Sareak

☉ Basauri

Iker Calero Sánchez: «Amonari omenaldia egin eta kanta bati bere izen-abizenak jarri nizkion»

Basaurin jaiotako abeslaria Los Cierra Bares taldearekin elkartu da rock talde berria sortzeko. Bakarlari ibilbidea ez duela itxi argitu du, eta rapa egiten jarraituko du

|

Iker Calero Sánchez // Geuria

Calero LDN izenez ezaguna, Iker Calero Sánchez (Basauri, 1993) musikaren panorama nazionalean “Corazón Pagano” abestiarekin agertu zen 2015ean, gaur egun Urrezko Diskoa dena. Urte horretan bertan, Red Bull bezalako oilarren gudu lehiaketa handietan ere parte hartu zuen, non bere estiloa sortzen hasi zen. Ahots urratzailea du ezaugarri, eta bere letra sakonen bidez oinazea askatzen du. Single eta kolaborazio zerrenda luzeak Spotify-n hilero milioi erdi entzule biltzea eragin dio. Erritmo rockeroagoak arakatuz, Calero & Los Cierra Bares iritsi da. Talde berria biek beren publikoak ohituta duten hip hopetik urrun dagoen proposamen bat izango da. Beraz, Calero denbora luzez entzungo duzue.

Calero, zure abizena izateaz gain, hazi zinen auzoa ere bada.

Abesti batean diodanez, Calero ez da rapero ezagun bat, abizen hau edukitzearen harrotasuna baizik. Bizitzaren gorabeherak direla eta, ezin izan naiz gurasoekin hazi eta haiek gogoan izateko modu bat izan da. Izen artistiko bat baino gehiago, estandarte bat. Gainera, eskolan bi Iker ginenez, deituraz deitzen zidaten beti. El Kaleron bizi izana ere kasualitate polita da. LDNrena “Lagrimas del Norte” sigletatik dator, rapean hasi nintzenean lagun batzuen artean sortu genuen kolektiboa. Hasieran bi kide ginen, eta gero Hasto bilbotarra gehitu genuen. Nire koadrilakoak ez zutenez rapeatzen, Barakaldoko oilar-gudu batzuetara bakarrik joan nintzen eta bertan ezagutu nuen Perez. Biok Basaurikoak ginen eta musika egiteko interes bera partekatzen genuen. Nire gaztaroko oroitzapen onak gordetzen ditut herrian, eta orain, zahartzen ari naizela, faltan sumatzen dut. Ametsez eta ilusioz beteriko gazteak ginen, eta, batez ere, bihotz onekoak. Auzoa beti izango da auzoa, eta Basaurik espazio handia hartzen du nire bihotzean. Ahal dudan heinean familia eta lagunak ikustera joaten naiz.

Amonarekin hezi nintzen, eta bera izan da nire ama, nire aita, nire izeba… Eta nola itzuli nigatik egin duen on guztia? Oihartzuna irabazten hasi nintzenean omenaldi txiki bat egin nahi izan nion. Nire bizitzako maitasuna da, eta berak beste maitasun bat ere badu: nire aitona, duela 40 urte hil zena. Haien harremanari buruzko kanta bat egin nuen, fisikoki ez egon arren, oso presente duelako. Hura entzutean malkoak zerizkiola ikusteak nire ibilbide musikalean gehien bete nauena izan da. Musikaren bidez hainbat jenderen bihotzak ukitu ahal izan ditut, baina hain gertuko pertsona bati idatzi diodana heldu zaiola sentitzea gauzarik politenetakoa izan da. Bere izen-abizenak aipatzen ditut bertan, denek bere izena oihukatuko zutela zin egin niolako. Eta gaur egun berarekin argazkiren bat argitaratzen dudanean jende askok idazten dit: “Martina Corrales Muñana”. Amona, esan nizun egingo nuela.

Zure azken kantan diozunez, kontularia zara eta penak kontatzen dituzu.

