→Basauri

Bihar zabalduko dute Basauriko Igelaren pasealekua, lau hilabete itxita egon ostean

Basauriko Igelaren pasealekuko berritze-lanak amaitu dituzte eta bihar, abuztuak 31, zabalduko dute. Pasealekua joan den maiatzaren 2an itxi zuten eta hobekuntza lan hauetarako 301.532 euro bideratu ditu Udalak.

Igelaren pasealekua, berrituta // Geuria

Mercabilbao ondoko Basauriko Igelaren pasealekuko berritze-lanak amaitu dituzte eta bihar, abuztuak 31, zabalduko dute. Pasealekua joan den maiatzaren 2an itxi zuten eta hobekuntza lan hauetarako 301.532 euro bideratu ditu Udalak.

Burututako lanen artean aipatzekoak dira bidearen beraren berritzea: hormigoizko zoladura jarri eta gorriz asfaltatu dute Soloartetik Igelaren jokoa dagoen lekura arte, baita zintarria, baranda eta argiteria sarea berritu ere: “Horretarako, zuhaitz batzuk kentzea beharrezkoa izan da. Ez egitekotan sustraiek kalteak sortuko lituzkete bertan”, azaldu dute udal ordezkariek.

Horiek horrela, zuhaitz batzuk kendu eta berriak landatuko dituzte urrian eta azaroan zehar. Erriberako espezieen 55 ale landatuko dira guztira “landaketarako garai onenean”: lizarrak, urkiak, sahatsak, pagoak edo sagarrondoak: 15 zuhaitz pasealekuaren beraren ibai-ibilguaren eremuan, 10 Soloarten, 5 Pintzelen parkean, 10 Ibarretan eta 15 Pozokoetxen.

Igelaren jokoaren inguruan aisialdirako gune bat sortu dute ere eta bide batez, oinezkoentzako pasealekuaren zati bat konpondu dute langileek Artunduagako zubi zaharraren parean: “Tarte hori altxatuta zegoen zuhaitz baten sustraiagatik”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak