Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Argazkiak / Zuhaitzen artean giza-katea egin dute Basauriko 140 ikaslek, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean

|

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta ildo horretan ‘Zuhaitz bat besarkatu’ jarduera antolatu du Sagarrak Talde Ekologistak Bizkotxaldeko parkean.

“Keinu txiki honegaz haiekiko maitasuna adierazteaz gain zuhaitzen zaintza eta kontserbazioaren beharra aldarrikatu nahi diegu”, diote talde ekologistatik.

Goizean Uribarri Institutuko eta Arizko Ikastolako ikasleekin egin dute jarduera: “Guztira 140 ikaslek hartu dute parte. Giza-kate bat egin dugu zuhaitzen artean eta, une batean, besarkatu ditugu. Ostean, Bizkotxalde parkeko zuhaitz eta zuhaizkak ezagutzeko ibilbide bat egin dugu”, adierazi diote GEURIAri Sagarrakeko ordezkariek.

Arratsaldean, 17:00etan, bigarren saioa egingo dute hurbildu nahi duten herritarrekin.

“Bizi garen larrialdi klimatiko garai honetan, gure zuhaitzen zaintza eta kontserbazioa moztearen gainean mantendu behar da. Azken aukera hori guztiz justifikatua izan behar da”, diote.

☉ Basauri

Bideoa / Zein da Basauriko jaietako abestirik onena? Herritarrek erantzun eta abestu dute!

|

Lehertu da jaia Basaurin! Sanfaustoei hasiera eman zioten atzo herritarrek txupinazoarekin eta kuadrillen jaitsierarekin, eta bertan izan ginen GEURIAko kazetariok. Inkesta egiteko aukera ere izan genuen: zeintzuk dira zurrakapotearen osagaiak? Eta zein da jaietako abestirik onena? Entzun herritarren erantzunak!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Hasi dituzte sanfaustoak Basaurin!

Basauriarrek kaleak bete dituzte eta jaia lehertu da sanfaustoetako lehen egunean. Herriko Taldeakeko kuadrillek Basauriko kaleak hartu dituzte

|

Herritarrak, jaietan // Geuria

Beste urte batez, Basauriko sanfausto jaietara hurbildu gara. Pregoia irakurri eta txupinazoa bota baino lehen, jendez gainezka zegoen udaletxeko aurrealdea, aurtengo jaiei hasiera emateko irrikitan.

Txupinazoa botata, jendartean murgildu gara momentu onenak harrapatzeko. Hementxe emaitza!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Gora Basauri! Gora San Fausto!

|

Hasi dira Basauriko jaiak! Udaletxeko balkoitik herritarrei agurra egin diete Asier Iragorri alkateak, Alaia Aburto eta Eneko Landeta alkate txikiek (aurten Aldatxa kuadrillakoak), Ane Garcia Herriko Taldeakeko presidenteak eta Sergio Lopez eta Javi Conde klubeko atletek, eta ondoren bota dute txupinazoa! Hemen kuadrillen jaitsierako argazkiak!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ane Garcia: «Presidentearen eta parrandazalearen betebeharrak bateratuko ditut sanfaustoetan»

Basauriko jaien atarian Ane Garcia Moneo Herriko Taldeakeko presidentearekin batu gara. Bere lehen urtea da eginkizun horretan eta “gogotsu, ilusionatuta eta harro” dagoela aitortu digu, baita “pixka bat urduri” ere

|

Ane Garcia Moneo Heriko Taldeakeko presidentea sanfaustoetako protagonista handiarekin: Eskarabilerarekin! // Utzitakoa

Tik-tak, tik-tak. Basauriko jaiak hastear dira! Gaur lehertuko da San Fausto jaiei hasiera emango dien txupina. Udaletxeko balkoitik entzungo dute herritarrek Sergio Lopezen, Javi Conde Atletismo Egokituko Klubeko presidentearen pregoia, aurretik Alaia Aburto eta Eneko Landeta alkate txikien (aurten Aldatxa kuadrillakoak), Asier Iragorri alkatearen eta Ane Garcia (Basauri, 1998) Herriko Taldeakeko presidentearen agurrak aditu ostean.

Aurtengoa lehen urtea da Anek hitza hartuko duena udaletxeko balkoitik, aurten hartu baitu lehenengoz presidente kargua. “Gogotsu, ilusionatuta eta harro” dagoela aitortu digu Anek, baita “urduri” ere.