Ikasketak ez zitzaizkidan batere gaizki eman. Kazetaritzan sartzeko selektibitatea egin nuen, baina ez nuen lortu. Azkenean Administrazio eta Finantzetako goi-mailako graduan izena eman nuen, batez besteko nota ona lortu eta beka bat eman zidaten. Gainera, praktiken luzapena eskaini zidaten, baina 2015ean Red Bull Oilarren Batailerako hautatu ninduten. Atseden egun batzuk hartzen saiatu nintzen eta, ukatu egin zizkidatenez, uztea erabaki nuen. Bi bide nituen: 20 urterekin musikan buru belarri murgildu (eta huts eginez gero kontulari lanetan jarraitu) edo inoiz ez saiatu. Bekaren diruarekin lehen grabaketa estudioa eta Red Bullerako bidaia ordaindu nituen. Lehiaketa horretan sartu nintzenean bizitza egina nuela pentsatu nuen, baina ezta gutxiago ere. Hala ere, banekien borrokatu egingo nuela.
Betidanik gustatu izan zait rapa eta, idaztea baino gehiago, nire sentimenduak letretan bihurtzea. Basauriko Kooperatiban ikasten ari nintzela, gogoan dut poesia txapelketa bat irabazi nuela. Logelan giltzapetzen nintzen eta idazten nuenarekin negar egiten banuen, ona zela esan nahi zuen. Okerren nagoenean inspiratzen naiz gehien. Nire letrarik onenak maitasun-hausturetatik, etsipen familiarretatik… atera dira. Gauza onak idazten ere saiatu naiz, baina une horiek gozatu eta txarrak idazten ditut, mina arte bihurtuz. Terapia modukoa izaten hasi zen, gero hobbie bihurtu zen eta, azkenik, nire ogibidea. Idazten dudanetik bizi nahi badut, aurretik bizi egin behar dudala uste dut. Ez dut momentu txarrik bizi nahi. Ezta hurrik eman ere! Baina gauza ausartagoak egitera jotzen dut, nire kantuetan erakutsi ahal izango dudan irakaspena eramango baitut. Iker oso mutil lotsatia da, eta Calero LDNn babestu ahal izan da bere alderik kokinena erakusteko. Ez nuke esango pertsonaia bat denik, nire beste alderdi bat baizik.

Oilar guduen bidez hasi zinen raparen eszenan nabarmentzen. Nola ezagutu zenituen

Lehengusu batek Zatuk Bharen aurka Red Bullen izan zuen liskarra erakutsi zidan. Ezin nuen sinetsi erabat inprobisatua zenik. Kantuak ziruditen hitzezko borrokak ziren. Dibertigarria ematen zuen, haien alderik zitalena ateratzen zutelako. Lehenago edo geroago, ni ere han egon nahi nuen. Informatzen hasi nintzen eta Bilbon ere mugimendua zegoela ikusi nuen. 2014an Red Bulleko erregionala ospatu zen hirian, eta proba on bat bidali nuen arren, ez ninduten aukeratu. Horretarako balio ez nuela pentsatu eta utzi egin nahi izan nuen baina, bestalde, txikitatik nuen helburu hori lortzeko gogoa nuen. Beraz, entrenatzen jarraitu eta hurrengo urtean Mallorcan sailkatu nintzen. Agertoki handiekin lehen kontaktua izan zen. Ohi baino ozenago hasi nintzen ahotsa altxatzen, amorrua azaleratzeko eta ikuskizun gehiago emateko asmoz, eta eroso sentitu nintzen. Bi urtez parte hartu ondoren, zonaldeko onena nintzela erakustea xedetzat hartu nuen, Gold Battle eta Hipnotik bezalako lehiaketetatik igaroz. Hasieran pentsatu nuen tranpolin bat ere izan zitekeela nire musika ezagutarazteko, ematen dizun esposizioagatik. Baina orokorrean oilar guduetan ikusten zaituen jendeak bertan ikusi nahi zaitu. Eta nik ez nuen “Calero Red Bullekoa” izan nahi. Borrokalaria baino gehiago nintzela uste nuen, eta jendeak nire errimetan oihu egiten ikustea ongi zegoen arren, nire penak kantatzera iritsiko zirela pentsatzeak gehiago motibatzen ninduen. Bestalde, kiroldu egin dira, aparteko unibertso bat sortuz, eta jada ez dut neure burua islatuta ikusten. Halere, nork daki itzuliko ote naizen. Barruan daramat eta, zirkuitu lehiakorretik erretiratu naizen arren, ez dut freestyle egiteari utzi. Lagunekin nagoenean hobbie bat izateaz gain, konposatzen hasteko metodo bat ere bada.

