zentroak eta Basauriko Udalak, eta akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak hobekuntza-prozesua finantzatuko du. Hitzarmenak enplegua sortzen eta mantentzen lagunduko du.

Alde batetik, Basauriko Udalak beharrezkoak diren izapideak erraztu eta arinduko ditu eta Denacekin lankidetzan arituko da udal eskumenei eragiten dieten jarduerak diseinatzen, hala nola, urbanizazioa, estolderia edota argiteria publikoa.

Bestetik, Denac enpresa zentroak bi plan idatziko ditu: bata kudeaketakoa eta bestea jardutekoa. Gainera, bi planetan jasotzen diren jarduketak kontratatu eta finantzatu egingo ditu, Aldundiaren diru-laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin ertzain bat atxilotu dute droga trafikoa leporatuta

|

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren aurkako polizia-operazioa martxan jarri dute gaur Bizkaian eta Kantabrian, eta hainbat atxiloketa eta miaketa egin dituzte.

Besteak beste, Basaurin pertsona bat atxilotu dute. Zenbait komunikabidek publikatu dutenez ertzain bat da Basaurin atxilotutakoa, 24. promoziokoa, eta substantzia estupefazienteen banaketan parte hartzea egotzi diote.

Miaketak, Basaurin, Bilbon, Barakaldon, Leioan eta Kantabriako herri batean egiten ari dira.

Osorik irakurri