Aurten basauriarrek egun bat gehiago izango dute festez gozatzeko; izan ere, jaiak ostiralez hasiko dira, San Fausto eguna igandea delako: “Alde positibotik ikusita egun bat gehiago daukagu sanfaustoez gozatzeko, baina horrek esan nahi du Eskarabileraren hegaldia ikustera nekatuago eta hanketako min handiagoarekin helduko garela!”, dio barrezka. Basauriko jaien atarian Anerekin batu gara.

Herriko Taldeakeko presidente berria zara, Ane. Zelan hartu duzu ardura eta erronka? Gogotsu, ilusioz eta harrotasunez. Pozgarria da Basaurin hain jai bereziak izatea eta horiek antolatzeaz arduratzen diren 16 kuadrillak ordezkatzea. Urduritasun eta beldur pixka bat ere, noski.

Udaletxeko balkoiak bertigorik ematen dizu? Egia esan, bai. Urduri samar jartzen nau une horretan pentsatzeak. Lanaldi luzearen ostean jaiak hastear daudela esan nahi du eta dena ondo irtetea da gure nahia.

Basauriarrei emango diezun mezuaz galdetuko banizu. Basauriarrei eguneroko errutinatik irten eta egunez egun gozatzeaz bakarrik arduratzeko eskatuko diet, betiere errespetuz jokatuz, beste urte batez munduko jairik onenak ditugula erakusteko.

Herriko Taldeak barru-barrutik ezagutzen duzu. Bai. Duela sei urte inguru hasi nintzen bileretara joaten Zoroak kuadrillaren bozeramale gisa. Beti gustatu izan zaizkit gure jaiak eta kuadrillak bozeramale bezala joateko aukera eskaini zidanean, zalantzarik gabe onartu egin nuen. Sanfaustoetako jai ereduan laguntzeko modu polita iruditu zitzaidan.

Zerk bultzatu zintuen presidente izateko pausoa ematera? Lau urtez aritu nintzen lehendakariorde moduan eta Baltak, aurreko presidenteak, zuzendaritza uzteko erabakia hartu zuenean lehendakari izateko erronka onartu nuen.

Lantalde desberdinetan egiten duzue lan Herriko Taldeaken. Zuzendaritza batzordea eratu bezain laster, otsailean, hasten gara lanean. Eta diozun bezala, bakoitzak izango dituen zereginen arabera, lantaldeetan antolatzen gara. Bakoitzak berea lantzen du, eta sarritan elkartzen gara landutakoari buruz hitz egiteko eta elkarri laguntzeko. Era berean, gutxienez hilean behin kuadrillekin biltzen gara. Segurtasun aldetik, ekitaldi bakoitzerako beharrezkoak diren baimen eta aseguru guztiak kontuan hartzeaz gain, poliziarekin, babes zibilarekin edota Gurutze Gorriarekin elkarlanean aritzen gara.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo jai egitarautik? Ekitaldi solidario gehien izango dituen urtea dela. Aurten, kuadrilla guztiek haien aletxoa emango dute, nola edo hala, behar duten bi txikitxu laguntzeko: Ane Etxebarria eta Gaizka Hernandez.

Ekintza berririk egongo da? Gauza berriren bat badaukagu programan, bai. Kuadrillek ere jolas berriak antolatuko dituzte. Herriko artisten egunean musikaz gain, zirku, magia eta dantza ikuskizunak ere izango ditugu. Beste alde batetik, aurreko urtean berritasun izan ziren bi ekitaldi, goitibeherak eta garagardo azoka, programan mantendu ditugu.

Aurten ostiralez hasiko dira jaiak. Horrek zein eragin positibo eta negatibo dakartza? Alde positibotik ikusita egun bat gehiago daukagu sanfaustoez gozatzeko, baina horrek esan nahi du Eskarabileraren hegaldia ikustera nekatuago eta hanketako min handiagoarekin helduko garela! (kar, kar, kar)

Zelan aurreikusten duzu biziko dituzula aurtengo jaiak? Aurreko urteetan baino urduritasun eta intentsitate handiagoarekin. Baina niretzat jairik berezienak eta betirako gogoratzeko modukoak izango direla ere uste dut.