“Corazón Pagano” abestiak mugarri bat ezarri zuen zure ibilbide musikalean.

Ez nuen pentsatzen ari nire musikarekin dirua egitean. Atera besterik ez nuen egin nahi eta argazki batekin igo nuen, besteetan bezala. Baina honekin elur-pilota bat egin zen. Pixkanaka biraka hasi zen, gero eta handiagoa eginez. Jendeari asko gustatu zitzaion eta abestirik entzunenetako bat izaten jarraitzen du. Nire kantak seme-alabak bezalakoak dira, eta itsusia da esatea bat bestea baino gehiago maite duzula. “Corazón Pagano” zortzi urteko haurra da. Lehen hezkuntzara doa eta dena! Eta lehen eguneko emozio berarekin kantatzen jarraitzen dut. Ez dut uste onenetarikoa denik, baina nire publikoari transmititu nahi niona definitu zuen. Gainera, nahiz eta jendeak bideoklipak eskatu, abesti bat ona bada, berdin funtzionatzen duelaren adibide garbia da. Historiako filmik onena egin dezakezu, baina mezua iristen ez bada, inor ez da entzuten geratuko. Lau Ferrari dituzula esatea ondo dago. Guztioi gustatuko litzaiguke milioiduna izatea. Baina nor sentituko da horrekin identifikatuta? Hasieran, jendeak nire letrak ez jakin arren, arima nola hausten zitzaien ikusten nuen. Zintzotasuna da garrantzitsuena. Bizitzak gaizki tratatu zaituela transmititzea eta publikoak bere sentitzen dituela ikustea hitzik gabe uzten ninduen. Orain, jende askok nire atsekabeak kantatzen ditu.

Zailagoa al da orain arrakasta izatea duela urte batzuk baino?

Askoz baliabide eta sustapen erraztasun gehiago daude, baina, aldi berean, jende asko dabil rapa egiten. Ni hasi nintzenean erdia ere ez zegoen. Modan dago eta horrek liluratu egiten nau, betidanik mamitu dudan generoa delako eta oso une goxoa bizitzen ari delako. Baina horregatik uste dut zailagoa dela kulturaren barruan errekonozimendu handia izatea. Bat gehiago bazara zaila izango duzu, baina zerbait berezia baduzu publikoa arretatsuago dago. Hainbeste jenderen artean nabarmendu ez ezik, mantentzen ere jakin behar duzu. Talentua izan arren, inor ez da zure etxeko atarira joango grabatzen hasteko. Badira lan handia egin duten pertsonak, potentzial handiko beste batzuek baino gehiago lortu dutenak. Nire ustez, %70a lana eta %30a talentua izan behar da. Artista guztiek dute zerbait, horregatik daude hor, baina esfortzurik gabe hil egiten dira. Niri inork ez dit ezer mahai gainean bero zerbitzatu, eta oraindik bide luzea dut egiteko. Ez ditut milaka pertsona areto batean sartzen, baina bai nire hastapenetatik leial mantendu direnak eta gehituz joan diren batzuk. Oso arraroa da norbaitek Calero “Corazón Pagano”-koa esatea. Eta hori asko gertatzen da orain; gehiago ezagutzen dira biral bihurtu den kantuagatik artistagatik beragatik baino. Gustatuko litzaidake nire abesti batek horrenbesteko erreprodukzio izatea, baina hori dutenei ere komunitate bat izatea gustatuko litzaieke. Uste dut bideak nondik natorren eta nora iristen ari naizen askoz gehiago balioesten irakatsi didala. Lehen autobusez mugitzen nintzen nire kontzertuetara pendrive bat patrikan nuela, eta orain laguntzen didan talde ikaragarria daukat atzean. Garrantzitsua da egon nahi duzun zirkuluan mugitzen jakitea, zeure buruari maila horretan egoteko exijitzeko. Eta ez naiz artistekiko kolaborazioez bakarrik ari. Olatuan egon nahi baduzu, surf ohol onenarekin egon behar duzu.

2021ean zure lehen diskoa kaleratu zenuen. Hori falta zitzaizun zerua ukitzeko?

Oso inkonformista naiz eta helburu berriak jartzen ditut etengabe. Urrats handia izan zen, baina oraindik metro asko falta zaizkit zerua ukitzeko. Niretzat hori lortzea familia osoa nire musikari esker mantendu ahal izatea litzateke, bizitza egonkorra izanik eta neure burua saldu gabe. Behin nire managerrak deitu eta bere hirira joateko eskatu zidan. Bazkaltzera gonbidatu ninduen eta oso arraroa iruditu zitzaidan. Orduan, hurrengoa galdetu zidan: “Diru sorta bat emango banizu, zer egingo zenuke?”. Bartzelonara bizitzera joango nintzatekeela erantzun nion. Hango jendearekin lan egiten nuen dagoeneko, eta hilean behin joaten nintzen egun gutxitan gauza pila egiteko. Hori entzunda, oinak lurrean neuzkala ikusi eta disko bat egiteko Warnerren eskaintza bat iritsi zitzaigula kontatu zidan. Sinatzeko unea zen. Tristea izan zen maite dudan jendearengandik aldentzea, baina, aldi berean, oso atsegina, pertsonalki zein profesionalki haztea eragin didalako. Hiri handiagoa denez, aukera gehiago daude. Eta horrek ez du esan nahi Euskal Herrian ez daudenik. Artista handiak atera dira bertatik, baina hiri txikia denez, mugatuagoak dira. “Rozando el cielo” diskoak ekarri zuen guztia nire ametsa egi bihurtzeko falta zitzaizkidan puzzlearen piezak izan ziren. Espainian eta Mexikon aurkeztu nuen, nire bizitzako bidaia izan zena. Benetako artista sentitu nintzen. Pozik nago albumaren emaitzarekin, baina estilo guztietan balioaniztuna naizela erakutsi nahi izan nuen. Rap, rock, techno… Buffet libre bat egin nuen, eta arroz on bat egiten bakarrik zentratu izan banintz, emaitza hobea izan zitekeela uste dut.

Raparen aldeko apustua egin duzu, baina arriskatzeko prest ere bazaude.

Musika ondo egina gustatzen zait. Ez naiz inoiz rapero gisa katalogatu. Nire erroak rapetik datoz, baina ibilbide musikalean zehar izandako eboluzioaren ondoren, letragiletzat hartzen dut neure burua. Eroso sentitzen naiz genero ezberdinetan. Beti egongo dira lehengora itzultzeko eskatuko duten pertsonak. Saihestezina da. Baina nire esentzia gordetzen saiatzen naizenez, kontzeptu bera izaten jarraitzen du. Calero gustatzen zaionari, Calero gustatzen zaio. Izan ere, kontzertuetan arrakasta gehien duten abestiak, ezagunenaz gain, techno eta rock kantuak dira. Horrek esan nahi du nire publikoari gustatzen zaiola ni gauza desberdinak egiten ikustea. Batzuek diote saldu egin naizela, baina hori izango litzateke “Corazón Pagano 2”, “Corazón Pagano 3” eta “Corazón Pagano 100” egin izan banu. Jendeak eskatzen didana da, eta funtzionatuko lukeela badakidan arren, ez da ateratzen zaidana. Zailena orain rock abesti bat kaleratzea da, adibidez. Boom baparen alde egiten jarraitzen duten raperoak errespetatzen ditut, baina, era berean, ondo iruditzen zait publikoa aldaera berrietara ere zabaltzen ari dela ikustea. Ez modagatik, nire printzipioen aurka doalako. Baina artistok berritzeko prest egon behar dugu. Rapak arrakasta izan badu, ez da bakarrik klasikoari eusteagatik izan, baizik eta nahastuz eta barietateak sortuz joan delako.

Rocka aipatu duzula, zure bizitzako zein etapatan zaude?