Gaurtik aurrera, zer egingo duzu jaietan? Presidentearen eta parrandazalearen betebeharrak bateratuko ditut. Alde batetik, zenbait ekitaldi ofizialetara joatea eta dena ondo eta ezustekorik gabe doala egiaztatzea dagokit eta, bestetik, nire kuadrillarekin, Zoroakekin, asteaz disfrutatuko dut, ziur.

Pertsonalki, Basauriko jaietatik gustukoen duzuna da… Herritik eta herriarentzat eginda daudela. Basauriarren ahaleginari eta lan boluntarioari esker aurrera ateratzen diren jaiak dira. Oso polita da adin ezberdinetako jende ugari elkarlanean ikustea, adibidez, Basauriko aitite eta amamen bazkaria prestatzen.

Eta zein da zuretzat egunik onena sanfaustoetan eta zergatik? Zalantzarik gabe, San Fausto eguna. Tradizioz betetako eguna da. Eguneko nire momenturik gustukoena kuadrillen bazkaria da.

Zelan animatuko zenuke Basaurin bizi ez den norbait sanfaustoetara etor dadin? Uste dut kuadrillen lonjetako barren artean kontatutako jaien inguruko edozein istorio nahikoa dela edonori gure herria aste horretan bisitatzeko gogoa sortzeko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Euskarak ez du tokirik Basauriko jaietako Herriko Taldeaken abesti berrian

|

Trastorna2 talde basauriarrak egokitu du aurten jaietako abestia // Herriko Taldeak

Bihar hasiko dira Basauriko jaiak, eta azken urteetan bezala Herriko Taldeakek abesti bat kaleratu du, udako hit-ean oinarrituta.

Aurten hit hori ‘Potra salvaje’ abestia izan da, eta Trastorna2 talde basauriarrak punk-rock doinuetara egokitu du: ‘Porronazo salvaje’. Dagoeneko 100.000 ikustaldi inguru du bideoklipak sareetan.

Abestian sanfaustoetako azken urteetako hainbat ikur agertzen dira, hala nola, zurrakapotea, bazakariak zein afariak, poteoak, baita kuadrillen jantziak, Eskarabilera ere. Eta, nola ez, porroiak.

Alabaina, aurtengo abestia gaztelera hutsean kaleratu dute; euskaraz ez du tokirik abesti osoan. Hortaz, aurtengo San Fausto jaietan basauriarrek abestu eta dantzatuko duten abestian euskarak ez du tarterik lortu.

Lautik bat

Herriko Taldeakek, azken abestiaz gain, beste hiru abesti kaleratu ditu sanfaustoen atarian: ‘Porronentero’ (Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak, 2023), ‘Queveodo’ (Anjel Collado, 2022) eta ‘Eskarabilera bila’ (Honat, 2014).

Lau abestietatik euskara hutsean publikatu duten abesti bakarra da ‘Eskarabilera bila’, duela hamar urte. 2022koan euskarak ere ez zuen tokirik izan eta 2023koan esaldi gutxi batzuk baino ez ziren agertu.

Kuadrillen abesti propioak

Aurten Herriko Taldeakeko kuadrilla batzuek ere euren abesti propioa kaleratu dute aurtengo jaiak hasi aurretik.

Esaterako, Hauspoak kuadrillak ‘Ai Hauspoak’ abestia egin du. Kasu honetan euskara hutsean publikatu dute.

Zigorrakek ere abesti propioa kaleratu du, ia osorik gazteleraz, esaldi batzuetan euskara tartekatuz.

Abestietan euskarak toki gutxi du sanfaustoetan, baina Herriko Taldeaken barne zein kanpo komunikazio idatzia elebiduna da. Hain zuzen ere, ofizialak diren ekitaldietan, hala nola, txupinazo eguneko agurrak eta jai amaiera ekitaldia euskaraz eta gazteleraz egiten dira; ez, ordea, sanfaustoetan zehar kuadrillek antolatzen dituzten hainbat jolas eta ekitaldi, nagusi zein umeei zuzenduta. Azken hauetan, antolatzaileen eta boluntarioen arabera erabiltzen da hizkuntza. Herriko Taldeakeko barne komunikazioa -kuadrillei emailak bidaltzea, besteak beste- ere bi hizkuntzatan egiten dute. Era berean, aipagarria da elkartearen izen ofiziala bera euskaraz dela, eta bertan dauden talde gehienek ere gure hizkuntzan dutela jarrita izena.

Osorik irakurri