Estutasun pertsonal batzuk igaro berri ditut, baina gaur egun zoriontsu nagoela esan dezaket. Nire bizitzako etaparik politenetako batean, alegia. Porruak erretzeari utzi diot, eta kirola egitean, nireekin egotean eta neure burua maitatzean zentratzen ari naiz. Musikalki ere proiektu asko ditut martxan. Aspaldi “Dispárame” rock abestia idatzi nuen, baina ez nuen argitaratzeko unea ikusten. Diskoa heldu zenean, nire managerrak kaleratzen banuen Lendakaris Muertosekin harremanetan jarriko ninduela esan zidan, instrumentala egin ziezadaten. Rocka eta Euskal Herria eskutik lotuta egon dira beti, eta estimu handitan ditut. Oso ondo funtzionatu zuen, eta horrelako gehiago egitea erabaki nuen. Album txiki bat prestatu nuen, baina talde bat behar nuen. Nanorekin, Los Cierra Bares taldeko abeslaria, kolaborazio bat nuen egiteke, eta rockari buruz hizketan ari ginela, bera ere kuxkuxeatzen zebilela kontatu zidan. Horrela sortu zen “Seguimos en el barrio” abestia, eta konexio izugarria izan genuen. Orduan, laguntza eskatu nien albuma ateratzeko eta, bide batez, telonero gisa aritzeko. Ideia bikaina iruditu zitzaien, baina lanean hasi ginenean, talde berri bat osatzeko aukera ikusi genuen. Norekin berarekin baino hobeto? Bakoitzak bere ibilbidea jarraituko du, baina elkartzen garenean Calero & Los Cierra Bares izango gara. Hau da, ez dut rapa egiteari utziko, baina haiekin batera rockean murgilduko naiz. Caleroren errazio bikoitza dator. Beti flipatu dut Kortatu, Marea, La Fuga, Extremoduro edo Ska-P bezalako taldeekin. Lehenengo abestiarekin ska estilora gerturatu gara, zuzenekoetan parranda giroa piztuko duena. Jai herrikoiak gogoan izango ditugu. Gure lehen diskoa aurten kaleratuko dugu, eta datorren urtean herrialdean zehar aurkeztea da asmoa. Gainera, oso litekeena da elkarrizketan aipatutako talderen bat agertzea. Airean utziko dut!

☉ Basauri

Fede Saiz basauriarra eta Basconiako futbol jokalari ohia hil da

1957tik 1963ra bitartean jokatu zuen Saizek Basconian, taldeak bere urrezko garaia bizi izan zuen garaian

|

Fede Saizek CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen // Bidebieta

Fede Saiz Goiria basauriarra eta CD Basconiako futbol jokalari ohia hil da. Urtarrilaren 14an zendu zen Galdakao-Usansolo ospitalean 91 urte zituela.

Hileta gaur, urtarrilak 20, izango da 18:30ean Arizko elizan.

Saiz ezaguna da Basaurin, batez ere, Basconia Futbol Taldeko jokalaria izan zelako 1957tik 1963ra bitartean, 22 eta 27 urte bitartean zituenean.

Garai haietan, hain zuzen, Basconiak bere urrezko garaia bizi izan zuen: Bigarren Mailara igo zen eta 1957tik 1963ra bitartean mailari eustea lortu zuen. Hori gutxi, eta zale basauriarren artean arrasto ahaztezina utzi zuten kopa kanporaketetan parte hartu zuen, Atletico de Madriden eta Bartzelonaren aurka.

Besteak beste, 1961-1962 denboraldian Jose Angel Iribarrekin jokatu zuen Saizek.

CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen Saizek. Dokumentala 2014an publikatu zuen Basconia Ehun Urte batzordeak: Jon Villapun Arbide izan zen dokumentalaren zuzendaria eta Maider Ibañez Espinosaren laguntza izan zuen. Hau da dokumentalaren trailerra, Bidebietak publikatutakoa:

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zurrumurruen aurkako urteko topaketa egingo dute larunbatean Basaurin

Urtarrilaren 24an izango da topaketa San Migeleko Taberna Nagusian. “Gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote antolatzaileek

|

Topaketa San Migeleko Taberna Nagusian izango da urtarrilaren 24an // Amekadi

Zurrumurruen Aurkako Topaketa antolatu dute urtarrilean Basaurin. Hilaren 24an, larunbatez, izango da San Migeleko Taberna Nagusian, 10:00etatik 13:30era.

‘Nola bizi gara kulturarteko taldeetan?’ izango da topaketaren gai nagusia: “Inoiz pentsatu al duzu nola erlazionatzen garen kulturarteko espazioetan? Zer egin dezakegu ahalik eta berdintasunezkoenak izan daitezen? Nola ekidin dezakegu dinamika diskriminatzaileak sortzea?”, galdegin dute Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareko arduradunek.

Topaketa Rosario Schmidt eta Leticia Urretabizkaia formatzaileek gidatuko dute, eta gai horien inguruan hausnartuko dute parte hartzaileek.

“Topaketa hau gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote, eta gaineratu dute: “Basauri abegitsuago baterantz elkarrekin bidaiatzen jarraitu nahi dugu”. Amaieran luntxa egongo da.

Topaketan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 606 050 662 telefono zenbakira deituz.

Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareak antolatzen du topaketa, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri

Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute

|

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri, Zarautzen atzetik.  Zehazki, Basaurik 243,98 euro bideratzen ditu biztanle bakoitzeko arlo horretara,  Estatuan batezbestekoa den 106,48 euroko kopurua nabarmen gaindituz. Aztertutako 404 udalerrietatik, 27k bakarrik betetzen dituzte  finkatutako gizarte-arloko bikaintasun irizpideak.

Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute. Kalifikazio hau lortzeko, elkarteak hiru baldintza tekniko aztertzen ditu: gizarte-gastua biztanleko 100 eurotik gorakoa izatea, aurrekontu osoaren %10 baino gehiago ordezkatzea eta aurreko urteko partidarekiko murrizketarik ez egitea.

2026rako aurrekontuaren banaketa

Datu ekonomiko horiei jarraipena eman die Udalak 2026ko aurrekontu-proiektuan. Urte honetarako, 10,8 milioi euroko partida onartu da Gizarte Zerbitzuen arlorako. Inbertsioei dagokienez, honako proiektu hauek jasotzen dira:

  • Adinekoak eta Berdintasuna: Arlo hauetako partidek %5eko igoera izango dute, etxez etxeko laguntza eta prebentzio programak indartzeko asmoz.

  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak: Gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako zuzeneko laguntzak bere horretan mantenduko dira.

Gizarte-politikara bideratutako kopuru horrekin, Basauriko Udalak “bikaintasun” kalifikazioa jaso duten estatuko 37 udalerrien taldean jarraitzen du.

Udal gobernuaren arabera, inbertsio horren helburua zerbitzuen kalitatea bermatzea eta gizarte-kohesioa sustatzea da. Asier Iragorri Basauriko alkatearen hitzetan, “adinekoak, kolektibo zaurgarriak, babesgabetasun-egoeran dauden adin txikikoak, indarkeria matxistaren biktimak eta emakumeak dira aurrekontuaren jasotzaileak, eta inbertsio errekorra da”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Mikel Karrillo eta Mikel Ulibarri: esku pilotako Bizkaiko kluben arteko txapeldunak

Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian. Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian

|

Karrillo eta Ulibarri, Iurretan // Bidebieta Pilota Kluba

Bi hilabeteko txapelketa eta gero, joan den urtarrilaren 17an Bizkaiko kluben arteko txapelketako buruz buruko finalak jokatu zituzten Iurretako frontoian eta Basauriko Bidebieta Pilota Klubeko Mikel Karrillok eta Mikel Ulibarrik irabazi zuten sari nagusia.

Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian (3.maila). Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian (2. maila).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Segurtasun Saila: “Istripu baten ondorioz erori da Basauriko zubitik ibaira gaztea”

Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean

|

Erreskatatze lanak, Arziko zubian // Bizkaiko Suhiltzaileak

Joan den larunbatean, urtarrilaren 17an, 21 urteko gazte bat Basauriko Arizko zubitik erori zen 13:15ak aldera.

Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, ezbeharra istripu bat izan da eta gaztea ibaira erori da.

Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean.

Ibaitik atera bezain pronto, larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute zauritua eta segidan Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute.

Osorik irakurri